|
III «SESIOTEGI»N
Usauritik «Sesiotegi»ra joateko bidea berdiña da aurrenekoz eta gero goitik-beerakoa, mendiegal malkarratik joan bearrean zirrimarrak egiten ditu ezker-eskubira. Beerakoa iru kilometroko bidea-edo da tunel ondotik asita. Baldin irakurleak guk aipatutako erria polita irudituta ikusi gogo balu, ez beza iñora begira tunel ori ezagutzeko asmoz. An ez da mendizulorik. Izana bai, baña sapaiatik arri kozkor galantak noizpeinka jausten zirala, gain guztia kendu zioten eta ura iñoiz lur azpiko bidea izan ez balitz bezela gelditu zan. Ala ere usauritarren izketan askotan aipatuko dizute zulorik ez daukan tunela, oraindik ere.
Gaztañondo batzuk ezik, ala uraska bat bide bazterrean, ez dezu jakingarririk bea arrapatu arteraño. Bidea ez da zabalenetakoa. Bi auto parean joaterik ez dezu; baño, okerrik gerta ez dedin, aginduta dago beeralariak goralariari leku utzi bear diola.
Auzko muturrera joan gabe txaburbide batetik berealaxe jetxi gindezke, Ibaiotzko zubitik lenengoz eta gero Matxinbentatik dikoan bide-zabalera. Abiatu gaitezen ezkerrera. Orra ugesia ta argi-ola berria, berria bezin ederra. Bi kilometroan ibaiaren ondotik joango gera. Ona Matxinbenta. Zubia pasa, trenbidea ere bai, lenengoz bi aldetara so-egindai ta berreun oin-artera bezela, leioak untzaz ingururatutako baserria da «Sesiotegi». Astegunez ikustetik jai-egunez ikustera, kana terdiren bitartea. Lanegunez, benetan, bakartsu egoten da baserria, eguzkitan etzanik dagoan zakurraren tankeran. Bat edo bat gangarra bustitzearren iru mail jetxi ta txurrut batez atera egiten da. Andik puxka batera ere, aren «egun-onak» eta «agurrak» belarrizuloan dauzkagu. Euli-burrunba ta kito.
«Sesiotegi»n bi neskatxa bizi dira. Artaratzen diranek ederkitxo dakite! Eguerdi aldean garoz, edo an esaten duten bezela, iratzaz zamatuta mendian beera datozkizu ta baserri aurrean buru-gañeko meta iraulita zilipurdika bota. Tan orduan ikusten zaizkie arpegi-buruak oial zuri batez estalita, Usauriko inguruetan oitura dan bezala. Lepo beerañoko estalgarri oriekin ijitoak dirudite, baño ijitoak ez dirala dakian bestetarrarentzat poliki baño polikoago artzen dituzte. Ordea zu mutil txukuna baldin bazera, bereala gordeko zaizkitzu artopetan arpegiz arpegi jartzen bazatzaie.
Bazkolondoan, musuz ta soñekoz apainduta, bai bizikletan biderik-bide, edo-ta, dantzan ariku zaizkitzu baserriko goiko gela zabalean. Amaika txanpon ekarri zizkioten «Sesiotegi»ri dantza aiek, gañerakoan on aundirik ez bazekarkioten ere! Lurralde aietan erriak bata bestearengandik urrutitxo daude ta maiz artu-emanak izaten dituztela, bi kurpillekiko tramankulu orietan asko dago alde artan.
Baño esan nai genuan egun onetan, beste igandetan bezela, irurak ezkeroztik jendearen joera asi zala «Sesiotegi»n. Ta aurrenetik lenen etorritakoen izkimizki edo ixkixalda baizik nabaritzen ez bazan, jendea etorriala izketa apar zuria bezela arrotu egiten zan eta iñoiz par-aldietan lertu ere egiten zala esan zitekean; edo ta, esnea beroaren beroz goratu egiten dan antzera, edariaren txinpartaz gal-gal jarrita itzak gañezka zijoazkien ere.
Etxeko nagusia, tabernaria, begi zorrotzdun gizona zan. Berekikoz ardotegiaren eztiak sarrerako iru mail jetxi bearrarekin zer ikusi bazeukan, azkenean zankoak korapildu ta gaitz izaten bai zitzaien goraka abiatzea! Artean ateak zabalik albait; zuloratu, zokoratu ta geldi, kaiolatik atera nai ez duan txori xaarraren gisan. Baño guztia esateko esagun ere saldu-maia eskubitara zegoala. Onen atzeko gorañoko botilla-errenkadak ez ditugu aipatuko, ezta bestelako mota askotako salgaiak, nonaian bezelakoxeak dira, agian «Sesiotegi»n baño geiago. Aldean non eta demaren bat ez bazan, txapel gorriko botillik ez zan askatzen, baño alakoren batean bai ederki ustu ere, aalik eta besoen ardo aztarna borobillaz beatza añako zuria mai gañetan ez ikusteko eran. Apalategi artan, oi bezela, gutxien ikusten zana zan lodiena: ardo-zagia.
