—VI—
Bogota paketsu artan ongi bizi ziran. Zalaparta aundi gabeko erria. Jende ona. Aundia izan eta denetik zan. Gure lagunen aberkide pixka batzuek ere bai. Janarira bereala oitu ziran. Jakiña, restaurantetan berriz Europan bezelaxe. Asieran ainbeste oñetako garbitzalle, izparringi ta loteri saltzalle ikusirik, nork lana egiten ote zun esaten zioten beren buruiri. Gero ikusi zuten langilleak ere ba zirala. Dena motela, dena illa, ori bai, ain goien besterik eziñ izan leikelako. Arkakosoak jausirik ez, astoak ostikorik ez, atxurrean ari zana izarditzeko bildurrik gabe... erri artan orixe da ezagutzen ez dan itza: izardia. Oso lagun onak. Igandetan zinera. Aldiz aldiz txokolatea ere bai... Pozik zeuden bai tokiz eta bai izaeraz. Anderren arrebaren eskutitzak nastu ez bazitun, erbesten izateko ondo.
Akats bat sortu zitzaion Uriaurreri. Lekaide batek euzkotarren aurka ez bearrak idatzi zituan. Lagun baten bidez, Uriaurrek adierazi zion artan ez jarraitzeko; goitxoan dagonak erortzean kaskarreko aundina artzen dula ta itzak neurtzeko. Lekaideak, sutu ta aundigoak esan zitun. Uriaurrek ba zekin apalena bear lukenari deabrua lenago burura igotzen zaiola, eta ez zan arritu. Joan zan izparringiko nagusiarengana eta esan zion lekaidearen aurka asi bearra zeukala. Berari, nagusiari, asko zor zion bidez, eskeintzen zizkiola idaztera zijoanak; bañan gaizki iruditzen ezkerotan beste batera joango zala. Nagusiak, oso egoki, eskerrak eman zizkan, eta lekaidearen aurkakoa bere politikaren aurkakoa zala esanaz, ezetzkoa eman zion; bañan eskertuko ziola lengo gaietan bertan jarraitzea. Ordun beste izparringi batera joan zan.
Izparringi berrin iñor ezagutzen ez zuan. Nagusiarengatik galdera egin zun. Eraman zuten nagusi berriarengana.
Maiaren beste aldean exerita zegon. Itxura obeko gizonik ez. Berrogei urtera ez zan irixten. Bere antiajun atzetik beti parrirudi alai batean begiratzen zuna. Andonik denak esan zizkan. Nagusiak begik itxi gabe entzun ere bai. Bukatu zunean, jeiki ta ala mintzatu zan:
—Zure ibillik pausorik pauso jarraitu ditugu. Etsaietan sartu ziñan. Ez al dakizu lagunak etxe ontan dauzkatzula?; izparringia goitik bera zure mendean daukazula? Noiz asi nai dezu?
—Oraintxe, esan zion pozez lertu bearrean.
Eta ala asi zan jendeak ikasten zituan berrik emanaz. Andik aurrera, gizon ura adixkiderik onena. Alako biotza zuan! Beste alde batera berriz lagunak erruz sortu zitzaizkan.
Esan bezela, Anderren arrebaren eskutitzak nastu zitun. Ander asi zan Bogotan eziñ bizi zala ta basamortura joateko gogoa zeukala. Uriaurre berriz, Bixentari ots egin bear ziola. Alakorik batean Bogotan agertu zan Andoniren adixkide aberarts bat, bere errikoa, itzulean bere olara zijoana. Andonik ez zun uts egin: joan zitzaion eta eskatu zion Bixentaren etxera agertzeko eta bere izenean esateko lengoa ba zan etortzeko Andonirengana; eziñ etsirik, Bixenta beste gauzarik buruan ez zeukala; ezkontzeko bear ziran paperak bientzat ekartzeko. Bere adixkideari gauz oiek esan zizkanean, gauza aundi bat egin balu bezela, lasai gelditu zan. Ez zitzaion iruditzen Bixentak ezetzik esango zuanik. An ikusten zuan bere besoetan.
