www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamentu zarreko kondaira
Francisco Ignacio Lardizabal
1855

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamentu zarreko kondaira (I eta II), Francisco Ignacio Lardizabal (Blanca Urgellen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

LENENGO IRAKURGAIA

 

 

1. Munduaren egitea

 

        Jaungoikoak mundu au, eta emen diran gauza guziak ezer ezetik atera nai izan zituen. Sei egunean guzia egin zuen. Lenengoan zerua, lurra, urak, sua eta argia egin zituen. Bigarrenean firmamentu edo gañean daukagun estali urdin ori egin, eta onen gañeko urak beekoetatik berezitu edo apartatu zituen. Irugarrenean beeko ur oiek batu, edo leku batera bildu zituen, eta leorra agertu zan; urai edo ur-lekuari deitu zion itsasoa, eta leorrari lurra. Gero lurrari belar, eta zuaitz mota guziak emanerazo ziozkan. Laugarrenean eguzkia, illargia eta izarrak egin zituen, argi-egin zezaten, eta oien ibillietatik egunak eta gauak, asteak, illak eta urteak zuzendu zitezen. Bostgarrenean Jainkoa gauza bizi gabekoetatik bizikorretara igaro zan; urai arraiak emanerazo ziezten: eta egun berean aireko egazti guziak ere egin zituen, eta nork bere antzekoa sortzeko indarra eman zien. Seigarrenean lurrari agindu zion, abere eta lur-gañean dabiltzan beste bizikari guziak eman zitzala, oiei ere beren gisa, edo antzekoak sortzeko eskua emanik.

        Seigarren egun onetan egin ere zuen gizona, bere lanen atzena, eta guzietan beteena, zeñarentzat osterontzeko guziak egin zituen, eta doaitsuena, bere Egillea ezagutzeko eta maitatzeko gai, bera bakarrik dalako. Lur zati bat artu, eta gorputza moldatu zuen; eta anima edo espiritu uts bat ezer-ezetik sorturik, gorputzari erantsi zion, eta gizona egiña gelditu zan.

Zazpigarrenean Jainkoak ezer egiteari utzi zion, edo atseden zuen.

        Ona emen, itz bitan, munduaren egitea, eta asiera. Egite, eta asiera miragarria! Zerua egin bedi, Jainkoak dio, eta zerua egiten da. Lurra egin bedi, Jainkoak dio, eta lurra egiten da. Egin bedi indartsua! bada, onen bitartez zeru-lurrak, eta oietan diran gauza guziak sortzen dira. O Jainkoaren esku altsua, eta gizonen biotzak beretu bear litukeana!

        Eskritura Santak, munduaren asieraren gañean itzegitean, ezdigu aingeruen aitamenik egiten; baña Elizaren guraso santuen iritzian, argia egin bedi, Jainkoak esan zuenean, espiritu oiek sortuak dira. Aingeruak, Jainkoak egin zituenean, onak ziran, eta batzuek beti onean iraun zuten; baña besteak, Jainkoa bera bezala izan nai izan ziralako, gaiztotu ziran, eta Jainkoak infernuko su-leizean, Luzifer buru zutela, ondatu zituen. Jainkoak ordutik, aingeruak bezain izate eder eta doaitsuai emandako ain kastigu latz, eta gogorrarekin erakutsi zigun, arrokeria edo andiustea zein gaizki artzen duen.