Esandakoak gañera, bada, barrunbean bi mai, aulki bina. Atzean, ate bat; atean, gora igotzeko eskallera, eta goitik beera gatozenerako orma-zuloa, barrunbea usmatzeko.
Orra bada, guk nai ezta bertaratu ginduztenean, arratsaldeko seiak-zazpiak baziran ez dakit. Sartu ta bereala esaera ezagun bat aldatura gogoratu zitzaigun: non salda, an zopa. Orra bada Antonio, erlojerua ta Juantxo gure adiskideak alkarrekin berriz ere. Antoniok esaten zuana: —«buruz gañeko lanak gobernatu ainbeste». Juantxori: «Edantzak».
—Ez diat nai. Gaur egarriak etorri dala-ta, ardoa ematetik eman dio.
—Zuek askatik bakarrik edaten dezute —Antoniok erdeñuz.
—Zer berri Usauri aldean? —norbaitek.
—Mixeri gogorra —Antoniok—. Bazkalondoan, beintzat ederki kimatu natxiotek jokoan.
—Jokoa ez duk errenta.
Juantxo ta «Sesiotegi»n sartu ziranean gizonezko asko zegoan. Bi maietako inguruak ukalondoz artuak. Nekez bazan ere nolabait moldatu ziran. Exeri berrian baziruditen aspaldian etorriak zirala, ta bertan lo egin bear zutela ere, ain asiera berritsuarekin asi ziran. Maiak, ongi zaituak. Deitu bakoitzean etxeko neska zarrenak, ke tartean, arinki ekartzen zituan eskatutakoak. Gizonek, beraz, edan, erre ta mintza.
Bi mai aietako batean, ala ere, mintzatuz gañera baten bat bertsotan asi zan. Gure baserritarren billeretan, ardoa ala sagardoa tarte dala, ez da zalla bertsolarien bat aizearen tokitik azaltzea. Ordea, izketak eta mizketak zirala, ezin bada ongi belarriratu itz-neurtuzko «ziriak». Algara baten ondoren, zertxobait ixilduta, onelakoa entzun bear izan zuan Letxako txistulariak:
Letxako txistulari,
oi begi-bakarra,
lan erdia izan eta
dariok makarra.
Soñua nai ta nagi,
bear ez ta azkarra
txistua baño obeki
jotzen duk adarra.
Zer parregin izan zuten.
Juantxo ta iruron maiean, ordea, istillu gogorra sortu zan. Antonio ta erlojerua buruz buru biziki ari zirala ta, beronen itzak karraxiak obeto ziruditela ta, bion ojuak gora bezela besteen jarduna moteldu. Pixkana-pixkana guztion arreta aiekanatu zan.
Juantxo aritu zitzaien zirikalari. Juantxok ederki zekian bere lagunen berri. Zerk asaldatu zitzakean uraxe erdiratu ta bereala itz-bidean jarri. Bein bat galbidean asten bazan, areri laguntza; bestearen txanda bazan, areri akullua. Beraz, izketaren gora-beerak, bein alde batera, bein bestera.
Antoniok zion:
—Ta i etzaiz beñere Vigon izan eta nik Villagarsia ikusi diat, Santanderen egon nintzanean. Ta naiz portu guztiak ikusi ez izan, gizonak antzeman lezaiokek zer aundia dan, zer txikia dan, zer aztugarri, zer arrigarri. Nere ibilleretan ni asko ikusirik niok et i ez satorra baño geiago.
Juantxo tartetu zan:
—Ik nai dekana esango dek, baño ez ago zuzen. Villagarsia etzegok Santardenen, Galizian baizik. Besteeri aditua ainbestez gañera, ari al aiz esaten?
Orduan erlojeruak maltzurkeriz:
—Burdeosen egon aizenik ere ez diat txinisten.
Esan zezaiotekean mingarriena orduantxe entzun bear izan zuan. Errotik atera zuten. Villagarsia ikusia gezurra bazan, Burdeosko egia gezurtu zioten. Antoniok onela esan zion erlojeruari begietara begira:
—Ni Burdeusen bezin ongi biziak, gutxi txapeldunak. Nere orduko ogibidea arozkintza ukan, baakik? Eta nik ongi irabazi, ondo jantzi ta nai bezela bizi niñukan. Nik orduan ondo ezkontzeko aukerarik erosoena izan nuala esango ba nikek, zer esango ukek? Jakin ezak bagure aroztegiko alabari —neska polita ala ere— gogozkoa nintzaiola, eta berak ezik bere aitak ere oso begi oneko ninduala. Ni asko maite nintxiotekan, neroni beti biotz onekoa izan naizelako, ta bien baño geiagotan ene nagusi zintzo arek, aroztegian ari nintzala, «gendre», suia, deitzen nintxiokan.
