X ILLUNABARREAN
Usauriko zortzietan, ogei lagun bildu ziran. Eritegiko aurrera, doi-doi Jauntxok asmatu zituan ogei gazteak. Eritegia zubiz arunztik zegoan, erriko sarreran, eta aurreko arbolpetan gorderik zeuden esandako mutil bizkorrak.
Eguzkia Usauritik ezkutatua zan —mendiz inguratutako erria bai-da—; baño egal batetik igo ta arako tontor artatik ikusi zezaiokean musu gorria baldin orduantxe itsasoan sartua ez bazan.
Guztia erabakita zegoan. Manuel be aldetik joango zan. Bera Bordategikoa eta ango bideak ederki zekizkiana. Bai ba, Eritegiko andreak esan zuanez, aurregunean «Tukulu»enetik iges egindako iruindarrak ormazar batetik salto egin zuan ibaira, belaun kozkorretaraño urean sarturik, zubi azpira abiatu ta an zai zegokion beste iruindar batekin biek alde egin zuten, beko bidezkak artu ta ezeren arrastorik utzi gabe.
Benardo, Zaldon barrena joango zan goialdetik eta gañerako guztiak bide zabalatik. Gudaketa, beraz, tajuz antolatua zeukaten. Orrez gañera, tarteka-tarteka, bekoak «pit» txistu egingo zuan, goikoak «pit, pit», bi; alegia alako tokian zeudela; eta baldin etsaia ikusten ba-zuten, bekoak txistu luzea ta goikoak bi txistu luze. Maltzurkeririk ez balio usauritarrekin.
Benardok gorako bidea artu zuan. Manuelek mendian beera bota zuan burua korrika. Andik pixka batera, aiek goi-beak arrapatzea antzemanda, bide zabalatik asi zan taldea.
Bide kurutzeraño ordu erdiko tartea bazan eta lasaiki joanda ere garaiz irixteko aukera. Taldeak batzuetan amor ematen zuan, bestetan estutu, batez ere guztion artean zerbait erabaki bear bazuten; arriak tunelean artuko zituzten, bitartean iñirk ikusita itxura gaiztorik eman ez zezaien. Batzuetan jarduna oparo, bestetan urriki.
Alako batean ikaratu ziran batzuk, «pit» txistua belarriratu zitzaienean. Manuel zan. Andik pixka batera bi «pit» urrutikakoak. Ez zijoazen gaizki zaituak. Baño Benardo atzean zetorren.
—Eup! —otsegin zuan batek—. Geldi pixka batean, ori atzean dator.
—Onezkero —erantzun zion beste batek— tunela bertan daukagu ta arri ontxoenak bildu bitartean alderatuko zaigu, arriak ere bear ditugu.
Tunelean arriak bildu ta bildu, oraintxe astoaren itxuran («anima apartatuta») bi sakel aundi ezker-eskubi arriz beteta, Benardoren txistua aurre aldetik zetorren. Zamukak naiko ez eta batzuek eskuetan ere arriak zeramazkiten.
Une artan zeru-goia argi oraindik eta bea illun. Andik aurrera aalik eta ixillena joan bear omen zuten. Beñelakoan erlojerua atzetik zijoala asi zan karraxika: —«Infentero, dame un mano de papel...»— ta dzast! ortzeta jota «por el abokozulo» bukatu zuan aldamenekoak eman zion amorroarekin. Ta eskerrak eskuan arririk ez zuala. Ea, kale egiteko asmotan etorri ote zan, esan zioten, balijoakela errira orretarako txaldanagorik! Ta erlojeruak, eskua aboan, ala ere par egiten zuan bere mutur okerrarekin. Ez omen zioten entzun eta entzunda ere... Ixildu ziranean, batek begiratu txarrarekin «babo arraioa» bota zion.
Baño «babo arraioa» esatea ez zitzaion kalte, andik pixka batera bideari bira emanda iruindarrak aurrean ikustean, Antoniok lenbizikoz arri galant bat aien erdira botatzeko, naiz eta arbolpetan lenbizi itzera etortzea erabaki.
Bat-batean amalau arrikote aidean, iruindarrenak kazkabarra bezelako otsa ateratzen zutela. Danak bidean jo zuten. Juantxok «bota!» oju egin eta beste emezortzi arrien erantzuna.
Gudaketa asia zan. Usauritar batek min artu zuan zankoan arri batek kosk eginda; baño lurra jota gero. Bi arrikalari-taldeak sakabanatu ziran bide ertzetara. Erlojerua bide erdian jarrita arpegia ematen iñork baño bildur gutxiagorekin. —«Ots arri ori, erlojero»— ta kaska lurrean jo ta izugarrizko ikotika bide-aurrera. Zer esanik ez dago, orain bakoitzak arria artu ta bota eten gabe ari zirala. Elojeruaren inguruan erruz erortzen ziran arri puska aundiak. Orduraño iñork ez lukean esango gure parrontzia ain yayoa zanik bere burua gordetzen. Arri baten atzetik bestea ta bestea, lurrean jo ta zaldi zoratuen gisan urrutiraño joaten ziran. Zaurituak baziran bi aldeetatik. Iruindarrek naiz lagun gutxiago izan su ta garrez ekiten zioten. Bai usauritarrek ere. Ta, bai gero ta illunago zegoalako ala amorroa amorratuago zetorkielako, ausartuenak ertzetatik makur-makur eginda alderatu ziran. Illunpean ozta-ozta ikusten arriak botatzeko aukeran eta opilla nondik zetorren usmatzeko ere doi-doi.
Baño une onetantxe iruindar bat aureregi zijoala ustekabean sasietatik atera zitzaion gizon bat. Manuel! Bizkar gañera salto eginda makurtuta zetorrenak «mano lertu» egin zuan eta biek alkarrekin lurra jo zuten, iruindarra azpian. Au ikusita beste iruindar bat etorri zan Manuelengana bere lagunaren aldez. urrena usauritar bat Manueli laguntzearren eta «Jesus» esaterako on orduko emen ziran guztiak. «Jesus» esatekoa bazan. Gure bizi guztian ez degu urabezelako borroka bizirik ikusi. Jo an, jo emen, jo «suelto», egiñalean ari ziran bi aldeetako gazte bikañak talde bakarra egiñik. Orrenbeste arrikada botata gero ezin sinistu alako beso-jokoa erabili zitekeanik. Orrenbeste arrikada botata gero ezin sinistu alako beso-jokoa erabilli zitekeanik. Gaitz orren ondorenak ez zeuden urruti; batzuk lurrean zetzaten, beste batzuk oñaze ojuka.
Baño une batean guztiak zearo gelditu ziran, Katamotza ta Paulino aurrez aurre arkitu ziranean.
—Toki guri! —Paulinok— biok bakarrik!
—Ik eta nik! —erantzun zion Katamotzak begiak sutan.
Ta orduan asi zan bien arteko borroka izugarria. Katamotza ta Paulino erdiratu ziran, besteak beren aldekoaren atzetik.
Ta burua makurtuta ta besoak aurre aldera, urrengo atalean esango degun bezela ekin zioten alkarri.
|