|
ERRETRATO BERRIA
Errazoiagaz diardun
baña ez eiñ alperrikan jardun.
—I—
—Baxili; piperra jan al dezu?
—Bai ta... oso miña.
—Ezagun dezu.
—Zergatik ba?
—Mingaiñ erre, biotz erre, esan oi da ta.
—Eta zer?... Nere biotza errea al dago?
—Bai orixe! esango nuke, kia dariola dago ta... badakizu... sua dagoan lekutik ateratzen da kia, eta suak erre egiten du; Jose Pallu ibilliko da or, Jose Pallu.
—Jose Palluk artu du onuzkero karta ederra, eman bearko dit satispasioa; bestela an juango zaio enbargua. Esaten nion kartan: satispasion o embargasion.
—Eta zer kenduko diozu Jose Palluri?
—Beste gauzarik ezpada, larrua, pellejo.
—Pellejo zaagia ezta ba? Amaika zaagi-azal egongo dira ark baño ardo gutxiago barruan iduki dutenak.
—Jainkoak gorde bearko du ba neri satispasioa ematen ezpadit.
—Estutuko dala uste det urdalletik.
—II—
Andik iru egunen buruan korrioak ekarri zuan Jose Palluren
Satispasioa
Pekatu bada fama
norbaiti kentzia
atzera biurtzia
da penitentzia;
ala eman dirate
oraiñ sententzia,
Baxilirekiñ bear
da pazientzia.
Ez omen da egia
nik lendik esana,
señorita Baxili
neska zarra zana;
ala izan dedilla,
esan, nai dan dana,
baña gutxienaz da
len gazte izana.
Oraindik ezpadago
osoro zartua,
urteetan dago bai
aurrera sartua,
baña iñola ere
ez da pekatua
izatea mundura
antziña sortua.
Orain zar izan edo
lenago gaztia
diferentiak dira
bata ta bestia,
baña ez da konbeni
disputan astia
eta betozkoturik
iñor ikustia.
Emakume oberik
eztaukala lurrak,
azal zuriagorik
ezta ere elurrak,
lodi eta mardulik
bakarrik ezurrak,
eta gañerakoak
guziak gezurrak.
Oso gaitz izan bear
du beltzak zuritzen,
alperrik nabillela
zait gaur iduritzen,
naiz Tximiñua jantzi
modara Parisen,
tximiñua beti da
tximiñu gelditzen.
Edertasunik saltzen
iñun balegoke,
kostako dana kosta
garesti naiz merke,
zuretzat pozikan nik
erosiko nuke,
erregalatutzeko
pelukaren truke.
Nere borondatea
ona da izatez,
erregiña ziñake
nere borondatez,
baita ere Santa andi,
biak bide batez,
orra fama biurtu
bertsoen bitartez.
Egiñ bearko dezu
oraiñ esamiña
erretratu au ondo
dagoan egiña,
edo egiten ote
dizun sabel-miña,
bada egia maiz da
izaten samiña.
—III—
«Muy Señora mía: Ahí ba un poco de porrusalda para templar nervios, que son guitarra-cuerdas paresidos. Si esta gazipunto, echuste agua, y si esta gezatxo, sal. Ahí esta errestitusion de pama quitao, y bertsos ni tienen aitzakia: no hay que pegar illetas. Si no estan de gusto mandemuste molde, y mañana mejor.—Jose Pallu.
Baxilik etzekian, ez non zegoan, ez zer esan, eta ez zer egiten zuan. Alper, gaizto, lotsagabe, ordi, zikiñ, lapur, gezurti, Barrabasa. Auek ziran itzikan onenak. Aotik txinparta eta kia botatzen zituan, eta begietatik su-garra.
Bizkaitar atso lodi eskale batek aditu zuan Baxiliren errosarioa, eta galde zuan nola zuan izena emakume ark. Erantzun zioten Baxili zuala eta esan zuan ondo zetorkiola.
—Zergatik ba?
—Basilisko erderaz, da euskeraz ersugea, eta Baxili ere zerbait ala izango da, dirurienez; bestela ipiñi bearko zitzaion Martinika.
—Zergatik?
—Su asko ematen dualako.
Ari zan ixildu ere gabe Baxili aoak ekarri alian, eta esan zion Bizkaitar atsoak:
—Errazoiagaz diardun, baña ez eiñ alperrikan jardun.
1902'ko Bagillaren 30'an
Ibaizabal, 1902
|
|