«Ta ik ez dek ezagutu, ez urrerik, ez zillarrik, ikusi ez duan ire nagusiaren muturra baño»..
Antonio biotzberatu zan. Galdua zan, ordea, Gogo txarra maltzurkeria dagoan eztabaidetan beratasunak galgarri. Maltzurra astoaren gañean bezela samurtasuna azpian dijoa.
—Ori guztia egitzat emanda ere —erlojeruak berriz— ez dik iñork emen ulertuko ain ogibide ederra izan eta Letxako apaiztegira nola etorri intzan. Batez ere, ardo txorta bat edan naiean atabakatik txintxin bat ateratzera ire burua beartzekotan. Ogibide berri orretarako arteza ez diat ukatuko, ire tabernarako joan-etorri ugarieri begiratuz geroz beintzat.
Orain «Sesiotegi»ko guztiak adi-adi zegozkien eta azkeneko itz oriekin, a zer parrak! Antonio garaitua zegoan. Ta garaipenak emandako arrokeriarekin erlojeruak, berriz ere, ekin zion:
—Gogoratzen al aiz urdalla «zeretik» ondotxo beteta igari egiteko asmotan uretara joan intzanean? Urak gaitz eginda, ni an izan ez baniñuan...
—Urak gaizkitzen ditu auek —Juantxok bota zuan.
Onen ateraldiak bat-bateko irrikarkara piztu zuan. Batean bat zala, bestean beste, tarteka parraldi gozatsuak. Zeatz esateko ollar-jokoa zirudian. Bi lagun, bi gizon, esan dezagun orain, alkarri itzez nork min geiago eman, beste askoen erdian. Batzun-batzuek erlojerua zuten parragarri, beste batzuek, Antonio, ta geienek, uste detanez, bata-bestea. Askotan gertatzen dana: berritxukerian asi ta azkenean asarretuta buka.
Oraingoan Antonioren txandan zan; baño egia bein erlojeruak «iy'itoan» atera zuala uretatik burutik ondo —eta zankoetatik ere ez agitz— ez zegoaneko batean. Bera esker oneko mutilla, artutako ondasunaz ez zan aztu-erraxa, baño iñori on egiñak atabalarekin adierazteak ibazi guztiak galtzen ditu. Berekikoz zion: —«berritsu arraioa!». Lenengoz belutu zan, gutxietsi zuten; baño bereala konturatu arek, batez ere, esan nai zionaz. Ez uretatik atera zualako bakarrik, mozkortuta zegoala esateagatik. Ta bata oraintxen eskerrak emateko aukeran ez bazion esan, bestea ezkerrez jotzeko, bai.
Ta iñori tarterik eman gabe bere barren naigabetuarekin erantzun zion:
—Katuak buztana luze, besteak bera bezelako uste. I bezela, bide-erdian zerraldo, bizikleta aldamenean lo topatu indutenean goiz asko. Logaleak barrik ez dik egiten ori. Asko dek, ala ere, gurdi kankarren bat gañetik ez pasatzea. To, ez litzakek gauza aundirik galduko. An izango ukan istillua zagra ala kristaua lertu ote zan jakitea.
«Sesiotegi» ondotik zijoakean guztia ikaratuko zan an bat-batean sortu zan ler gaiztoko algara arekin. Erlojerua arpegia gorrituta sugarretan jarri zan begiak diz-diz, besoak aurrean, barrengo amorruak ezpañetako aterabidea naikoa ez balu bezela.
Juantxo ez zan, noski, par gutxiena egiña. Irriarekin xigarroa ezpañetan eutsi eziñik, maiaren atzean zegoan etxeko neskatxari alderatu zitzaion. Lasa-lasai tira zion poxpoloari piztutzeko ta txinparta bat neskari burura joan.
—Ene! Nere ille gaxoak, ia suak artu ninduan!
—Barkatu, orren usterik ez nuan. Baño zure ille ederra ez kizkaltzearren edozer egiteko egingo nuke. Batetik zuk alako ondasuna galtzea ta besterik ni galera orren gille izatea, nere bizitza guztiko damu bizia nuke —jarraitu zuan Juantxok ordañez zurikatu naiean.
—Zer egingo zenuke bada, esan?
—Zer? Lenbizi nerer txamar au kendu ta zure buru guztian bildu, aalik eta aize bearrez su itzali arteraño.
—Eta txamarrak su artuko baluke?
—Ba orduan —Juantxo parrez— nere bi besoen artean estu-estu egingo zinduzket.
—Utikan! —izan zan neska mutilzalearen azkeneko itza.
