—III—
Ander eta Andonik bere gauzak goizetikan ontziaren gelatan utzik zeuzkaten. Gelatan, bai, bi zituzten da. Ander, atzekoaldeko gela batean eta Andoni esker saitzeko beste batean egokitu ziran. Asko gutxi biek zekiten ontzi baten barrunbea nolakoa izaten zan, eta ez ziran arritu «Cuba»ko usaiarekin, eskallea piko estukin, ango jende nastearekin. Anderren gela sei oiekoa zan; oiak edo alakoak, nolabait esan bear. Bostetan, beste ainbeste Gobernu prantsesaren morroi zijoazen Guyaneko espetxe zaindari. Aiek alakoak: berak espetxean sartzeko obeak ziruditen. Andoniren gela lau oiekoa zan; bi eskubitan eta bi ezkerretan, bata bestearen gañean, tartean oieratzeko toki estu bat zala. Eta tokitxo orren burun, eskumusuk garbitzeko ontzi bat. Andoniri lagun egokitu zitzaizkanak ura taldea! Bere eskubiko oiean prantses bat, Martiniquera alkandorak saltzera zijoana. Aren gañekoan txeko bat, Caracasen dendari zana. Andoninaren gañean berriz amasei urteko mutill koskor beltz bat. Amaika bider, lurreratzeko Andonik oiaren gañean ona ipintzen zunean, Andonik begiratzen zion maindireari beztua gelditu ote zan. Prantsesa, gizon dotorea, iñorekin itz bat egiten ez zuana, bere errin alkate ez zan izango bañan txeiraren goiko zuloan an zeraman lokarri gorri bat, ontziko nagusi izan balitz bezela. Ondorengo egunetan ondo erakutsi zun zertara zijoan: goizero goizero oiaren gañean zabaltzen zitun amar amabi ator, eta batean botoieri, bestean lepoko zenbakiri, urrengoan beatzekin zapia leun leun loxintxatuz erostuneri egin bear zizkaten itzaldik ongi ikasik zeuzkan. Txekoa paketsua zan. Leio zulotik argia sartzen zan beziñ len burukopetik ateratzen zun argazki bat; ainbeste musurekin naiko lirdinga eantsitakoa izan bear zun. Bere emaztearena zan, eta gogo guztia Caracasen zerbait irabaztea zun emazte ura bereganatzeko. Ikusgarria beltxa zan. Jarduna. Ortzak garbitzen zitunean bereala bere arrebaren gelara joaten zan ixipua eramatera. Oiera igo ta jetxi egiterakoan armiarma zirudin. Irugarren mallako geletan zer geiago eskatu leike?
Jantokia okerragoa zuten. Iru mai luzetan, sei errenkadetan exeri ziran malla artan zijoazen guztik. An izan zuten lenengo estropozoa. Uriaurren aurrean exeri zanak, zopari dominixtiku egin eta Andoniri soñekoa zipriztiñez bete zion. Eskubitan zeukanak, ardoa edaten zun bakoitzean, gelditzen zitzaion pixka atzekoaldera iraulitzen zun. Oiek lenengo arratsean. Ainbeste zikinkeri nork eraman! Nagusiarengana agertu eta bigarren mallako jantokira aldatzen utziko ote zioten galdera egin zuenean, zerbait ordaindu eta utzi zioten. Ura beste gauza bat zan. Eziñ esango degu onetakoa zala, bañan Zubiburu ta Uriaurrerentzat garai artan bai beñepein. Betikoa: eskuetan daukagun izaera bat aintzakotzaz artzeko aurretik okerragoak ikusi izan bear; eta eskuetan geneukagun gauza batek zenbat balio zun jakiteko, aurrena galdu egin bear; galtzean jakiten da.
Jantoki polita, lau lagunentzako maitxoekin, morroiek ere obetogo ikasik eta obea zana, jantokitik kanpora an ezagututako lagunekin ibiltzeko eskubidea. Ezaguerak laixter egin zituzten: ermutar eiztari purrukatu bat, Madrillen sendagilletarako ikasten zegon PuertoRico'tar bat, sendagilletzan apika asko jakingo ez zuana, bañan gazteak dantzatzeko piano jotzen iaioa, eta beste bi mutill gazte kolonbiatarrak, Birminghametik zetozenak.
