|
ANDRE GAZTEA ETA NESKA ZARRA
—I—
Sagardotegiko atian azaldu zan igande goizean erdarazko iragarri edo anunzio bat, era onetan:
«Gran puntzion de bertsolaris mujeres. Un bieja sin kasar, y una joben sin biejar, casara. Materia sakatrapus. En las kuatropunto tarde. Entrada de kompiantza, sin pagar».
—Krixan , zer esan nai du iragarri orrek?
—Eztezu ulertzen edo entenditzen, Uxabi?
—Ez nik.
—Ba esan nai du, gaur arratsaldeko lauretan bertsoetan jokatzera dijoazela.
—Nor ote dira?
—Bi emakume: bat andre ezkondua, eta bestea neska zarra.
—Izenik eztu jartzen?
—Ez: baña omen dira, andre ezkondua Baxakatua; eta neska zarra Zirauna.
—Ai zer pariak muserako!
—Ederrak.
—Nor dute Juez?
—Don Braulio.
—Ara bestia!
—Bestia al da ura?
—Diot ba...
—Kontu gero; um! erdalzaletua dago aberastu zan ezkerokoan ta, «bestia» deitzen badiozu, eta berak erderazkotzat artzen badizu...
—«Bestia» esanta're ba, eztakit gezur andi-andirik esango ote diodan; anka biko bestiak ere izan oi dira ta...
—Ba, kontuz ibilli zindezke.
—Eta nork ipiñi du iragarri ori?
—Don Brauliok.
—Ba, ba, beraz izena jarria dauka: anka biko «bestia».
—II—
Arratsaldean an zeuden sagardotegian, upelaren ondoan, Don Braulio, Baxakatua (andre ezkondua) eta neskazarra (Zirauna). Iruren artian bazeramaten upela maria-beran. Sin-pagarreko entradarekiñ ere jende asko sartu zan. Lauren trangadan, asi ziran bertsolariak:
Andre ezkonduak neska zarrari:
Enpleatzen ez bada
gazterikan neska,
pasa bearko ditu
makiña bat kezka;
burua txoraturik
senargairik ezta,
orra azkenerako
neska zarren pesta.
Neska zarrak andre gazteari:
Gazterik ezkonduak
ikusten ditut nik
beren bizimoduaz
ondo asperturik;
senarraren maleta
eziñ eramanik,
neska zarrak ez dute
orrelako lanik.
Estimazio gabe
dago neska zarra,
askok egiten dio
burla eta farra,
bera ona bada're
izena du txarra,
konsolatzeko badu
zerbaiten bearra.
Ardurarikan eztit
ematen izenak,
kontua daukakigu
gauzaren izanak;
ezkonduak sarritan
dituzte zezenak,
konsolatutzen naute
orla dabiltzanak.
Beti ezkondu naian
ta beti alperrik,
emaztetzat eztu nai
iñork neska zarrik;
zergatik eztan bear
etxean alperrik,
bizi bearko dute
gaixoak bakarrik.
Ezkondu eta ondo
izanik lenengo,
osoro aspertua
urte bigarrengo:
—Or konpon zaite, gizon,
igesi naiz juango,
ai Jaungoiko maitea
neskazar banengo!
Libertadian dabiltz
aizia bezala,
baña beti argal ta
zimurra azala:
oso beltza da neska
zarraren itzala,
argandik Jaungoikoak
libratu gaitzala.
Libratu naita ere
uztarria gogor,
nai ta nai ez dezu zuk
egon bearko or:
andrea ai-ai-ai!ka
eta gizona gor,
neska-zarrik orrela
eztaukazu iñor.
Gauza danetan berak
nai luke nagusi,
besteren onik berriz
eziñ du ikusi:
beti beria eta
al bezela bizi,
oraindik eztu iñork
neska zarrik ezi.
Emazte gazte asko
daude ikasiak
artzen jipoi eder ta
ondo mereziak;
neska zarrak ez gaude,
Jaunari graziak,
ezkondu oiek beziñ
ederki eziak.
Apaintzeko egingo
ditu alegiñak,
ondo orraztu eta
garbitu agiñak:
beztuaz betilliak
ta ille urdiñak,
lanak ematen dizka
edertu eziñak.
Senar alporja baten
zera emaztia,
txima arroak eta
arpegi tristia:
soñeko oso zar bat
doi-doian jaztia,
zure apainduria
ori da guztia.
Inbidiaz erretzen
dauzkazu erraiak,
ia urtuan berriz
zauzka errabiak;
dote ta arrioa
dira oiek biak,
usai txarra dizute
sumatzen galaiak.
Ezkonduen inbidiz
dauden neska zarrak
eztakizkite ondo
oien sasi-larrak;
zelo ta aserreak,
suak eta garrak,
pagatzen dute andre
gaixoen bizkarrak.
Jakiñ-miñez dauzkate
biotzak erriak
ibiltzeko mingañez
auzoko berriak:
batzuetan gezurrak
bestetan egiak,
neskazarrak onetan
dira geiegiak.
Gizona zurrutian
trabenan zorretan,
ura etxera nairik
andrea lorretan;
eta gero makilla
onen ezurretan,
ezta ikusten neska
zarrik lan orretan.
Zure bizimoduaz
kontentu bazera,
naikua edan degu
ta guazen etxera;
biurtutzeko bigar
goizian atzera,
beste dozen erdi bat
bertso botatzera.
Puntzio au izan da
osoro luzia,
baña gure autua
dago ikusia;
nola nik irabazi
dizudan auzia,
biba Don Braulio ta
lagundi guzia.
—III—
Neska zarrak, «biba Don Braulio» esatean, jo zuan goitik bera Jaun au, eta sartu zion sorbaldetaraño bere kapela, tximiñia zirudiena, eta gizajoak, argia itzali zalakoan, esan zuan «Gabon, Jaunak».
Uxabik bazter batetik erantzun zion: «A, gizajo-gizajoa... anka biko bestia!».
Krixanek berriz kantatu zuan:
Bata Baxakatua,
bestea Zirauna,
oien Jueza berriz
Don Braulio Jauna.
Uxabik:
Bi Bertsolari egiñ
dutenak batzarra,
dira andre gazte bat
eta neska zarra.
1902'ko Abenduaren 14'an
Ibaizabal, 1902
|
|