 

 

2. Adan lenengo gizona lurreko Paradisuan ipiñia

 

        Jainkoak zerua, lurra, itsasoa, eta beste gauza guziak ezer-ezetik atera, eta gizona bere antzera egin zuenean, Paradisua zeritzan lorategi edo baratza eder batean ipiñi zuen. Leku zoragarri onetan Adani Jainkoak atsegin-kontentuzko gauza guziak eskura eman ziozkan. Emen zorion guzian, eta neke gabe egongo zan, Jainkoak zerura aldatu bear zuen bitartean. Baña bere leialtasuna zenbaterañokoa zan, ikusi nai izan zuen. Baratza onetan zuaitz edo arbola frutadun gozo ederren guziak arkitzen ziran, eta erdi-erdian bat, ona eta gaitzaren jakinduriako arbola zeritzana. Beste guzien frutak jateko eskubidea eman zion, baña erdiko onenik jatea zorrotz debekatu zion, esanaz, baldin debeku au austen bazuen, bertatik eriotz-pean jarriko zala. Gero abere guziak aurrean ipiñi ziozkan, nori bere izena emateko, eta Adanek guziai zegokienarekin deitu zien.

        Adanek biderik asko bazuen, bere Egille andiari leial izateko; Jaun eta Jabetzat ezagutzeko; atsegiñik gozoena aren mendean egoten zuela, adierazteko; eta zan guzia argandik zetorkiola, aitortzeko; baña itsutu zan, eta bere ondorengoen galmena ekarri zuen.

        Adan Paradisuan bakarrik, eta bere antzeko iñor gabe zegoan, eta lo pisu batek artu zuen. Lo onetan zetzala, Jainkoak saiets-ezur bat atera zion, onen lekua aragiz beterik; eta ezur onekin lenengo emakumea egin zuen. Adan esnatu zanean, Jainkoak begietan ipiñi zion, eta ikusitakoan, esan zuen; au nere ezurren ezurra, eta aragiaren aragia da; etorkizunean gizonak bere emazteagatik ait-amak utziko ditu, eta biak ezdira aragi bat baizik izango. Gero emakume oni Adanek deitu zion Eba. Jainkoak au ere doai eta bertute eder guziakin janzi zuen, baña Adani bezala, oni ere debekatu zion, izentatutako arbolatik jatea. Ara emen munduan lenengo izan zan ezkontza, eta gizon guzien iturburu, eta sustraia.

 

 

3. Adanen erorikoa

 

        Adan, eta Eba Paradisuko naikera, eta atsegiñak gozatzen asi ziran bezain laster, etsaiak kriatura bi aien leialtasunari ekin zion; aien erru-eza edo inozenziari eraso zion. Bera espiritu utsa izanik, urgulleri edo arrokeriak galdu zuen: eta Adan, eta Eba lurrez eginak, Jainkoaren serbitzari, bera izan zan baño, leialagoak izatea ezin eraman zuen; argatik artu zuen berai gerra emateko, eta lenbiziko gurasoetan oien ondore, eta etorkin guzia galtzeko asmoa. Onetarako, suge pistirik sotillenaz baliatu zan. Emazteagandik asi zan, au irabazten, errazago zala, uste bide zuelako. Zergatik, etsaiak sugearen aotik esan zion, zergatik Jainkoak agindu dizute Paradisuko arbolatik ez jateko? Ebak Jainkoari zor zion leialtasuna oso agertzeko,pozonizko galde oni belarriak itxi bearrean, erantzun zion, esanaz; Paradisuko arbolaen fruta mota guziak jaten ditugu; baña erdian dagoan arbolatik jatea, eta ukitzea debekatu digu, il ez gaitezen. Etzerate, ez, illko, etsaiak esan zion; Jainkoak badaki, fruta hura jaten dezuten egun beretik, zuen begiak zabalduko dirala, eta Jainkoaren parekoak, eta ona eta gaitza dakizutenak izango zeratela.

        Ebak fruta debekatuari begiratu zion, eta ikusirik, txit ederra, eta jateko ona zala, eskua luzatu zion, eta jan zuen: berebat artu , senarrari eman, eta oni ere janerazo zion. Jan zorigaiztokoa! mokadu negargarri, ainbeste ondamen ekarri zuena! Bereala biai begiak zabaldu zitzaiezten, ez ona eta gaitza, etsaiak eskeñi izan zien bezala, ikusteko; ezpada beren gaiztakeriarekin ekarri zituzten kalte, eta ondamenak ezagutzeko. Beren buruak billosak edo larrugorrian ikusi, eta lotsatu ziran; eta lotsagarri au kendu naiez, piku-ondo batera joan, eta piku-ostoz gorputzak estali zituzten.

