PRAKA BERRIAK
Billa ezazute lenengo Jaungoikoaren
erreinua, eta beste gauza guziak
geigarritzat emango zaizkizute.
—Manuela, izan al zera elizan?
—Bai ba, Martolo, izandu naiz.
—Zer eman dizute?
—Ematekorik asko ematen digu Jaungoikoak.
—Zer ba?
—Eguneroko ogia.
—Bai, nik nekez irabazita.
—Eta illabeteko uelga egin dezutenian, nork eman digu?
—Ori... nik eztakit.
—Nik bai, ordea. Zuk ezer ekarri ezagatik, maian beti jarri dizut eguneroko ogia.
—Beraz...
—Beraz... beraz, nagia pizkortzen ezta erraz.
—Bapo. Enekian bertsolaria ziñanik; baña goazen lenera. Ni elizara juango nintzake ba, zerbait atera al banezake.
—Otoitz egizu eta iritxiko dezu nai dezuna.
—Orain praka berri batzuek palta egiten dirate ta...
—Zere eskuan daukazu iristea.
—Nola?
—Egiozu bederatziurren bat San Antoniori.
—Bai! Onik onenian sitsak jandako praka zarren batzuek...
—Ez, gizona, ez.
—Ondo da; baña iristen ezpadet, eztet geiago errezatuko.
—Eztezu ba len baño gutxiago're egingo. Eta alegia; iristen badituzu praka berriak, zer egingo dezu?
—Jantzi.
—Eta errezatu?
—Baita errosarioa ere.
—Izena jakitea're ezta gutxi.
—Zuk baño len ikasi nuan nik errosarioa errezatzen.
—Bai aztu're neri baño len.
—Nik ba, egingo det beñepeiñ bederatziurrena.
—Eta gero errosarioa errezatu ere bai?
—Praka berriak iristen baditut, bai.
—Itz ematen didazu?
—Baita milla itz ere.
Martolok itz eman du
egingo duela,
baña alare ezta
pio Manuela.
—II—
Askotxo kosta zitzaion Martolo'ri Aitagurea ikastea; «eguneroko ogia» eskatu bearrean, beti eskatzen zituan praka-berriak.
Ametsetan ere beti bere praka berriak zebilzkian burutan.
Anbrux maleta zarrak
esaten duanez,
gose danak artua
egiten du amets.
—III—
—Zer modu, Manuela?
—Ondo, ta bedori?
—Oso ondo Jaunari eskerrak.
—Konde jaunaren berririk bai al du?
—Bai; Habanatik bialdu dit eskutitza, eta dio, etorriko dala amabost egun barru.
—Asko poztutzen naiz eta errezatuko diot ondo etorri dedin.
—Eskarrik asko. Eta Martolo?
Esan zion Manuela'k kondesari gertatzen zitzaion guzia. Kondesak erantzun zion, an zeuzkala bazterturik, kondiak utzitako erropa batzuek, eta juan zedilla arratsaldian txokolatia artuaz, nai zituan erropak aukeratzera.
Etzuan izan kondesak bi aldiz esan bearrik.
Txokolatia artu,
erropak ekarri,
Martolo'k eztu bear
izan errukarri.
—IV—
—Aizazu, Manuela.
—Zer degu, Martolo?
—Praka berrien berririk ezta?
—Zenbat egun daramazkizu bederatziurrenean?
—Zortzi.
—Ba, egiñ ezazu bederatzigarrena eta orduan, eta ondo egiten badezu, prakak eta beste zerbait geiago're espero dezazuke. «Billa ezazute lenengo Jaungoikoaren erreinua eta bere justizia, eta beste gauza guziak emango zaizkizute geigarritzat» dio Jaungoikoak.
—Zedorrek aditu diozu?
—Utzi egiezu kontu oiei eta egizu ondo bederatziurrena.
Gaberdira arte Manuela an aritu zan erropak moldatzen, eta gero ixill-ixillik utzi zituan silla batian, senarraren gelako ate aurrean.
Zer esango ote du
Martolo'k goizian
gelatik irten eta
sila topatzian ?
—IV—
San Antonioren egunian jaiki zan goizian goiz Martolo, eta gelatik irtetzean illunetan, jo zuan belaunarekin silla eta esan zuan: «Praka berriak iritxi baño len apurtuko ditut nik zarrak». Idiki zuan leioa eta ikaraturik gelditu zan arkitzean praka berriak, txalekoa, gabana ta alkandora plantxatua, eta esan zuan: «Edo sorgiñak edo San Antonio dabill emen».
Onetan arkitu zuan erropa artian San Antonio'ren iduri edo estanpa bat idazti onekiñ:
Entzun ditut zerutik
zure otoitzak,
sinistuko didazu
nik ala deritzat.
Orra praka berriak
jan gabiak sitzak,
eta gañera ere
zerbait geigarritzat,
eta kunpli itzazu
emandako itzak.
POSDATAN. Martolo gizajoa, apainduta an emen dabill, ispillura begira, atzera ta aurrera, bere burua ezagutu eziñez Martolo ote dan edo ez.
Euskal-Esnalea, 1917
|