|
XIII Pilota, dantza jauziak, ttantta Maña eta dantza khorda
Udako igande arrats iri batez, Karakoetxean khautsitzen ziren, beren usaiaren arabera, auzoko jadanik anhitz aldiz izendatu ditugun presunak.
Ilhun zainuek jo baino lehenxago, hor ikhusten dute Piarres heldu zela izerdi uharretan, eta su brasa bezain gorri.
Kattalinek dako errailen sobera berotu dela pilotan; bai edo dantza jauzietan, dio Xobadinek.
Piarresek du ihardesten: Biek duzue phentsatu ene erhokeria doblea.
Xobadinek: Hi, Piarres, hogoi eta bost urthetan, haur bat hiz, eta naski ere hala hiz izanen berrogoi eta hamarretan.
Xuhur xuhurra bahiz, berehala hartuko duk kaphutxinen athorra bat.
Piarresek: Zer diozu, Xobadin, aspaldi ikhasia naiz kaphutxinek ez dutela athorrarik soinean erabiltzen.
Xobadinek: Arrazoin duk; kaphutxinek, franziskanoek eta benediktanoek ez die, bere ilezko arropa, dorphen azpian, oihalezko edo kalamuzko athorrarik.
Beraz ez die, guk bezala, athorra sanjatzerik. Bainan preseski, izerdi direnean, hortakotz die bethi iresten basotto bat arno, eta hori deitzen duk, adi ezak ongi, kaphutxinen athorra. Baso arno harrek, izerdia, berriz gorphutzean sartzera uzteko ordean, arras jauzarazten edo atherarazten dik. Gero, kaphutxinen lenazko beztimentak edo tunikak dik hura iresten. Guk, emaztekiek, arno trago baten orde hartzen diuk tisana bero xorta bat, edo bederen ur eta sukre ephel, baino beroago den gathuli baten bethe.
Piarresek: Badakizue nik ez dutala uzten konseilu on bat segitu gabe, guziz emana zautanean ene ama zena iduri duen Xobadinez. Nahi dut ere egin orai hark erran baino hobekiago. Lehenik hartuko dut aiphatu kaphutxinen athorra, eta ixtant baten buruan khanbiatuko ditut bizkarrean ditudanak.
Piarresek erran bezala egin zuen. Arno on batetarik eman zakoten, maite baitzuten; soinekoak ere utzi zituen eta, arropa idorrak emanik, itzuli zen bertze jendetara.
Ikhusi zuteneko heldu zela gisa hortan, berriz heien artera, hor hasi zitzaizkon handik eta hemendik hirritatzen.
Batek dako erraiten bere burua duela xahutuko bethikotz, sobera ariz pilotan, guziz pleka.
Piarresek du ihardesten pilota dela jokoetan ederrena, partikularzki pilotariak direnean ari luzean edo errabotera, lehen Perkain Aldudekoa eta Azantza Kanbokoa bezala.
Bi jokhari famatu horiek, bai eta anhitz geroago, Darritchon Gaskoina, Hazpandarrak, Mathieu Borotra, Ahetztarrak; eta heiek iduri bertze frangok, bil arazi dituzte, ehun aldiz, Baxe-Nabarreko eta Laphurdiko plazarik handienetara, mila Eskualdun heien balentrier loriaturik so egoiteko.
Halako pilotariak pharatzen direnean plaza batean, laster plaza hartako jendeak bi armadetan bezala emaiten dire, batzu batzuen alde, bertzeak bertzen.
Orduan adituko da bat erraiten: Bost libera partidara! Haren phartekoa ez den bertze batek dako ihardetsiko: Hamar libera! —Hogoi libera! Berrogoi libera! —Ehun, berehun!
Jende hek guziak, arranoak bezala, daude beha pilotari eta pilotarier; khintze, bakhotxean ikhusten da pilota jo harat, jo hunat; batean eztiki, lorean, bertzean tiroko bala bat bezala, hixtuz, furian.
