|
—VII—
An zegon Bogota bere alaitasunik aundinean. Pazkotako jaiak elizetan eta zezenak eta antzokik eta denak lana ugari izaten zuten egun aietan. Illunabarretan jendea, Batezere calle Real-en, gizonak bizkarrak ormeri eantsita («maqueteando» esaten dute berak) eta emakumeak bere apaintasunak gizoneri erakusten. Orduntxe pixkabat esnatu zan. Eguzki ederrarekin, betiko otzantza ez zan kaltegarri. Andoni ta Ander bere kezka guztikin lagunetara atera ziran. «Tinto» batzuekin, «perico» (kape-esnea) besteekin artuaz (an amar, amalau errez artzen dira, batetik katillu txikik diralako eta besterik kapea aula dalako) amaika berriketa egin zuten. Anderrek laguneri galdetzen zioten ia urrea nola ateratzen zan. Ala jakin zuan bi eratan azaltzen zala: arkaitz biziaren barrenen, arkaitza bera balitz bezela, edo zillar, platino, zink eta plomoaren erdoiakin nastuta, eta ibai baztarretako ondartzetan ondar tartean. Lenengoetan urre utsa, «pepita» esaten diotena, gutxietan; besteetan ondartzetan, beti. Arkaitzetik ateratzea oso zailla; tresna aundik, mirabe asko eta dirua erruz bearrekoa; tokik ba dira ibillin ibillin kilometro bat bidean lurpera sartu diranak; andik kanpora atera ta puskatu; gero txeetu; ondorean acido cianhídri-ko dala edo besteak dirala, erdoi guztik aldameneratu, urre soilla azaldu dedin; eta auts ura lurrezko eltzetan urtu urre mardula egiteko. Bigarrena errezagoa: antziñan indioak egiten zutena; naiz bat naiz eun gizonek egin lezateken lana: ondarrak baitu. Ondartza aundik diranean, makina aundik bear metro batzuek bidean ondora goldetzeko. Ibai txikigoetan ez. Bañan indioetatik asita txiki aiek miatuenak izan. Anderrek zer asmo ote zuan? Injeniero bai zan eta berak zekian ongiena zer egin zezakean.
Uriaurre izparringin ondo zijoan, egunero lagun berri onak egiñaz. Ainbeste ezaguerarekin bururatu zitzaion zelulosa egitea, dirua errez bilduko zun itxura ba zeukan da. Aldiñ argigo ikusten zun alako ola batekin dirua erruz irabaziko zala. Bera beziñ langilleak ez zitun lagunak eta asmoa atzeratzen joan zitzaion. Gutxiena uste zuanean, jaun bat azaldu zitzaion dirua ba zeukala esanaz eta nai zuanean ola nun eta nola egin bear zan oldozten asteko. Besterik nai al zuan? Oso urrun zegon lagun zar baten bidez ikasi zuan zelulosa nola egin leikian lastotik, tximixta indarrez gatza bi puska eginda, sortzen dan kloroa lasto aietatik igaroz. Lenengo lana olako nagusitza Anderri eskeintzea izan zuan, idazkik eta zenbakik beretzat utzita; bañan Ander aldiñ nastugoa zebillen eta basamortura joateko asmoa txantxetakoa ez zuala esan zion. Andonik illabete burun lurra erosia zeukan eta makinak eskatuk ere bai. Denbora aurrera zijoan, ormak gora zijoazen, eta usterik gutxienean Bixentaren kablea etorri zitzaion: «"Bretagne"-n iritxiko gera. Bixenta». Ederki! Makinak beste illabetean ez ziran etorriko, etxea egitea ez zan bere lana, eta Barrankillara joan zan astebetez lenago Bixentari itxo egin eta bertan ezkontzeko asmoetan. Anderri galdetu zion ia aitajaun izango ote zan. Anderrek erantzun zion joateko gauza ez zala ta onena bere izenean ermutarra jartzea izango zuala. Ala, egazkarin sartu ta Barrankillara joan zan zapoa zirin bañan larrigo.
