EUSKAL-ERRITIK ZERURA
—I—
Egun tristeak eldu zitzaizkan Bentura gaixoari. ainbeste maite zuan amona, beretzat amaraik onena izandu zana, ainbeste laztan gozo eman zizkana, zerurako bidea aiñ ondo erakutsi ziona, ill zan larogei ta amaika urterekiñ, gelditzen zala bera ogei urtekoa lurrean, jabe gabe.
Atsekabe guzien artian bazuan atsegiñ bat. Berak egiñ zion al guzia amona gaixoari, ta ala ill zan kristau on bat bezela, ta gañera aterako zizkan al zituan Mezak, lenbailen zerura zediñ, lenagotikan ezpazegoan ere, ta amona gaixoak zerutik lagunduko zion.
Andre Errosa etzan aztu Benturaz; bere jauregira ekarri ta alabatzat artua zeukala zirudian. Esan bearrik eztago, zeiñ ondo erantzuten zion Benturak bere ongilleari.
Neguko arrats batean, errosaio santua esan, eguneko santuaren bizitza irakurri, ta lotaratzeko artian goiztxo zan, ta esan zion Andre Errosak Benturari:
—Bai al dakizu ipuiren bat?
—Ipuirik eztakit, baña bai ipuiaren antzeko beste gauza bat.
—Zer ote da ba?
—Amets bat.
—Zedorrek egiña?
—Bai, andria.
—Polita al da?
—Nere iritzian oso polita.
—Esango al didazu?
—Bai, andria, ta oso pozik bedorrek nai badu.
—Aditu dezagun ba —esan zuan Andre Errosak, ta Bentura asi zan esaten onela:
—Gau baten asi nintzan ametsetan, lo nengoala.
—Bai alegia, lo egongo ziñala —esan zion Andre Errosak—. Esna dagoala eztu iñork ametsik egiten.
—Barka beza —erantzun zion Benturak—, esna nagoala're egiñ oi det nik amets.
—Benetan?
—Bai, andria, bai, bene-benetan.
—Beraz bi amets, bat lotan ta bestea esna egiñ dituzu.
—Alaxe da, andria.
—Gaur esan zaiguzu ba lenengoa, au da, lotan egiña, ta bigar esango dezu bestia.
—Astera noa lenengoa esaten. Len asi naizen bezela, esaten diot berriz ere: lo nengoala agertu zitzaidan aingeru oso eder bat. Bi ego txikitxoak zekarzkian eskuetan.
—Emakumea —esan zion Andre Errosak—, eskuetan eguak?
—Bai, andria —erantzun zion Benturak—, baña oiek zekartzkian, bere ego andiaz gañera.
Ezarri ziztan nere sorburuetan bi ego txikitxuok, eta esan zidan: «atoz nerekiñ», asi giñan biok egaka, ta laster eldu giñan illargia, eguzkia ta izarrak baño're gorago.
—Eta begira —esan zion Andre Errosak—, ez al zenduten arkitu bidean oraingo aeroplano oietakorik?
—Batzuek bai, andria; an zebiltzan, sagu-zarrak ziruditela, beiñ ara, beiñ ona, mozkorturik ibilli oi diran gizonak bezela, baña ez giñen jaramon andirik egiñ.
—Eta gero? —galdetu zion Andre Errosak.
—Gero —erantzun zion Benturak—, bereala eldu giñan zerura. An zer ikusi, zer aditu ta zer sentitu nuan, nik eziñ esan nezake. Iruritzen zitzaidan, edertasun gozo ta atsegiñ guziaz egindako itxaso bat zala, ta itxaso onen erdian nengoala. Goien-goienian ageri zan jargoi, izan diteken ederren bat, emakume bat, an jarria, aingeruak baño're askoz ederragoa, ta aingeruz inguratua. Nola enekiala, ega egiñ nuan bere oñetara, muñ egiñ naian, baña «ez» esan zidan. Artu ninduan bere besoetan, ta eman zidan laztan andi bat nere bekokiaren erdi-erdian. Zer zan ura! Arren gozotasunak pozaren pozaz ler eragiñ bear zidan, ta esnatu nintzan; nekez konturatu nintzan, nun arkitzen nintzan.
—Pena izango zenduan ba gero —esan zion Andre Errosak.
—Ez ba alaña're —erantzun zion Benturak—, amets ori oraindik egi biurtuko dalako esperantzan gelditu nintzan, ta Jaungoikoak ala izan dezala.
—II—
Bigaramon gabian ere, beti bezela, errosario santua esan, eguneko santuaren bizitza irakurri, ta esan zion Andre Errosak Benturari:
—Ia nola esaten diguzun orain bigarren ametsa.
—Esna nengoala egiña, edo maiz egiten dedana?
—Bai.
—Berealaxe —erantzun zion Benturak—. Nere amona maiteak, ill bear zuan aurretxoan, eman ziztan esonde edo konsejuen artian, bat gelditu zitzaidan biotzian oso itsatsia. «Eztezazula beñere Euskal erritik irten; Euskal erritik zerura; Euskal erritik zerura»; Euskal erritik zerura. Iru alditaraño esan zidan, eta nik badarabilt buruan asmo bat, esonde edo konseju ori egiteko, baña amets bat bezela.
