IJITUAK
—I—
—Ai Pauliñ! Guriak egin du.
—Zer egin?
—Juan giñan gu txakurraren salara.
—Zergaitik?
—Zergatik! Astotxo bat ere eztegu izango mozteko eta gure irabaziak juan ziran pikutara.
—Eta zergatik eztegu izango astorik mozteko?
—Oraingo tren eta automobillekin, ezta asto eta mando bearrik. A Kataliñ gaixoa! munduko berri oraindik eztakizu.
—Zergatik diozu ori?
—Sekulan aditu eztiran astakeriak, orain aditzen diralako.
—Zer astakeri?
—Egunero paperetan irakurtzen degu: automobil bat berreun milla puska egin dala; eta an zijoazenak ill edo zauritu egin dirala; lasto baten goraberagatik duelora, au da, alkar iltzera dijoazela, pistolaren kañoian edo ezpataren puntan arrazoia balego bezela, ta beste orrelako milla astakeri.
—Oiek gure modukoen kontuak izango dira...
—Ez, emakumea, ez; markes edo kondiak dira aurrenekoak.
—Beraz anka biko astoak, ezta ala Pauliñ?
—Orixe da. Oietako pare bat moztutzearekin, naikoa degu urtean.
—Bai, eta zuk moztuko dituzu?
—Bai, bai; ardura andi gabe.
—Naizu apostu bat ezetz?
—Baietz, famili guziaren bazkaria, nere egunerako.
—Ollo ta guzikoa?
—Bai ta txanpan ere.
—Egiña dago.
—II—
—Ikusi al dezu Pauliñ ijitoaren ollarra?
—Ikusi bear: erri guziak aotan darabill ta...
—Bai, oraindik geiago adituko degu.
—Zer ba?
—Arrautzak egiten omen ditu. Or dabiltza arrautz oien ondoren andizki guziak; bañuak artzera etorri diran andizkiak ere arrautz oien kontu geiago omen dute bañuena baño.
—Eztakit ezer ere.
—Txorabil jente guziak eztu nunbait beste egitekorik.
Eta egiaz, Markes de Txoriburuk eskeñi ziozkan ollarrari bi milla peseta; Konde Kirtenesek iru milla, eta oni eman zion Pauliñek.
Damutxo zuan Txoriburuk lau milla ez eskeñia, eta Pauliñek jakitean, esan zion lau milla pesetan ura baiño ollar obia inguratuko ziola. Pozik eman zituan Txoriburuk lau milla peseta eta beregandu zuan ollar guziz panparroia.
Biak kontuan jarri zituan, ollarrari egingo ziela nobedaderen bat leku aldatzeak, eta illebetetxo batean etzutela arrautzik egingo, mika aldi izango zutela, baiña gero izango zirala egunak bi ere egingo zituztenak. Sinistu zuten eta bapo (Pauliñ).
—III—
Egun gutxi barru kimeratu ziran markexa ta kondea.
Egia esateko, etzuten gauz andirik bear ortarako; bere izenen jabe ziran. Erri guzian jakin zan bi ollarrak (ez markesak) peliara, au da, burrukara zijoazela eta trabesak ere ondotxo egin ziran. (Etzuten zer egin andirik).
Pauliñen eguna zan baña onek etzuan biotzik bere ollarrak burrukan ikusteko; eta erdi negarrez aldendu zan erritik.
—IV—
Bazkaria
Bazan Soroetako zelaian jendea. Ijito arraza guzia an zan. Bazan antxen erlearen burrundara. Etzegoan ollarraren errukirik.
—Baiña, Pauliñ, nola engañatu dituzu markesa ta kondia?
—Iriburuko atxuak ekartzen zizkidan ixillik antzarren arrautzak erreal banan, eta gañerakoa badakizute.
—Eta zazpi milla peseta atera diztezu?
—Bai, bai; ona emen nun dauden.
—Merezi luke ba orretxek bertso bat.
—Emen dijoa ba:
Emazteari nion
egin nik apostu
anka biko asto bi
aurten baietz moztu;
zazpi milla pesetaz
egiñik kastuak,
orra bi asto oiek
ederki moztuak.
Argia
|