V DONIBANE
Ez da alaigarririk musika bezelakorik; ez da, ez da t'ez da. Musikak ez du bioztarrik ematen. Musikariek soñu poztun bat jotzen dutenean gure izate guztia aldatu egiten zaigu, gure barrena lasaitu ta gu, ustegabean geundenak, bat-batean txospertu egiten gera. Soñuak egoak ematen dizkigu ta gorputzak bere pixua galtzen duala-edo dirudi; entzumena ta biotza bakarrik gelditzen zaizkigu ta an sortzen dan atsegin gozoa! Batzueri, ala ere, belarri-zulotik oin-muturreraño sartzen zaie dar-dar burrundara ta zankoeri jokoan eregiten die.
Orrengatik, goizeko zazpiretan pasodoble Rada joaz musikarik Usaurin atera ziranean, erri guztia aidean jarri zan. «Tukulu»eneko neskameari ontziak eskutik erori ta lertu lurrean. Bera beintzat erori ez zedilla, ontziak ontzi.
Bi bider edo geienaz irutan, urtean, izaten zan musikarien otsa Usaurin. Oraingo onek berri onak zekazkian: erriko jaiak, soñeko berria, meza nagusia. Batzuk kalean arrapatu zituan; besteak oean etzanda, esna, ta gañerakoak —ondoen-ondoenak— otsak esnatu zituan. A zer esnatzea naiko lo eginda soñuak esnatzen dituanena! Ta zer atsekabea soñua urrutira gutxitzen danean! Ez da alaigarririk musika bezelakorik; ez da, ez da t'ez da.
Beeko kaletik goiko kaleraño, zubi aldetik pelota-plazako atzeraño, musikariek aguro eman zioten erriari bira osoa, gure erria ez bai-zan erri aundiak bezela irteziña ta erritarrek alkar ezagutzen ez dutenetakoa. Musikariak abian asita guztia mugitu zan, erritarraz gañera sukaldeetako zartagi ta ontziak, eta onelako garbiketan, abian ezik, laxterrean asi zitzaion edan-ontzia «Tukulu»eneko neskameari.
Ez degu esango musikari goiztiarrak onenetakoak ziranik. Egun batzuk bakarrik saiatuta naikoa ta geiegi egiten zuten. Orrez gañera urte guztian ez zuten txanponik irabazten. Ta erriko jaietan dantzagarriak alajaña! mutil gazte aiek jo bear.
Amar bat lagun izango ziran musikariak, auzokoak, eta ondotxo bizi ziranak geienak. Orrelako eginbideetan an ez da iñor lotsatzen erri aundietan bezela. Aberats baten semea zan guztien aurretik atabala joaz zijoan mutil kozkorra.
Esan dezagun, bada, pelota-tokiko arrietatik kanpora lur gorrizko toki zabal bat zegoela. Zabal ura, eliza-atze, «Gaztiene» ta «Tukulu»eneko enparantzarekin batera zetorrela; beraz, zabalgunde polita. Lekune artatik kanpora ez zan jolasik izaten. Lurrean sartuta tantai tenteak jarri zituzten pelota-plazan, muturrean bandera bana erantzita.. Musikarien jo tokia ere gertu. Urtero-urtero gorde-tokitik olak atera ta jartzen zuten; ostera jaiak pasatu olak askatu ta urrengo urterañoko itzalpea. Jo-tokiak ez zuan estalperik; ezta bearrik ere. Dantzariak euripean aritu eziñean zertarako jo? An musika ta dantza beti alkarrekin ibiltzen ziran,
«baileak eta soñu ederrak
»engañaturik gabiltza
»animarentzat kaltean dator
»gure munduko bizitza».
Argi-konturako erlojerua zuten mutil.
Tarteka-tarteka, geiegi ez erretzeagatik, erriko txinelak txibirisko bat edo beste botatzen zuan.
