AOTIK-AORA
—I—
—Pedro Mari.
—Zer degu, Patxi?
—Bai omen dator Lontzio.
—Ala diote.
—Ondo samar etorriko da?
—Ala bear luke; ogei ta amar urte badaramazki Amerikan ta...
—II—
—Zer berri, Patxi?
—Larteietako Lontzio omen dator Amerikatik.
—Ze demontre!
—Bai, ala esan du bere anaiak, eta oso ondo datorrela.
—Beraz erosi naiko du Larteieta.
—Bai, ta eztu izan bear orixe oraingoxe ametsa.
—Jabia're saldu naian ote dabillen nago.
—Ba, laster izango du merkataria nere ustez.
—Baliteke onuzkero zerbait elkarri eskutitzez adierazirik egotea.
—Naiko ditu ba jabeak iru milla duro.
—Lau millan ere eztet uste lagako duanik artu gabe Lontziok.
—III—
—Zer berri, Andres?
—Oraintxe aditu det ba, Lontzio Larteietako datorrela Amerikatik oso aberats, bere jaiotetxea erosteko asmoetan; eskutitzen bat egin diola jabeari, lau milla duro bear baditu're, emango dizkala.
—Beraz panparroi dator.
—Ala diruri. Len ere panparroi-samarra zan eta orain berriz zer esanik eztago.
—IV—
—Aditu al dezu Joxepantoni, Lontzio Larteietako datorrenik?
—Aditu det.
—Ezagutuko zenduan.
—Ez naiz ba oroitzen, noiz juan zan; ni artian umetxoa nintzan ta...
—Zer ari dira ba esaten, zuk zaitu zenduala ura umea zanian ta...?
—Ez, enetxoa, nik oraindik umea izan bear nuan ura juan zanian, jaioa banintzan ere... (neska zarraren gaitza beti gaztetu eziña).
—V—
—Zer gertatzen da Larteietan?
—Eztakit.
—Gabero or dijuaz tertuliara errian diran emakume ezkongai edo ezkon-nairik dauden guziak ezpada're...
—Geienak?
—Geienak ezpada're...
—Gazteenak?
—Gazteenak ezpada're...
—Ederrenak?
—Beren usteetan.
—Ezta izango ba Larteietako atsuaren edertasunagatik.
—Eztakit, baña batak ollaskuak, bestiak usakumiak, bestiak bildotsa, besteak belarritakoak eta nik eztakit zenbat gauza, erregalo egiten omen dizkaten atsuari tertuliako jende orrek.
—Eztute ba izan bear aiñ esku-zabalak.
—Ez; zimelditartxoak izan bear dute; baña orain bere seme Lontzio omen datorkio Ameriketatik eta...
—Larteietako atsuari?
—Bai, eztezu entzun?
—Ezta, dan gutxienik ere. Oraiñ ulertzen (entenditzen) det nik zerbait ere.
—VI—
Lontzio ezkondurik ala ezkongai ote zetorren jakin-naia're bazegoan ba, baña nor atrebitu galdetzen? Aztiyagana juateko gogoak ere bati eman zion, baña ez.
—VII—
—Andre Joxepa.
—Zer da, Joxepantoni?
—Norabuenako dago.
—Zergatik ba?
—Semeak andre oso aberatsa omen dakar.
—Nik baiño geiago dakizu. Bi illabetez onuztik ezkondu ezpada bañepein, oraindik ezkongai dago. Antziñatxo baten esaten zidan, ia bera zetorreneko, bat edo bat begiz jotzen ote nuan.
—(Orixe jakin nai nuan). Bai, jendeak, zer atera-eraziko esaten ditu orrelako gauzak... (jendea, bera, Joxepantoni zan noski).
—VIII—
Beñére baño apaiñago zijoan gau artan tertuliako jendia. Joxepantoni zijoan apaiñena ta tokatu ere alaxe egiten zitzaion, zaarrena ezpazan ere, beñepein beste guziak bera baño gazteago ziran ta.
Gau artan eldu bear zuan etxera Lontziok Santandertik bere anai Pedro Marirekiñ.
Zalpurdi (coche) bat gelditu zan etxeko atarian, eta andre Joxepa jetxi zan lasterka, bere semea laztantzera. An ziran ondoren beste emakumeak ere.
Jatxi zan Pedro Mari zalpurditik, eta onek besotik artu ta jetxi zuan Lontzio. Amari, laztandu ondoan, esan zion: «Bai ama; eztizut atsekaberik eman nai izan nere eskutitzetan, baña iru urte igaro ditut gaixotegian (ospitalean) beti gaixorik; aitu zaizkit diruak, eta lagunak limosnaz eman dirate, etxera etortzeko bear izan dedana, eta ezurrak uztera nator nere etxera».
Bere amaren eta anaiaren laguntzaz nekez igo zuan, arnasaz bete eziñik, tertuliako salara eta iñortxo're etzan arkitzen bertan. Nora joan ziran ba ango emakumiak? Eztakigu. Mozorrotek esan zuanez, konjuroren bat, eta ez makala, egiñ bear izan zan sala artan, bada etzan atera emakume aien aztarranik.
Gazte naikoak ziran
izan arren zarrak,
baña gañerakoan
etziran ai txarrak;
bildu dizkate beren
buruai larrak,
eraman eziñikan
jendearen farrak.
Euskal-Esnalea, 1913
|