|
—II—
Gutxi gorabera bi illez bein Bordeleko kaietara zijoanak, gizonek ainbeste aldetara zikindutako Garonne izena dun ibai artan, ikusi zezakean ontzi zuri sabelaundi bat, bi tximinikoa, lozorroan uretan etzanda, sabela bete zai Ameriketara joateko. «Cuba» zan. Arren mirabe aundia ume bat balitz bezela zuriz jantzita ikusteak begiratu batera nornai arritzen zun. Eta ez zan arrigarria: urtean zazpi zortzi aldiz joan bear izaten zun Bordeletik Puerto Limonera bereala itzultzekotan, eta bitartean, Guadalupetik Costa Ricarañoko tarte ortan, bero izugarritan iraun; eta, jakiña, beroa uxatzeko zuriz jantzita zegon ongiena. Kaiari eantsita zegon garaiean ango ardalla ez zan nolanaikoa izaten, lenengo ustutzeko ta ondorean betetzeko. Ameriketatik etorri zan eta Ameriketara zijoan, jendea zala, andik ekarritako algaroi pardoak zirala, bananak, ganau, kaiman larruk eta abar kaian bere saitsean pillatuta, al beziñ len Prantzin barrura eramatekotan; kajak eta kajak, soñekoz, oñetakoz, makinaz eta gañerakotzaz beteak Ameriketaratzeko; gizon muturbeltzak bata bestearen ondorean ontziaren labetarako ikatza sartzen; gruaren kirrikimarrakak eta bapore ziztuk, edozein kai aunditan ikusten dan antzera. Garai batean iñork ez zun asko usteko aberastasun ura guztia doixtarrek torpedo batez ondatu bear zutela. Bañan ala gertatu zan.
Udazkeneko illunabar otz batean, «Cuba»-ren ingurun pakea besterik ez zegon. Lanari utzi eta denak alde egin zuten. Kaian, ontziaren alboan, bi gizon bakarrik agiri ziran; bata algaroi pardo baten gañean exerita, ixtarrak gainka, ezkerreko eskua ixtarrean, eskubiko ukalondoa esku orren gañean, eta kokotza beste esku zabalean; Rodinen oldozmen zalea zirudin. Gizon arren pentsamentuk ez zuten nolanaikoak izan bear: bere oñetakoen gañean zebillen xagua ez zun ikusten; begik zabalik, itxuarenak bañan geiago balio ez zutela; bestea, eskuk atzekoaldean tolostatuta, an zebillen saitsean lurreruntz begira. Biek, itxuraz, ontziratzeko asmoan zeuden. Uriaurre'tar Andoni ta Zubiburu'tar Ander ziran. Ez batak eta ez besteak ez zuen Ameriketara joan bearrik oparo bizitzeko. Oparo ta lasai etxean bizi ziran. Zailla izango zan Ameriketan ain ongi bizitzea. Bañan guda madarikatu baten ostikadak biali zitun eta an zijoazen.
Noizbait Andonik eten zun:
—Utzi ditugun toki, mirabe ta gauzak aztutzerako aldi bat joango da. Ba dakigu goizeroko ta gaberoko pentsamentuk nolakotsuk izango diran. Lanak eta jendearekin itz egin bearrak atzenduko al dizkigu zerbait...
—Orain beñepein aztutzeko gai ederra daukazu: goazen tokin zer ikusiko degun. Bai al dakizu zer gogoratzen zitzaidan?: Ibai zikiñ ori Avernoko putzu nazkagarria dala, Karonte ontziaren gain gañean daukagula ta Kanzerberoren mendera goazela.
—To!; alaitzeko bide ona. Utzi ditzazu mitolojia, Virgilio, Dante ta gañerakoak alde batera ta gauza alaiagoren bat esan zazu.
—Arrazoi dezu. Eta bururatu zait.
—Zer?
—Goazen Cafe de Bordeauxera eta antxen Europari despeida on bat egin bear diogu. Gure txanpon pixkentzat toki oberik ez: gilborrean sartu.
—Goazen, erantzun zion Andonik.
Nabarmenkeri aundietan ibiltzeko ez zeuden, ez. Kutxa ta arropa pixkak erosi ondorean, gelditu zitzaizkien txanponekin ez zuen mordo aundirik egingo. Bañan burua betiko lepotik, batetik, eta oituera zarreri agur egin naia, bestetik, an joan ziran. Apari-merienda goxoa: Marenneseko lapa aunditakoak, Moulin de Soubeyrongo ardo zuriarekin, ommelette aux fines herbes, kapea ta fine de la maison. Bapo! Etsi etsi egin eta ontziruntz, gau artako amaiketan joatekoa zan da.
«Cuba»ren saitsean zai zeukaten Mr. Biela gizajoa, paperak zuzendu zizkaten Konsularen larogei urteko morroia. Berak zeramaizkien burutazioak naiko ez balitue bezela, Mr. Bielaren atsekabeak entzutea egokitu zitzaioten. Agure errukarri ura, Bordeletik urruti gabe etxe txiki batean bizi zan bere bi alabekin. Etzuten maite. Urrengo argiskillan, noski, azokara joan bearko zun sukalderako janarik erostera; ondorean bi alaberi gosarik oiera eraman eta gero aien bi txakurtxoekin ingurutan ibilli aldi bat egitera. Azkenean lantegira. Malko sendoak ixuri zitzaizkan gizonari. Zenbaterañokoa ote zan bere samiña, bi arrotzeri bere atsekabeak ala agertzeak erakusten du. Gure lagunak al egiñak egin zizkaten apaltzera «Cuba»n gelditzeko, bañan bere gogo beroena alde batera utzirik etxera joan zan, etxea zaintzera, bi alabak kabareten bateko dantzatik edo beste erriko zuloren batetik zijoazen bitartean.
—Atoz gurekin, Mr. Biela, esan zion Uriaurrek. Biren tokin iru berdiñ bizitzen dira. Europa ontan nazkagarrikeria besterik ez dago. Bere iru milla urtetako krakak estalia daukate, eta erratzez goitik bera garbitzen ez dan bitartean emen bizitzerik ez dago.
Mr. Biela gizajoak, negarrari ez, baizik arrantzari, eman zion, eta agurtzeko gauza ez zala, alde egin zun.
—Bañan ikusi al dezu neska arraio oiek agure gizajoa nola daukaten? Zuk esandako erratza gutxitxo da orrenbeste zikinkeri garbitzeko, esan zun Zubiburuk.
Bi lagunak itzik gabe gelditu ziran. Bai Ander eta bai Andonik ez zituzten bere amak eta arreba bana bakarrik utzi. Burun beste zerbait ba zemaikien. Naiz gai ortan elkarren berri asko ez jakin, bien pentsamentu antzekoa zeukaten: Uriaurrek, Bixenta Ozama eta Zubiburuk Miren Orreaga.
|
|