Lenengo goizean, udazkeneko otz arekin estalpean egoteko obea eta geienak barrenen gelditu ziran. Uriaurre ta Zubiburu bakarrik bi alki artuta itxas ertzeko babes batean exeri ziran. Oraindik an zetozen enarak ontziaren atzetik, urrutira bultza nai balioteke bezela. Bi mutillak zori antzekoan zijoazen. Anderrek esan zion:
—Orain zuren errin eta nerean nola ote daude?
—Elbarrituk, gizajoak. Jende arrotzak, beste berak beziñ arrotzekin sortu dute guda zikiñ au, eun urte bañan geiagorako isatsa utziko duana. Ori ala da. Karlixten orain irurogei urteko gerrateak berrogeitamar urterako eziñ ikusik utzi ba zitun, zuk esango dirazu oraingo odol ixurtze izugarri onek zer utzi lezakean. Senide arteko gudak jolas txarrak dira.
—Jolasak?
—Bai, ori euskeraz esaera bat da, bañan Huizinga-k dionez gizonek egiten duten dena jolasa besterik ez da, eta jolas oien tartean guda ere bai.
—Neretzat jolasa laneko nekea kendu ta aztutzeko egiten dana besterik ez da ba izango.
—Dana dala, naigo nuke oraintxe Bixenta nitzaz gogoratzen dala jakitea.
—Gizona! Ori ere ba degu? Nor dan jakin bearko degu ba.
—Bixenta, nere gaitzerako andregai izatera iritxi ez zana. Beltxeran bat, nere antzeko ankaluze xamarra, biotz beroa, buru ona, emakume jaio ez ba zan gizon aundia izango zana, kuttuna, langillea. Elkar ongi ezagutzen gendun maitetasunik aitatu gabe. Bearrik ez zegon. Ez det uste bere sendiak ezetzik esango zuanik. Itz erdi bat esan banion, nerekin etorriko zan. Bañan, nola!, nere buruarekin zer egingo deten ez dakit eta...
—Zergatik ezkondu ez ziñan?
—Ori da galdera. Errez al da esatea? Ongi bizi nitzan. Ondogi. Aldaketa zaill xamarra da. Gero, ni bezelako kopet illun dotore batentzat ezkondu eta maillan bat jextea... bildurra... Ondorean berriz etxeko eta aideeri ondo irudituko ez ote zitzaien... Garai batean esateko ausardirik izan ez nualako, emen noa orain uda azkeneko aize bolarak iñorkiña daraman bezela. A, Bixenta, Bixenta Ozama!
—Nik ere zerbait esango nuke.
—Gizona: ondo ixillik zeukazun.
—Zuk zurea bezela.
—Eta nor da ba?
—Miren Orreaga. Edozein gauza egingo nuke orain emen nere Miren nere emazte bezela gurekin izateagatik. Gutxitan itz egin gendun, eta ordun ezerezkerik esateko. Nunai elkarri zearka begiratu bai, iñork ikusten ez giñuzela iruditzean. Biontzat garbi zegon maite giñala. Bañan nik lantegi aundi bat jarri nai nuan, eta bitartean ez nun burua beste toki batean euki nai. Ori bai; lantegia ipintzean, bereala nere ille urreantzeko, elbi batek gorritzen dun Miren'engana. Sudur luzea ta ao zabala. Orrekin dana esana dago.
—Egia da. Sudur ori gure abendakoa dalako, ta legatzarena bezelako ao batetik anima ikusten zaiola dirurilako. Gizonetan beñepein, ankamotxa, atzealdea lurretik bertaratxo duana, ta ao larrikoa nekez prestuk izan oi dira.
Biek ixilldu ziran ermutarra azaldu zanean.
—Kaxo, jaunak; ollagorretarako giro ederra.
—Bai, gizona, erantzun zion Uriaurrek. Gaitza, zuek Ermu inguruko torratxori guztik garbitu ondorean gure baztarretara joaten zeratela.
