|
—VIII—
Zubiburuk lekaide adixkideak ba zituan Uraba aldean eta aietara joan zan urre arazo orretan zerbait egin zitekian jakitera. Urabako mixio artan bi lekaide zeuden, bata Aita Deunoro eta bestea Aita Luis. Ikusi zutenean eziñ xinixtu zuten adixkide euzkotar bat baztar aietan agertzea.
—Bañan gizona, zer zabiltza?
—Neonek al dakit.
—Guri laguntzera ez zera etorriko noski.
Gero, berriketarako naiko beta eziñ osaturik, elkarren berrik esan zituzten. Lekaide gizajo aien bizitza ere ba zan! Indio saill bat besterik ez zegon tokia. Jainkoaren legea erakustera biali zituzten. Batezere umeeri eskola ta dotriña pixkat. Panamatik gertu, basamortuaren ertzean, iñorekin gogoz itz egiteko itxaropenik gabe, an bizi ziran bi lekaideak inpernua bañan berogoa dan baztar artan. Noizean bein itxasoraño joanaz, ez bero gutxigo izango zuelakotan, baizik ura ikusi ta pixkat bustitzeagatik. Bi gizon aiek egindako lana ez zan nolanaikoa. Argatik Colombiako Gobernuak eskerrak eman zizkaten. Edateko urak txarrak, eizak ematen zioten aragia besterik ez, baratza gauzik ez, bertako zugaitzen papaia, txirimoia ta alakoxe igalik... Bietako batek sugeak iltzeko abillidade izugarria zun; bi metro bañan geiago ez bazan beñepein ez zion batek bakarrik iges egiten. Isatsetik eldu, batbatean astindu bat eman, ala bizkarrezurra austen zion eta sugea geiago arrastatzeko gauza ez zala. Erlejuk ba zituzten; ez gaingañekoak eta aien mendean ez bizitzeko eguzkiak erakusten zun erlejua egin zuten biziro ederki.
Aldiz aldiz agertzen zitzaioten Luis Gomez Lekube, getxotarra, Polo izena zuan beltz bat eta indio batzuen laguntzakin kontrabandoan zebillena. Oso ezaguna zan Colombia guztin. «El cojo Gómez» zuan izengoitia. Aren izaera ez zan bi itzetan esatekoa. Panaman gauzak erosi, Atrato izena dun ibaitik sartu ta Medellinera eramaten zituan. Beranduxeago, Pazificoan Jurado ibaitik sartu, kanoa ta kontrabandoa bizkarrean zuela mendiari erain eta Panamako ertzean bertan utzi. Anderrek galdetu zioten lekaideeri inguru aietan urrerik ba ote zan. Ezetz esan zioten. Urrea ateratzekotan Antiokiko menditara edo andikan jexten ziran ibaietara joan bearko zuala. Zubiburuk orrenbeste ba zekin. Medellinen egun gutxietan jakin zituan, lekaidetara bañan lenago Bogotan irabazitako txanponak gordetzera joan zanean.
Bere lagun aiekin, Turbo-n zala, Dabeiba-n zala, eziñ beti jarraitu ta Antiokia-ra joateko prestatu zan.
Lekaideak, agur egiteko, jai aundi bat antolatu nai zioten, eta xinixtu ezin leiken prozesioa egin zuten inguruko umeekin. Negargurea sortzen zitzaion Anderri gizon aien lana ikusirik. Euzkadiko mendietatik Ameriketako basamortura etorri eta bertakoak eziñ bete dituzten lanak osatu. Gaztetan edurretan bizi izan ziranak, orain itotzeko zoriko berotasunean berdiñ.
Prozesioa ikusi zunean biotzak benetan dardar egin zion: ume indioak, orlegi auts kolorekoak, motxantzak, begik katuak bezelakoak, ille beltz zuti gogorrekoak, jantzik bañan geiago erantzik, Euzkadiko umeen doñuarekin abestutzen. Anderrek beñere egin ez zuana, umeen errenkadan sartu ta ondo gogoz deadarka abestutzen jarraitu zuan.
