www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bizia garratza da
Jon Andoni Irazusta
1950, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bizia garratza da..., Jon Andoni Irazusta (Joseba Amundarainen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

—I—

 

        Jurado, Campardo, Coredo! Tropikoan bañan lur aberatsagorik ez da iñun izango, belarra dala, sasia dala, zugaitzak nunai, orlegi biziz dena estalitzen dutela; gizona iritxi dan tokietan berriz, lur asko urtean lau bider artoa ematen dutenak; beste akatsak izango dituzte, bañan lur aberatsak besterik ez bezelakoak. Lur aien tartean, esandako iru toki oiek beziñ ederrik ez. Bai toki politak!

        Itxasotik ikusten da itxasoa bera nola lurrean sartzen dan zaldiperra balitz bezela, Donosti ta Donibanekoen antzera, aurrekoaldean 38 kilometro bidean ondartza urre kolorea dula, eun kana zabal bai itxasoa goien dagonean, eta askoz geiago jexten danean, ez mariak gorabera aundik izaten ditualako baizik aldi batean ur txikik diralako.

        Ondartzaren atzean basamortu izugarria, itxasoa ez sartzeko orma balitzake bezela, bere kaobo, zedro, guaiakan eta beste zenbat zura ederrenak ematen dituzten zugaitzak, sasi tartean ezkutatu naiean bezela, beren eguneroko lagun diranak, katamotz, suge ta eltxoak besterik sartzea nai ez dutelako. Eta gauza ikusgarri ori oraindik geiago apaindu ta alaitzeko, Jainkoak dakin orkideak, mota guztitakoak, ludian diran lili politenak, basamortutik atera naiean, eziñean, zugaitzetatik bizi bear dutelako, untza bizi dan bezelaxe. Zaldiperra orren erdin, zeiba izena dun zugaitz zabala, gure intxaurrik aundienak bañan bost aldiz zabalagoa, gabez perikoz betetzen dana, eta argitxintan, edozein otsekin ikaratuta, batbatean ustutzen dana, lurito txaxtar aiek ego aizeak eramango balitu bezela, iñorkiña lez sakabanatzen dirala.

        Zaldiperra orren ezkerreko ertzean, arkaitz tartean, pulpo ikaragarri bat balitzake bezela, Jurado, bere 300 biztanle beltzekin, berrogeinbat etxe antzeko etxola edo zuloetan sartzen dirala. Etxeak al dira gero? Lau kañabera sendoren gañean zurezko solairua eta ortikan gorago ormak, azpikoaldea belarrezkoa ta gorago lurrezkoa, txapel antzera palmaren ostoak dituztela. Zulo batzuek leio ordekoak; ate antzera, ol bat kaiman larruz bixagratua; barrenen, gela bakarra. Beltz aiek ez dute geiago bear. Itxasoa ziaro aserretuko ba litzake, denak Jesus batean eramango lituzke, urtetan eta urtetan gañerako gizoneri zantzurik iritxi gabe. Antxe itxasoratzen da Jurado izen dun ibaia. Juradon gora errez joan leike, gero ontzik bizkarrean dirala mendiaren beste aldera irauli eta Tuira ta Balsa ontzitan bertako indio paketsuk arkitu arte. Indio oiek Panama eta Colombiako muga mugan bizi dira.

        Zeiba dagon tokiak Jamparado izena du. Eta zaldiperraren beste muturrak, Coredo. Onen gañean orma antzeko arkaitzak igotzen dira amar metro bidean, eta aietatik ederki ikusi leike ezkerretik edo eskubitik eta naiz itxasotik arrotzen bat ote datorren. Antxen bait itxasoari begiratzeak aspertzen ez duala. Batezere illunabarrean, urdiñ illunak alde egiten duanean, eguzkiaren drizdrizarekin esango litzake arraitxoak milloika burrukan dabiltzala illunak ezkutatu arte. Coredon geienean ez da iñor bizi. Alaz guztiz, guretzat zerbait ikusgarria ba du: Tontorrean, zura ederrenez egindako etxe bat, ez ongi zerratuk bañan bai zabal eta sendoak; ormak eta gaiña ol txikixeagoakin bañan zura berdiña; eta bere atzean sei etxeordeko morroiak larri sartzeko diñakoak. Orrera joaten zan noizean bein, bere kontrabandoko ibilleretan, Luis Gomez Lekube, «El cojo Gómez» esaten ziotena. Gure ixtori ontan geroxeago agertu bat egingo du, ta orrengatik aurreratu degu nolakoa dan bere jauregia. Orain, beste zer esanak, garrantzi aundigokoak ba ditugu, eta aiekin asi bearko degu.

 

aurrekoa hurrengoa