II «VILLAGARSIA» MUNDUKO PORTURIK AUNDIENA
Bagoaz «Tukulu»enera. An zegoen Usauriko erlojerua, alper-erdoiak jota nagitutako giona.
«Alperra naiz baño
badakit lenean
inork bezin ongi
gogoa denean.»
Arrotza berez; baño errian urteak zeramazkiala euskeraz ederki zekiana. Me-mea etorri zan; orain, ordea, arpegia edanaz buiatuta —ta gorputza ustez ere bai— lodi xamar arkitzen zan. Garerdiko gizona (adin erdikoa); iztuna, jostagura, orain ere gelaren erdian zebillen batekin eta bestearekin ii-ji!-ka oi zuan irri-antzi errexarekin. Gutxik zekiten bere izena ta abizena gutxiago oraindik. Auskaldeko baserrian ere ezagutzen zuten. Nondik-nai zijoala «adiós, erlojero!» esaten zioten. Onek egiten omen zuan: ardoa berea ta besteena edan; artzekoak eskuratu, ordaintzekoak ukatu, errosarioa saldu ta kartak erosi. Gañerakoan, ikusi ez dezuten bezelako beso-bizkarzale ta par-ontzia. Goizetik, baxoka bat patar ogia bustita. Esneak estereangoa egiten omen zion, txokolateak berriz ez dakit zer geiago. Ura (lengoa) bezelako erremediorik ez.
Orren adiskide-kidea, Antonio, Letxan sakristaua izana, iru seme-alabaen aita, beti-beti galtz-muturrak lotuta zebilzkiana. Luze aña zabal, baño gaztea oraindik. Arpegi-aundi, baño ez itsusia. Sudur-puntan alako kankar bat zeukan. Ibiltzen zanean, galtza-putz aiekin, kristaua baño atea obeto zirudian. Oraindik ere sakristauaren itxura zeukan, begiak apal, belaun-kozkor bigunak. Ardoak ez zion txartu bere iduri ona. Izan ere Usaurin izaten zan eta izan oi dan ardo merke ta bikaña! Baño aren grin txarrena edozein zala gutxietsi ta «babotzat» artzea. Ta ez zion begiratzen berak aintzakotzat artzen ez zuana an aldean ala aurrean ba-zegoan ere. Amaika bider galazi zizkioten ondo irabazitako muturrekoak! Orain ere an ari zan, «Tukulu»enean, aboa ainbateko zabaleran asarre-itxurazko itzak zerizkiola: —«Babo arraioa!, or ikusi diagu Manuel bizikletan arpegia gorrituta "Pidel-en tarranta"ren atzetik. Nonbait Pidelen tarrantak luze batzuk izaki atzetik eta Manuel ondotik zijoala, alako bira batean, tarrantaren atzeak alde batera egin duanean, tutuek jo ditek eta exerita zetorrena buruz-beera bota. Or etorri dek bide guztian segika, abo-betez "osijenoa" artzen (gasolinaren kea) Pideleri kargo artzeko asmotan, noski. Babo arraioa!, bizikletan etzekitek eta non-nai sartu bearra. Nik bezela egunean berrogeita-amar, irurogei kilometro egingo balizkikek, ala ere...».
—Bai eta gero esnatu egiteaiz— egin zion Juantxok, beti alprejeta txuriakin ibiltzen zan gazte poxpoliña.
—Ez jauna, ori ez da ametsa. Zer? Esaiok Paulinori; or zegok leioa beteko buruarekin. Lengoan Letxan barrena ninjoala ikusi ninduan eta baita nik, oraintxen gogoratzen naizela, aspaldiko Austin ikusi. Egia esatera arritu nintzaion. Ura illa zala etsita ikaratu nintzan topatzeaz; oi, au bizi al dek?, egin nion nere buruari. Ta gauzak zer diran! Ori gaur bezelaxe esan eta urrengo egunean ziflatu zan —bukatu zuan Antoniok.
—To, urrena topatzen badek, seguru illa dala —esanda jii..., jii..., jii..., jii..., asi zan erlojerua. Mai-muturrari eldu, ta sabelari ere bai, ta goitika egin oi dan bezela —ez bein-beingoa— arpegia gorritzeraño erazo zion.
Beti ume ibiltzen zan gizona. «I, Arranopoleta, arrano-arranoa...» ta, dzast! lepazamarrean jo. Besteak eskuarekin egiten ba-zion, utsarekin «oi!» edo ji-jika berriz ere. —«Bete amargarrena, kosta-ala-kosta... merkeena. —Ara bestea, xor diagu ta paga egidaxu arpegi orrekin». Ate-ondotik zijoakeanari karraxika: —«Infrentero, dame un mano de papel por el kristaltzulo». Urrena kantari:
«Maria Andresen kokotza
lau libra ta bost ontza».
Alako batean: —Bigar lanera!