—Orain beñepein bildurrik ez dago. Goazen tokin denentzat da. Len Colombian izan nitzanean, goiz batean neonek bakarrik larogeitamabost ate ill nituan, Magdalena izena duan ibaiaren saitseko putzu zabal batean. Edozein igandetan, nere etxetik urrun gabe, basakerra.
—Zu lenago Colombian izana zera beaz?
—Bai; bederatzi urte bizitu nitzan Barrankillan eta toki otz eta beroetan zaldiz asko ibillia naiz.
—Ederki; ortaraz zure bearra izango degu irixten geranean.
—Bai, bai; ortarako gaude.
Bazkalaurrean irurak exeri ziran garardoa edatera. Josephen barrean exeri ziranean, laixter inguratu zitzaizkaten Alberto, Eduardo ta Rafael, lenengoa PuertoRicotarra eta besteak Colombiakoak. Esan bezela, Alberto piano jotzalle ona zan. Bikaña. Irurak oso egokik eta jatorrak. Rafael, mutill ederra; apika uste zun bera beziñ ederrik besterik ez zala. Eduardok berriz, mundu onetan izan leizken gaitz guztik berekin zitun, bere ustez beñepein. Urdalla goxatu, gibela igurtzi, eztul bakoitzean sudurzapiari begiratu odolik ote zegon... billera alaia zan. Aurretik pasa ziran iru apaiz. Bat oso zarra; gotzaia bera. Los Llanosera zijoan Monforttarretakoa. Ondorean agertu ziran illekizkur beltxeran batzuek, esan zutenez Caribe aldekoak. Geroxeago emakume prantses gazte bat, begi orlegi, liraña, bere senarrarengana Guyanera zijoana, gero esan zutenez. Uriaurrek erdipurdikon bat esan zun ura ikusitakoan eta denak algarari eman zioten. Alberto pianora joan zan txoria txirin erortzea nai balu bezela. Rafael ontziaren gañero aska zabalera igari egitera. Eduardori bere gaitz guztik aztu zitzaizkan. Ermutarra zintzo bere emaztetzaz gogoratuz. Zubiburu par irudi bat gabe, apika emakume arrek Miren gogoratu ziolako. Alaxe iritxi zitzaioten bazkaltzeko ordua. Arratsaldean, kartetan, igel jokun, eta kurpillatxo bat makillaz zenbaki batzuetara bialtzen zana. Eta berriketa ugari.
Urrengo egunean gure bi mutillak bezperako tokira bertara joan ziran.
—Eta Bixenta?
—Bai; zeñen ezaguera aundikoa dan esango dizut. Azkenengo egunean ala esan zidan: «Aita amak adixkide batzuetara joanak dira ta datozen artean cocktail bat egingo dizut». Alaxe, ixillka, cocktail tartean bizitzea pantesi gauza ez dalako. Ez dirazu esango gogoan eukitzeko gauza ez dala, izparringitako argazkitan lauetatik iruetan edaten agertzen diran garaiean, guztik whiskey eskuetan dutela.
—Ala da. Oraingo aldiko argazkik alakoxeak dira. Gizonek ixillka egin bear lituzkeen gauzak agertzen.
—Bakoitzak gauza pantesigarrik erakustea, ortxe nunbait, bañan lotsagarrikerik? Zer esango ote lueke oiek berak bere etxetako ganbaretan agertuko ba lirake bere amonen argazkik baso bat sagardo eskuetan dutela?
—Ganbaretan ongi daudela.
—Gure agurra ez nuan uste ain gogorra izango zanik. «Agur, esan nion, egunen batean zu ta ni gertugo egongo gera». Ez ziran erantzun. Ezin zun. Orduraño bein bakarrik malkoak ikusi nizkan, eta orduan bigarren aldiz. Zerbait geiago esan bear nion. Eta nolabait esan bear diot. Idatzita ez, zensura apaiñ orrek gorde egingo luke par egin ondorean da. Jainkoa lagun.
—Orain aztu zazu. Emendik aurrera amaika bider gogoratzeko egokiera izango degu. Zensura apaña beaz?
—Bai, gizona; eta bere gogoz lan ortara joaten diranak ere ba emen dira.
—Ez al dezu pentsatu Bogotan zer egin genezaguken?
|