Barrankillan ermutarrak bakarrik ezagutzen zituan eta aietara joan zan gauzak egokiena nola egingo zitun ikasteko. Ain atsegiñak ziran bi gizon aiek eta bere emazteak, poz pozik euki zitun denean lagunduz. Ez nai bañan lenago, eguna iritxi zan. Ontziaren etxean esan zioten eguardin sartuko zala «Bretagne» Barrankillako kaiara. Bai, Uriaurre Puerto Colombian jetxi zan, bañan geroztik ontzik, Magdalenaren barrena, sei kilometro bidean, Barrankillaraño sartzen ziran. Goiz artan Andoni ba zijoan kaiara bestetarako, maukutsik eta lepokorik gabe, izardi patsetan. Bere kezkak txikik ez ziran: «Emakume ori ekarriazi dirat eta orain lanak. Bera bakarrik balitzake, utsa, bañan alabarekin, orain, urte batzuetan zaindaria bearko duan alaba. Eta norena ote da alaba ori? Ederki ziok: Ni soldaduzkatik igesi eta neoni kapitan baten xaxiko alaba jasotzen. Dana dala, emendik aurrera nerea balitz bezela. Bañan kapitan berritsu ura ingurun zeukan bitartean ots egin ba nio etorriko ote zan? Auxen dek ba itxura gabeko gauzak oldoztea. Bixenta, maite, ziur etorriko zala jakin edo uste ortan bizi, bere obenak esan ondorean pozik etorriko zala adierazi, ori jakiñik etortzeko esan eta orain kezkak? Bai; oiek ala dituk, eta berak bere senditik ain urruti, etxean bañan okerrago bizitzeko, etsiko al du? Beti lokarri bat izango diagu: ume ori aingeru bat dek ta nik nerea bezela artu ta ezi ezkero denentzat ongi».
Batean ibilli bestean exeri, orduk joan zitzaizkan ermutarrak etorri arte. Aiek bai garaiz. Urrutizkiñez jakin zuten ontziaren sarrera, ta kilometro batera inguratu zanerako an zeuden. Tximini bakarreko ontzi beltz arren barrunbean zetorren Uriaurren etorkizuna: zori ona edo zori txarra. Bertaratzen zijoala, saitsean agertu zan emakume bat aurra besoetan zuala. «Ura da», esan zioten laguneri. Berak ere laixter ezagutu zuan Andoni ta eskuakin agurtzen zuan. Uraxe bai itxoera zailla. Elkarri begira, Bixenta aurra musuz estalitzen, kaiara inguratu bitartean eziñ ezer esan, karraxika asi bear ez ba zuen. Bai aurra ta bai bera biziro apain jantzik. Ermutarrak zioten Bixenta emakume ederra zala. Noizbait, ez nai bañan lenago, ontzia aldameneratu zuten, Andoni jautsi batean igo zan eta Bixenta besarkatuz aurra besoetan artu zuan.
—Bixenta: betirako elkarrekin gaude.
—Bai, Andoni; eskerrak zeorri itzuli arte itxo egin ez dezula. Ixill aldi baten ondorean jarraitu zuan. Besoetan daukazun nere alabatxo ori ekarria barkatzen al dirazu?
—Barkatu? Au nerea da (Bixentari naigabea egin zitzaion). Etxekoak ongi utzi al dituzu?
—Denak ongi. Gurasoak zartxoak, bere ajeak ba dauzkate ta emendik aurrera ez dira obetogo izango. Denak pozik nere etorrerako poza ikusi zutenean.
—Ez al zizuen galdetu beti emen bizi bear al zenduan?
—Esan nien zure gogoa ta nerea itzultzea izango zala, bañan zurekin izan ezkero ongi negola.
Ondorean, adixkideen sendietara agertu ta egun gutxietan antolatu zuten ezkontza. Perpetua Socorro izena dun elizan izan zan. Zilimoni aundirik gabe. Bidelagun egindako ermutarra aitajaun Anderren ordez, eta bestearen emaztea amandre. Bixentaren poza ez zan naikoa aztuazitzeko bere egitazko ezkontza, lotsik gabekoa, ia ezkutun egiten zutela. Orretxek miñ pixkanbat ematen zion. Gañerako gauzak ez: bere errin soñeko zuri itsas luze batekin ezkonduko zala, zein umek eramango zioten itsas ura, beregatik gaizki itz egin zuten lagunak ixildu bearra zeukatela, bazkari aundia... oiek guztik gutxi atsekabetzen zuten.
Bixenta Barrankillako beroak laixter aspertu zuan eta egazkariz Bogotara igo ziran. Bi ordu t'erdin, ibaiez gutxienaz bost egun pasa bearrean.
Andoniren topoa ikaragarria izan zan etxeko mai gañean Anderren txartela jaso ta irakurri zuanean. Itxura txarra emana zeukan Ander ongi etorria ematera ez agertzeari. Ara txartelak zer zion: «Ba noa, Andoni. Zuek etortzerako basamortuan izango naiz. Ez det nai nun nabillen iñork jakiterik. Aurrera atera ezkero, azalduko naiz. Bitartean nere etxeko eskutitzeri al dezun beziñ egoki erantzun, oso egia esan gabe. Zuentzat, biotz biotzetik zori onak. Ongi bizi. Ander».
Bixentari dena arrigarria iruditzen zitzaion. Jendearen izaera, itz egiteko tankera ta Batezere ainbeste zilimoni edozein gauzetarako ibiltzea. Bizkarrezurra biguña zuela esaten zuan. Mingaña leuna. Bañan ezagutu bearra zeukan eta ezagutzen zuan jende ona zala.
|
|