Karmelek bere karta bukatu zuan. Karmele Josuneren adiskidea zan eta onek deitura jaietara etorria. Bai ba, Josune Iruinera joanda Karmelerenean egona zan. Josune azken-aldian maiz joaten zan Iruinera agiñak antolatzeko. Gañera ortzalari-dentista gogo betezko gaztea zitzaion...
Karmelek auxe idatzi zuan:
«Ene guraso maiteak: Oso ederki etorria natzaizute. Erri au ondo arkiturik nago. Josune adiskide ona det. Arratseko beatzietan apaldu nuan: baatzuri-zukua, bi arraultza tomateakin (oliotan igari), saieskia piparrakin ta mai-azkenez gazta ta sagar gaziak. Ardo naparra, oso ederra. Ez det esan nai ori guztia jan nuanik, ori guztia ekarri egin zidaten. Naiz nere gustoko jana ez izan, baliteke emen jateko gogoa etortzea, ustea ala daukat jarria.
»Danetatik zerbait jakin dezazuten, emengo jan-gelan zoko-apalategi bat dago, lengo modu zaarrera, iru kuadro almonedaetan ikusiten diranetakoak, etxeko jendearen beste bi erretratu ta Españako erregearen irudi bat erregetu berrian. Ni etorri-berrian geldik zegoan erloju-zintzila, etxekoandreak ibilliazi dio.
»Oean sartuta ondoratu egiten naiz. Ta ateratzen duan soñuarekin ba dirudi neri min eman bearrean oeak berak saietsetan min artzen duala.
»Ala ere lo ederki egin det. Elizako joaleak din-dan tristia ari zuala loak artu ninduan. Esan didatenez gauean istillu gogorra ibilli dute enparantzan emengo mutil gazteak. Nik ez det batere nabaritu.
»Orain mezetarako gertutzen ari naiz nere burua. Arrituko ziñateke: meza nagusia amaiketan da.
»Emen, ordua aurreratzen danean, ordu bat atzerago izaten dira mezak, bazkariak, bezperak eta danak.
»Azkarrean nabil eta agur, urrengoarte. Mun sendoak nere aita ta ama on orieri.
Karmele».
Amaiketan, bada, meza nagusia. Iñoiz baño txukunago zebillen jendea: zarrak eta gazteak, neskak eta mutillak.
Ayuntamentua gertu zegoan eskaratz zabalean. Musikariak ere bai, kalean; ta bakar-bakarrik bandera jeisten palta. Gizon batek atera zuan bigarren bizitzatik, lenbiziko bizitzakoari eman eta onek bere aldiko kalekoari egokitu. Antzin-antziñatik era onetara ateratzen zuten guztien aurrean.
Zuzendariak aginduta musikariak asi ziran eta jarraigoak elizarako bidea artu zuan: lenengoz musikariak urren banderaduna ta azkenez ayuntamentua alkatea ta mugazai-nagusia buru zutela.
Gu kale Nagusiko eskalleratik igo giñan elizara. Gure ondoan geneuzkan emen izendatutako geienak. Bertan bizita ondo ezagutu bear.
Martin ere ikusi genuen. Goizeko musikarien soñuak esnatu zuan au ere, ez naiko lo eginda ordea. Lelengoz Mirele etorri zitzaion burura, ezin bada burutik kendu. Aldizka asarre zitzaion eta itz gogortxoak esan ere bai, neska «aldakor» ta «buru arin» arengatik; bestetan ezti ta leuna, «on-utsa» ta «polita» zalako.
Maitea itsasoan
ontziz
zijoan.
Ni aren atzetik
ekin
urean.
Urrundu ta laister
galdu
zitzaidan.
Ta ni ler eginda
ito
bidean.
Azkenez bizitu zan eta gallendurik Mireleren biotza bereganatzeko asmo sendoa artu zuan. Orrengatik orain, mezetarakoan, ezikusia egin zion, ez baleki bezela, baño neskak bera ikusteko aukeran, onela Mirelek ez zion igarriko barrenen zebilkiana ta artean Martin ikusiaz, bene ta txintxo, aurreko urtea gogoratuko zitzaion, berari maizegi, sarriegi, gogora zetorkiona.