        Adanen aldi onetako argaltasuna andia zan, bai; Jaunaren aginduak baño, emaztearen esanak indar geiago egin zion; eta debeku estu hura autsi naiago izan zuen, emazteari atsekaberik eman baño. Ordukoa da, Santuak ezin esan-alakoa deitzen dioten, bekatua; ordukoa da, ainbeste kalte ekarri zituena; ordukoa da, ondorengo jatorri guzia mendean artu zuen, bekatua; Adanen hume guziai eriotza ematen diena, eta gizona deabruaren azpiko egiten duena.

 

 

4. Adanen kastigua

 

        Adan eta Eba bereala asi ziran beren eroriko kaltarkitsua ezagutzen, billosik ikusi ziranean: etzuten, alabañan, beren billostasuna ikusten, arteraño erru edo kulpa gabeak ziralako. Aingeruen garbitasuna bera zeukaten; aien gorputzak espirituaren mendean zeuden; gaitzik gogoan etzuten: argatik, erori orduko, lotsatu ziran, eta gorputzak piku-ostoz estali zituzten. Andik laster Adan eta Ebak Paradisuko baratzan Jainkoaren otsa entzun zuten; baña onekin, lenago bezala, poztu bearrean iges-egin nai izan zuten, eta beren buruak gordetzera egin zuten. Non zera? Jainkoak Adani galdetu zion. Adanek erantzun zion, etzala agertzera benturatzen, larrugorrian zegoalako. Jainkoak bere desobedienzia arpegira eman zion, eta esan ere bai, bere billostasuna bekatu ark ezagutuerazo ziola. Adanek lanbide gaizto artatik garbitu naiez, gaizki-egiña emazteari ezarri zion, esanaz, fruta debekatua onegandik artu zuela. Orduan Jainkoak emazteari galdetu zion, zertako ori egin dezu? Au ere orobat garbitu nai izan zan, sugeari errua egotzirik; eta erantzun zion; sugeak engañatu, eta jan nuen; baña onelako apuko eta aitzakiak Jainkoaren aurrean ezer balio etzuten, bere lege santa ain argiro bein autsi ezkero. Jainkoak sugea lenengo madarikatu zuen, oker aren iturburua zalako, esanaz; sabelaren gañean arrastaka ibilliko aiz, eta ere bizi guzian lurra jango den. Esan ere zion, emakumea engañatu zuen bezala, berari ere emakumeak burua noizbait lertuko ziola. Gero bere epai edo sentenzia bi errudun aien kontra eman zuen; esan zien, zer kastiguak beretu zituzten, zeintzuek orain ere gugan badiraute. Aurrena emazteari esan zion; oñaze eta arazoak askotu edo ugarituko dizkizut; miñez aurrak egingo dituzu; gizonaren mendeko izango zera, eta onek aginduko dizu. Bereala Adani ere esan zion, Jainkoaren otsari baño emaztearen esanari obeto jarraitu zitzaion ezkero, lurra neketakoa izango zuela; elorrilarrak emango ziozkala; eta kopetako izerdiarekin ogia jango zuela, irten zan lur berera itzuli arteraño; zeren, esan zion, autsa zeran, eta auts biurtuko zeran. Jainkoak epai ikaragarri oiek eman, eta gero, abere-larruzko soñeko batzuekin Adan eta Eba janzirik, atsegiñezko leku Paradisu eder artatik kanpora bota zituen. Bereala Paradisuko atean Kerubin bat suzko ezpatarekin ipiñi zuen, biziaren arbolari kontu artzen.