Bero aldia joan eta zentzuz pentsatzen zuanean bildurra sartzen zitzaion: «Neska gaixo ori ekarri; neri edozein gauza gertatzen ba zait, zer egin bear du erbesten bere etxetik ain urruti? Eta gañera, ongi izanda ere, geiago irabazten ez dean bitartean nola bizi bear degu?». Ara, alakotan damutzen zitzaion etortzeko esana: eziñ etorri zeikiala jakitea naiago zun. Bañan ondorean, betirako galtzen zuala ustean bakarrik, erotzeko zorin jartzen zan. Bere adixkidearekin itz egin zuan berriro, eta Zubibururi esan zion:
—Aizu: egin det.
—Zer gero?
—Nere erriko adixkide bat orain dijoa bertara eta esan diot Bixentari bereala datorrela esateko.
—Ondo egiña. Naigo nuke ortan ba negoke.
—Ez dakit ba. Andik onera okerrago ibiltzeko ekartzearekin naigabea sortzen zait. Batetik, ura gabe eziñ etsi; bestetik, ekarri ta neketan ikustea...
—Ez zaitezela ustela izan. Lenbizi ekarri zazu. Jainkoa guztiri begira dago eta ez zaitu maldan bera amilduko: ekarri, ekarri. Ori da gauza. Mirentxo dagon tokitik ekarri al banezake, itxu-itxun ekarriko nuke. Eziñean arkitzen naizelako ba noa. Basamortura joan bear det.
—Ez zazula txorakeririk egin. Basamortuan zer egin bear dezu?
—Apika arkaitzetik urrea atera.
—Gizona, utzi zaiozu urre orri eta Bixenta etortzen danean irurok elkarrekin ederki biziko gera.
—Ez, Andoni, ez; Bixenta ikustea izango litzake neretzat gaitzik aundiena. Mirentxo beñere ez aztutzeko onena. Eta aztutzen ez ba zait, erotuko naiz.
Etxetik atera ezkeroz, alde guztietan gaizki izan oi da. Ori nola leiken orrela bizitzean jakiten da. Jende tartean, adixkide onen tartean ibilli, ta inguruk utsak; janari, onenak, mokau goxo guztik bildu, ta alakoxe xaltxa edo beti zerbait palta. Kanpo ederrenak ikusi, ta naiz lili ederrez jantzik egon, mutuk, biotzari ezer esaten ez diotenak. Dena akatsez betea; dena txarra... Argatik bizi ziran sendiarenean aspertu ziran. Ordun, etxe txiki batean, sukaldezai izeneko emakume zar batekin jarri ziran. Atso gaixo ura, zarra, ergela, errena, ez sukaldezai ta ez ezer zan. Sukalde zaintza bi mutillak egin bear izaten zuten. Artan, Uriaurre ziaro gaixotu zan. Esteak garbitzeko zerbait eman zioten. Ustu bear ba, ta ortarako gelatxora, patioan beste aldera, euritan joan zan. Elizakoak ekarri zizkaten. Gogorra zan nunbait eta iraun zun. Sendatu zan. Egun batzuek beranduago, berak eziñ antz eman zion nolatan ill ez zan. Ez zitzaion asko ajolarik, ez. Bixentaren erantzupena jakin gabe joateak samintzen zun. Orrek eta bere ama geiago eziñ ikusiak. Beste guztiarengatik ez zitzaion ajolarik.
Oia oztutzen asi zanean, Bixenta beraren eskutitza etorri zitzaion. Aula zegon eta irikitzeak bildur ematen zion. «Zer ote dio. Senargaien bat ote du? Etxekoak utziko ote diote onen urrun nola biziko dan ez dakin tokira etortzen?». Ala asi zan motel motel estalkia irikitzen. Asi bai ta eziñ jarraitu. Ortan zegoala, biotzaren tapatekoak turtukiarenak ziruditela, Ander sartu zan:
—Begira zaiozu. Bixentaren eskutitza. Irikitzeko gauza ez naiz. Tori...
