—IV—
Claudet Yauna ofizinan sartu zenean, arkitu zituen bere morroiak aren zai.
—Egun on. Zer da berri? —galdetu zuen—. Zerbait egin al duzue?
—Bai, yauna, —erantzun zion batek—. Nik ekarri ditut iru «aingeru», aspaldiko zarrak: Subemandile, Mirue eta Zapelatza, iru lapur lenbiziko mallakoak.
—Ederki, ederki. Bear bada, iru oiek argi pixka bat emanen dakute illunpe ontan. Bertze berririk bai al da?
Bertze polizi batek orduan erran zuen:
—Gaur goizean gizon bat arkitu dugu ugalde bazterrean korderik gabe eta ormatua, erdi illa zagon. Dudik gabe, zanpaldi aundi bat eman zioten bart-arratsean. Zauritua eta, erran dudan bezala erdi illa zagon.
—Zer egin duzue gizon orrekin, Pontac?
—Ospitalera eraman dugu; sakelak eta bere soñekoak begiratu dizkiogu, bañan utsik zauden.
—Zer itxureko gizona da?
—Beso motxa da eta gaztea. Berrogei urte goienaz ere, yende langile oietakoa dirudi...
—Goan bear dugu ori ikustera. Bizi bada oraindik, zerbait erranen du.
Ixtanpat pensaketan egon zen eta yarraitu zuen erranaz:
—Orain ameka t'erdiak dira. Bazkal orduko egiten badugu gaxotegiko itzulia, utziko ditugu bazkal ondoko yendaje oien galde-erantzunak. Bizkitertiean sartzizue giltzapean. Gero Leblancen etxera, eta zuek asten aal zerate oraintxen arreta aundiakin ostatu tzar oien barna, ongi oartuz billeteen numeroeri. Emen dituzue zenbaki oiek eta gogoan artzizue. Ni eta Pontac goanen gara oraintxen gaxotegira. Goazen lenbailen, Pontac.
Artu zuten beren autoa eta amar minutuz iritxi ziran. Orduko, gizon kolpatuura azken arnasetan zagon, eman zioten zanpaldiakin eta gañera ormatua baizagon. Gizajo arek etzuen aunitz iraunen...
Claudetek, begiraldi on bat egin ondoren, Leblanc yaunari gaztigetzia erabaki zuen.
—Nork daki? —erraten zuen—. Bear bada, izaten aal da Soziedade ortako langileen bat...
—Artu zuen telefonoa eta doi doian arkitu zituen ofizinan. Orduantxen berian bazoazin. Leblanc'ekin mintzatu ta erran zion zer gertatzen zen; eta batere denborik gabe, etorri ziren gaxotegire. Ango sendagilleak egiñalak egiten zituzten gizon ura piztu-arazteko.
Leblanc eta bere lagunak sartu zirn erien gelan eta leenik agurtu zituzten an zirenak: Claudet, Pontac eta sendagilea. Gero urbildu ziren erien goatzera eta ikusi zuten bezein laster, erran zuten denak batera:
—Mainkerra!
Denak arriturik gelditu ziren, erraten zutela:
Bañan zergatik yo ote dute gizon au? Zerbait ikusteko ote du ebaskoakin?
Orduko eman zizkioten erremedioakin, Mainkerra asi zen pixka bat mugitzen, eta ireki zituen begiak doi-doian. Galdera egin zitiozten; bañan alferrik. Gizon ura mututua zagon. Azkenean, bortxaka eta lertu urren, iduri zuen zerbait erran nai zuela, ezpañak mugitzen zituela; eta azken atsakin batean, «Beltza» erran zuen; eta etsi zituen begiek betiko. Ixilik gelditu ziren denak areri begira. Eriotz ura ikusi ondoren, dardaraldi bat sartu zitzaioten zenbaitzuei.
Claudetek erran zuen:
—Beltza, Beltza... Nor ote da ori? Ezta dudarik izen ori norbaiten izengoitie dela. bai al dakizue zuek nor den Beltz ori?
—Eztakigu, yauna, —erantzun zion Jean Pierrek. Gure langiletan beñipein ezta izen ortakorik, guk ezautzen baititugu denak beren izen eta izengoitietik.
