GABON-GAU BATEKO OROIPENAK
Ai ura eguna eta ura gaba!... Karlos bostgarrenaren guda, edo Karlos kintoren gerratea zan.
Gipuzkoako bigarren batalloeko konpañian batzuek geunden Lesakan (Naparroan), elurra kanpoan eta gosea barruan giñuzela.
Agintzen digu kapitanak zortzi soldaduri, jarraitzeko kabo bati eta aren esana egiteko. Arratsalde erdian baguaz errekondo batean aurrera eta aurrera. «Auxe dek auxe —esaten giñon soldaduak elkarri— gabon gaba, goseak, oñutsik, elurretan, nora ta zertara goazen eztakigula». Alako batian «alto» egiñ giñon kabuari.
—Zer dezute, mutillak? —galdetu zigun berak.
—Eztegula oinkada bat ere eman nai, jakiñ gabe nora eta zertara goazen —erantzun giñon.
—Irungo baserri batean zeudek Muñagorriren mutill batzuek, eta aiek arrapatzera goazik —esan zigun kabuak.
—Eta, eztegu ezer jatekorik?
—Nonbait ere zerbait billatuko al diagu.
Sartzen gera lenengo arkitzen degun baserrian eta artiriña beste jatekorik ez genduen arkitu.
Alare talo mordo bat egiñ, jan eta zerbait ase ta bete giñanean, ez baserri batean, baizik gaztelu batean sartzeko ere prest giñan.
Aurrera ba, mutillak.
Urreratzen gera beste baserri batera, eta bazan antxe soñu, eresi edo kantu, dantza ta zarata. Agintzen digu kaboak jartzeko zortzi soldaduok etxe-inguruan, baionetak kalaturik, eta sartzen da bera etxe-barrura, bada Irundarra ta ango berri ondo zekiena zan. Laster ixildu ziran ango soñuak, eta asi zan jendea leioetatik saltaka.
Gau oso illuna illuna zan, eta elurraren zuritasunak zerbait argitzen bazuen ere, etxe inguran zeuden zugatz edo arbolak naikoa illun egiten zuten.
Arrapatu giñuzen bi Muñagorritar, baiña baita ere zauritu edo eritu genduen gerotako bat, itxumustuan eta illunpetan, arrapataka artan, Muñagorritarra zalakoan. Eta badakizute nola eraman bear izan nuen Lesakaraño bi aietako bat, iru ordu bidean? Lepazamarretik eskuz oratuta. Ikasle edo estudiantea omen zan, Ituiñdarra, au da, Ituiñ edo Ituren deitzen dan Naparroako erri batekoa; gizaseme gazte asko-asko ederragorik ikusi ere ezin diteken bezelakoa. Zeiñ pozik libre utziko nion nere eskuan egon balitz uztea, alako errukia ematen zidan gizaseme gazte ark! Baiña etzegoen nigan.
Azaldu zan Lesakara emakume ondo jantzi bat, Ituiñdarraren Ama, egiñ zituen alegiñak bere semea libratzeko, baiño alperrik.
Andik egun gutxiren buruan, ai! ez nuke esan nai, baiño, zergatik ez? Ai guda guda, zori gaiztoko guda! Afusilatua izan zan...!
Igaro dira berrogei ta amazazpiren bat urte, baiño andik onerako gabon gau guztietan oroipen onek ekarri oi dizkit biotzera samintasuna, begietara malkoak eta mingañera erregu bat Ituiñdar estudiante aren animagatik.
Martiñek 1894an
—II—
Badator gabon gaba, neretzat gogoangarria.
Karlos bostgarrenaren guda, edo Karlos kintoren gerran, Naparruako amaikagarren batalloian, bagiñan askotxo Yantzitarrak, au da Yantzi deritzon errikoak, eta beste batzuekiñ batean andik iges egin eta joan giñan Muñagorrigana Yantzitar batzuek.
Irungo Lastaolan geunden, eta jaietan joan oi giñan andik Endarlatzera bitartean zegoan baserri batera, dantza ta jolasean denbora ematera. Gabon illuntzian ere joan giñan, eta dantzan aspertu-aldi bat eginta laster etxeratu giñan. Obe izan genduen bai, orduan etxeratu giñan! Bada ustez uste gabe karlistak sartu ziran gu atera giñanetik ordu erdi baño len, eta an arrapatu zuten gure kabo furriela, Ituiñdarra, apaizetarako estudiantia, mutill oso ederra, eta izan ala ona. Ai zer atsekabea artu genduen! Anairik ere ez nuen nik aiñ maiterik. Aren amak eun ontzurre eskeintzen omen zituen ura libratzeagatik. Barkazio edo indultua etorri omen zen, baiño berandu. Ordu bete lenago etorri balitz, libre zan mutill gizajoa. Baiño ordurako afusillatu zuten Lesakan. A gizajo gizajoa!
Geroztik beiñ baiño geiagotan igaro naiz Irundik Endarlatzara arrazkero egindako zalpurdi edo kotxe bidean; baita ikusirik bidearen gañeko aldean baserri ura, oroitu ere gau artako gertaeraz, Jaunari eskerrak emanaz, eriotzako arriskutik atera nindualako, eta erregutuaz Ituindar nere lagun maitearen animagatik.
Igaro dira irurogei gabon gau, baiño bizirik dago oraindik nere gogoan Ituindar gizajoa, eta beragatik erregutzen.
Batistak 1898an
—III—
Martiñ ill zala badira iru edo lau urte: Batista bizi da oraindik 82 urterekin,
eta egunik geienetan berarekin itz egin det.
Bada Lesakan, Ola bat Biurgaraikoa deitzen dana (bi ur edo bi erreka artzen dituena) eta andik bertan zelai lau-lau bat Burtsoro deitzen dana (nonbait bi errekak elkartzen diralako, bi uren erdian dagoelako; bada bi errekak elkarturik, dijoa alde batetik eta bestetik olako aldapara dijoan ura, eta erdian zelaia edo soroa, bada guk zelaia deitzen diogunari an deitzen zaio soroa).
Zelai artan bazan orain berrogei urte, burnizko gurutze bat, gaztaiñ zugatz edo arbola bati josita. Zenbat aldiz aren aurrean igaro izan nintzan (oraindik mutill gaztetxoa), beldur santu batekin, txapela erantzi, Aitaren egiñ, eta Aita gure eta Abe Maria arrendu edo errezatuaz! Bai, beldur santu batekin! An ill zuten Ituindar estudiantea aiñ ona gizajoa!... Eta aren ama?
Eztakit amagatik ala semeagatik adierazi oi zuten errukitasun geiago Lesakarrak, gertaera au kontatzean.
Cuba eta Filipinetako gerratean ill dira mutill asko eta berakgatik erregutu degu. Ama askok negar egin dute, eta aurrerakoan eztakigu zer ikusteko gauden, bada zerua goibeldurik agiri da... Badator gabon eguna, badator gabon gaba. Zer egin genezake? Beste erregu bat.
O Jesus, gure Salbatzalle maitea! Belenen jaio ziñanean, aingeruak erestu edo kantatu zuten: Gloria zeruan Jaungoikoari eta pakea lurrean gizonai. Iguzu arren pake ori; pake egiazkoa; pakean eta elkar maitatzen bizi, eta pakean eta zure amorean ill gaitezen, erestu edo kantatu deiogun: Gloria zeruan Jaungoikoari.
1898ko Lotazillaren 16an
Euskalzale, 1898
|