Anderrek artu zun, zabaldu eta bereala esan zion:
—Ba dator.
—E?
—Ba datorrela.
Gizajoa an asi zan jautsika, algaraz, Anderri besarkadak emanaz.
—Ia, ia, ekatzu. Entzun zazu: «Andoni maitea: Zertan joan ziñan bakarrik? Zertan utzi niñuzun anima erratua bezela, biotzean eta buruan zu besterik ez nuala? Joango naiz. Bai, noski. Al dean beziñ azkar. Paperak biltzea ez da erreza izango, bañan nola edo ala uste det antolatuko dituala. Eta eziñ ba det berriz, berdiñ, igesi joango naiz eta. Urte bi oiek luzetxo joan zaizkit. Bañan esan bearra daukaten zerbait esatea zuk ez dezu naiko. Ez da kaltegarri paperen denbora au atzerapen izatea, denak jakiñ eta oldoztu dezazun. Orduan erabakiko dezu. Ara zer dan: Bakarrik gelditu nitzanean (zu joan ezkero bakarrik noski) zu geiago ikusteko itxaropenik gabe, gudan etorri zan kapitan bati geitxo xinixtu nion maite niñuala. Irrixtatu giñan eta gero ezkontzerik ez. Gizon gaizto ura ezkondua zan. Ondorean, ia urte bete daukan alaba jaio zitzaidan, eta nere onekin bizi naiz iñola eziñ utzirik. Ara itz gutxietan nere lotsa ta nere okerra erakutsi. Jakiñaz gañera nai ba dezu, uste det igari ere joango nitzakela zurekin bizitzeagatik. Ezetz esaten ba dirazu, nere burua betirako galdua jotzen det, eta nere aurra zaindu besterik ez daukat. Agintzen dezuna agintzen dezula, bere gogoa agertu dizu benetan maite zaitun Bixentak.
Aldi batean Andoni ixillik gelditu zan.
—Ikus al dezu?, esan zion Anderri.
—Ez arritu. Guda guztien isatsa ori izan oi da. Orrelako kapitan mingainzuri bati, Batezere euskalduna ba da, gauza erreza da gezur ta abar gure neskatxa onetako bat itxutzea. Gañera, gizonak ezkontza ez du emakumeak bezela ikusten; emakumea osorik ezkontzara joaten da ta gizona berriz lasaixeago bizitzen ikusiko dezu. Neretzat Bixenta len beziñ ona da. Jarri zaite bere tokin eta esan zaidazu zer egingo zenduan.
—Bañan, biok xinixmen berdiñak giñuzen eta ez dakigu nundik etorri zan kapitan berritsu mingainluze batekin!...
—Ori ala da, bañan ez dezu beñere jakingo besteak ongi ala gaizki egiten duten bere tokin jartzen ez ba zera.
—Gañera, neoni ez naiz zuzenagoa. Besteren obenak errezegi ikusten ditugu eta gureak ezkutun gorde.... Bereala etortzeko esan bear diot. Bakarrik edo berarekin, nexkarekin edo nexkarik gabe berdiñ izango gera. Jainkoa lagun.
Eta ala, Bixentak adierazten zion zuzenbidera, idatzi zion: «Zatoz. Neretzat len bañan gutxigo ez zera. Beste alde batera berriz, biren ordez iru izatea ez da kaltegarri. Zure alaba nerea izango da ta biok erakutsiko diogu...».
Andonik erabaki ori artu zuanarekin batean, Anderrek basamortura joatea erabaki zuan. Ango lanetarako beste txanpon batzuek irabazi, zegoan tokin lanak bukatuk utzi...
|