—Nik ere fitxerotan eztut ba olakorik... Baliteke bertze lekun batetik etorri berria izatea. Beti ere argi pixka bat ageri da eta uste dut erdietsiko dugula nai duguna. Lapur oiek eroriko dira gure saretan. Orain goazen bazkaltzera, eta lauetako agertuko gara zuen ofizinetan. Bagoaz bada. Agur!
Leblanc eta bere lagunak Mainkerraren gorputz aitzinean otoitz egin zuten aren animaren alde, eta gero abiatu ziren beren etxetara. Bazkaltzeko ordua ere bazen, ba, eguerdia aspaldian pasatua baizen. Denak etxeratu ziren tristerik, batez ere jean Pierre. Bearrik bere emaztea beti bezela senarraren zai zagola oneri arrera on bat emateko.
Claudet etzen gizon alferra. Bazkaldu eta laisterka goan zen ofizinara iruetako. Deitu zituen giltzapean zirenak eta asi zen galde-erantzunetan.
—Aizak, Subemandile. Nor duk Beltza?
—Beltza erran duzu? Gure artean eztugu beltzik. Denak yende zuriak gara.
—Ez niok alfer solasetako... Erantzun zak bear den bezala.
—Yauna, nik egia erraten dazut. Gure lagunartean ezta izen ortakorik. Ori arrotza da guretako, eta siñistu zaidazu, yauna: guk eztugu deus ikustekorik bart-arratseko ebaskoakin. Ni enitzen gau guzian etxetik atera eta baditut lekukoak, nai badezu.
—Ongi ziok —yardetsi zion Claudet'ek—. Gauzak xuxendu arte emen egon bearko duk. Badakik ongi mintzatzen, eta nabarmena i aiz gai auetan; bañan ire itz onak eta auntzen gaberdiko eztule berdin dituk.
Gero Mirue eta Zapelatza deitu zituen, bañan etzuen gauz garbirik atera, eta sartu zituzten berriz baitegian.
Lan auek egin zituztenean, abiatu ziren Leblanc'en ofizina aldera Claudet yauna eta bere ondoko Pontac eta bertze lau polizi. Arat iritxi zirenean, zalaparta aundia bazen. An ziren langile guziak beren kapatazekin, asteko soldata artzeko prest. Bazuten lanik aski Leblanc, Jean Pier eta bertzeak.
Poliziek, langileek kobratzen zuten bezala, bat banaka artzen ziozten izenak eta beatzen señaleak. Ezuten bada aisa akitu lan ura. Zortziak baziren dena egin orduko.
Atsegiña artu zuten! Leblanc yaunak eskertu zituen poliziak denen izenean eta egun zorigaiztoko ura, dena ez zedin izan oroitzapen txarrekoa, afaldu zuten poliziak eta Soziedadeko agintariak Restaurant famatu batean, Leblanc'en kontura. Yaun guziz ona eta esku-zabala zen buruzagia. Beti egiñala egiten zuen bere Lagunartearen alde.
Ongi merexia zuten denak ere afari eder ura, arras aulduek baizauden eta bortizki nekatu baiziren. Erran bearrik eztago ango solasak egun artako gertakizunen gañean zirela.
—Yaunak; nik nai nuke yakin Mainker ori nor zen eta zer bizi-modu zaraman —galdegin zuen Claudet yaunak.
Jean Pierre zen obekien zakiena aren kontuetaz, eta erantzun zion:
—Gizon ori gure kapataz bat zen. Goan den gerratean beso bat galdu zuen. Ortaz bada zatorkion «Maikerra» izengoitia. Berrogei ta bi urteko mutilla zen; oraindik ezkongai, eta bakarrik bizi zen munduan. Gurasoak illak zituen aspaldian eta senideak ezkonduta urrun bizi. Gobernu txarreko gizona zen, noiz-nai mozkorra, yan ere gutti egiten baizuen. Eta ori mai ona zuelarik gure lantegian, an egiten baizituen otorduek eta lo ere; gizajo arek ezpaitzuen etxerik.
—Eta zer moduko gizona zen?