Oraingo aldian korora joan giñan meza nagusia entzuteko. Bete-betean zegoan eta mugazai asko. Kantari-taldea ere gertu. Zoko batean, erriko mutillek «Kuku» deitzen zioten agure xaar bat, burosoil eta elbarritua, lo zegoan. Apaizak azaldu ziranean, itsu aurrekoen gisan laguntzen zion gizonak ukalondoan ikutu ta «Kuku»k bereala ernetuta iru bider segituan egin zuan gurutze santua.
Meza asi zan eta kantari-taldea ere bai. Oraingoan iru apaiz zeuden aldare nagusian. Kantarien artean ezagutu genituen goizeko atabalari txikia, sakristaua, erriko sendalaria ta organista bera ere; onek eskuekin jo ezik (eta oñakin ere) kantatu ere egiten zuan goizeko musikariekin zuzendari ta zanpa-jotzalea izanaz gañera. Soñu zoli ta bizien magalean, belarri-barrena batere urratu gabe, loak artu zuan «Kuku» eta... bere laguna ere bai.
Donostiatik kantariak ekarri zuteneko urte artan ezik, iñoiz bezelako meza nagusia izan zan Usaurin. Batere sermoirik gabe ordubete ta laurden iraun zuan meza nagusiak!
Onuntzean jarraigo berbera Erri-etxeraño, alkatea ta mugazai-nagusiaren erdian erretore jauna artuta.
Bandera jetxi bezela igo zuten.
Sanjuanetan alderdi artan jai egiten zutela-ta, lenbiziko egunean bestetan baño askoz jendetza aundiagoa izaten zan. Bazkolondoz geroz inguruko erri guztietatik asko ta asko etortzen ziran Usariko jaietara. Baño batez ere ots eta zaratarik aundiena ekartzen zutenak, iruindarrak, beren motozikleta automobillekin baztar guztiak arrotzen zituzten. Gizaseme ederrak, mardulak, errietako jai guztietan erriz erri ibiltzen ziran, erleen gisan lorerik lore. Errietako jendeak begiak borobilduta artzen zituan.
Guk ezagutu genuan mugazai batek, espaldiko urteetan euskaraz bakarrik esaten ikasi zuanak, orien izate ta ibilleraz arrituta ala zion (erderaz): «—Jende au ez dek gure errikoa (andaluza zan). Alajaña, mauskutsik, zigarro aundia ezpañetan eta kurpillen soñua sakelan. Motel, nere errian ez ditek alako zigarro puska ta orrenbeste dirurik ibiliko, ez, pezeta bat geienaz eta ura txanponetan, ots geiago ateratzeko, baño mutil gazteak "Kurro" ibilli txamar txiki ta estuarekin, ibillera oargarria, besoak zankoekin batera, orixe, bai».
Ta ala zan. Gure mutil sendoeri berdin zitzaien maukutsik eta burutsik etortzea, baldin pilarmonika berekin ba-zekarten beintzat.
Aiek enparantzara iritxi ziraneko «Gaztienea»ko aurrean eta «Tukulu»enekoan aulkiak eta maiak jarriak zeuden. Ta aiek etorri-berrian bateko maiak artu ta besteko aulkiak artu, «Gaztienea» ta «Tukulu»k bat egiten zuten.
Erlojerua orduntxen azaldu zan «Gaztienea»ko aldean oetik jaiki berria; ez, ordea, eguerdi ondoko lo-kuluxka eginda, arratseko lozorroa egunez etzanda baizik. Ez zuan bazkaldu, ezta nai ere. An ziran, ezagunen artean, Antonio, Juantxo, Manuel eta Paulino; au erriko gizaseme gogorrenetakoa zan.