Txoroa buruan eta ibilli munduan. Antonio. orreagatik, ez zuten beñere parrez ikusi. Gauza gogorrenak esateko arpegi-zimurrik erakusten ez. Batzuetan amorrazi egiten zuan egosgogorrak; bestetan erruki gintzaion gixajoari. Lolo xamarra ere bazan. Juantxo maxiatzaleak Donostian aurreko igandean jende asko ikusi ote zuan galdetu zionean «Ni bakarrik ezaguna», erantzun zion.
Ta onelaxe izan oi zuran Usauriko igade-goizak. Larunbateko lan neketsuak utzi ta gaueko loaren ondoren egun osoa atseden.
Gizartea gogoz artzen duten aya zaie, otza kentzen duan artillea, naigabeak ainatzen dituan txori-maloa. Gizonek elkargana jo oi dute. Gogoetak iñori ixuritzea naiezkoa zaio gizonari, iñoren usteak jakitea atsegin, joalasa ta irria osasungarri. Benetako griña izaten dute askok gizarterako. Ta astean beingo billera, nekez datorren basa-atea.
Erri oriek paketsuak dituzu. Aien berriketak ajolik ez dizutela uste dute. —.
—«Antonio ta i, bi» —esan oi zion «Tukulu»k erlojeruari. Bai alkar artuta, bai alkarren ajolik ez, edo-eta, alkarrekin nazkatuta, nai ez bazuten ere, ustez ta ez uste, biek beti topo egiten zuten. Ez alako tokira joera zutelako, ez aien zeregiñek bata besteratzen zituztelako; tokirik aldenduenetan, egunik txarrenetan, garairik illunenetan, toxa ta pipa bezin seguru alkarganatzen ziran.
Ta onuntzean biok bat zetozenean, ez lizuteke esango norako abiatu ziran, nor utzi zuten eta non. Naiz askotan asarretu —biak ajolakabeak— alkarrekin egon bearrak adizkidetzen zituan. Ardoaren usaia, batez ere, biotz-legungarri bikaña zitzaien. Gazta puska berean xaguek topo. Sanson bururatuta asto matrail-ezurra begitaratzen zaigun bezela, Antonio ikusita bestea gogora, erlojerua aurrean lengoa usma.
Igande goiz onetan —meza entzunberriak giñala aztuta geunden— txorakeriak alde batera utzita, bene-bene ari ziran jardunean. Umore oneko gizoneri askotan gaingañeko gauzeri buruz mintzatzea gogokoa izaten zaie.
Antonio bere «Burdeus»ko egonaldiaren berriak ematen ari zan. Ango katedrala! Kai artako ontziak! Langille pilla ura! Garona ibai zabala! Bere gañeko zubi galanta! Portua, batez ere, itsasatea! Ta aundikeri oriek esan bitartean, tarteka, gaizki ikasitako prantsez itzak sartzen zituan ez-uste itxuran.
Askotan ixildu egiten zitzaizkion zer erantzun ez jakiñik, eta Antoniok zer geiago esan izanez eta buru barrengo muñak arakatuta, lengo esaneri berriro eltzen zien, ea zerbait geiago bota aal zezakean.
Baño «Burdeus»ko portuaz itzegin zuanean norbaitek Vigoko itsasatea aundiagoa zala esan zion, Vigoko portua Españako aundiena zala.
Antonio itz-bidean zegoala-ta ango berriak ezik bestelakoak bazekizkiala agertu naiez, bene-bene aurreratu zitzaion: —«Españan ez zegok "Villagarsia" bezelako porturik». Ta berriro eutsita: —«"Villagarsia" dek Españako porturik aundiena!».
—Nik beti Vigo-Vigo aditzea izan det Españako porturik aundiena dala —erantzun zion erlojeruak.
Ta guztieri begira, besoak zabalik, ostera ere «beti esan oi dute Vigo dala zabalena».
Antoniori barrena larri zebilkion. Vigo zala azaldu bear bazuan, nork sinistuko zizkion «Burdeus»koak esandakoak? Nola asi ez zekiala onela asi.
—Erruki zaituztet geiago ez jakitea; batez ere i, Juantxo, eskolan ikasiago aizelarik. Ara, txinist ezadazute, «Villagarsia» baño portu aundiagorik ez dago España guztian. Baño ez al dezute beñere entzun «Villagarsia» portuaren aunditasunaz? Arrituta naukazute. Oi? Europako porturik aundiena da, puñeta!
Orduan Juantxok esan zion:
—Ez diat txinisten. Hamburgokoa baño geiago ez dek izango. Hamburgokoa gero izugarria omen da. Ango ontzietako «paloak» baso zabal baten ugaritasuna omen daukate.
Baño Antonio ezin egon:
—«Villagarsia» munduko porturik aundiena da, zer arraio!!! —bukatu zuan.
—!!!
|