        Ona, bada, naikunde, eta atsegin guzien leku artatik gure lenengo gurasoak nola irten ziran, beste nonbait negar-malkorik samiñenak beren gaizki-egin zorigaiztokoagatik isurtzeko. Ordu hura ezkero lurrak aientzat sastrakak baiziz etzuen, alde guzietatik bekatuaren siñale negargarriak, eta kastigu miñak agertzen zitzaiezten; orañago zeuzkaten ondasun ezin esan-alakoaz oroitzen ziran; eta beren leialtasun eskasak ekarri ziezten neke eta gaitzak non-nai ikusten zituzten: izaera batetik besterako desberdintza ezagutzen zuten; eta naigaberik andiena onek ematen zien. Eta berak galtzeaz gañera, ondorengo guziak ere ondatu, eta eriotz-pean ipiñi zituztela, baziekiten. Oroipen onek bi guraso aien biotzak illuntzen zituen; baña Jainko errukitsua kupitu zan, eta adierazo zien, munduak bere Zuzentzalle, eta Salbatzallea izango zuela, eta uste onekin, aien biotz illak poztu ziran; beren bekatuagatik negar egin zuten, Jainkoak barkatu zien, eta bere adiskidetasunera artu zituen. Geroko egunak, neke artean, eta izerdiarekin koipetutako ogia janaz, munduan egin zituzten. Bizitza luzea izan zuten; bada, Adan bederatzi eun, eta ogeita amar urtean bizi izan zan; eta biak Jaunaren grazian il ziran.

 

 

5. Abelen eriotza

 

        Adanen bekatuak laster erroak eman zituen. Adan eta Ebak, bekatu egin ezkero izan zituzten seme-alabaetatik lenengoa Cain zan, eta bigarrena Abel. Abel artzaia, eta Cain nekazaria ziran. Biak Jainkoari eskeñi edo ofrendak egiten ziozkaten, baña Jainkoak Abelenak, bai, eta Cainenak etzituen ontzat artzen, Abelek bildotsik obenak, eta gizenenak eskeñtzen ziozkalako: eta Cainek, berriz, bere abuztuetatik gitxi bat, eta au ere gogo gabe ematen ziolako. Gertakari onek Caini bere anaia Abelganako gorroto eta iguin bizia sortu zion, eta galtzeko asmoa artu zuen. Cainen pozonia Jainkoak ezaguturik, eta bere sustraiean sendatu naiez, esan zion, zergatik aserretzen zera, eta bekokia illuntzen dezu? Oraindik esan zion, ona egiten bazuen, bere saria izango zuela; bestela, berak bere gaiztakeriaren kastigua eramango zuela. Baña, ezin ikusia sartuta dagoan biotzarentzat ondo-esanak alperrik dira: zenbat geiago esan, ainbat aren indarra goragotzen da.

        Jainkoaren deiak baño, Abelen ezin eramanak ematen zion damuak, Cainen biotzean geiago zezakean. Goazen kanpora, Cainek Abeli esan zion egurastu bat artzeko aitzakiarekin, baña bere gogo gaiztoa gordeta. Abel, berez paketsua, eta gaitz gabea izanik, gaitz-pensatu etzuen, eta alako asmo galdurik bere anaiagan uste izan gabe, jarraitu zitzaion. Etxetik zerbait aldegin zutenean, Cainek, bere anaiaren kontra altxatu, eta Abel il zuen. Lenbiziko odol-isurtze au egin, eta bereala Jainkoak Caini otsegin zion Anaia Abel non dezu? Ezdakit, Cainek eranzun zion. Zer bada? Ni nere anaiaren kontu-artzallea naiz, onen berriak emateko? Zer egin dezu? Berriz esan zion; zure anaiaren odola lurretik deadarrez dagokit. Jainkoak bere aserre bidezkoa agertu zion, esanaz; anaiaren odolarekin loitu zuen lurrean madarikatua izango zala, eta bizi-leku jakin gabeko arrotz bezala, eta beti igesi ibilli bearko zala. Cain, bada, bere biotzeko arra ezin kendu, eta eramanik, gurasoen etxetik irten, eta Edendik kanpoan, eguzkiaren sort-aldeko bazter batean bizi izan zan, arreba batekin, arteraño emakume atzeagorik munduan etzalako, ezkonduta; eta ondore txit biurri eta gaiztoaren guraso eta aiton izan zan. Jainkoak ordutik erakutsi zigun, bera dala erru gabekoai egiten zaiezten bidegabekerien ordaintzalle eta kastigatzallea.

