—XII—
Bertze egun pare bat igaro zuten deskantsu ederrean; bañan Franzisek bear zituen bere lan berriko gauzak antolatu, eta atera zen ango nagusiekin mintzatzera. Etxetik ateratzean erran zion bere emazteari:
—Banoaie fabrika ortara eta ez naiz bazkaltzera etorriko; bañan uste dut zortzietako etxeratuko naizela.
Mayi, beti bezala, bere etxeko gauzak ongi apaintzen ari zelarik, gelako mai ttipia mugitu zuen eta uste gabea kas, Franzisek mai artan utzi zuen erlojua lurrera. Ai! erran zuen Mayik. Artu zuen lurretik eta erlojua etzabillen. Dudarik gabe barnean zerbait autsi zitzaion. Denborik galdu gabe eta gertatu zitzaiona bere senarrak yakin ez zezan, eraman zuen erlojua Friedrich'engana.
—Egun on, yauna, —agur egin zuen.
—Bai zuri ere —erantzun zion Friedrichek.
—Ni Francisen emaztia naiz.
—Oh! Poztutzen naiz zu ezagutzea. Urte askotako.
—Badakarrat Franzisen erlojua, orai Ginebran erosi berria, eta zorigaitzez gelako mai ttipitil erori zait lurrera eta gelditu da. Otoi antlatu zaidazu gaur berean. Ez nuke nai berak yakitea autsi dutanik. Zortziek arte ezpaita etxera etorriko. Egiten aal bazinuke atsaldeko, eskertuko nazuke.
—Ikusiko dugu. Etzaitela estutu. Etorri zaite zazpietan. Alegiñak egingo ditut.
—Esker mille. Atsalde arte.
—Agur. Gero arte.
Mayi atera zen eta etorri bezala «Metroa» artu ta goan zen bere etxera, merkatu plazan yanari batzuk erosi ondoren. Bizkitertian Friedrichek artu zuen erlojue antolatzeko asmoakin eta ideki zuen. Ixtanpat makinari begira egon zen eta lenbizien etzuen siñesten bere begiek ikusten zutena. Arrigarria! Franzisen erloju zar ura ber-bera zen.
—A, lapur zitala...! —zion bere baitan. Ementxen ziok. Erori aiz, Franzis.
Friedrich yaunak, itzeman bezala, deitu zuen telefonoz Claudet yauna.
—Etorri lenbailen. Nere eskuetan daukat erloju famatu ura.
—Egia ote da? Banoaie lasterka —erran zion Claudetek.
Aidian etorri ziren, errateko moduan, Claudet, Pontac-eta sartu ziren dendara. Eken zai Friedrich'ek erlojua eskuen zuen. Claudet erlojuari begira gelditu zen, eta erran zuen:
—Baña ori al da? Ez al zen ba, altzairuzkoa?
—Au ber-bera da bañan berritua. Urrezko kaja jarri diote, eta esfera eta orratzak ere berriak ditu.
—Nork ekarri dazu —galdegin zion Claudetek kezkati.
—Zuk uste ez dezunak. Entzun ondo! Franzisen emazteak.
Komisarioa eta bere laguna mututuak gelditu ziren Friedricheri begira.
—Urde madarikatua! —erran zuen azkenean Claudetek kolera aundian—. Franzis lapurre! Nork erran bear zuen? Nola egin dakun iruzur! Bañan arritzekoa da nola ekarri dazuten erloju ori.
—Bai. Bere emazteak etzuen zer jakingo. Franzisek utzi omen du erlojua etxean eta emazteari lurrerra erori, eta bere senarrak yakin etzezan erlojua autsi duela, ekarri dit nik konpondu dezadan gaur atsaldeko.
—Eta non berritu ote du erloju ori?
—Berak esan duenaz, Ginebran erosi omen du bere senarrak; bañan gizajoak ez daki zer iruzurra egin dion.
—Zer ordutan etorriko da erloju billa?
—Esan diot zazpietan etortzeko.
Claudet egon zen pixka bat ixilik eta erabaki zuen:
—Sei t'erdietan yoanen gara Franzisen etxera eta xuxenduko ditugu gauzak. Eta bera etxean ote da?
—Ez, ez omen dago etxean, bañan zortziek aldera etorriko omen da.
—Orain baditugu gauz batzuk eginbearrak, eta seiak aldera etorriko gara. Zuk lagunduko gaituzu lekukoa bear baitugu.
—Bai, yauna, bai. Ondo dago.
Ertzañak goan ziren beren eginkizunetara eta Friedrichek segitu zuen bere lanean. Seietan agertu ziren berriz bi ertzañak eta orduko Friedrich gertu zagon.