Prozesioa bukatzeko garaiean, atzekoaldetik gizon erren bat agertu zan, morroi beltza aldamenean zuela. Ginballa aundi baten pean, Jainkoak daki zenbat eguneko bizarra, galtzak lokarriz zankoari eantsita, makilla eskun eta ixkillua bizkarrean zemaizkin. Gizon arren begiratu zorrotza ikustea naiko «el cojo Gómez» izan bear zuala igarritzeko. Eliz aurrean, eliza esan bear Jauna zegon tokiari, gañerakoan itxurik ez zuan da, Ander joan zitzaion.
—Zuk euzkotarra izan bear dezu.
—Alaxe naiz. Zu ere bai ikusten deanez.
—Baita.
Lekaideak elizatik atera ziranean.
—Ara bi euzkotar, esan zun batek.
—Ez, lau, esan zuan errenak, zuek bi ta gu biok.
—Egia. Elkarren ezaguera egin dezute beraz?
—Bai; asko gutxi esanak gaude nortsu geran: jaun au Gomez Lekube ta ni Zubiburu.
—Apaltzeko garaia ez da urruti ta iruditzen ba zaizue aparimerienda bat egin genezaguke.
—Neretzat ez, esan zuan errenak. Larrixamar ibilli naiz eta gasolina pixkaten billa nator, zuek jakiten dezue nun jaso leiken da.
—Zer gertatu zaizu ba?
—Itz bietan esatekoa ez da. Orain gasolina jaso eta biar etorriko naiz.
—Tira ba.
Ala, esan zioten tokira joan zan bere morroiarekin Gobernuak bere egazkarin estuasun baterako gasolina zeukan tokira. Beste laurak gizon arren bizieratzaz mintzatzen gelditu ziran.
—Gizon orren biziera ere gogorra da, esan zuan Aita Deunorok. Ara berak esan zidan bezelaxe: Getxotarra, 1902ko otsaillean jaioa. Illaren amalauean, uste deanez. Lau urte zituala ama ill zitzaion. Aitak, bigarren ezkontzarekin egitazko ugazama ekarri zion. Aitak Argentinara eraman zitun. Andik Habanara. Gero berriz Getxora. Eta errenak emezortzi urte zitun garaiean berriro Habanara. Bakarrik, Colombiara etorri zan. Bere lau urtetan sortu zitzaion belaun batean gaitza, ixtar ezurrean gora joan zitzaiona, ta ala ixtar zankoak legortu ta erren gelditu zan. Bogotara joan, andik Medellinera, bietan iru etxe aundiren mendean lana egin zun eta nagusik asko maite zuen lanean oso egokia zalako. Etxe aietako baten mendean zebillela, zapik, oialak eta sedak saltzen, Beneziara (Antiokiako erri koskor bat) iritxi zan eta leio batean ikusi zun denbora gutxi barru bere emazte izango zana, urreantzeko illea, biziro apaña, gero bi seme ta alaba emango zizkana. Besteen izenak ez dira aintzakotzaz artzekoak, bañan txikienena bai: Euzkadi. (Kadito esaten zioten). Kitora joan zan batean zitunak eta ez zitunak zaldi jokun galdu zitun. Ondorean itzuli eta Kali, Manizales eta Pereira-n lana egin zun. Alakorik batean, Antiokiatar batekin bazkundu ta Panamatik Medellinera seda asko sartu zituan bide zuzenetik. Garbi ikusi zuan aiek berak kontrabandoz eraman ezkero irabazi aundia izango zuala. Baita egin ere. Sendia Panamara eraman zuan, orain dun morroi au beste batzuekin artu, ta Panamatik bi gasolinazko ontzietan, (Euzkadi ta Alkartasuna) Atrato-raño. Atrato ibaian sartu ta Panamako mugan arkitu zitun indio batzuek (Cuatro brazos, Pompilio ta Benedita) gauzak gordetzen zizkaten. Aiek gordetzen zizkaten bitartean, beste lau bost txandetan geiago ekarri eta Medellinerako egokierak antolatzen zitun, aurretik erresguardokoak edo Gobernuak kontrabandorik ez izateko ipiñitako