Maiak edariz beteak zeuden. Izketa-jarioa, par-algarak, botillen askatzeak, mai artetik ibiltzea ta bultzatzearekin, naste-borraste orrekin, erotu egin bear, erotu. Neskameari «Joxepantoni» jarri zioten izena iruindarrek, ez Joxepa ta ez Antoni ez izanarren. Ez zuan lan makala eraman! Plaza berrikoak ezetz orrenbeste jirarik egin iñongo aldetara.
Erdera ta euskera nastuan zebiltzan. Guztiak itzegin naiean iñork entzuten ez. Ta deadarka airtu bear. Batez ere gangarra ondo bustita gero. Alako batean, orregatik, pilarmonika-soñuak aizea urratu zuan eta bat-batean geienak ziran kantari. Onetan iruindarrak ziran nagusi. Berek ekarri zuten soñularia ta beren gogozko kantak kantatzen zituzten. Aldizka bat utzi, beste asi. Tartean bateren bat parragarri. Ajola gutxikoak baziran aien artean. Edozeñen aurrean sendo itzegiteko bildurrik ez dutenetakoak, aien aldean ezagunik ez bada ere. Urrena donostiarren kontrako kanta bat asi zuten. Ezin bada aztu.
—Obe lukete donostiarrak bezelako jokalari onak balira—, norbaitek leize zulotik itzeginda bezela esan zuan.
An zegoan, bene-bene, Antonio, beñere itzik atera ez zuana zirudiala. Artean bera zan aboa zabaldua. Noski! «Babo arraioa» —esango genioke— iskanbil sortzalea orain ere. Bere lagunak bildurtu ziran. Ez zioten entzun. Batek bai, begiratu zorrotza egin zion. Ekaitza bazijoan lertu gabe. Antonioren lagunek onen buru gañetik ikusi zuten igarotzen. Egualdia baretu.
Ta zoko ura zoramena ba-zan, pelota-tokia poliki asko zegoan. Arrietan pelotan ari ziran; lurrezko zabalgunean, egurazten, eta bien arteko zerrenda bat gizon pelotaka ikusten.
Usauri ta inguruetako neska panpoxak! Arpegi alaiez betetako tokia zan ura. Aruntz eta onuntz bazebiltzan gazteak.
Oraindik ez zan musikako garaia ta bitartean eguraztokia jendez beterik. Barkilleroaren txirringa arratsalde guztian ari ta ari. Neskak, txortak egiñik, besotik elduta. Iruindar batzuk exerita egoten aspertuta jendearen artean zabaldu ziran.
Bazan bat burutsik eta maukutsik —gizaseme sendoa ala ere— begiak diz-diz, zenbait ikusleen erdian amaika tentelkeri esaten ari zana. Betetxoa egoki ta lendik ixilinetakoa izan ez eta orain itz-jario zebillena. Bere menez ari zan izketa; bururatzen zitzaizkion txorakeri guztiak abotik esan, iñoren aurrean eta urrutitik entzuteko eran. Bere inguruan bilduta nesk-amutil asko zeuzkan, aundixeagoak ere bai; parragarritzat zeukaten eta ergel-papera nola egiten zuan ikusten. Zer esana ez zetorkionean ikuslen batekin asten zan. Au lotsatu ta beste guztiak areri begira. Ta onela lolo utsa egiñik bazebillen arte artan. Beste batean prantzesak peritan oi duten bezela, deika asi zan piztizarrak erakutsiko balitu bezela:
Entrez, passez, pour voi
«toutes» les animaux:
l'âne qui danse,
le cochon qui chante,
la gallina «purra-purra»
l'ours et la «txakurra».
Uralako kankallua adi-eziñeko gauzak esaten entzun ziotenean arritu zitzaizkion ezpañetan zer naste ote zerabilkien; ta prantzesen izkerari antzemanda, par egin bear «la txakurra» esan zuanean.