Pilotariak ere daude zenbait aldiz trankilki bere lekhuan; bertze zenbait aldiz badohazi lasterka, pilotaron ondotik edo haren aintzintzeko. Hetarik zenbait badire erbiak bezain emeak eta zalhuak; bertze batzu plegatuko dire sugeak bezala. Holaxe erematen dituzte khintzeak edo phonduak, eta azkenean, irabazten dutenen alde, hasten dire behazaileak eskuz zaflaka, ahoz espantuka.
Españolik balin bada plazan, eta heien nazionekoek badute irabazten, aditzen dire oihuz, gehienak, beren mokanesak inharrosiz eskuan, beren bonetak edo xapelak altxatuz airean. Nik dakita bertze zer egiten duten oraino bere alegrantziaren seinaletzeko?
Akhabatu denean partida, plaza askitto laster husten da, zeren bakhotxak senditzen baitu, pilotako khintzek, xaxek eta jokoek estomaka zola hutsik utzi dakotela, eta partidaren ondotik on izanen dela bazkaritea. Ez da bertze solasik jateko denboran, baizik pilotaz eta pilotariez.
Hetarik bat da parerik gabekoa botatzeko: bertze bat errefelatzeko, hirurgarren bat pasorik handienen egiteko, eskularruaz pilota igorriz kasik hedoietaraino gora, eta urrun, abantzu oren laurden baten bidean.
Joannes-Baptistak: Pilota partida horiek egiten, badire Phazko edo Mendekoste biharamunean, edo elizal phesta hirurgarrenean, ez da heien kontra deus handirik erraiteko, bainan egin nahi badituzte astelehun gorrian, edo asteko lan egun batez, ez daitezke aski kondena, zeren batetik lana utz arazten baitute langiler, eta bertzetik dirua xahuarazten alferki jokari heier herer, bai eta hek baino gehiago ez duten asko bertze batzuer.
Morde Garakoitzek: Hamar aldiz kondenagarriagoak dire partida horiek egiten direnean igandetan, ofizioetako denboran, zeren gisa hortan galtzen baitute, emeki emeki, bai jokhariek, bai behatzailek beren fedea, duten erlijionea, eta hola baitzeie ezeztatzen bihotzetan Jainkoaren beldurtasuna bera.
Ah! guardia eman bezate ostaler eta bertze gizon triste batzuek, partidak egin arazten dituztenean, jendeak elizatik urrunduz: Jainkoak gaztiga dezazke mundu huntarik beretik, eta segur dira gaztigatuak izanen bertze munduan.
Orai artean erran ditudan gauzak pilotaron alde, behar dire aditu guziz partida luzara egiten direnez.
Hemen erran behar dut oraino pleka artzean ere muthil gazteak direla ernatzen, zalhutzen, abiltzen.
Bizkitartean plekako jokoan aise litake bere osagarriaren galtzea; bainan aski du bakhotxak lehenik izariz artzea, eta gero izertzen bada, bat batean ez hoztea.
Xobadinek: Pilota duk joko bat Eskualdun guziek hil artino maite dutena; bainan zer erran eta zer phentsa gure Jaun Erretor xahar batek, koiera saindu batean, madarikatzen zuen dantzaz.
Piarresek: Ixo! Xobadin, ez ahal duzu konprenditu ongi Jaun Erretor xahar zen hura; ezen ez da ez Erretorik, ez doktorik, ez theologalik, dantza jauziak madarika detzazkenik.
Xobadinek: Zer diok, haurra, zer diok?
Piarresek: Zer diotan? Egia diot.
Xobadinek: Ago ixilik, rnuthikoa. Xahu hiz aiphatu ditukan Jaun Erretor horiekin guziekin.
Piarresek: Ez dut beldurrik, jaun hek bethi egiaz mintzo dire, eta badakite guk baino hobeki zer den haizu eta zer den debekatua.
Arrazoin dute kondenatzea dantza jeneralean, bainan berenaz dantza ez da bekhatu: hura da bozkariozko edo alegrantziazko hirur seinaleretarik bat, eta handiena.
Egiaz, bozkariotan bagira, egiten dugu lehenik irri; gero bozkarioa bada handia, khantuz gare hasten; azkenik, gaindi egiten badu gure alegrantziak, emanen gare dantzan.
