|
—IX—
Medellin, erri ederra ta langillea. Beti epel. Betiko udaberria. Abizen euzkotarrak ugari, bañan jatorriz euzkotarrik bat bakarrik ere ez. Ez ziran urretik eta ezta oletatik ere bizi; ango lan geiena len eta orain kape biltzea da. Ingurutako mendik kapez ereinda daude. Andesetan mendi ederrenetakoak. Geienak soillak dira Andesetan, larru gorrin azaltzen dira, bañan kapea duten mendik baso ederrez jantzita, zugaitzpean kapea madul azi dediñ. Kapea izateko estaliko dun basoan bear, epel bero antzean eguzkiak jotzen ez duala. Kape lur ori suge ta zomorro geieneko tokia izaten da. Medellin ikusteko ez dago kape tartean sartu bearrik. Zelai ederra, atsegiña, jende ona ta elizakoia. Ala ote dan jakiteko ango eliz mordoa ikusi besterik ez dago. An sartu zan Zubiburu, ta lanean asterako katedralera joan zan otoitz egitera.
Ondorengo egunetan, toki batetik bestera galdezka, jakin zuan andik zazpi ordura bezela, autobusean joanda, ibai koskor bat ba zala aspalditik urre zantzun miatua eta gero ere eziñ etsirik jendea lanera joaten zana. Orain jaberik gabe zegon. Egun batean autobusa artu zun eta an joan zan bakar bakarrik izena besterik jakin gabe. Bidea mendi gañean zijoan, iru milla metrotikan gora. Txoperrak esan zion tokin autobusetik jetxi zan. Biderik ez. Ibaiari berari nola edo ala saitsetik jarraitu bear. Azkenean, luzaro ibilli ondorean, Aralartik bi bider jetxita bezela, ikusi zuan toki bat zelai antzekoa eta an urre lanean ibillitako zantzua. Berago joan eta bereala itzuli zan berriz ere toki ura ikustera. Esan ziotenez urtean iru illabetetan bakarrik lana egin leikiana, beste bederatzitan euri bizia izaten dalako. Dena basamortua ta malkarra, antxe pittiñenbat zelaixeagoa. Arkaitz baten gañean exeri ta ala zion bere buruari: «Toki onera etorri aiz! Ordutan eta ordutan iñor eziñ ikusi leiken tokia. Etsiko al dek? Eta iraungo al dek? Bañan aulkerik alde batera utzi ta lanerako garaia besterik ez dek oraingoa. Emen zegok ire etorkizuna. Ementxe. Nork esan emendikan urre pillak eramango ditukela? Ez dizkirat urte asko bear ziaro aberastutzeko. Eta, zertarako? Mirentxo gabe mundu ontako urre gutzik zertarako? Dana dala Euzkadira urrez aseta joango nauk».
Kamiora igo zanean, ordu bi ibillita gero lenengo ikusi zun etxetxo batean sartu zan; besterik ez ainbeste bidean. Ezurretan zegon zakur zaunkalari bat atera zitzaion, eta arren zaunketara atxo tximel bat. Ez zion berealakoan sartzen utzi. Egia da barrunbe ura erakustekoa ez zala. Leiorik ez; sukaldea surik gabe; eltzea ta partza sutondoan zintzilikatzeko lagatzik ere ez zegolako; bi baztarretan iñorkiña etzateko; exeritzeko, bi petrolio kaja; igali ta belar ondu batzuek zintzilika... Atsoari galdetu zion ia ingurutan bilduko ote ziran bost sei lagun berarekin minan lana egiteko. Zionez zailla zan bañan al egiñak egingo zituala sortzeko. Medellinera eraman zuan kamioi batek. Urrengo egunetik aurrera naiko lan izan zuan mina bere izenean jartzen, tresnak, jakik, ixkillua, errebolberra, edarik eta gañerakoak erosten. Ez nai bañan lenago, denak antolatu zitun, eta atsoarena joan zan, denak kamioi batean zituala. Beste egun batzuetan gizonak azaldu ziran eta bere aiekin poliki poliki eraman zituan denak minara. Lekaidetako bero izugarri artan izan zanean bere buruari esaten zion mundu ontan amaika aldetara lo egin leikela: amaka bat naikoa; gero iru milla metro bañan goragoko atso aren etxe artan otzak ebaki bearrean, iñorkiñ zikiñaren gañean lo egiten ikasi zun. Asi ba zan asi zan eta gogorrak pasa bear zituan.
