IV JAI-EGUNEZ AURRETIK
Egunez aurretik asi zan jendea etortzen Usaurin. Gu bertaratu giñaean, arratsaldean, Kale Nagusitik barrena eguzkiak oraindik ere argi egiten zuan eta, aurreko egunak euritsuak izanarren, egualdia oso itxura ona ari zan artzen. Usauritarrak pozik zeuden, bada.
Ez aspaldiko urteetan bezela, ez zan zaldikiko gurdirik ibilzen. Ta erritik geltokirañoko bide luzean, tren bakoitzari zai egoten zitzaion automobil berriak, azkar asko egiten zituan joan-etorriak, aalik eta jetxitako jende mordoa zatika-zatika artu ta toki bat ustu ala erria betetzen zuan arteraño.
Enparantzan, goiko leioetatik, beetik eta nondik nai oso arrera atsegiña egiten zieten etorri berrieri. Orduntxen asten zan, bada, jende gutxi ala asko etorriko ote zan jakiteko garaia: zenbait egunez aurretik ostatuan lekua eskatu zutenak, bein eta berriz etortzeko esanda bideratu ziran lagunak, urtero etorri oi ziran ezagunak, dantza zale guztitakoak eta kupel gorri barkilleroa. Onek kaxa bakarrarekin egiten zuan: geltokirañokoa (berak bakarrik zekian tokitik), geltokitik errirañokoa (sei errial onuntzkoa), beste ainbeste arakoan eta bost eguneko bizi-modua.
Arrai pila dagoan tokian ogi puska bota eta lenbizi iges ta garo biurtuta guztiak batera koskaka aritzen zaizkion bezela, era berean, Pidelen tarranta berriak zubia pasa ta Kale Nagusitik plazan azaltzen zanean, jende guztia alderatu egiten zan eta, bein geratuta, alkarren gainka, etorritakoeri jeisten utzi bearrean, baziruditen tontorreraño zetorren tarrantan igo egin bear zutela.
Saskiak eta loturak eskuetatik zintzilik azaltzen ziran lenengoz; gero, emakumeak buruak makurtuta ta neska gazteak eta mutillak alderdi guztietatik; gure «barkillerua» sapaiatik beera jetxi zan eta jetxi zuan bere kaxa, bi kurpil erantzita bera ere bakarrik ibiltzeko naikoa zana.
Guztiak alkartuta an izaten ziran ongi-etorriak, esku-estutzeak eta, baldin baserritarrak ez baziran, muxukak neskaen artean. Zegoaneko etorri zan jendetza polita! Zer izango zan aurrengo jai-egunetan?
Alako batean ikusi genituan igaz ere izandako Mirele, Elizondokoa, ta Margarite, amairu urtekoa, bere aizpa baño bost urtez gazteagoa. Josunek, ostatuko alaba zarranak —gaztea ala ere— gogoz artu zituan bi adiskide maiteak. Eta onela, enparantzaren erdian, kolore askotako soñekoekin, arratsaldeko eguzkiak begiak erdi itxutzen zizkiela, polito bañon polito ematen zuten Usauri ta inguruko alaba lirañak.
Ester, Donibanetik etorria. Bittorirekin batu zan: auxe zan erriko neskarik politena, baldin, ainbeste neska politen artean, geiena nor autatzea erreza izango balitz. Iruindik etorritako Karmeleri erriko sendalari gaztea elkartu zitzaion.
Enparantzaren bazter batean, «Tukulu»eneko ta «Gaztienea» ardotegien bitartean, gizon eta mutil gazte pilla eder bat zegoan itzalean.
Gizaseme guztien artean bazan bat ango jarduneri aditzea egiten ziona, baño bere burua aiengandik urrutitxo zegoena. Bazkalondoz geroztik urduri xamar zegoan gure mutilla. Egun ura etortzeko gogoz ain luzaro itxedon zuan gazteak —oraintxe garaia zetorkiola— bere larritasuna baretzearren giza artea billatu zuan. Andik ederki ikusi zezakean berak nai zuanaren etorrera ta, tartean iñork ezeren itxurarik susmatu gabe, gogoak ematean azalduko zan.
