VII ARDOTXO TXURIA
Nik ez dakit iturriek zer duten. Martixu ta Bartolo asi ziranez geroztik makiñabat maitale maitasun-ardo txuria edatera joan izan da iturrira, edo alako bat bear. Mendiko mama garbiak, nonbait, biotzeko egarria kentzen; nik dakitana beintzat maitasun likitsik ez dala iturri-ondoetan sortu, edo ala uste.
Zeruko ura badator mendi gañera; batzuetan bideak loituak daude, baño ura garbi dijoa: ontzi bat artu ta ikusiko dezute. ura mendi-kolkoetatik amilka dator. Eguzkiak jotzen duela zillarezko ari ta matazak ageri zaizkio eta kolore askotakoak ere bai. Mamorro bat izpia zubitzat artuta dabil, baño ur-aria, ikutu gabe, txor-txor dijoa goitik beera. Urak, bazter askotatik artuta, zeruaren urdiña, aize gozoa ta eguzkia berarekin dakar. Baño nik uste detanez maitasun eragintasun guztia ta gozoena ez datorkiola ortatik: goizetan lili mimikoetan egoten diran intza tantoetatik baizik, oriek ekartzen dute zoriona ur-laisterraren bidez. Bai ba, guk usaia aitzen diegu lilieri, erleek eztia atera ta intza-tantoak, maitasuna.
Amarrak aldean Martin ikusle zegoan mutil batzuk pelotan ari zirala. Egualdia onean zetorren orain ere. Goizeko eguzki epelak gauzak berritu egiten zituala ematen zuan, urre berriaren argiaz. Joka-tokia itzalak arrapatzen zuan oraindik eta zuloetan sartutako aga luzeen errañuek lurrean irrixtatuta aldameneko etxeak jo ta zuloetan sartutako aga luzeen errañuek lurrean irrixtatuta aldameneko etxeak jo ta beetik gora goiko leioak ikutzeraño igotzen ziran. Garai artan ots gutxi. Jokalariek eta ikusleek —ez asko— noizpeinka itzen bat ateratzen zuten, bein-edo-bein ojua ta tarteka irri-karkara. Soñu aiek bakar-bakarrik entzuten ziran eta baita ere pelotaren takatekoak. Iñor geiago errian ez balitz bezela. Zenbaitzuk begiekin baño aboa zabalik pelota obeto ikusten zutela esan zitekean.
An zan Martin atze-aldean: pelota igo, kokotza altxa; borobilla beeera, burua jetxi. Bera, palaz iñoiz ikusi ez dezuten bezelako pelotari yayoa! Artean... dingilindan. Arrotegi, damutegi. Beraxe zan jaien aurregunaz geroztik biziera onik ez zeraman mutilla Ta «atzo» gertatutakoa! Orduantxen iñori «ospa» esateko gai zegoan; edozein zakurrari «axa»; zerria izanez geroz «uxa», ta munduko katu guztieri «xapi».
Azkeneko egiñaala egingo zuan. Gazteak nekea zeraman biotzean. Orrelako oldarte txarrik nai ez. Ekiten bazion, agidanean berarentzat okerrago. Orduan lotsa ta naigabea aunditu zitezkean, orduan miña gaizkitu litzaioke; orduan, noski, gaitza gaitzen gain letorkio, miña miñen orpo, utsa utsen truke, negar negarren ostean. Ta zoritxar orrek atzeman baña lenago, garaiz gertuko zan, etsita bururapen aiek utziko zituan... —«natzaion ase ta asper, dezadan atsegin ar»— bere buruari ari zitzaion.
Gizonak zoritxarrean atsegin artzen du bere buruari errukituaz. Izaerak ez du nai il, eta aitzakirik txikiena gogoz artzen du bizi dedin. Martinek bere atsekabean lo egin zezakean gozoro.
Baño ez da guztia oker eta gaizki ateratzen mundu onetan. Gizon gaiztoari askotan gaiztakeriak barkatzen bazaizkio, onari ez al zaizka zuzenduko bere uts eta narrioak? Ta gauzak zer diran ikus dezagun, ara non azaldu zan Mirele bere etxeko eskaratzean ur-ontzi batekin eskuan. Iturria pelota-tokiaren atzean, Martinen atzean... Iturrirako bide zuzena, bada, Martin zegoan toki beretik. Mutilla txospertu zan. Azken aldiz itzegitea, bear bazan, zirt-zart erabaki zuan eta... orain neska aurretik zetorkiola ez zan bere buruaren jabe.