—Gizon ona eta langilea, guretako beñipein. Gure ofizinetara maiz etortzen zen. Bazazkien gure etxe orren kontu guziak, eta gizon arengan uste osoa ginuen. Arritzekoa da gertatu dena.
Bertze maikideak ere baieztu zuten Jean Pierren errana. Gero Claudetek yarraitu zuen:
—Orain bear genduke Beltza delako ori arrapatu. Biartik asiko gara lan ortan. Ikusiko ditugu Frantzia guziko irietako komisariak, ia nonbaitetik agertzen den. Beti ere asiera eman diogu. Geroikusi bear nola izango den amaia.
Denak bazuten zerbait erran bearra, eta eztabaida oietan bakotxak ematen zuen bere iritzia. Baziren erraten zutenak Mainkerrak etzuela deus ikustekorik ebaskoakin. Bear bada, mozkortu ta norbaitekin aserren bat izan eta artan zanpatuko zutela ez iltzeko asmoakin. Bañan alako eguraldi gertatu baizen, ormak il zuen.
Gero Claudetek zion:
—Gauz seguroena eta xuxenena da billete oiek arrapatzea.or bai eztutela iges egiterik, or galduko dira.
Afaldu zuten eta denen ustez gauzak ongi zoazin. Etxeratzeko ordua zen ta ala egin ere, azken agurra elkarri eman ondoren.
Jean Pierre eta Franzis elkarrekin atera ziren, eta illobak bere osaba etxera lagundu zuen. Bidean solasean goan ziren, eta osabak ziotsan:
—Zer iduritu zaizu? Gauzak bide onetik doazi ala ez?
Franzisek burua mugituz batera eta bertzera, erran zuen:
—Mainker gizajoak eztu deus erranen, eta gauzak len bezain illun dira; ezpaitituzte aisa arrapatuko lau milloi oiek, lapurrak saretan erortzen badira ere.
—Ba... da... lapurrak erori ez-geroz, dirua ere gureganatuko dugu, bai. Yende tzar oiek kasatu bearrak dire, madarikatuak.
—Trankildu zaite, osaba; ez orrengatik odol txarra egin. orain goan gaitezen goatzera eta biar igandea, egun guziko aufa!
—Zu beti ero... Ai, Yesus! —erran zuen osabak asperen aundi bat egiten zuela—. Ler egiña nago. Jainkoak gau on bat igarotzeko grazia eman dezaigula.
Elizabet eta Mayi etxean ziren beren senarren zai eta ikusi zituztenean atsegiña artu zuten. Ikusi orduko besarkatu zituzten. Emazteki gizajoei oraiñik etzitzaien izialdure suntsitu.
—Berri onak al dire? —galdegin zuten.
—Bai, itxaropen pixka bat badgu —erantzun zuten—. Zuek etzaiteztela izitu; gauzak antolatuko dira.
—Mainkerra lapurren artean ote zen? —zioten emaztekiek.
—Oraiñokoan gauza ezkutuan dago; deus eztakigu, ura mututu baizen betiko eta aren agotik itz bat bakarrik entzun baiginuen «Beltza», eta itz orrekin batean itzali baizen. Biartik asiko dira poliziak batera eta bertzera, ia nonbaitetik agertzen den zerbait.Bizkitertian gu egoten aal gara trankil.
—Ni beñipein —zion Mayik—, oraiñik izitue nago. Egun guzia igaro dut burutik ezin kenduz atzoko gertakizuna.
—Ez bildurrik izan, Mayi, —erantzun zion bere senarrak irriparrez—. Gu emen gara eta aienatu ditezela oldozkun bildurgarriek zure burutik.
jean Pierre eta Elizabet oso logaleturik zauden eta goatzera goateko gogoakin. Izebak zion:
—Orain goan gaitezen denak goatzera; denak ere badugu lo egiteko bearra. Biar igandea. Egoten aal gara bederatziek artio yaiki gabe eta gero ameketan Meza Nagusira.
—Orixe eginen dugu, izeba, —erran zuen Mayik—. Goazen, goazen, Franzis, etxe aldera...
Azken agur bat egin ondoren bere osaba izebari, atera zirn etxeruntz senar-emazte gazteak. Gau artan ere etzen yende aunitzik karriketan; otzak ederki lekutu zituen denak beren etxetara.
|