Kattalinek: Naski Piarresek arrazoin du; bainan San Franzes Salesekoak erraten onien zuen dantzek iduri dutela onddoak. Doktor sainduaren arabera, hoberenek deusik ez dute balio
Tristantek: Iduri zaut konparantza hori dela pullita bezain justua. Guziek badakigu onddo on eta finenetarik ere izariz behar dela jan, kaltekor direlakotz, guziz barne flakoa dutenentzat.
Bertze alde, onddo batzu, itxuraz hautak, egiazko phozoinak dire; gauza bera behar da erran dantzez. Inozentenak lanjeros dire bethi gaztentzat, eta berenaz onak ez badire, segur kaltekor guzientzat. Bi gauza hauien finkatzeko ez dut nahi ekharri Elizako Aiten eta Doktor Sainduen lekhukotasuna, bainan bai bakharrik iragan mendetako eta gure denhorako bereko dantzariena.
Denboran dantzari izan direnek, adin erhoa juan eta, zentzu osoa jin zeienean, goraki dute aithortzen hek eman dituzten eskandalak, eta egin dituzten hutsak, oro izan direla heien dantzen ondorioak, edo segidak.
Bainan ongi egin nukeen lehenago erratea ez direla behar dantzen herronkan ezarri franzesez Sauts Basques, Eskualdun jauziak eta guk gaizki dantza jauziak deitzen ditugunak. Ez, eskualdun jauziak ez dira dantzak, izen horri emanez komuzki emaiten dakogun sentsua. Hobeki deithuren dire, berriz diot, Eskualdunen jauziak.
Horietan ez da gaizkirik, ez gaizkiaren egiteko hirriskurik. Gure muthil gazte maitek ez dute hetan deusik xerkhatzen baizik, zangoak arin, jauzi egitea; orok batean berdin ibiltzea; lerdenki, xuxenki, zalhuki egitea beren urhatsak, itzuliak, phikoak; inguru, inguru dabiltzalarik eta formatzen dutelarik zerklo bat, konpas handi batekin egina bezain ederra.
Nork ez du gero miretsiko zer aire seriosarekin, irririk egin gabe, zer modestiarekin, begiak aphalduz, ikhusten diren gizon gazte heiek, bai eta heiekin gizon ezkonduak, eta zenbait aldiz zaharrak berak, iduritzen zakoletakotz naski direla oraino hogoi eta lau urthetan. Ene ikhusteko moldea horixe da; bainan, ongi jakin nahi nuke heia ene kusia jaunak nik bezala duen gauza hori prezatzen. Gaur, ohartzen naiz, ixil ixila dago orai artean.
Morde Garakoitzek: Ixilik nindagon, iduritzen baitzitzautan, erabiltzen direnean kestione batzu, aphez batek, hobe duela ixiltzea. Bizkitartean orhoitzen naiz erakusten zaukutela, Salamankako eskoletan, gauza bat ikhus daitekela bi gisetara: teologal gisa eta filosofo bezala. Ez dakit teologal batek zenbat phondu belx ideren lezazken eskualdun jauzietan, bainan segur naiz filosofoak ez lezakela hetan hatzeman deus laudagarririk eta onetsgarririk baizik, eta beraz, ene kusia, ene jujatzeko moldea zurea bezalakoa da.
Bai, zuk bezala erranen dut eskualdun jauziak dantzentzat behar balire hartu, gure arbasoek, orai duela hirur nula urthe, nahiz ez zuten egiazko erlijionea ezagutzen, gu ez bezalakoak zirela, beren jostatzeko moldetan. Oxala! baginu heien modestia heien delikatasuna, heiek bizioarentzat zuten arbuioa!
Joannes-Baptistak: Deusek ez du hobekiago frogatuko, oseba jauna, zuk orai erraten daukuzuna nola dantza jauziek berek, konparatzen baditugu bertze lekhu guzietako dantzeri. Ez da hotarik bat, heien aldean ezarri eta ageriko ez zaukuna edo sobera harroa, edo erho itsusia, edo arras tzarra.