gizonak nuntsu zebiltzan ongi jakinda. Erresguardoko oiek azkenengoan larri ibilli zuten. Atraton barrena zijoala, amar toneladako ontzi batean zortzi gizon agertu zitzaizkan bere ixkillukin su egiñaz, eta aien artean Rio Negroko alkatea. Polo-ri ametralladora utzi zion eta berak dinamita artu zuan. Dinamita puska bat ontzi ondora bota eta alako balantza egiñazi zion, ia iraultzeraño, erresguardokoak iges egin zuten larri bañan larrigo, bat bañan geiagok kaskarreko ederra artuta. Gezurra dirudi bañan ala gertatua izango da berak eta Polok esaten duenez, ez dira gizon arroxkoak eta. Medellinera sedak eramaten asi zan eta espetxean sartu zuten Atratoko gertaeran alkatea elbarritu zualako. Ordun erabaki zun Atlantiko utzi ta Pazifikotik astea. Juradoko erri koskorraren saitsa, Curiti, aukeratu zuan Colombiara gauzak sartzeko. Ura dena ondo ezaguna zuan, iankitarreri bi erkalen mugak gordetzen lagundu zioten ezkero, doixtarrek eta Japondarrek andik kalte egingo zuten bildurrez... Errenak zaintzen zituan inguru aiek. Juradora irixten zanean, andik gora igo, mendiari erain eta an gordeko zitun bere gauzak kutxarik onenean indioak eta sei morroi beltzek zainduaz.
—Eta zenbat denbora ibilli zan lan oietan?
—Denera seitik zazpi urtera. Pazifikotik ez luzaro bañan sendo egin zun. Puerto Ovaldia, Panaman, Intxausti izeneko euzkotar batekin bazkundu zan. Peñaprieta izeneko toki batetik ateratzen zan 80 toneladako ontzin (Euzkadi izendu zun) Snark izena zuan makina zalea ta beste sei beltzekin Pitalito-raño. Pitalito ori Panamako mugan bertan dago. Sarrera ain txarra, bertakoak ez due ausardirik izaten an sartzeko. Bañan errena itxasgizona izan eta baztar artan itxo egiten zuan Juradotik sartzeko egokiera izan arte. Azkenean kontrabandoa utzi ta zura lanean asi zan, iankitarrak kaobarekin aberastuko zala esan ziotenean. Eta or galduko da, auzoak etsai gogorrak sortu zaizka ta.
—Obe ez ote luke pake pakean etxeratzea?, galdetu zun Anderrek.
—Ez da geldirik egoteko jaioa ta ez du utziko.
—Kaxo, jaunak, iñork gutxiena uste zuanean esan zun errenak.
—Kaxo, gizon, erantzun zioten.
—Emen gerala.
—Zenbat denborarako?
—Gutxirako. Biar Coredon egon nai nuke, etzi Katzurupen sartzeko, Jurado bañan geroxeago. Beltz oiek nastuko naute orain zuzentzen ez ba ditut. Nere auzoak sarjento izandako lapur bat biali die laguntzeko ta biziro arroturik daude.
—Zertan laguntzeko?, galdetu zion Anderrek.
—Gauza luzetxoa itzetik ortzera esateko. Medellingo ezagun batekin artu nun lenengo Juradon basamortu puska bat. Gero, beste batzuekin, Coredon bestea. Ez giñan ondo etortzen eta azkenean neonek neretzat irugarrena artu nuan Camparado-n, kaoba saill aundi batekin. Nere auzo oieri bertakoak ez die neri beziñ gogoz laguntzen, ori eziñ eraman due ta bereganatzeko sarjento ori biali dirate.
—Ez ote zenduke obe etxeratzea egindako txanponekin?
—Zergati, emen sudurretan orrenbeste diru ikusirik?... Berrogeitabost urte bakarrik dauzkat eta ez ditut bi aldiz izango. Egingo dituanak orain egin bear ditut. Eta bizia, galtzeko ez ba da zertarako da? Biar nerekin eta nere semearekin etorri nai al dezu?
—Beste zer egiñik ez daukat eta gogoz.