Antonio, ordea, bertan zegoana, ezin ixillik egon.
—Prantzesez tutik etzekitek eta beren buruak prantzestzat egin nai muga-ondoan bizi diralako; artean oriek prantzesez nik latiñez baño gutxiago zekitek, aisa.
Esana esan, tiratzen dio iruindarrak muturrekoa —len begiratu txarra egin ziona izaki— ta, edo neurria gaizki artu ala Antoniok burua makurtu, orain ere ekaitza buru-gañetik aldendu.
Nork esan bear, Juantxo ta erlojerua Antonioren aldez! Jarri ziran tarteko ta egiñaalean galazi zioten iruindarrari jotzea. Aldizka bazirudian biak bota bear zituala, alako sasoi oneko mutilla zan orduraño ergel utsa zebillena; orain, ordea, bere kemen guztiaren jabe, ez zuan ematen burutik gaizki zegoanik.
Antonio, kopeta illunduta, bertan gelditu zitzaion, Gibelaundi urkapean baño lasaiago. Tartekoak, kanpotarra baretzearren, aitzaki guztia Antoniori ematen. Alegia ez jaramonik egiteko, iñorengatik txarki mintzatzeko grin txepela zeukala ta bein baño geiagotan «no quiero»ko ederrak artua zala, ezertzat uzteko. Baño bereala iruindarrari lagunak etorri zitzaizkion eta baita besteeri ere. Ta len Antonioren arlo bakarra zana, une onetan guztiak alkarren kontra jarri, asarrean iruindarren eta usauritarren aitzaki berriak sortu zituztelako. Pelotakari utzi zioten, enparantzako jende guztia bildu zan, itzak eta itz gogorrak nork jaso aidean: «—Betor onera. —I ez aiz gauza. —Jo ezak!», ta eskerrak Paulinoren etorrerakin aurkalarien indarrak berdindu edo Antonioren aldera geitu zirala, bestela ezin geiagoan batzuen batzuek julipa ederra artuta egon bearko zuten.
Naiz izkanbillak orren itxura txarra artu, uste baño lenago paketu ta andik pixka batera jendea len bezin lasai asi zan. Urte artako jaiak utsagatik ez ziran ondatu. Ta guztia Antonio «baboa» zala-ta.
«Tukulu»eneko baztarrean emen aipatu ditugun neska geienak edo guztiak zeuden mordo batean: Josune, ostatuko alaba, zutik ate-ondoan, ta Karmele, iruindarra; Mirele ta bere aizpatxoa, Elizondokoak; Bittori ta Ester, donibandarra. Martin ere an zan eta gure konturako zer ikusi ez duten beste usauritar gazte batzuk. Batzuk eta besteak exerita, len esan degun bezela, mai eta aulki aietan, mutillen eta neskaen artean bear bezelako tartea zegoala.
Mutil gazte aien artean guzitakoak baziran: izkirimirizalen bat, silla okerreko aldera jarrita bear ez dana esateko adarra ortza tartean artzen duteneko beste: mutil eratsuak, egokiak, aalik eta garbien itzegiteko leiatzen diranetakoak, zurikatzaleak....
Arte artan, musikariak asi bitartean —seiak bereala joko zuten— jardun polita zerabilkiten gazte atsegingarri aiek.
Martin bere aria iruten ari zan. Al zuan bezin ongi ta egoki zetorkion guztitan, bere naia Mirelerentzat zala erakutsi nai zion. Mutil apalagorik ezin arkitu, on-utsa mutilla. Nondik bere atsegin izan eta bere din agertu nai. Zein polita zegoan! Ura kenduko balioteke, arek ezetsiko balio, berak beretuko ez balu, zer gaitz gorria!