Neska polita zan Mirele. Espartzin txuriekin astiro zetorren. Beti apain ibiltzen zan neska, olleak atzera motots potxolo batekin. Arpegi mea garbiro ikusten zitzaion. Txotil zebillen Mirele. Bertango ta mutilla lilluratuago. Bear-bearrekoa zan abagune egoki artan Mireleganatzea, nai ta naiez itzegin bearko zion. Ezin zitekean orrela egon. Joan egingo zan. Ta nola artuko zuan berak? Itzegiten eratsua izango al zan? Ba gauza gerta lezaizkiokean: edo ongi artu ala gaizki eraman. Begitarte ona jartzen bazion ez la zan bera astorik kankalluena bildur izateagatik? Arrera txarra egitekotan... bein eta «akabo». —«Gizonak ez du koldartu bear; bear da bear danean gar apur bat izan»— berekikoz ari zan, baño... txepeldu zan eta... neska bere atzetik pasa.
Neska igaro zan; baño alderatzekoan begiak lurretik altxa ta Martinenak topatu zituan. Martinen begiak bere aboa baño ausartuagoak izan ziran. Bi begietan barrengo naitasun guztia jarri zuan. Martinek samurtasunez begiratu ta begiratuan damuaren oñaze bizia jarri zion.
Ura oparo zetorren kristalezko pitxarrean. Mirele oraindik makurtuta zegoan. Ura gañezka zetorren baztarrak zipristintzen. Altxa baño len Mirelek Martinen errañua atzean ikusi. Pitxarra eskuan artu ta alkarren aurrean arkitu ziranean, Martinek leialki esan zion:
—Barkapen eske natorkizu... Ene burua aztertu det eta atzoko txarki egiña ikusi det... Zu, egiazki, ez zera nere zakarkerien garri... Atzoztik ezin burutik kendu nere gaizki egiña... Egiña egin, ez geiago... Ez det nai zurekin asarre egotea, Mirele...
Ta Mirele esatean naitasunez esan. Zein aldartea, indar aundikoa izaten da norbaiteri bere izenez deitzea.
Baño Mirelek uste jardun luzeegia zeramala bera bakarrik aritzeko. Neskak ere itzegin nai; ez zezala uste (egiazko ustea) itzakin goxatuta zeukala. Ta asarrea aipatu ondoren jarri zion:
—Ez asarre, ez adiskide... ezerez.
Jainkoak daki zer lan izan zuan ori esateko. Martinek jarraitu zuan:
—Barka ezadazu, bada, ta eskua luzatu zion.
Mireleren arpegi kutuna biguntzen asiagatik ez ion eskua artu nai.
—Barkatu, barkatua zaude nai badezu; baño eskurik ez dizut emango.
—Ortaezkero, ez barkatu ta emaidazu eskua.
—Ori al zenuan damua?
Ta Martinek oraindik eskua luze zeukala:
—Badakit eskua emanda barkatzen nazula ere.
Martinen eskua ain erakar aundikoa zala-ta, pitxarra eskubitik ezkerrera aldatu, eskua soñekoan igurtzi ta, azkenez, berea eman zion Mirelek Martini.
Martinen esku beroak Mireleren bustia artu zuan. Onek lurrera begiratu ta zer esan geiago ez zutela etxerako bidea artu zuan ur garbia pitxarrean...
Aga muturretako bandera txikiak aizeak zerabilzkian...
Martin bere tokira joan zan. Jarri zan atzean pelotan ari ziraneko artan. Baño gaztea nola egongo zan! bein pelotak, atzera etorrita, bera bakarrik zegoala, kokotz azpian jo zuan.
Ez zuten mutillek par txarra egin. Ez berak ere. Ura baño okerragorik ez zezaiola gerta.
Izugarriak izaten dira asarretutako neska-mutillen adiskidetzeak.
|