Esan degunez guztiz asarretuta arkitzen ziran Antonio ta erlojerua. Une onetan lerdea zerioten bieri abotik beera zakur amorratuen gisan. Ta bere jabeari tarterik eman gabe, Antonio Letxakoak, pilarmonika kendu ta besoekin buru gañetik atzeraka altxata, indar geiago ematearren sabela borobildurik, bazijoakion kolpea tiratzea. Baño, zoritxarrez, Juantxo neskarekin jolastutakoak arpegia besteengana biurtzea, izugarrizko kopetekoa eman zion musika-kajarekin. Onek, Pirmin baño azkarragoa, berealakoan berebiziko ostiko batez, atze aldean jota, ordaindu zion; eta besoak atzeratuta uztai egiñik zegoala, ez erori, ez zutitu, ostikoaren indarrez zuzenean joan zan tankera artan erlojeruaren gain, nai ez bazuan ere. Ta irurek, bakoitzak bere aldetik, lurra jo zuten: pilarmonikak, Antoniok eta erlojeruak.
Juantxori odola zerion kopetatik beera. Tiratzen duanak soka, entzuten du danga. Pirminek musika galduta umore ona ere bai ta Antoniori ostikoz erazota, lurrean etzanda zegoala, ikaragarrizko moltzoka jo zion, aalik eta aietako ostiko batean oña txamarraren sakelan sartu ta bera ere erlojerua zegoaneko ondoan erori zan arteraño. Onek, Antonio zualakoan, izugarrizko kinkiñarroak pasatzen zizkion, ta Pirmin-ek, erlojeruagandik zetorkionaz konturatu gabe, ta piztia bezela suminduta, zankoeri eraginda, lurrean luze zegoala, jo ta jo ari zitzaion ostikoz Antoniori, bultzatakoan mai azpira sartu zuala.
Erlojerua bere okerraz konturatu zanean Pirmineri lagata mai azpian zarrapoka sartu zan, Antonioren gañean jarri ta ebain-ebain egiteko asmo onarekin. Pirmin ere gañeratu zitzaion Antoniori. Lengo lantegiari ekinda azpikoa txikituta ler egin bear zutela zirudianean, piztutzen da Pirmin, joan danekoaz gogoak emanda, ta bizkar atzetik zeukala erazotzen dio bere aldiko erlojeruari ezker-eskubiz iñon diran zartako gordiñez. Erlojeruak bere burua larri ikusi zuanean, iges egiteko asi zan eta alako kaskarreko lazkagarria eman zion mai-barrenari, berau irauli ta gañean zeuden ontziak botata ontzitegia apurtu.
Etxekoandreak, aurrenekoz pilarmonika aidean ikusi zuaneko deadarka asi zana, orain ontzien otsarekin batean karraxika bizia atera, orrez gañera, aulkian exerita zeudenak aulki ta guzti erorita atera zutena. Au guztia, banoan, sudur zintz bat egin orduko, begi itx-idiki baten bitartean gertatu zan. Irridun idurikoak zurikail biurtu. Pirmin eta erlojerua jo nai zituzten. Auek, orain alkarrekin, arpegia eman. Nagusia ere sartu zan iskanbillan. Bai sarrerako mallak damutu ere! Emakume geiago jetxi dendara. Ta alako zarata gogorra zortu zan iñork zein jotzen zuan ez zekiala; bada alkarrekin naspilduta kalte egiten zioten batak besteari, ta zartakoak ematerakoan bidalitako tokira iritxi ez eta tartean artzen zutena jo. Ijito auzia baño nastuago zebiltzan. Gizon batentzat errezagoa zan artakoz, ostikoz ta irañezko zurrungillo artan sartzea egonean begira egotea baño. Pilarmonika gaxoak, begi batzuk gutxiagotuagatik, bere bizi guztian ez zuan ikusi uralako dantza pizkor eta kemendunik.
Maiak, lurreratuko egurrezko zaldia ematen zuan. Antonio, zan bezin luzea edo geiago, etzanda; korderik gabe zegoan oraindik. Edota, guk uste degunez, kordea zetorkionean loak artuko zuan, ain luzaro zetzan lurrean. Eroritako aulkiarekin batzuek eta besteak estroposo eginda, baten batek arpegiarekin oñetakoak topatu zituan beerakoan.
* * *
Irakurleak barka benaza onen ondorengorik ez badakit. Nik oraintxe gogortxo ari zirala igarrita ospa egin nuan iskanbil artatik eta sekulan «Sesiotegi»ra biurtzeko asmoa artuta daukat, naiz eta «Sesiotegi» izena kendu ta «Goxotegi» jartzen badiote ere.
Nere ustez, gu bein edo bein lozorrotik doi-doi esnatua, leioa oi-ezko tokira aldatu dala ikus iruditu bezela, alatsu zabalduko zituan begiak Antoniok ere, zentzuko ariak naspillaturik.
|
|