IV Indartu dira euskotarrak
«Basarri» bertsolariak oitura dun doñuz.
Asieratik gudari gutxi
bazegon Euskalerrian,
ikusi orain Zumala bidez
ozteak, zutik, sallian.
Zenbat nekekin bilduak ditu
gose utsaren erdian!
Gaur Españiko gudalburuak
maiz jartzen ditu larrian.
Liberal auek partetan beti
azaltzen dira nagusi;
baña gureak guda-lurrean
geien alditan du ausi.
Orain Zumala apur dutela
diote; bañan ikusi,
esan ondoren, bere aurrean
nola dabiltzan igesi.
Gaur Espartero da etsaien buru,
eusko saltzalle zitala!
Ustetan bada eusko mutillak
mendi onetan dirala,
ementxe dator izugarrizko
gudozten jaberik dala
eta arriturik ikusiko du
mendia utsikan dagola.
Bañan lasaiki baldin badago
alpertuz atsedenetan
laixter euskoak gañean ditu
usterik gutxienetan.
Amorraziaz, nekatu arte,
beti gezurren ustetan,
zenbat izeka egin dizkio
Zumalak leku auetan!
Gazteitzen sartu nai du Zumalak
eta laxterka dijoa.
Bai sartu ere egiñik ordun
beti lez bere gogoa.
Gaurko ontan ere ongi utzi du
Espartero gizajoa;
bertan etsaiak erail ondoren,
or guda tresna naikoa!
Zer gertatzen da liberaletan
ainbeste buru aldatzen?
Bein Rodil dala, Valdes urrena,
gaur Oraak badu agintzen,
biar Linares edo Cordoba
ordezko diote jartzen.
Etsai guziak erraz bai ditu
gure Zumalak menpetzen!
Gudalbururik izentsuenak
dakarzte beti onuntza;
naiko jendea guda tresnakin,
berak nai aña dirutsa
izanagatik; alare beti
euskoentzat nagusitza.
Guda izkillu ausartsuena
bai da euskaldun biotza!
Emengo seme ezikaitz auek
nolaz orduan garaitu?
Ainbeste kalte damaion guda
nolaz Españak ainaitu?
Bere ospea, galtze onekin,
zapalduta ikusi baitu.
Orain eskeintza zoratzalleak
egiñaz ausiko ditu...
Or Espartero buruzagia
Ernanin nun dan azaltzen.
Ta Fueroa zainduko dula
ara nola dun agintzen.
Esaten digu iñor Españin
aurka bazaio ausartzen
lenengo bora izango dala
ezpatarekin gordetzen.
Lengo eskeintza alperrikako
izandu dala ikustean,
Zumalan anai Mikel bitartez,,
dirua nai dun añean
eskain diote, Euskalerritik
aldendutzeko ustean.
Bañan orduan saltzallerikan
etzan euskoen artean!
Etorkizuna margo beltzetan
diote gero azaldu;
Emazte ona urruñen dauka
alabatxo bat du galdu.
Min-aldi onek gure Zumala
garaituko ote al du?
Eusko gudari zintzoa iñon
ez da ezergatik saldu!
Ukatze onek jarriak ditu
amorruaz irakiten;
su, odoletan alde guziak
geroztik dituzte jartzen.
Arantzazuko eliz ederra
ara an sutan kixkaltzen.
Orra Jauregik bere izena
nolatan duan zikintzen.
Olazarren gaur zer gudu aldi
bildurgarria goizetik!
Egun sentia baño len orra
mutillak erne ta zutik.
Larrainzarretik, Etxalartikan
Lekaroz ta Errazutik
guda mutillak datoz laxterka
alderdi guzietatik.
Irurita alde ta Elizondo
bereak ditu Zumalak;
mendaitz goienak, muño gorriak,
arkaitz, aritz ta makalak,
etsai oztea zaitu itxuran,
zutiñik, bañan argalak
daude, egunero zulaturikan
euskaldun etsaien balak.
Egoardi baña len asi dute
biak turuta soñua.
Kañoi dunbotsa gortu zorian!
Aotik darion sua!
Buru gañetan nabaitutzen da,
bala maltzurren txistua;
noiznai illikan mendian bera
gudarien bat dijua...
Orain euskoak eraso dio
adore biziz jarrita.
Ikaragarri ango burruka!
Bañan atzenik etsita
an doa iges arerioa,
bere izkilluak utzita,
edo geldi da gajoa illotzik
bertan begiak itxita.
Bidaso ibaiko zillar margoak
odolez gorritu dira.
Zenbat itzulti eror diraden
odol gorrian erdira!
Igeslariak sartu dituzu
itxurik amildagira
ta odol gorriz nastuta doaz
ibaien leku amaira.
Gaua datorgu. Zenbat bizitza
bertan gelditu dirala!
Lurra illotzez ereinda dago...
Auxen bai gauza tamala!
Gaur eguzkiak ikusia du
giza-gorroto zitala
ta lotsaturik illunpetara
igestu da bereala.
Baña inguruan Carlos errege
agertu berrien jaiak
ospatzen dira bitarte ortan.
Gertatze negargarriak!
Euskoak gudan ixurtzen beren
zañetako odol gorriak
ta arrotz arentzat jarri dituzte
jostatze pozkor alaiak...!
|