—Goazen Franzisen etxera. Gure beribilean ixtanpatez iritxiko gara.
Friedrichek eman zion erlojua Claudet yaunari eta, denda bere emazteen eta semeen eskuetan utzirik, abiatu zen bi ertzañekin Franzisen etxe aldera. Autoa bazter batean utzi ondoren, igen ziren bizitza ortara eta yo zuten atea.
Mayik edeki zuen:
—Atsalde on! Zer diozu? —agurtu zioten.
—Ongi ta zuek —erantzun zuen Mayik arrituta, etorri berriei begira—. Bañan segidoan ezagutu zuen Friedrich. —Non zabiltzate?
—Emen eldu gara zu ikustera.
Sartu ziren barnera iru gizonak eta exeri ziren gela nagusian.
—Zer berri dakarrazue? —galdegin zuen Mayik.
—Senarra ez al dago emen? —erran zion Claudetek.
Ez. Gaur bazituen gauz batzuek egin bearrak eta kanpoan bazkaldu du. Gero etorriko da.
Mayi bildurtzen asi zen. Bere baitan zagon berri txarren bat ote zen eman bear ziotena. Ortaz, bada, kezketan zagon. Gero galdegin zion Friedricheri:
—Egin al dezu nere komisionea?
—Eztet egin, ez —erantzun zion.
—Onen gañean dugu ba, zerbait erran bearra —erran zuen Claudetek eta denbora berean atera zuen sakeletik erlojua. Erloju au lenagoko Franzisen zaar ura da. Orai Ginebran berritua. Au da ebatsi zuten ber-bera.
Mayik oiu bat egin zuen erraten zuela:
—Etzazutela Jaungoikoaren izenean olakorik erran... Nondik atera duzue gezur ori? Erloju ori bertze batekin batean erosi zuen Ginebran nere senarrak. Eztu oraiñik bortz egun...
Eta nigarrez asi zen.
—Zorigaitzez, erran duguna egia da. Gaztigetu iozu senarrari telefonoz etorri dadiela segidoan.
Mayik telefonoa artu eta fabrikara deitu zuen eta suertez, an zagon senarra. Negar zotinka erran zion Franziseri segidoan etortzeko. Ordu laurden baten buruen an zen Franzis. Kezketan sartu zen, ezagutu baizuen bere emaztea nigarrez ari zela. Claudet, Pontac eta Friedrich an ikusi zitunean, arritu zen; bañan bereala agurtu zituen alaiki:
—Ongi etorri nere etxera. Zer berri da?
Claudetek zorrotz erantzun zion:
—Agertu da zuri ebatsi zazuten erlojua. Emen duzu.
Eta erakutsi zion. Franzis sor ta lor gelditu zen, gorri gorri eginda, zer erran etzakiela. Denbora berean mayi asi zen nigarrez.
—Zein ongi berritu duzun erloju zaarra Ginebran egon zeratelarik! —erran zion Claudetek.
—Bañan zer gertatu da emen? Nik deus eztakit.
—Zer gertatu den? Zure emazteari erori zaio erlojua lurrera eta eraman du konpontzera. Zer gertatu da gero? Emen duzu lekukoa. Yaun onek erlojuen tapa ideki duenean, ezagutu du erloju zarra, lau milloiekin batean ebatsia. Non dituzu diruak? —erran zion Claudetek oiuka.
Mayi gizajoari nagiabe bat egin zitzaion eta lurrera erori. Franzisek laister goratu zuen Pontacen laguntzarekin eta goatzera eraman zuten; bañan suertez, bereala esnatu zen.
Franzis lapurra erori zen. Etzuen ukatzerik. Etsi etsian bearko zuen bere txarkeria aitortu. Ixilik ixtant-bat egon zen, eta erran zuen:
—Nere burnikutxan ditut lau milloiak oso osoak. Eztitut gastatu. Nik yokoan suerte izan dut eta badut zerbait. Diru oiek eztut ukitzeko lanik izan. Zatozte.
Etxeko zoko batean bazuen burni-kutxa ttipi bat eta an zituen ebatsitako diruak. Pontacek artu ta paper lodi batean bildu zituen. Claudeten aginduz !Franzis ertzañen menpean gelditu zen. Friedrich eta Mayi bertze gelan zauden. Emazteki gaixoak izigarrizko disgustua artu zuen bere senarraren nardagarrizko ebaskoakin.
—Goazen komisarira.
Eta Claudeten aginduz atera ziren Mayi ez bertzeak. Komisarioak erran zion:
—Etzaitela izitu. Eztiogu lepoa kenduko zure senarrari.
