—VIII—
Claudet yaunak, goatzetik yaiki zenian, leenik leiotik begiratu zuen. Arriturik gelditu zen bart-arratsean egin elurketaz. Orduko atertu zuen eta iri-garbitzaleak bertze langille andana batekin gogotik ari ziren karrikek garbizen. Anbateko elur pilek egin zituzten.
Pontac etorri zitzaion atera, ertzañen beribillakin nagusia billa. Au prestatu zenean, goan ziren poliki poliki irristatzeko bildurrekin bere ofizineraño. An zirenak agurtu zituzten eta segidoan asi ziren beren lanetan. Gogo aundiakin artu zuten Leblancen afera. Goiz artako lenbiziko lana izan zen, giltzapean lenago sartu zituzten iru gaizkile eki libertatea ematea. Arro xamar atera ziren andik Mirue, Zapelatza eta Subemandile, eta oraiñik azkenengo onek erran zuen atetik:
—Berriz eta berriz erranen datzut, komisario yauna, ni enaizela gauz oietan sartzen eta gizon zintzo bat naizela. Orai nork ordainduko dauzkit galdu ditudan egun ok? Ederra egin dautazue!
—Ago ixilik, Subemandile zikina! Goaie emendik! —erran zion Claudetek.
Paperak eta bertze zerbait egin ondoren, Claudetek erran zion Pontaceri:
—Asia eta ain ongi doaien lana eztugu eskutik utzi bear. Gaur gure ibillaldiak, erlojeri eta sal-erosketan aritzen diren beste botige oietan egin bear ditugu. Bear bada, erloju ura saldua izanen dute oietako etxen batera. Goazen, Pontac.
Beribilla artu eta abiatu ziren. Leenik Friedrichen etxera goan ziren. Barnera sartu eta agurtu zuten:
—Egun on, yauna. Zer diozu?
—Ondo eta zuek? —erantzun zaben Friedrichek.
—Ez al da deus agertu? —erran zion komisario yaunak.
—Ez yauna. Oraindik ezta ezer azaldu. Emanak ditut erlojeru zenbaitzueri erloju aren señale guztiak. Uste dut andik edo emendik azalduko dala.
—Or dituzu «seña» oiek? Nik ere bear ditut.
—Bai yauna. Emen ditutzu: Longines, ref. 13.54, nº 4499781. Erloju ura ikusi orduko ezagutuko nuke nik saldua zela, askotan antolatu bai nuan. Bazituen urte batzuek erosirik; bañan oraindik ondo zagon.
Eman zion Friedrich yaunak erlojuen numerazioa eta Claudetek artu zuen.
—Milesker yauna. Gu ibiliko gara orai «txatarrerie» erosten duten etxe oien barna, eta bear bada agertuko da nonbaitetik, eta ikusten ditugun Longines guziek ekarriko dazkizugu, zuk ikusi ditzazun.
—Eskerrik asko, eta agindu nai duzuena.
—Agur. Bertze egun bat artio.
Atera zen agusia bere morroiakin eta goan ziren «Rastrora». Egun artan yende gutti zebillen eta gure gizonak lasaiago ibili ziren zokoz zoko. Ikusi zituzten ainbertze erloju zar eta berri eta bazter guziek naasi ondoren, iru Longines atxeman zituzten esku-muturrekoak eta altzairuzko kajekin. Saltzaleakin eztabaida ederrak izan zituzten; bañan etzituen ukatzen aal komisarioen aginduak. Emateko lana izan zuen iru erloju aiek, baño bearrezko ageriak egin eta ondoan eman zituen. Artu zioten izena saltzaleari eta azkenean atera ziren zoko artatik.
Eguraldiak illun segitzen zuen eta itxure txarreko otza zagon. Eguerdie urbil zen. Claudet eta Pontac kontent ziren egin zuten lanakin. Leblancen ofizina etsi baño len an egon bear zuten eta iritxi ziren bear zen tenorean. An, Leblanc eta osaba illobak.