Ta oraintxe Mirele ta irurak pixka bat aldendu ziran, Martin (au zan mutillaren izena) abiatu zan. Beintzat, Mirele etorri zan aurten ere ta azken egunetako kezkak aienatu zituan. Martin bildurtu xamarra zijoan, eta ez da arritzekoa, ajol aundiko gauzaren bat iritxi bear degunean uts txikiena egiteko oso bildur aundikoak izaten gera. Martinek barrenen zerabilkiana jaso aundikoa zitzaion, eta, ainbestetan asmoak artuta, orain atzeratuko al zan, bada? Ez, berak bazekian igaz abegi ona egiten ziola, eta oraingoan begitarte txarrik jarriko ez iola uste osoa zeukan. Igazko Martin zala ikustean, arek eramango zuan poza! Ez ikutuaren itxura egiñarren, berak igarriko zion.
Ongi etorria esanarekin batean Martinek eskua luzatu zien, bai Mireleri ta bai Magariteri. Neska biak legez erantzun zioten eta baita ongi arkitua eman. Ixildu ziran. Bereala igarri zion mutillak berak usteko arrera ez iotela egin. Zerbait geiago esatera ausartuko zan.
—Zuek emen ikustearekin oso poz aundia artu det... —eta aurreko urtea gogoratu naiean— igaz bezelako egun ederrak izango al ditugu aurten ere.
—Eskarrik asko —ta ixildu ziran.
Mirele ez zan iñori arpegi txarra jartzeko neska ta guztiekin beti adeitsua izanik edozeñeri zor zaion begitarte ona ta bear bezalako arrera egin zizkion mutil gazteari. Martinek oriek guztiak bazekizkian, eta orretxengatik bere barrena ez zan naikotu; berak uste zuana ez zuan ikusi ta itxuraz poto eginda, gaitza zitzaion tankera ura, ta aalik ondoen irtendako tokira biurtu zan.
Ene, Martinen ustearen okerra! Urtebetean uste osoan egon eta barrenen arra. Urte osoan etortzeko zai egin eta itxoegitearen ordain ustela. Erabatez, atzerako gogoeta guztiak azterkatu zituan, ea naspilla noiztik sortu ote zitzaion. Arakatu zituan asieratik bukaerañokoak eta atzeratik aurrerañokoak. Ta orduraño ez zan konturatu arian-arian bere gogapenak zenbaterañoko aunditasuna artu zuten. Orduntxe igarri zion nai ez zuana baztertu ta atsegin zitzaionari toki ematen ziola, eta an gogozko gauzak neurria autsita amor ematen zutela. Baño bere asmotan oker egon bazitekean ere, tira, joandako jardun gozoak eta batez ere aren agur pozkarria egi-egia izanda, etorreran beste ainbeste iruditzea, alako txorakeri aundia al litzake bada? Edozeñek bere lekuan ez al luke ori bera sinistuko?
Martinek bere usteetan ariñegi ibilli zala, aitortu zion bere barrenari; baño egia zan orobat asmoak len bezin gordeak euki zituala oraindañakoan eta, gordeak gorde, ez miñik, ez neke. Oraintsu itzegindakoaz ezin asarretu. Beraz, Mirele zan aldatuta zetorrena. Ta orduraño itsututa bizi zan mutil gizajoak, bertan zabaldu bi begiak. Igazko kabian aurten txoririk ez. Neska begien pozkarri ura Usauri ta bere inguruak utzita arras aztu zan gure mutillaz. Jaio erriak ez zion Martinen oroipenik gogora ekartzen, ezertxo ere. Agian, bitartean, besteren batekin edo bat baño geiagokin jolastua izango zan.
Artean Martinek urte osoan urte osoan! iraun zuan berriro ikusteko gogoarekin. Oroipen biguña zana agitz samurtu zitzaion. Usauriko bazter guztiek maiz asko gogoarazten zizkioten neska lerdenaren egonaldiak, neska lirañaren ibillialdiak eta alkarren itzaldiak. Batez ere, Usauritik geltokirañoko bide arek!
