|
GOLDARAZKO ASTOAREN BERSOAK
«GOLDARAZ'KO ASTOAREN BERSOAK» ez dute itzaurre bearrik. Leitzen ditunak, laister ikusiko du zergatik eta zetarako jarri zituen.
Auek, bere beste berso guziek baiño, barratu ta ospestu dute Euskal-Erri guzian Andrés Astiz'en izena.
Milla zortzireunda
laroge-ita zortzi
munduak salbatuta
aurten deramazki;
Jaunari eskatuta
grazia lenbizi,
gertaketa polit bai
nai nuke adirazi.
San Anton bezpera zen
aurten iru urte,
askok ere gogoan
idukiko dute;
makiña batek parra
azkar egin dute
asto txiki txuri bat
dela mediante.
Irurzun'en ferie
zen egun orrekin,
ara, gu joan giñen
ganaduarekin;
utsik baño obe du
beti zerbaitekin,
denok suertatzen dira
nekazariekin.
Patrizio bistan zen
kinkillero ori,
oiuz asi zitzaidan
joatako berari;
alkar saludatutzen
ala giñen ari,
asto,a aldamenean
zeukan oiulari.
Eskuan billetiak
zeduzkan saltzeko,
astoa arratsaldian
irrifatutzeko;
erregutu ziraden
nik ere artzeko,
asto ori lenbailen
netzat izateko.
Inazio deitu nun
bela neregana,
artuko ote giñun
biok erdi-bana;
etzela, ez, garesti
biok sueldo-bana,
bientzat izan zedin
batek zeramana.
Billetiak neronek
berexiturikan,
bi sueldo pagatuta
sartu nun patrikan;
nongoa ta nor nitzan
listan arturikan,
gero, izan etzedin
bai-ez oterikan.
Arratsaldeko iruek
laurak bitartean,
jendea batzartu zen
Estanko'ko atean;
billetiak sarturik
eltze motz batean,
«publikoz» jokatu da
guzion aurrean.
Bizente Otamendi
erriko alkatia,
orrek tiratu zuen
astoan zoria;
berak ere bai zuen
jokuban jarria,
berak lana eginda
guretzat suertia.
Ogei t'iru numero
joan ziran airian,
gurea suertatu zen
ogei ta laubian;
egun da ogeitatik
gu gera sarian,
pastarako aberea
pezt'erdi batian.
Kinkilleroak lista
leitu zularikan,
Presente egin nion
aldamanetikan;
billetiak bertantxe
eskuraturikan,
astoa nuen artu
erramaletikan.
Bi jajoi eta arbalda
zintxa bai ta manta,
itxuraz bazedukan
abere eder planta;
batzuk zeudeten parrez
nerau berriz kantan,
onela sartu giñen
Bizenteren bentan.
Albukia eginda
andik ateratu,
jinetia're ona
genduen billatu
andre bat astogañen
nik kopak pagatu,
Latasa'ra onela
giñen alderatu.
Matxikeneko Bentan
iru bersolari,
astoari begira
kantuz giñen ari;
astoa sano zegon
ez baizegon eri,
graziak emateko
San Antoniori.
Trago bana edanda
andik abiatu,
mutil bat astogañen
genduan paratu;
beste lagun iruok
atzetik kantatu,
Goldaratz'a onela
giñen allegatu.
Jendiak oarturik
gure kantetara,
bela atera ziren
atarietara;
iñork etzun prisarik
gu ere betara,
geren astoarekin
denok tabernara.
Astoak irets zitun
maize ta belarra,
gaixoak bazedukan
zerbaiten bearra;
gerok ogiarekin
denok sardin zarra,
trago bat egiteko
ez janari txarra.
Asto zinzarri-soñun
gerok berriz kantuz,
Zapatanean sartu
giñun alojatuz;
kanta bai ta arrantza
bazen fundamentuz;
etxeko astoa're
zegoan kontentuz.
Egun artan berian
erostuna bazen,
bereala saltzeko
arrazoik etzen;
lendabizi trapero
erdaldun ori zen,
irrifatu orduko
galdeskan ari zen.
Amar duro eskatu
lau arek agindu,
trapero batendako
naiko egiña du;
diferentzia beitzen
ez giñen berdindu,
berak uste zun baño
geigo balio du...
Baldin traperoakin
konpondu bagiñe,
txarra izan bear zun
astoaren fiñe;
burni ta trapu zarra
zata ta espartziñe,
oen truke jabona
misto ta sardiñe.
Bigarren erostuna
Itsaso'koa zen,
tabernaria zela
berak esan zuen;
feria pasatu ta
sei egunera zen,
ori're astoaren
galdeska zetorren.
Egiteagatikan
jaun oiei gustoa,
aparejatu giñun
majorik astoa;
bost duro zun eskiñi
prezio justoa,
alde batera etzen
eskeñi gaistoa.
Guliko ostalari
pillotari ori,
astoa ikustera
bera zen etorri;
onek ere eskeñi
egin zuen garbi:
lendabizi bost duro
gero boste t'erdi.
Laugarren erostuna
gallego Bizente,
orrekin egin degu
tratua dexente;
ikus bai zun astoa
belarriak tente,
pozikan eman zigun
dirua presente.
Pelaje txurie du
jenioz fuertia,
jon den udaberrian
laugarren urtia;
aixe ordainduko du
egin dun kaltia,
Aita San Antoniok
diola suertia.
Orain Bizente dago
astoaren jabe,
naiz merkexago saldu
gu pozikan gaude;
ez bagaude aberatsak
ez eta're pobre,
bost duro badauzkigu
gastutatik libre.
Ogeita zortzi bertso
ok dira guziak,
aprendiz batendako
geiegi luziak;
lagundu didalako
Jaunari graziak,
uts egiñak barkatu
leitzale guziak.
|
|