Ez dakit zoin hirur herronka horietan ezar, bere gisako, segurki onak ez diren dantza batzu zoinen izenak baitire franzesez le ludion, la pyrrhique, le menuet de la Reine, etc.
Bainan osoki eta sobera harroak dire bertze batzu deithuak: la carole, la cordace, la bourrée d'Auvergne, le brande breton, la farendole provençale, la gigue saxonne, la carmagnole révolutionnaire, la mazurka polonaise, etc.
Dantza tzarrak dira, kontra dantza guziak, bai eta oraino franzesez deitzen ditugunak les valses, le galop, la polka, la gavote allemande, etc.
Azkenik, erho itsusiak zauzkit anhitz dantza español, hala nola el bolero, el saltarelo, el zapateado, el jaleo, el fandango, la jota, la malagueña, la gachucha, etc.
Piarresek: Bisaia! Ez nuen sekulan erranen bazela munduan hainbertze dantza suerte harro, erho eta tzar. Nik ez dut behinere ikhasi eskualdun jauziak baizik. Hek bai, badazkit kasik suerte guziak: direla Muxikoak, direla Laphurtarrak, edo Milafrankarrak, Ainhoarrak, Azkaindarrak, Orzaiztarrak eta bertzeak.
Egia da jauzi horiek orok badutela elgarren egite handia; ezen phiko berak dituzte guziek, nahiz ez diren heldu ordena berean. Orotan adi zinezakete beraz erdizka... hirur.. jo... lauetan... atxik... eskuin... ezker..
Leonek: Piarresek orhoit arazten nu ene oseba zenaz, zoina ematen baitzen gure kartierreko gizon gaztekin, hek hasten zirenean dantza jauzietan.
Ene muthilak, zeien erraiten, gu bezalako Eskualdunek ez die, bizi direno, utzi behar bi josteta igandetan: pilota eta eskualdun jauziak. Beraz, bezperak ondoan, ar zaitezte errabotean, edo luzean, bainan guti pleka; eta gero, plazatik atheratu baino lehen, eman behar ditutzue, jozak eta emak, behin edo bietan, gure eskualdun jauziak.
Hek eman eta joanen zarete xuxen xuxena etxerat, eta ongi afaldu eta oherat.
Ainesek: Leon bere osabaz bezala, ni ere orhoitzen naiz gure ttantta Mañaz. Hain zen bihotz onekoa, non ikhusten bazuen norbait triste, samur edo khexu, abiatuko baitzen, alegerarazteko, samurgoaren phasarazteko, khantuz, bai eta alegia dantzan, phiko bat edo biga eginez. Haren khantua hau zen dantzan artzean:
Laurenxena!
Tra-la-la-la!
Laurenxena!
Huna non nizana!
Ah! heldu naiz urrunetik
Tra-la-la-la,
Ah! heldu naiz urrunetik
Baxe-Nabarretik
(Berriz haste...!)
Zenbait aldiz ere bertze khantu hau zuen adiarazten.
Giten dantzan, Mariaño
Zu eta ni eta Piarraño
Hupala ! Berriz !...
Egun batez, gure aitak galdetu zion heia, haren gazte denboran, dantza horiek egiten ziren nahas, mahas, muthilekin... Ez, ez, zuen bizi bizia ihardetsi izeba Mañak, Intxauzpeko intzaur handiaren pean, edo Agerreko gaztena ondoen eta haritzen azpian ez ziren ikhusten auzoetako neskatxa gazteak baizen. Guk ez ginuen beharrik, ez arraita, ez xirula, ez tuntuna: guhaurek khantu eta guhaurek jauzi, hain pulliki, hain arinki, kasik lurra hunki gabe, harat, hunat ginabiltzan!...
Xobadinek: Ura zaut heldu ahora zuek hola mintzatzen aditzean gure gazte denborako dantza modest eta inozentez.
Beraz nahi dautzuet erran, nik ere zer ikhusi nuen, lehenbiziko aldikotzat, orai duela berrogoi eta hamahost urthe, Besta-Berri batez, bezperak ondoan. Iduri zaut oraino begien bistan dudala plazaren erdian, gure herriko etxeko jaun handienetarik bat, dantza khordaren buruzagi.