Trinketea? «Antxitonea» ederrena (Elizondokoa); kaska motsak baño, mototsak maiago (Mirelek ille luzeak izaki), ta lodixka baño nexka mexka obeto. «Nexka mexka»k par eragin zion Mireleri. Martin zein aldetatik zebillen ederki ulertu zuan Mirelek eta besteren batzuek ere bai: mutillaren esanak txuxenka zijoazen neskarengana ta, egia esateko, ez zioten batere miñik ematen; atsegiña, ordea, bai. Aitortu bear degun gauza da Martinek arratsalde artan bere irutegia ederki zeramala ta oraintxe igazko an bertan alkarrekin egona gogoratuta, orduko sasoi berean jartzen ari zan neska. Gizonaren menderatu-bearra!
Baño une batean an gertatu zanaz sinisterazitzeko ezin asmatu nola esan, batez ere bi gazte aiek leialak zirala aditzera emanda gero.
Musikariak bat-batean asi ziran eta Martinek, iñork aurrera arrapatu ez zezaion, berarekin nai izan zuan Mirele dantzarako. Musikaren otsak bear baño geiago alaitu len alaitxo zegoana ta, agidanean ariñegi, dantzarako keñua egin zion buruarekin neskatxari. Mirelek burua makurtuta ez zion deus jaramonik egin. Orduan Martin altxa ta bereganatu zitzaion eta dantzarako berriz eskatu zionean:
—«Uste al dezu zakarkeriak eder zaizkitela, edo-ta, zertzat artu nazu?» —erantzun zion.
Martin otzandu zan, bere adore guztiaren jabetasuna bearrekoa izan zuan itxuraz aterako bazan, eta barkapena ta zor zitzaizkion itz onak esanda berriz ere dantzarako eskatu zion. Neskak ezezkoa eman.
Tximista lertuta bezin zearo ixildu ziran guztiak. Banaka batzuk altxata dantza-plazara abiatu ziran. Martinek, lotsaren lotsaz suminduta, bere exeri-tokia artu zuan arpegiko zimurrik gabe.
Karmelek berekikoz: —Damutuko zain.
Joxunek: —Ederki egiña.
Bittorik: —Tamala da orixe.
Esterrek: —Neri eskatu balit...
Neskameak: —Tuntun alen tuntuna!
Damutu? Kopeta illunduna, burua erne, puxka batean iraunarren, gaizki egiñaren damua bazetorkion. Ta geienak dantzara aldeginda ia biak bakarrik gelditzen ziran alako batean, neska altxatu ta bai dijoakio.
—Nai badezu dantzatuko degu —esaten dio.
Besteak ezetz buruarekin.
Orduan agitz lotsatuta:
—Gizon dan gizonak ez dio ezetzik esaten neska bateri.
—Neska dan neskak ez dio mutillari dantzarako eskatzen.
—Len ezetz esanda agian gaizki egin detelako, nere zorra ordaindu nai nizun.
—Zuk neri lenago ezezkoa eman eta orain nere txanda; orra zorrak kitatzeko beste era bat.
Ene, ene, ene! Zerk eldu zien gazte aieri! Bi bildots borrokan, esango genuke. Gure bizitzan bai dira etxetik atera bear ez genukean egunak eta aiek biak arratsalde artan kaleratu ez balira obeto lijoakie. Baño nolatan sortu zitzaizkien orrelako kemen eta gallenak? Emagun Martin zakar xamar aritu zala keñuarekin, Mirele arroxkotu ta Martin zertzaz mindu bazuala. Baño neska mutillaganatu? Ta mutil zitalak bidaldu? Jesus, Jesus, Jesus!
Utzi dezaiogun denborari bere lana egiten, biotz aiek baretu ditzan, guk ez degu nai aien barruetan sartu. Denborak berea egingo du.
Guztiak plazaratu dira. Ase ta ler dabiltza baltsazale naasiak. Martin eta Mirele ezik, beste guztiek bein edo bein alkarrekin topo egiten zuten. Ez batek, ez besteak, ez zuten iñorekin dantzan egin. Obe.
Usauriko neskatxak bazuten arrats artako jakia.
|