Azkeneko eguna zan. —«Nik Donostiara joan bear izan nuan», bere buruari asi zitzaion Martin. —«Mirele Elizondora zijoan amarekin. Irurak batean alkartu giñan, Pidelen tarrantan. Mirele ta ni aurrez aurre kanpora begira; aren ama nere ezker ondoan. Itztxo banakakin asi nintzaion. Izketaratu giñan. Batzuetan bereganatu ta ixillago esaten nizkion nere gogozko gauzak, batez ere norbait oju ta zaratan ari bitartean. Bideko arkaitz bakoitzak oroipen bat dakarkit burura».
—«Baño nik diotana egi utsa badan ala ez, onetxek emango digu neurria. Amari tarrantan ibillita itsas-miña deritzaion naigabe edo ongi egoneza etorri oi zitzaion; baño egun artan, naiz bildur izan, ondo baño obeto zijoan ordurañokoan. Mireleri, nerekin zerbaitxo itzeginda, amari zeozer esatea otu zitzaion eta,
—«Oso pozik zaude, amatxo —itzegin zion».
—«I bai pozik agonala —bereala erantzun zion amak».
«Egia esan lotsatu nintzan. Al nuan nik uste ona izateko motiborik?»
Ta gogoeta auetan zegoela apaltzen ari zan ere. Kaxilda bere arreba ta biak aurrez aurre ari ziran arrats artakoa egiten. Anaia-arrebak bakarrik bizi ziran etxe artan. Gurasorik ez.
Arratsa zan, bada, ta etorritako guztiak enparantzaren erdian utzi ditugu. Ez; guztiak garaiz etxeratu ta nik uste Martin eta Kaxildarenean bezela besterenetan oeratu aurrekoa egiten ariko zirala.
Alatsu izan zan Usaurin jaien aurreguna ta alatsu izan oi da beste errietan ere. Jendea jaietara etortzen da ta etorritakoak berek egiten dituzte jaiak. Bertakoak bakarrik ikusteagatik ez lirake joango. Artean, dijoanari berdin zaio an topatuko dituanak bertakoak naiz kanpotarrak izan baldin poza ta atsegiña izango badu. Beraz, errian bertan gutxitxo dago ta guztiak besteen aitzakiarekin joaten badira, berekin daramate jaia.
Gañerakoan, errietako jaiak urtearen egun alaienak izaten dira, oroigarrienak. Onelako gertaera bat noizkoa izan zan aiderazteko, edo jaien aurretik ala jaien atzetik, edo aurretik urrun ala atzetik alde, esan oi dute. Urte zar eta berriaren muga berberak ez du orrenbesterañoko oroi-indarrik, ez da orren aipagarri.
Gazte gixajoa erriko jaietan eri dagoana! Ez da penagarririk irundar gaztea Samartzialetan gaxorik, Iruñara Sanfermiñetan gaiztun ala usauritarra Sanjuanetan oean ikustea bezelakorik.
Gauak, beraz, Usauri oso-osoa artu zuan eta erriko ate guztiak itxita zeudelarik, gizaseme zenbaitzuk, etxetik at, enparantzan gelditu ziran, alkarrekin jolastu ta astakeriak egiteko.
Gauerdi erdian izandako mutillen dantza, alkar jotze, oju ta algarak ez ditugu batere aipatuko. Baño auzko muturratik illunpean besteen artera ogi ta jaki zetozen bi aiengatik, bai: erlojerua ta Antonio, oraindik amabost egun ez asarretu zirala, arras aztuta, askotan bezela, adiskide mamiak zetozen.
Erlojeruak ixilka zionez Letxan, Ibaiotxen, Bedoyan eta Usaurin saldu bear zituzten fonografuak eta josteko makinak!
Ta fonografua aipatuta, «Sesiotegi»ko pilarmonikaz batere gogoratu ez!
|