|
IX MENDIAK EZ, GIZONAK BAI
—Mendiak mendia ez du billatzen; gizonak gizona, bai. Esan akiotek Usaurikoeri bigar arratseko amarretan beko bidekurutzean egongo gerala ta gizonak baldin badira etortzeko.
Nork esan Sanjuan arratsaldean iruindarrek eta usauritarrek izandako utsagatik orrenbesterañoko grina sortzea!
Aurreko itz oriek aboz-abo zerabilzkiten Usaurin eta oraintxe erriko gazteak ez zeuden baretu errexak. Guztiak asaldatuta alkarrekin topo egitean, edo kale kantoietan pillaka, ala ardotegi zuloetan lagun-artean, beste jardunik ez zuten; noski, ez zebiltzan atzera egiteko asmotan. Ta orretxegatik, gazteen artetik kanpora ez zuten nai iñork jakitea, emakumeak jakitekotan mugazaiek jakingo zuten ere ta orduan ez joan ez etorri, ez jo ez arrikarik; ez, ordea, usauritarrek ori nai. Mugazaiak tarte jarrita, Usaurikoek naita sartu zirala esango zuten eta aitzaki orrekin arpegia eman nai ez zutela. Berak koldarrak, berak olloak?
Egun artan, arratsaldeko seiretan, mugazaiek ezere jakin ez zezaten, auek kartetan aritzen ziraneko toki berean bilduta zeuden, «Tukulu»eneko baztar itxi batean. Mai luze baten inguruan zeuden jarriak guztiak. Zer artua Josunek ekarri zien. Erlojeruak pattarra eskatu zuan kantari. Atea itxi zanean Juantxo mintzatu zan lenengoz.
—Emen borrokatu nai ez duanik baldin bada atera bedi —asi zan.
—Bai, bai —erantzun zuten guztiek.
—Guk egin bear deguna —jarraitu zuan— palta diranak gurekin ekarri. Emen amabi lagun gaude, ogei osatu gindezke. Ta oraintxe bertan zein bideak ibilli bear ditugun eta nola antolatu ementxe erabaki bear degu.
Krexentxioren itza entzun zan urrena. Erlojeruak zionez, onen etxera deitzeko aldabarik ez eta atearekin orma joka aritu bear omen zan.
—Zer derizkiotzute —bota zuan— batzuren-batzuk, erdiak bezala, bide kurutzerano joan, besteak tunel gañean egon eta aiek igeska bezela abiatu tunel-alderaño, iruindarrek segi dezaieten; eta gero, arri asko dagoan tokia baidan, danak alkarrekin aieri arrika astea?
Krexentioren iritzia ez zan bat-batean onartu ala eretsi zitekeana. Ixilik zeuden, pentsatzen jarri ziran, batzuren-batzuek ontzat artu ere bai; baño ez, joan eta bereala atzera korrika astea, ez. Eta jarraitzen ez bazieten, erri-bidea artu nai ez-ta geratzen baziran, zer esango zuten?
—I, Krexentxio —erlojeruak bere aldikoz— to ori baño obea. Nik beko eletrizidade fabrikatik, alanbrea jarri, burniaria jarri, ta bide zabalari aldez beste burniariz egin; gu atzera asiko gaituk, gañetik pasa, non dagoan dakigula; ta aiek ez jakin, ez ikusi, ez dutela, alanbrea jota «grano»rik ez dek «sano» geldituko; —ta «ji, ji, ji, ji» erazo zion— guztiak bertan «seco» geldituko dituk —parrez, bizkarra makurtuta, bukatu zuan.
Batzuek ezik, ez zuten parrik egin; labea opilletarako ez. Baño an norbaitek iruindarren artean «Katamotza» zeritzateneko bat etorri bear zuala aipatu zuanean ikara bezela sortu zan lekune artan. Katamotza!!! Gaiztoa, gaiztorik bazan; «erremienta» ederra. Bein, berrogeitamar beiekin, mugazairik ikusi gabe, Zaragozaraño iritxi baietz, apostu aundi bat egin nai izan zuana. Patarien kaltez, kontrabandistaen kaltez telefonua jarri nai izan zutenean, arratsalde batean, berak bakarrik, iru tantai bota ta bi kilometroko aria ostu zuana. «Gaua gauekoentzat, eguna egunekoentzat, Lizarpeko zekorra neretzat» —esanda, ukullutik lapurtu ta nor izan jakin ez zutena.
Baño zergatik eraman zuten bein kartzelara? Orduan Manuelek askok ez zekitena esan zuan «Tukulu»eneko zoko artan. Arrobian aritzen zan Kaltamotza. Askotan, danba bat botatzerakoan, zakur bat lergaiaren ondoan ibiltzen zan ezin uxaturik. Ta zakur ura arriskotik kentzearren zakurraren isatsari dinamita puska bat lotzea gogoratu zitzaion, eta lotu ezik biurtuari su eman. Katamotzak zakurra iltzea besterik ez zuan gogoan. Baño danak dakigu zakur bati atzean zerbait erazten badiogu bereala laisterka dala egiñaletan, batez ere erantzitakoak txinpartak botatzen baditu. Zakur gizajoa asi zan bere aldiko ta nora jo bear ta emakume batzuk gobara jotzen ari ziraneko gobarategian sartu. Sartu ta batean lergai lertu; zakurra ormaren kontra il, emakume batzuek kordea galdu, kristalak txikitu ta ez zan oker aundiagorik izan.
Orixe zan iruindarrekin etorri bear zuan Katamotza. Noski, aren izengoitia entzunda (zerbaitengatik jarriko zioten alako izena) zer kezkatu bazuten. Zer egiteko zegoan Katamotza usauritarrekin? Nork deitu ote zuan? Urrengo eguneko borroka, beraz, ez zan makala izango. Ondo gertu zitezkean eta bear bezela ari. Baño Katamotzaren etorribearrak, batez ere, asaldaturik zeuzkan billera artako gazteak. Kezka ori ezin aienaturik banaka-banaka guztiak begira asi zitzaizkion Paulinori. Paulino, maira begira, ixilik. Ez zuan itzik esan; baño arpegian igarri zezaiokean. Orduan arnasa lasai artu zuten guziek. Su aundiaren ondoan, beroak gizonak.
—Bildurti arraioak —jarri zan Antonio—. Emen bildurra galanki. Zer Katamotz eta zer galtzamotz?
Ori esatez bukatu ta ondorengo ixilunean atea idiki zan. Josune txiñalka sartu ta atea bere atzetik itxi zuanean, bazala dendan gazte bat, etorri-berria, kanpotarra, aiek esaten zutena entzun naiean zebillena, esan zien.
—Iruindarren bat dek —asmatu zuan Juantxok. Alkarri begira jarri ziran. Juantxok atea artu.
—Iges egin du! —otsegin zuan.
Guztiak aulkietatik dendara atera ziran; geineak kalera, batzuk eskubira, besteak ezkerrera, iruindarraren atzetik.
Erlojerua, ala ere, lasai gelditu zan barrunbean.
—Josune, ekatzan beste kopatxo bat gaxo orrek —antzia atera zuan. —Adi zan, belearena egin duan mutil polit orrek pagatu al din?
|
|