—Eta jakiñ dezaket nik asmo edo burutazio ori zer dan? —galdetu zion andre Errosak.
—Bai, andria, bai —erantzun zion Benturak—. Berealaxe esango diot: mojen Elizan sartzen naizen bakoitzian, esaten det nere artian: «ni or barruan biziko banintz, juango nintzake Euskal erritik zerura...».
—Eta juango ziñake moja? (Andre Errosak).
—Bai, andria; baña...
—Eta berak, au da, mojak, etzinduzteke artuko?
—Bai, andria; baña...
—Zer esan nai dute bi baña oiek?
—Lenengoak esan nai du, diru edo doterik eztedala.
—Eta bigarrenak?
—Bedorren borondatea're bear dedala.
—Eta dirua izanta're, nere borondate gabe etziñake juango?
—Ez, andria.
—Zergatik ez?
—Asko ta asko zor diodalako, ta gañera lotsaren bat ematen badit ere esateak, esango diot; asko ta geiago ta esan eziñ ainbat bedori maite dedalako.
—Eta nik nai izan ez arren, Jaungoikuak deitzen badizu?
—Jaungoikoak nai du, ongilleai esker onez erantzutea: ta nik erregutuko nioke, bedorri borondatea mudatzeko, neri baimena eman degidan, ta iritxiko nuke mesede au: ala uste det.
—Iritxia daukazu gaixo orrek —zion Andre Errosak bere biotzian; negar-malkoak asi ziran azaltzen bere begietan, ta Benturak igarri etzegion—.
Bai, bai, bigar itzegingo degu —esan ta juan zan Andre Errosa—, gabon —esanik, bere gelara; baita Bentura're berera.
Andre Errosa bere gelan sartu beziñ laster negar ugari egiñ eta asi zan bakarrizketan onela:
—Ai Bentura, Bentura! Eztakizu oraindik, zenbat nai dizudan; aingeru bat zera, zure amona zanak esan oi zuan bezela, ta aingeruentzako bizi-lekua lurrian, zuk begiz jo dezun etxe santu orixe da. Zartu naiz, eta laister ill bear det; zugandik aldentzeak bizia laburtuko dit, baña ezagutzen det ondo, gaztearentzat gaur arrisku aundiak daudela, bakarrik gelditu ezkero. Zure amonak deitzen dizu «Euskal erritik zerura», ta biderik zuzenena berak gogoan jarri dizu; ni berriz pozik illko naiz; leku aiñ onian zu uzten zaitudalarik, nere animaz ere zu oroituko zerala gogoratzean.
—III—
Eztitut gogaitu nai nere irakurleak: alik laburren amaitzera nua.
Ama Birjiña Karmengoaren eguna izandu zan zorionekua ta gogoangarria Benturarentzat. Egun onetan egiñ zuan sarrera komentuan Andre Errosak lagundurik. Azkeneko laztana ematean Benturak bere ama-ordeko andre Errosari, esan zion: «Laztan au da, laster zeruan betikotasun guzian emango diodan laztan gozo aren asiera...».
Denbora gutxiko sartu zan Bentura komentuan. Amasei illabete zeramazkian, ta gaixoturik, sendakiñak lenengo egunetik emen zion epai txarra. Bere gaitza biriteria zan, bere ama zanarena bezela.
Oso triste zeuden mojak, baña ezagutzen zuten, Bentura aingeru bat zala, ta aingeruen lekua zerua zala. Gaixoa berriz gaitzaren indarraz eta zerura lenbailen juateko egarriaz, ondo prestatu ta eriotzara urreratuaz zijuan.
Ai! Arnasa estua dauka gaixoak, izardi larretan dago; itzik egiten eztu.
An dagokio Prai Juan ondo illtzen laguntzen... «Idiki bitez zeruak,... betor Gaoiaingeru Migel santua... betoz zure bidera Aingeru guziak, zerura eraman zaitzaten» esaten zuan Prai Juanek, eta gaixoak, begiak zabal-zabal egiñik, irri-parrezko arpegiarekiñ izketa asirik dio: «Ai, au aingeru-talde ederra, ai, auek kantu alaiak! Veni sponsa Christi; atoz Kristoren esposa, kantatzen dutela datoz, atoz Kristoren esposa».
—Banatorkizue bai —erantzuten du gaixoak.
Moja guziak negarrez zeuden bere inguruan, ta beren buru egiten zuanak galdetu zion: Nora zuaz gaixo ori?
—Nora? —erantzun zion Benturak—. Euskal erritik zerura...
Auek izan ziran bere azkeneko itzak.
—IV—
Komentuko illerrian ageri da oraindik zurezko gurutze zartxo bat ondorengo idazki onekiñ:
Ementxen dago obiraturik
aizpa txit maite Bentura,
aingeru baten antzera beti
bizi izandu zan ura;
baña aingeru bat bizitzeko
diña ez izanik lurra,
gorputza illik anima juan da
Euskal-erritik zerura.
Euskal-Erria, 1914
|