Iritxi ziren komisarira. Friedrich ere goan zen, bear bai zuten lekuko. Bizkitertian Mayi goan zen Jean Pierre eta izebari zorigaiztoko berri ura ematera. Claudet yaunak erabaki zuen Leblanc eta bere Lagunartekoei gaztigatzia, denak entzun zezaten Franzisen aitorpena.
Etzuten bada, aunitzik berandutu. An bildu ziren lagun guziek Claudeten aitzinean.
—Atsalde on, yauna —agur egin zuten.
—Bai zuei ere. Ongi etorri. Berri onak eta denborak berean txarrak. Nork erran bear zuen lapurre etxean zinutela?
Denak seriosko zauden, batez ere Jean Pierre. Nabari zuen aurpegian tristura aundi bat. Claudetek agindu zuen:
—Ekarri dezatela Franzis.
Iñork uste etzuen lapurre ekarri zuten denen aitzinera. Au lotsatua zagon, bururik altxatu gabe, lurrera begira.Jean Pierrek aren ondora goan eta ederrak erran zition:
—Lotsa gabea! Lapur zikina! Laidogarria da egin gaituzune!
Denek exeri ziren eta Claudet asi zen galde-erantzunetan.
—Erran zazu onez onean egia garbia, gauzek gertatu ziren bezala.
—Bai yauna, bai —erran zuen apalkiro Franzisek.
Gaur artan asotsa nabaitu ginuenean beitien, yautsi nitzen laisterka ta burni-kutxa edekie ikusi nuen eta an 500 franko berrikin zen larruzko boltsa bat eraman zutela. Orain aitortu bear dut lau milloiak utzi nituela mai gañean atzenduta, dirukutxan sartu gabe. Gañera erlojue utzi nuen boltsan gañean, lenago kendu bainuen eskuek garbitzeko. Eta gero etsaian tentazioa. Ikusi nuenean lapurrek iges egin zutela, lau milloiak mai gañean utzirik, kartera erlojuekin batean artu ta nere abrigoen azpian altxatu nuen. Gero asi nitzen oiuke eta etorri ziren goitikoak. Telefonoen ariek nik ez nituen autsi. Ori bertzek egin zuten. Claudet yaunaren billa yoan nitzenean altxapean eraman nuen kartera, eta nere etxean ezkutatu. Gero goan nitzen komisarira. Aitortu bear dut kartera ere nik bota nuela ugaldera. Nik egia erran dut. Sinetsi zaidazue.
—Ala uste dugu beñepein; bañan izanen duzu merexi duzun zigorra. Eraman zazue giltapera —agindu zuen.
Leblanc eta bertzeak iruzurti aren aitorpenaz bazirudien akort zirela. Paper batzuk xuxendu bitertian an egon ziren oraiñik ordu betean lau milloiak eskuratu artean. Gero denak tristerik abiatu ziren beren etxetara.
Bi egunen buruan egin zuten lenago aipatutako auzia eta an zuten Beltza eta Piztiaren txarkeria ikusi bearra. len erran zuten bezala, aitortu zuten berek ebatsi zutela 500 frankoak, ta azkenean aitortzeko lana izan zuten Mainkerra zanpatu zutela eta egun artako gertakizun guziak. Lau milloien gañean etzuten deus ikustekorik. Orduko afera garbitu zen. Gaizkile ok presondegian sartu zituzten eta an eman zabezten bear zuten kastigua.
Egunkariak zabaldu zuten alde guzietara berri ura eta Franzisen erretratoa agertu zen «Jounaletan». Zer lotsa eta zer naigabeak ekarri zuten zoritxarreko ebakos arrek! Laidogarri bai zinez Franzisek egin zuena.
Baitegi nagusira aldatu zuten juizioa egin bizkitertian. Iru aste igaro ziren eta Jean Pierre, Elizabet eta Mayik egin zioten ikustaldi bat. Claudet yaunak lagundu zituen presondegira.
Franzis aski umileta urrikalkizun arkitu zuten illunpe artan. Ordaindu bearko zuen egin zuen obena. Gero etxeratu ziren osaba-izeba Mayikin. Au berekin artu zuten Franzis giltzapetik atera arte.
Claudet yauna, beti bezala, bere ofizinara goan eta yarleku guri artan exeri zen; eta puro bat erretzen zuela, onela zion:
Mundu onetan dirurik gabe
yendea dabile oso larri,
dirurik ez eta ezin erdietsi
bizi-modua da negargarri;
ongi bizi nai, lanik egin gabe,
ori dute bai, kaltegarri,
eta gero gertatzen oi dana:
azkenean Dirua Galgarri.
|