IJITOAK LUMERO ZINKOAN
—I—
—Nola dezu izena?
—Nik, Juez Jauna, izen ederra det; nik merezi baiño obea; ez naiz lotsa esaten, bada guziz onradua da nere izena.
—Eztizut nik galdetzen izen ona dezun ala eztezun, baizik nola dezun izena.
—Bedorrek eztit galdetzen izen ona dedan ala ezdedan; baiño neronek esaten diot. Jakin beza, zerutar guziak nere tokaioak dirala.
—Utziozu zeruari geldi, eta erantzu iozu nere galderari.
—Utzi deiogun bada; baiño lurrean tokaio gutxi izango ditut.
—Beiñ edo beiñ esan ezazu, nola dezun izena, edo bestela bazoaz bereala prisiondegira.
—Nerau prisiondegira? Bai ederki eman ere alajaiña, euskal-errian dan gizonik onraduena izanta. Ez, ez; naiago det esan nere izena, eta da... bataiatzean jarri zidatena.
—Gizona...
—Itxedon beza, Juez jauna, apurtxo bat, gosalduta badago, ni baiño obeki dago ta; nere izena da Santos.
—Eta izengoiti edo apellidua?
—Ezta orixe ere bertan beerakoa. Españiako zenbait aundiki-naikok, artuko luketena da.
—Esan ezazu ba beiñ, eta akabo.
—Beiñ ta berriz eta milla aldiz esateko eztaukat lotsarik, Juez Jauna.
—Nola da ba?
—Baldes.
—Baldes?
—Baldes; eta bedori neri galdez? Bertsolaria ere puskatxo bat banaiz, eta bedorrek apiziorik balu, paretxo bat bertso alkarri botako genizkio.
—Koplak alde batera utzi ta esan ezazu: ostu al dezu oillorik?
—Ai Jauna! Ni baiño esku garbiagokorik eztauka lurrak gaiñean; berez aurretikoetatik datorkigun grazia degu ori.
—Eztizut ori esaten, baizik oillorik ostu dezun.
—Ez Jauna; ez oraiñ, ez len, eta ez eun ta santa sekulan.
—Gizona, alperrik ukatuko dezu.
—Zergaitik?
—Or daudielako bi testigu, oillo ostutzen ikusi zaituztenak.
—Zer dira bi testigu? Bi milla ere badaude ikusi enautenak. Sinistu beit, Juez Jauna. Zer ote da pama galtzea! Gure aurretikoak kantatu oi zuten, eta errazoi aundiarekiñ onela:
Zabaldurikan daukagu pama
ollo-zaleak gerala,
salda onaren zale besterik
iñor ezpalitz bezela,
ollorik iñun faltatzen bada
ijitoentzat kartzela
edo makillaz porrokatuta
erritik joan ditezela...
—Ai Pilatos, Pilatos! zu ere baziñan bat-txo, baiño oiñordekoak ere...
—Utzi itzazu kontu oiek, eta aditu ezazu; testigu onek dio ikusi ziñuzela zu, ollo bat eskuetaratzen Aristegiko atarian.
—Izan diteke. Berak etorri izan nai bazuen nigana...
—Beraz artu zenduen.
—Izan diteke.
—Baiño artu zenduan ala ez?
—Artu, bai Jauna; ostu, ez.
—Nola da ori?
—Ara nola, guk badegu eskubidea, bakoitzako ost kuarto artzeko egunero nun-nai.
—Nork eman dizute eskubide ori?
—Ama Santisimak, bere semea Ejiton gorde genduelako.
—Ba neri Aita Eternoak eman zidan eskubidea, kartzelan sartzeko besteren gauza jabearen borondatearen kontra artzen zuena.
—Izan diteke.
—Izan ditekeala diozu?
—Obeitzen diot, Jauna, baiño...
—Zer baiño?
—Baiño... sinistu... um!... Kredo ta artikulu pedekoak... bai...
—II—
—Nungoa zera?
—Leku askotakoa, Jauna.
—Nun jaio ziñan?
—Ni ba... Jauna... jaio... ara... amak argitaratu ninduan lekuan.
—Zeiñ erritan?
—Pijo, pijo esateko ere ez nago, baiño... Urnietan jaio ote nintzan...
—Nun bizi zera?
—Ez nau ikusten emen bizirik?... Oi ke ateraldi!
—Nun zenduen zure bizi lekua onera etorri baiño len?
—A! Mendaron.
—Zeiñ kaletan?
—Kaille eternidad.
—Kale luzea da?
—Luzea ere... ez... edo bai; ara Jauna, luze adiña labur. Bedorren enterrotarioa beziñ luzea ezta beintzat.
—Zer numero du zure etxeak?
—Lumeroa ba, Jauna, an ezta beste lumarik ikusten, olloenak baiño ta...
—Eztet esaten zer plumero, baizik zer numero.
—A bai! Loteria esan naiko du; ba Jauna, loteriarako jende otz-txoa gera.
—Or lumerorik onena au da (eskuiko bost beatzak kurkurtuaz), zinko.
—Zuentzat izango da ori.
—Bai Jauna; gu probiak gera ta guretzat ori naikua da. Berok bezelakoentzat berriz onako beste au (bi eskuetako beatzak kuzkurtuaz), dies.
—Begira; kopla oiei utzita, ezpadiezu erantzuten bear dan errespetoarekiñ nere galdeai, berealatik zoaz kalabozora.
—Bai Jauna, bai, ura ere gizonentzat egiña da ta, ezta izango lenengo aldia: eztedilla izan azkenekoa ere.
—Ezkondua zera?
