I Gudara zertara...?
«Limosnatxo bat» bertso-doñuakin abesteko
Ene asaben oroitz-arnasa
atoz nerekin lantzera,
milla zortzireun ogeitamairun
gerta zana argitzera!
Eusko zeruko goiargi zabal
atozkit aize ematera!
Aztutze beltzan galdu ez dedin
bertsotan nua jartzera
Ormaiztegiko Zumala aundien
arrigarrizko izakera.
Ikus dezagun orduan nola
zegoan Euskalerria.
Iñoren menpe gaberik, ura
zorioneko garaia!
Baldin Lapurdi ta Zuberoen
nagusi bazan Frantzia,
ona Gipuzku eta Naparra,
naiz Araba ta Bizkaia,
eusko Aberri egoaldea
azkerik zegon guzia.
Ez al diozu erri oneri
min itxurikan arkitzen?
Bere izkera aintzagarria
ara nola duan galtzen.
Ta zertzaz dira Euskalerriko
aundiki oiek mintzatzen?
A...! Españiko bakaldun zarra,
Fernando, omen dago iltzen
eta Isabel edo Carlos, zein,
jarriko duten agintzen.
Zer ajol dio euskaldunari
Españiko bakalduntza?
Zergatik ango gauzak utzita
ez begiratu onuntza?
Napoleonen gudalozteak
bialdu ziran aruntza;
baña aundikiak Españi kutsuz
dauka geroztik biotza
eta, tamalez, ortikan dator
Euskadiren eriotza.
Lengo Oñaz ta Gainboak kalte
aundik zituzten ekarri;
orain Madriden bat edo beste
bakalduntzarako jarri
ardurik ezta, euskaldun auek
zertan dabiltza ain larri?
Nolatan daude goiki gizonak
gudan sartzeko egarri?
Ene Jainkoa! Itxu dabiltza!
Ene, au bai negargarri!
Utzi besteren erriak orain
ta batu eusko guziak!
Ez al zaizkitzu oroitzen gure
abenda zarren auziak?
Arrotzen oñak ez dituztela
zapaldu gure mendiak
ta erromatar, godo, maomar,
ludi guztiko nausiak
izan dirala, eusko indarrez,
beti ta beti ausiak?
Oroitu zaite bizkaitar orok
Arrigorriagan egiña,
oroi berriro, Orreagan nola
zuten egintza berdiña.
Ordun ziñopak odolez zuten
gugatik busti lurgaña.
Eutsi ba orain! Etzaitez izan
ero ta buru ariña;
utzi zaiozu konpon dedila
nai duan eran España!
Bañan zer dakust? Ara euskoak
atzipetuta, ustetan,
beren erria galzorin dala.
Egoak damaz oñetan!
Zeñek orrela iruzur ditu?
Zeintzu dabiltz lan oietan?
O! Aberria jartzera doaz
negarte samin beltzetan
ta berak gero eskako dio
kontu zorrotza benetan.
|