V Gorrotoa
Bilintxen «Juana Bixenta Olabe» doñuz abestu bedi.
Euskalerriko eliz batean
otoitzak egiten dauden unean
lekaide batzuk, anker jendeak
erail dituzte, biotz gabeak.
Ene Jainkoa!
Geroztik ziñezpen duan euskoa
geiago suturik gudara doa.
España agintzen daudenak buru,
Mina digute orain aukeratu
guda zital au amaitu nai-ta;
eusko mendien ezagun baita
ta kementsua.
Orain badabil naiko zartua
maltzurra da ta entzutetsua.
Leno Zumala mendeko izanik
ikasi zituan bere artezik.
Orain dijoaz alkar neurtzera.
Zar jakituna da Mina bera
ta azeri zarra;
bañan Zumalak legoien garra
antzera dauka gaztedi indarra.
Berriz gudako tresna eskasin!
Nun eta nolatan azkarrik egin?
Baztan menditan ta Etxalarren
arkaitz zulotan ara egiten
ontako olak.
Antxe sutunpak, sutautz ta balak
egingo ditu gure Zumalak.
Ingurutako eliz kanpaiak
mututu dira, ta beraren gaiak
labe gorritan daude suturik.
Geroxeago danak urturik,
an guda tresnak!
Sutunpa berri, bala zuzenak,
gudan garaille jartzen direnak.
Azaroa da. Negua bertan.
Gudua irrintzika mendi gañetan.
Naparruako Villafranca an
dago arrorik axut aupadan.
Emen axutka?
Ekaitz antzera txistu orruka
an dijoazte. Ura burruka!
Elizan gorde dira aldezleak,
berekin dituzte sendi maiteak,
Sunpaka gogor eliz barrendik,
erantzun berdiña zeukaten lendik!
Ene, zer sua
itsas dioten! Laxter dijoa
goitik lurrera eliz osoa!
Kupitu zaigu Zumala bera
eta badijoa aldegitera;
bañan an dator Carlos aginduz
austeko dana odol eta suz.
Oroitz ituna!
Suzko mingañak ta ke astuna,
argi gorritan gaueko illuna!
Barrun daudenen aur karraxiak
eta emakume larri antsiak
zein ez luteke biotz-berako?
Bañan erregek esan dulako
su eta garrak
badirudite inpernutarrak
geituz ta geituz. Ango negarrak!
Zumala dabil errukituta
eta galzoriak arrunt aztuta,
bere aginduz, aurtxo andreak
azka dituzte eusko jendeak.
Gure gizonak
ager dituzte biotz nai onak
ta urko maitasun sustrai sakonak.
Egun auetan zaldikariak
arroki dabiltza sutan jarriak.
Euskotarrena gogor axutka
ta liberala andik itzulka.
Eta iñondikan
ez dute ematen erantzunikan...
Ez bai daukate ausardirikan!
Baña ausardia Minak badauka
Naparru semeak iltzeko sailka.
Lauzko mendian, erdi gordeta,
sutunpa zar bat, ausiz beteta
arkitu dute.
Zeñek aruntza eraman ote,
ta besteak nun gorde dituzte?
Aurreko gabez mendi artatik
sua zerioten eten gaberik.
Baña nun dira kañoiak ordun?
Lurpean gorde badirade, nun
dituzte sartu?
Iñon zar ura beste ez da agertu,
geion aztarnik ez dute sortu.
Mendi semeak bere aurrera
ekarriaz egin du galdeera;
bañan ez dio iñork erantzun:
ango gizonak ez dakite nun
gorde zituzten
ta balekite ez dut sinisten
esango zanik. Il naiago len!
Zigor minkorrez estu-azita
batok esan dio gaixo jarrita;
—Itzaiak gera eta beiakin
igo ginduzen; bañan ez jakin
zein lekutara
begiak zapiz itxutuz, nora
ikusi gebe, jo gendun gora.
Ordun amorruz, ikusirikan
etzeukala ezer jakiterikan,
izkilluz erail zeritzatela
agindu zuan, suz, beriela
ta bei gaixoak,
gizon laguntzan zartutakoak,
berdin il zitun, zital gaixtoak.
Ta bitartean iritxi-berri
Don Carlos an dabil erririk-erri
aintza ta jaiak nunai dirala.
Ustetan ote bereizat dala
Euskalerria?
Euskoak maite du Aberria
ta eskein dio duan guzia.
Jaitan igaro da Egoarri
ta orain iritxi da Urteberri.
Etsedenean Urretxun daudez
iñon gudarik ez balego lez.
Bitarte ontan,
Arrasateko inguruetan,
ara amar milla liberaletan.
Bergaran bildu dira goizetik
ta ara nun datozen mendi gañetik:
Carratalá or, Lorenzo albuan,
begira Jauregi nundik dijuan
ta Espartero.
Danak batean bilduta gero,
onuntza datoz indartsu, bero.
Zumalak artu du Ormaiztegi,
bere erria du eta maitiegi
besten eskutan erraz uzteko.
Ekin diote emen sartzeko
bañan alperrik.
Orretarako ez dute indarrik.
Ez da sartuko arrotz ankerrik!
An Gabiriko mendien gaña
Anzuolatik Lierni aña
dago etsaiez arrunt beteta.
Eusko mutillak jaiki dire ta
ara or gertu.
Etsaiak arroki badira agertu
bertatik nai du gureak neurtu.
Euskotarretan zaldi zuririk
nola ez dago bakar besterik?
Zumala dua bere gañean.
Beste guziak azaldutzean
illak dituzte,
beti Zumala zalarik uste,
aide guzitan bera dakuste.
Eraso dio dunbako otsak.
Astintzen dira gaurkoan otzak!
Gipuzkoako gizon sendoak,
entzun araziz guda zantzoak
or nun doazen.
Tiroka dabiltz an eta emen.
Ene zein gogor ari diraden!
Gureak iru milla dirala
larri dabilte orain Zumala;
baña Iturralde naparrarekin
Buruntzatikan laguntzarekin
ementxe dator.
Oi, zer burruka dabilkiten or,
orain bai guda eraso gogor!
Ara Lorenzo orain igeska,
kutsutu zaie bildur ta kezka.
Esparteroren mutil bapoak
zertan dituzte orain zankoak?
Laxterka biziz
itzulka doaz ikara larriz,
euskoa atzetik jarraika berriz...
Zenbat gorputz-il alkarren gainka,
bele beltzak an dabiltz usainka.
Gaur erasoak zer su ta garra!
Zumalak dauka bere zamarra
zulaturikan
eta izkilluen suz errerikan.
Ia bizitza zun galdurik an!
Urren egunaz leio batean
dago Zumala pake-pakean.
Guda mutillak dabiltz, an-emen,
batzuk pelotan leiaz jokatzen.
Au gentza itxura...
Bañan zar da ango kanpai soñu ura?
A! Euskadiko antxin oitura...
Din, dan... eskillak; din, dan... berriro.
Zer entzuten da orren argiro?
Din, dan... oiartzun. Egoardia!
Ona geldirik pelotaria...
Kendu txapela!
Agur Miren bat otoitz ta bela
pelotan darrai, leno bezela.
|