 |
VI Negar ta odola etengabean
Xenpelarren bertso neurriz.
Orain Minaren adur izarra
jetxiaz dator itzaltzen;
ainbeste odol, ondapenakin,
ospege zaigu gelditzen.
Napar semea izanik
etzuan izan kupirik
bere anaiak zigortzen.
Minan izena Euskalerriak
izki beltzez du oroitzen.
Liberalen buru-nagusi
gudatsein, dagon gizona,
Valdes, datorgu. Diotenez da
buruzagirik onena.
Pozik dago Zumala
ikusiz bera dala.
Au bai da beti dagona
esanaz, nunai ausiko dula
Españi etsai arrona...
Urte giroa otz dago oraindik;
elurra noiznai goitikan.
Aterpe on bat Amezkoa du
egotekotan geldikan.
Emen balarik gabe
ere beti da jabe;
ez dago iñun kezkikan.
Etsaia onuntz ausartzen bada
ez du izango onikan.
Bañan ez dauka luzarorako
lekuan atsedentzerik;
Buruntza igaroz, Valdes an dator
jarraituz bore atzetik.
Dena birrintzekoa
debilkiten gogoa!
Mina zitala zalarik,
bera bañore odol zalego
datozte biotz gaberik.
Amezkoatar sendi guziak
igeska ikaratuta,
bei, arkumeak, ardi, beorrak
al dan bezela bilduta;
aurrak lepo gañean,
janak saski betean,
etxeko tresnak artuta,
ero zorian doaz urruti,
itxaropena galduta.
Oñaze latza ematen digu
amezkoatar jendeak...
Amoña zarrak, illobarekin
arintzen ditu nekeak.
Ara aurtxo txikia,
orain jaio berria,
negar gorritan goseak!
Gazteak itun, zartuak makal...
Orra gudaren kalteak!
Zumalarekin andre zartxo bat
ona nun zaigun agiri;
semetxo batek laguntzen dio
eskutik bere amari.
—Zer nai dezu andere?
—Jauna: or ditut nere
beste seme bi, ta zuri
eska nai dizut beste au ere
artzeko zukin gudari.
Arritu zaigu gure gizona
eskaera au ikusiz;
eskertu dio amari bere
gogoa eta, errukiz,
dirutan sarituta
mutilla artu du ta
gudariak ermo jarriz,
ama igaro du buruzagien
ospeak artu araziz.
Euskoak orain Eulaten daude
gorderik arkaitz tartean.
Zumala aginduz banatu dira
mendi azpi ta gañean,
ibar eta zulotan,
inguru guzietan.
Anitz euskaldun danean!
Ta zai daudezte, Valdes ikusiz,
jausteko ausar betean.
Or dabil bera onutz-araka
baso tartean galdurik;
jatenik gabe, egarri-gosez,
ezin arkituz etsairik.
Zenbat ditu atzean?
Eta zenbat ertzean?
Ezin artu du itxurik!
Eta nora jo? Atzera? Aurrera?
An dabil atzipeturik!
Onuntza jota, usterik gabe,
ara zauritu sei mutil;
aruntztik berriz, bala zorrotzaz,
gaur dizkiote amar il.
Ageri ez dira-ta
nundik, orde, tirata?
Etsaia nundikan dabil?
Inpernutarrak al dira edo...
Au bai duala katramil!
Zer dabil orain Valdes, nastuta?
Nurutz dijoa ain larri?
Mendi auetan ez lezakela
egin ezertxo du igarri.
Ta ziaro aulduta,
oso ikaratuta,
goseak eta egarri,
Lizarra aruntza, buru makurrez,
dijoa gaur lotsagarri!
Bañan euskoak ez dio utzi nai
orrela, lasai, joaten;
lurre erraitikan, goi eta betik
bat-batean dira azaltzen.
Ura bai ixkamilla!
Illotzik daude milla
ta alare, beti jarraitzen
doaz gureak, iges duana
nunai pillaka zauritzen.
A! Nola diran ariñeketan
Lizarran sartu biziak!
Burutik bera loi ta odolez
datozte danak josiak.
Arnas gabe, errenka,
okertuta, arrenka
dabiltza orok ausiak.
Zer astiñaldi artu daten gaur
liberal matit guziak!
Amezkoa du gure Zumalak
jarri berriro pakean
ta Gipuzkora bere oztea
ekarri du gau batean.
Erri nagusienak
nai dituzte berenak.
Tolosa dauka bidean,
Eibar, Ordizi eta Bergara
artu ditu une batean.
Gaua sartu da. Otza uxatzeko,
an-emen sutzar aundiak;
badirudite sutan daudela
ingurutako mendiak.
Zer irudi ederrak,
noiznai zuzen, okerrak
ditun ango su biziak.
Mendirik-mendi, alkar agurtuz,
an suzko mingain gorriak...
|
 |