—Ezkondua izana.
—Beraz andrea illa zitzaizun.
—Ez Jauna.
—Ezkondua ziñan?
—Bai Jauna.
—Beraz, andrea ill ezpazaizu, oraiñ ere ezkondua zera.
—Ez Jauna.
—Nola da ba ori?
—Ai Jauna; bedori Jueza da baiño eztakizki lege guziak. Ni naiz des-ezkondua. Bedori?
—Zoaz berealatik kalabozora.
—Korriente; ura ere gizonak egon oi diran lekua da ta gizonak eztu lotsarik bear ara juateko.
—III—
—Ola compadre!
—Ola kartzelador.
—Qué vientos te traen por aquí?
—Vientos no; pies. Inquilino que palta uste aqui y...
—Traes recomendación?
—Encomendación sí, viva libertad y viva lúmero zinko.
—Pues bien, en la celda número 5 vivirás libremente encerrado.
—Lúmero zinko?
—Sí; número 5.
—Josus hombre! Que asuertao soy con lúmero zinko. Es pelisidat.
—IV—
—Aizazu, Santos.
—Zer nai dezu, Anisete?
—Egia al da iru illebetean preso egon zerala?
—Bai, Anisete, bai; oraingo legiak Kaipasen denborakoak dirudite.
—Nik sinistu. Eta zergatik artu zinduzten preso?
—Aita eta ama onratzeagatik; berak erakutsia egiteagatik.
—Ori ere bai? Ai au mundua!
—Bai adiskidea; baiño Jaungoikoa bere bidez dabill.
—Zergatik diozu ori?
—Ara zergatik. Oraintxe iru urte emateagandik aldendu nintzan, eta prisiondegian elkartu gera berriz, ustez uste-gabean.
—Ura ere an zegoan?
—Ez; ni sartu ta irugarren egunian ekarri zuten.
—Zer egin zuen? Aita ta ama onratzea?
—Aita ta ama ez, baizik ama ta aita. Ollo zaletxoa izatea beste paltarik gabeko emakumea.
—Eta geiagoko gabe preso?
—Badakizu gure aurrekoak zer kantatzen zuten:
Ollorik iñun paltatzen bada
ijitoentzat kartzela...
—Ba, ba, oiek utzi eta goazen beste gauza batera.
—Goazen, ba, goazen, Anisete maitia.
—Orain berriro ezkondu bearrean zerate noski e?
—Bai, baiño badegu alako diperentzi apurtxo bat.
—Zer dala ta?
—Nik nai nuke ezkondu lege zarrean, au da, lapikozar-legean, eta Premiñak berriz apaiz-aurrean, edo Elizaz, eta orixe erabaki-zai gaude.
—V—
Ai, au mundua! Pozik aundienaren ondoren atsekaberik aundiena. Santos gaxotu da ta Premiña or dabill beldurrez, ezkondu baiño len alargunduko ote dan. Baiño bai zera! Jaungoikoa bere bidez zebillen, eta sendaturik Santos maitia, ezkondu nai izan zuen, baiño benetan, Elizaz; qq lapiko-zarrez.
—VI—
—Ara berriz ateraldia! Eztezula nai, Santos, eztei-aparian ollorik jartzia?
—Eztedala nai, Premiña, ez; eta milla bider ez.
—Orixe kontu polita degu alajaiñetan. Noizko dira ba olloak?
—Asko dauzkazu eskintokian?
—Eskintoki asko dago munduan, eta olloak ere bai eskintokietan; gerok ere berriz mundukoak gera; eguneroko bost kuartoak era aspalditxoan artzeko dauzkagu ta... lumero zinkoak sortu eztitezen geldi egonean, lanerako beti prest daude, eta beragatik olloak premiazkoak dira okasio onetan; bestela esango dute, burutik nastua zeudela.
—Len ere esan zenduten.
—Egon ere baziñan, gaixo izan ziñanian.
—Ez, emakume, ez; orduan nik ikusi nuen saloi andi bat ate askorekiñ; aietako batek zeukan lumero zinko; idiki nuen, eta arkitu nuen bide zabal eder bat; baiño ollo ezurrez eta lapiko zar apurtuz betea, guzia aldaz beera, eta an beerenian lañua, kia ta suzko itxasua, eta an bañu-artzalle asko.
—Baiño zer? Suzko bañuak?
—Suzko bañuak.
—Eta nor ote ziran bañistak?
—Geienak gutarrak, Mañex, Pello, Batist, Errosa ta konpañia, eta beste ollo-zale eta lapiko zar zale asko.
—Aizazu Santos gizajoa! Bazegoan bide artan uso-ezurrik?
—Eztakit ba orixe. Zergatik galdetzen dirazu ori?
—Es ke... trukada egingo genduke, olloak utzi ta usuak ekarriaz...
—-Ez, ez; ez gaitezen jarri bañu aietarako arriskuan.
—VII—
Saskiak egiñ eta saskiak saldu izandu zan ezkondu ziranetik aurrerakoan, Santos eta Premiña'ren bizimodua. Ollorik iñun gutxitzen zanik etzuen iñork esaten; geitzen zanik ere ez; baiño orduantxe ere, geitu baiño gutxitu obeki egiten ziralako errezeloa... baiño... bai zera!... Errezelua? ka! Auntza beti mendira; baiño ijitoak eztu aldaparik igo nai; ez, ijitoa beti ibilliko da leku lauan. Lauan esan det? Bai, edo oraindik obeki bostean; au da, lumero zinkoan.
1902'ko Illbeltzaren 20'an.
Ibaizabal, 1902
|