Artan semea agertu zan sei beltzen buru zala, amasei urteko mutill galanta, aita bañan aulagoa ez zana. Apari legea egin zezan exeri zuten. Apalondoan, lekaideeri agur egin eta joan ziran Coredora. Ez lekaideak arren da arren Zubibururi esan gabe noiznai zerbaiten bearrean arkitzen ba zan aiengana agertzeko.
Oituera galdua ta ondo nekatuta iritxi zan Ander Coredoko etxera. Guk lenagotik ezagutzen degun etxe artara. Orduan ez giñuzen ikusi errenak gordeta zeuzkan dinamita, ixkillu, errebolberrak, janarik eta gañerakoak. Itxura gabeko ol batzuen azpin zegon iñork usteko ez zuan zulo aundi bat eta an denak gordeta. Goizerako gauzak antolatzen zituzten bitartean errenak eta Zubiburuk luzaro itz egin zuten urre gaitzaz. Errenak gauza egoki bat esaten zion: «Colombian Antiokia eta Choco dira urrea azaltzen dan bi toki onenak. Bigarrenera jende gutxi joaten da. Lenengoan garai batean miatzalleak ugari ziran, bañan olak egiten asi diranean, denak urre lan ori utzi egin dute. Orrekin esan nai nizuke ain ona izan bear ez duala».
Urrengo goizean, aita-semeak, Zubiburu ta Polo ixkilluk bizkarrean zituztela Curitira joan ziran. Errenak, gañera, dinamita ta makilla ez zituan uzten. Iñork ez daki zertara joan ziran; beltzek zuzentzeko izango zan noski. Kanoa batean sartu ta Juradon gora asi ziranean, beste kanoa aundigoarekin topo egin zuten. Iru beltz barrenen, ixkilluz ongi jantzita. «Eup!» esan zuten beltzak. Besteak ixillik. Berriz ere, «Eup!» egin zioten. Berriz ere ixillik. Orduan asi zan zalaparta. Beltzek su egin zuten eta errenan semearen eta Polon ixkilluk ez zuten lorik artu. Anderrek ill naiago zuan berak beste gizon bat galdu bañan lenago. Laixter zan beltzetako bat kanoatik kanpora burua zintzilika zuala. Orduan beltzek arkaitz baten babesera artu zuten, bañan bitartean besteak su eta su, zantzurik ematen ez zutela utzi zituzten.
—Illak izango dira, esan zuan Anderrek.
—Baleike, erantzun zuan errenak, bañan katu zarrak bañan bizi luzegoa izan oi dute ta goraxeagotik artu bear ditugu.
Esan eta egin, errena kanoaren aurrean dinamita eskuan zuala, semea ta Polo ixkillukin bi aldamenetan, inguratu ziran. An zeuden lenengo beltza kanoatik kanpora burua zintzilika ta beste biak asnasik gabe etzanda. Zeuden bezela atera zituzten itxaso zabalera, eta an utzi zituzten Pazifikoren urak toki artan goruntz joaten dirala ta iñundik illdakoen susmurrik izango ez zala. Bañan erresguardokoak topatu zituzten; zer gertatu ote zan usandu ere bai; eta Juradon gora errenaren atzetik igo ziran. Errena bakarrik izan balitz bere Polorekin lanak izango zituzten erresguardokoak; dinamita eskuetan zeukan bitartean... kontu. Lenago ere ori ba zekiten. Bañan semea eta Batezere Ander an zijoazen. Iruditu zitzaion norbait galduko zala ta espetxe bidean jartzea erabaki zuan. Erresguardokoak Juradoko ondartzara eraman zituzten. Ura izan zan azkenengo estuasuna. Semea kañaberazko kaiola batean sartu zuten; Zubiburu beste batean. Besterik ez zeukatelako, nunbait, errena ta Polo eskuk lotuta tartean zemaizkien Juradora. Eta antxe, ondartzan bertan, semearen aurrean, sarjentoan beltzetako bat atzetik joan eta errenari labana bizkarrean sartu zion. Ez zun asnas bat geiago artu. Luis Gomez Lekuberen izaera an bukatu zan betirako.
Ordun, pixkanbat izututa, irurak azke utzi zituzten eta betarik galdu gabe Medellin aldera artu zuten.
|
|