Bere gizonekin lenengo etxe bizitza egin zuan, goitik bera guadua esaten dioten kañabera aundi batzuekin, zirrikituz betea, ibaiko uretik gora-xamar, malkar malkarrean, eta gero bestea langilleentzat aundixeagoa, gañerakoan berdiña. Erdin zintzilika krixallua; iñorkiñez antolatutako oia; oiaren ondoan ixkillua ta beti berarekin errebolberra. Beroak ito bear; edateko urik ez, ibaikoa oso txarra zalako. Garardoa ta jateko gauza asko eraman zituan latetan, bañan laixter igarri zion garardoa ezpañak bustitzeko ainbat besterik eziñ artu zuala ta jateko gogoa ziaro galtzen zala. Baztar artan bizitzeko bertako zomorroa bear. Bere etxearen azpin egoten zan egun osoan zapo aundi bat, ikusgarria; gero txikigoa iruditzen zitzaion, bai, lagun egin ziranean. Eltxoak jan bear. Ixkilluz ill zitun sugelarruk saltzen asi ba zan urrea bañan okerragoa ez zuan izango. An nola bizi iru illabete bakarrik izan arren? Denerako gogoa galduta iritxi zan, Miren galduta dena galdua jotzen zualako, ta illda ere ajolarik ez zitzaion. An gelditu zan.
Lenengo lana kanal bat egitea izan zuan; uste zuan erreten artatik errez bialiko zituala legorteko ur pixkak oso legorrean lana egiteko. Bereala bai talde bat egin zuan zulo aunditatik asi ta txiki txikitaraño azkenengoan ondar txea bakarrik gelditzen zala. Baiak urez dantzatzen gizan gizonaren indarrik gabe. Eta baien gañetik, ura gelditu gabe lur eta zikiñ-zantzu guztik kentzeko. Eta ori guztia euritan legortea asterako dena antolatua euki nai zualako. Eta nolako euria! Eskerrak egun osoko busti ura soñarentzat atsegin zala.
Urte artan euritea beñere bañan luzegoa izan zan. Itxura txarrean lanean astera zijoan. Bereala urrea sumatzen ez ba zun, jarraitzeko dirurik ez. Burutazio gaiztoak zeuzkan Zubiburu gizajoak. Andoni ta Bixentakin askoz obetogo izango zala milla bider pentsatu zun. Orain nola itzuli? Ezta illda ere. Lanerako sasoia gelditzen ba zitzaion ogia sortuko zun. Okerren okerrenean zegon bere burua galduta ikusten: itxaropena galtzen dan tokin ezer ez dago. Edozein gauzetan asteko, ta naiz bizitzeko bakarrik, bi gauza bear dira: zerbaiten gura beroa izan eta gogo ura egia izatera iritxiko dala itxaropena. Oiek biak gabe gizona galdua da.
Noizbait atertu zun. Ander bere gizonekin lanean asi zan. Aste betean egindako lanak uralde batek eraman zizkan. Berriro asi bear. Inguru aietako ondarreri astindu ederra eman zioten. Pittinka, pittinka urre autsa biltzen asi zan. Urrea ikusteak piztu zun, bearra zeukan eta. Ezurretan zegon. Iraun zezakeanik ez zirudin. Bere biziarengatik iñork ez zuan txanpon bat emango. Ainbesteraño auldu zan.
Bi illabeten burun euria asi zun beste bederatzirako. An bukatu ziran Anderren lanak. Irabazitako auts guztia ontza bat urre. Eta langilleeri zorretan. Euria asteakin baten eztulak eman zion, eta bere txixtun odol izpi bat azaldu zan. Bereala antz eman zion ura zer zan. Orduraño Miren, diruk eta denbora galdu zitun, eta ordun osasuna galduta arkitzen zan. Lanerako gauza ez. Zorrak ordaintzeko langilleeri utzi zizkaten tresnak eta ontza bat urre autsetan zuala Medellinera joateko asmoa artu zuan.
Zer egin zezakean gizajoak! Ura zan mutillaren planta! Ari bai esan zezaiokiala, ezurra daukak ugari mamirik ez zaik agiri. Kolore gabea. Bizarra ainbeste denboran kendu gabea ta geiago kenduko ez zuana. Illea zurizka, ez alakoxea izana bañan. Agure bat bezela okertuta. Eztul txar bat, lotan zegona esnatuko ez zuana bañan esna zegoanari lorik artzen utziko ez ziona. Iñork ez zizkion irurogei urte bañan gutxigo joko.
Iñungo ezagunetara joateko bi akats zeuzkan: lotsa ta gaitza. Zein bañan zein okerragoak.
|
|