—Egun on, yaunak —agurtu zuten alaiki ertzañek.
—Bai zuei ere. Ongi etorri, —erantzun zabeten.
—Ari zerate betiko lanean? —erran zuen Claudetek.
—Bai, emen ari gara beti bezala —erantzun zion Jean Pierrek.
Komisario yaunak atera zituen sakeletik iru erlojuek eta erakutsi zition Franziseri, erraten ziola:
—Auetako bat al da zurea?
Franzisek artu zituen bere eskuetan eta begiratu ondoren, erran zuen:
—Ez, nerea eztago emen. Marka berekoak dire iruak ere.
Gero berexi zuen bat eta erran zuen:
—Au bezal-bezalakoa zen.
Gero komisarioari begiratu ta erran zion:
—Barkatu, nere ausarkeria; bañan nondik erdietsi dituzu iru erloju ok? Altxapean zituzten lapur oiek edo...?
—Auek «Rastroan» atxeman ditugu, eta badakit segurki, zure erlojua suntsitu ezpadute, norbaiteri saldue izanen dutela, eta olako zokoetan ezpada agertzen, erlojerin batean agertuko da.
Gero Leblanc yaunak atera zituen zigarroak eta eman zaben denei:
—Milesker, —erran zuen komisarioak. Eta yarraitu zuen:
—Nik gogo aundiakin artu dut zuen afera, eta egiñalak eginen ditut gure naia erdietsi artio.
—Berriz ere eskerrak ematen dazuegu. Sobera egiten duzue guregatik —erran zion Leblancek.
Gero Jean Pierrek galdegin zuen:
—Noiz yuzkatu bear dituzte bi gaizkile oiek?
—Oraindik ori eztago erabakia; bañan nik uste dut apirile aldera izanen dela juizioa. Biar aldatuko ditugu lapur oiek baitegi nagusira, an egon daitzin auzia egin artio.
Leblanc yaunak erlojuari begiratu ta erran zuen:
—Eguerdia da. Utzi dezagun goizeko lana eta goazen «bermut» bat artzera.
Lagun guziek atera ziren alaiki eta aldameneko bar batean egonaldi goxo bat egin zuten edaten eta irri-solasetan bazkal ordua arte. Gero yoan ziren beren etxetara.
Claudetek eta, goizean asitako lanari bear zioten yarraiki, eta atsaldean agertu ziren berriz Friedrich'en etxera.
—Atsalde on. Berriz emen gara —agurtu zuten.
—Ongi etorri nere etxera. Zer berri da?
—Badakarzkigu iru erloju «Rastro» zokoan atxemanak. Ikusitzu ia otako bat den bada-ezpada're.
Artu zituen Friedrichek eskuetan eta berexi zuen bat.
—Au bezelakoa zan; bañan au askoz zarragoa da. Begiraldi bat eman bear diot.
Ideki zuen erlojua eta begiratu zuen ongi:
—«Referentzia» berdiñ berdiña du; bañan ezta au. Ura obeto zagon au baño. Nik ondo ezagutzen nuen erloju ura.
—Milesker. Orai itzuli bearko ditugu tresna ok beren yabeari. Barkatu, eman dazagun alfer lanengatik.
—Ezta ezer orregatik. Etorri, etorri lasai. Nik pozik lagunduko dizuet eta agindu zaidazue nai duzuena.
—Milesker berriz.
—Agur yaunak. Beste egun bat arte.
Berriz ere «Rastrora» goateko lana izan zuten. Emen zizkioten yabeari iru erlojuek eta erran bearrik eztago onek atsegiña artu zuela, beldur baizen kenduko zioztela. An diren saltzale aunitzek bezala, orrek ere bazituen lapurrei erositako gauzak.
Ango itzulia egin ta etorri ziren ofizinara.
Egun aietan etzen lan aundirik. Dudik gabe gaizkileak ere elurte arekin alfer zauden.
|