UHAINERI NAUSI
Fraide sartzean, Zeruletzean
nere ustez nihortua,
Bota nituen uhain artean
bai bihotza, bai burua.
Uhainez uhain eman naiz eman,
Jainkoaren itsasoan.
Nintzen nihauri eginez uko
nahitez naiz norbeit egin:
Orduan berritz bakeratzeko
zer borrokak uhainekin...
* * *
Nihorena zen otoitz-mintzairan
salmo-kantuz igerikan,
Fede betean, bake osoan
anaiekin nindabilan.
Uhainez uhain eman naiz eman
Jainkoaren itsasoan.
Nihorena zen otoitz-mintzaira
batzuena zaiku egin.
Bat egon gaiten eta bakera,
zer borrokak uhainekin...
* * *
Barnetik uhain, kanpotik uhain,
orotarik zer uhainak!
Galernan barna baitut nere zain,
hezten ditu nitan Jaunak.
Uhainez uhain eman naiz eman
Jainkoaren itsasoan.
Kristoren baitan, norbeit egina
salmo-kantuz igerikan,
Hara nun beti eman-emana
uhaineri nausi noan.
13-6-71
|