www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Dirua galgarri
Mariano Izeta
1962

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Dirua galgarri, Mariano Izeta. Auspoa, 1962

 

 

  hurrengoa

LEEN PEREDIKIA

 

        Behar bada galdeginen du irakurleen batek: «Leen peredikia» hitz horiek zer dira?

        Ziberotarren Pastural bat edo Charivariren bat irakur balu, jakinen zuen hitz horiek «Aurreko Hitza» adiarazten dutela.

        Eta berandu gabe, goazen polizia-nobela hunen egilearekin.

        Mariano Izeta Elizalde jaun gaztea 1915 urteko uztailaren 14'garren egunean sortu zen Elizondoko «Mutilenea»n, eta hiri hortan bizi da erloju-denda baten jabe.

        Bere eskolak herrian berean egin zituen, eta Zeruko Argian eta Baionako Herria astekarian irakurgai pollitak argitaratu izan ditu jadaneko.

        Aita Zarauztarra du gazte gaztedanik Elizondon kokatua, eta ama berriz Elizondoarra.

        Eskuaraz leenbiziko liburua ote da hau Baztanen? Polizia-nobela bezala bai, leena da, eta irakurleak ikusiko duen bezala, interes haundienarekin segitzen zaio asmakizunaren korapilloari. Eskuara ere herrikoa erabiltzen du eta erreza Baztandar izkiriazaileak.

        Horko bereko izkuntzan geiena, ez oso osoan hala ere, zenbait aldiz ezpaitzaio jarraikitzen egilea aktiboen eta pasiboen bereizkuntzari (gizonek-gizonak), Baztanen bezala.

        Beste aldetik ere erran behar da, Baztanen usatzen dela, asko tokitan bezala, hitzen akabaillan, a-e bokalen aldakuntza, i-u bokalen ondotik doazilarik.

        Bidasotar ez direnek ere, uste dugu aise irakurriko dutela nobela pollit hau, den oiturarik ttipiena irakurtzeko baldin badute.

        Tokiko zenbeit hitz ez-ezagunen argitzeko eratxeki dion iztegiñoa, laguntza handitakoa izan ditake.

        Polizia-nobelaz kanpo, leenago ere agertu izan dira Baztandarren euskal liburuak; eta ospe haundiko Axular hura kontatu gabe (Urdazubi bere sortherria Baztango barrutiaren barrenean baitago eta Axularren ama ere Azpilkuetakoa zen).

        Elizondoko «Datugaraia»n bizitu zen Bruno Echenique jakintsu hura eta Baztango eskuaraz izkiriatu ere Bonaparteren laguntzaile gorenetako bat bezala. Ebanjelioa, Apokalipsa, «El cantar de los cantares» eta beste halako itzulikatu zituen Elizondoko eskuararat.

        Prinzipe berak dionez, iñork etzion Echeniquek bezain zeatzki gomendatzen ziozkan langaiak bururatu. Eta are geiago estimatzen zuen gure izkiriazailea, ainbeste eskale nardagarrien artean, beretako nioiz ere etziolakotz deusik eskatu.

        Franzisko Lapitze idazlari ezaguna ere sortzez Arizkungoa zen; eta bere liburu «Bi saindu heskualdunen bizia», liburu ernagarri eta edertzat jotzen du Lafittek laudorio handienen artean.

        Baztandarra zen Francisco de Elizondo Aita kaputxinoa ere, besteen artean «Lore usaindun mamitsuak» liburua izkiriatu zuena.

        Orobat, Amayurko erretore izan zen Cruz Goyeneche jaunak ere eskuaraz apainki idatzi zuen eta soilik aipatuko dugu Martin de Azpilkueta, XVI garren mendeko doktorearen bizitza labur bat; Eluetearra zen. (Zaarrek beti Eluete erraten zuten, eta ez Elvete oraikoek bezala).

        Iruritan aunitz urtez bizitua, aldizkari askotan izkiriatu zuen ere Paulo Fermin Irigaray «Larreko», sendakin ezaguna izan zenak.

        Eta erdi Lekaroztarra etzena Tapia-Perurena olerkari fin eta goren maillako hura, Baztango eskuara leunean ainbeste idatzi zuena? 1930 eta 1933 urtetako Eusko-olerkiak direlako bildumetan ikus ditazke «Baztango mendiak», «Txori mindua», «Lore bikaiña», «Orein zuria»... daritzaten poesia ederrak; batzuk Ulhand eta beste aleman neurtizlarietatik zuzen zuzen itzulikatuak.

        Bizien artean hor dugu Zigan, Xabier Lazcoz apez olerkari eta erdal izkirianta, Elizondoko semea; oraintxe aipatu 1932 urteko olerki bilduman ikus ditazke bere euskal bertso sortak.

        Eta Arizkunen ere orai argitara ematen dute aipagarri den, erdia eskuaraz dagon Elkartasuna eliz-orri pollita.

        Batzuk usteko zuten bezain agor eta antzu ezta beraz izan Baztango lur eder hau, euskara idatziarendako.

        Eta oraindik Aita Donosti zena ere aipa dezakegu, aur-aurretik Baztanen bizitua eta bere naiez Lekarotza ehorztera ekarria; ainbeste euskal kanta eta ipuin eder bere Baztan maitean bildu eta argitara eman zituen musikalari haundia.

        Halaber gauza beretsua erran dezakegu Arrigarai aita kaputxinoaz, edadura haundiko gramatikak Lekarotzen egin baizituen eta Baztango eskuararen kutsurik haundiena dutenak.

        Joan den mendean ere, Joan martin Hiribarren eta Joan Battitt Elissamburu olerkarien euskara ederrak Baztango ziren alde batetik; Hiribarrenen ama Erratzuarra baizen Dolarea deitua eta Yoana Irazabal Zugamurdiarra berriz, Elissamburu euskal poeta haundiaren ama.

        Gure errikide Izeta, beste horiek bezala, asitako bideari jarraikiko zaiola gero ere, igurikatzen dugu bihotz bihotzetik.

A Irigaray

Euskaltzaindikoa

 

  hurrengoa