AITONA TA BILLOBA
ASMO BERRIA
—Ez nauk ba egongo aurtengo udan tren orixe ikusi gabe. Zer derizkiok, Joxe Mari?
—Gazteago zeralarik eztezu ikusiko.
—Larogei ta sei urteko gizona Euskal-errian bizi, ta trenik ikusi gabe?
—Beste larogei ta seian ere bizitzeko papera egingo nuke nik, trenik ikusi gabe izanta're, bizi al banedi.
—Ni ba enatxiok ondo iltzeko're, eta dana dala, ik laguntzen badirak, datorren astian juango gaituk Donostia'ra.
—Bai, aitona, bai; baña beste lagun bat ere bear degu.
—Zer lagun?
—Poltsa.
—Ontzurre bat beñepeiñ badiat eta...
—Naikua da; biok juango gera, diozun bezela, datorren astian.
—Etzetorren Joxe Mari'k nai beziñ laster datorren aste uraxe.
—Ontzurre uraxe aldentziak miñ ematen zion aitonari, baña beti ari begira ez egoteagatik, erabaki zuan, bi egun barru Donostia'ra juatia.
Aitona ta billoba
bigaramonian,
sartu ziran Arrua'n
lenengo trenian;
arriturik aitona
trena eldu zanian...
gutxigatik gelditu
etzan andenian.
TRENIAN
—Aizak, Joxe Mari, zer esan nai dik botoi orrek?
—Alarma.
—Etziok ondo.
—Nola bear du ba?
—A las armas.
—Ixillik zaude.
—Eu ago; ni soldadu izana nauk, eta «a las armas» agintariak esatean, soldaduak armak artu ta prest jartzen dituk.
—Eztezazula orrelakorik esan, barre egiñ ezteizuten.
—A gizajoa! I oraindik umea aiz, baña ni zarra, eta i jaio orduko banitxekizkian nik gauz auek.
Onetan eta orretan, aitonak estutu zuan botoia, gelditu zan trena, eta bi guardia zibill zetozen kotxez-kotxe, galdetuaz, tinbria nork jo ote zuan, eta aitonak esan zion Joxe Mari'ri:
—Ikusten dek nola datozen gizon oiek beren armarekin?
—Zergatik ote datoz ba?
—Nik «a las armas»ko botoia jo dedalako; orregatik esaten diat «alarma»ren lekuan «a las armas» jarri bear litzakiala. Sinistu zak orain aitonaren esana.
Eldu ziran guardia zibillak aitona zegoan kotxera, eta onek aitortu zuan berak jo zuala tinbria.
—Zertako? —galdetu zioten guardiak.
—Mutill koxkor oni erakusteko gauzak nola diran —erantzun zuan aitonak.
—Merecía este viejo... (guardiak).
—Meretziña a mí; gracias. No kiero jiringaciones. Tengo buen salut.
Barre egin zioten guardiak, eta orduan aitonak esan zien:
—Erreñir antes y erreir agora? Asi es promalidat? Pazientzia're anditxoa bear det zuekin —zion aitonak, eta toxatik pipa belarrez beteaz asi zan kantari:
Berriketa asko ta
gauz onikan gutxi,
txorakeri oriek
bear dira utzi.
Aiton zar onek ditu
gauz asko ikusi,
buek baño obeki
daki nola bizi.
DONOSTIAN
—Aizak, mutiko, pipak eztik sabelik betetzen.
—Zer esan nai dezu, aitona?
—Zerbait jango nukela.
—Ostaturen batera juan bearko degu ba.
—Bai, ta onenera.
—Ezkurra'nera juango ote gera?
—Zer? Donosti'ra etorri ta ezkurra jatera? Zer uste dek, txerriak gerala?
—Ezkurra, ostatuaren izena da.
—Izenaren modukoa bada, eztek izango gaiñ gañekoa.
—Ezkurrik eztigute jaten emango, baña gerok atera bearko degu ezkurra.
—Nundik?
—Ontzurretik; bera urtu bearko degu.
Ontzurrea urtzea
ezta atsegiña,
baña gastatzeko da
ura're egiña;
txarragoa litzake
gastatu eziña...
Jaunak emango digu
bizitzeko diña.
AGUR!
Ondotxo bazkalduta bazijoazen aitona ta billoba trenera, eta aitonak esan zion billobari:
—Donostiari agur egin bear zeoat.
—Eta ontzurreari ez?
—Ontzurrea juan uan.
—Baña Donosti barruan egongo da oraindik.
—Biei egingo diet ba —esan, eta bota zuan ondorengo bertso au:
Antziñatik nai nuan
nik zu ikustia,
eta orain pena det
ain laster uztia.
Ederra bazera, bai,
baña gareztia...
agur, ontzurrea, ta
agur, Donostia.
|