        Adanek, Abel illa, eta Cain igesi joan zitzaionaz gañera, Seth zeritzan beste seme bat izan zuen. Onen ondorengoak luzaro Jainkoaren bildur andian bizi izan ziran; baña Cainen ondorengo neskatx ederrai on-iritzita, ezkontzaz nastu ziranean, gaiztotzen asi ziran. Gizonak munduan zabaltzen ziran eran, gaiztakeria ere berekin zeramaten, alako moduan, non, gizona sortua eta egiña Jainkoari damutu zitzaion, zeren mundu guzia gaiztakeria eta bekatuz betea ikusten zuen. Geroenean gizona eta onekin batean lurreko bizikor edo bizidun guziak ondatzeko asmoa artu zuen; baña mundu galdu onetan arkitu zuen Noe zeritzan erru gabeko gizon zuzen bat, zeñari begiratuta, bizidun guzietakoak gorde zituen, gero mundua berriz ere beren antzekoakin bete zezaten.

        Munduaren asieratik, ugolde izugarri baten bitartez ondamen au egin zaneraño, milla, eta sei eun, berrogeita amasei urte igaro ziran. Denbora onetan, Adangandik Noegana amar belaun edo gizaldi izan ziran, guziak urte asko munduan egin zutenak. Ara zenbat.

                Adanek, 930 urte egin zituen.

                Sethek, 912.

                Enosek, 905.

                Cainanek, 910.

                Malaleelek, 895.

                Jaredek, 962.

                Henochek, 365.

                Matusalenek, 969.

                Lamethek,777, eta

                Noek, 950.

        Eskritura Santak ez digu esaten, orduko gizonak zergatik ainbeste urtean bizi izaten ziran; baña Erakusleak zenbait argibide gai onetan ematen dizkigute. Lenengo; mundua, Jainkoak ezer-ezetik egin, eta ainbeste gauza on ederrekin janzi ezkero, giza-seme-eske zegoan; eta lendabiziko gizonak luzaro bizitzea on zan, lenbaitlen bizilariz bete zedin. Bigarrengo; lurra berri eta garbia zegoan; ugoldeak gero utzi zion koipe gaiztorik etzeukan; eta ematen zituen jan-gauza guziak gaitz gabeko osasuntsuak ziran; eta oiek janaz batetik, eta aragi-gauza sendo, eta ardo gabe bestetik bizi ziran gizonak berandu zartzea eta erortzea, etzan zer miretsi. Irugarrengo, denbora aietan etzan eskribatzen, eta mundu asi-berriaren, eta are geroko berriak ondorengoai emateko eta gogoan obeto idukitzeko, ezin bide obeagorik, aitonak seme, illoba, eta oien humeen humeakin itzegitea baño. Adan berreun eta berrogeita bi urtean Matusalen seigarren oñeko illobarekin bizi izan zan. Matusalen bere illoba Noerekin seieun urtean. Argatik Noek mundu asi-berriaren gauzak jakiteko, etzeukan Matusalen bere aitonari aditu baizik, eta onek eman ziozkan, Adani ikasitako eran, eta berri aiek guziak gurasoetatik semeetara onela aldatuaz, luzaro, eskribuz ezarri artean, gorde ziran.

 

aurrekoa hurrengoa