Hein bat ederki pharatzen zen, atxikitzen zuela, ezkerreko eskuan, zabaro edo xiri luze baten puntan, bi sosen xingola gorriz eginikako floka bat.
Eskuinaz tiratzen zuen etxeko seme eta etxeko alaba onek egiten zuten khorda luze luzea. Bainan, ez duzue behar uste izan gazte heiek eskuz-esku zabiltzala; ez, jaun eta andere gazte bakhotxaren artean, bazen, hetarik baten sakelako mokanesa.
Ez niz sobera orhoit garbiak othe ziren mokanes heiek, ala urdin aire hat batzuten: nik dakitana da eskuak zikhindurik ere guti edo gehiago, bihotzak garbi beiratzen zituztela.
Bada, salboi uraz eskuak laster ikhuz ditazke, bainan bihotzaren garbitzeko behar da bertze lanik egin, edo bertze salboinik enpleatu.
Denhora hartan ardura artzain nindabilan; eta orhoit niz ene antxu, ardi, aharietarik bat phasatzen bazen atheka batetarik edo sasi zilhotik, bigarren bat phasaturen zen toki beretik, gero hirurgarrena, laugarrena berdin. Hogoi, berrogoi, ehun, berehun juanen ziren lerro lerro. Gure dantza khordako gaztek hazienda xuri hek zituzten iduri.
Joannes-Baptistak: Xobadinek ez daki nola ixtorio zaharreko jende famatu batzu gerlan zirenean ari, elgarren kontra, heien armada batek bertzea bentzutzen bazuen, bentzutzalek ezartzen zituzten beren lantzak eta bertze harmak khurutzatuz bentzutuak izan zirenak heien azpitik phasarazteko.
Orobat, dantza-khordaren buruan ziren jaun eta andere gaztea, emailen ziren bat bertzearen parrean, aiphatu mokanesa tiran zauketela biek, eta haren azpitik phasatzen ikhusten zituztela gizon gazteak jauzteka eta neskatxak, arin, lasterka.
Piarresek: lkhusten dut, zuk ere Xobadin, gazte zinenean dantza ez zinuela hastio.
Xobadinek: Ez zautak lakhet ene buruaz mintzatzea, erraiteko maite nuen dantza bai ala ez; bainan nor nahi segurta dezakeat gure denborako danizak zirela modestak, inozentak, eta oraikoak direla osoki tzarrak, sordesak.
Piarresek: Ez ditutzu bederen kondenatzen ama batzu joan direnak bere alaba maiten zaintzera, alaba hauk direnean komitatuak gabazko bala deitzen diren dantza batzuetara.
Xobadinek: Ago ixia, Piarres, ama imixil edo ergel heiek hobeki egin lezakeie joan balite berak eta joan araz balitzate bere alabak afaldu eta oherat.
Piarresek: Bainan zuk ahal dakizu, Xobadin, amatto heiek badituztela arrazoin onak bere alaben bala hetara laguntzeko. Arrazoin hetarik handiena eta premiatsuena da behar dituztela heiek ezkontarazi, zerbait gisaz, niholere ahal badute, haur gaixoak ez diten geldi bethiko mutxurdin etxean.
Xobadinek: Piarres, ama heiek aski likeie ongi orhoitzea hadirela bi ezkontza suerte, batzu Jainkoaren araberakoak, zoinak ez baititazke lauda baizik eta bertze batzu debruak nahi bezalakoak.
Azken ezkontza hotarik ditie egiten baletan, komnedietan, teatretan elgar ikhus eta elgar hartzen dutenek, eta hola ezkontzen direnek, ardura die ikhusten eta senditzen, mundu huntan berean purgatorio gorria! Urosak oraino ez badute bertzean ifernua!
Martinek: Eta zer diozu, Xobadin, plazaz plaza dabiltzan zenbait neskatoko dantzariez?
Xobadinek: Zer diotan hetaz, Martin? Hek iduri dute, ene arabera, sukhaldeko bortha gibelean atxikitzen ditugun edo souilardan dilingan dauden ziriko piltzarrak.
Ainesek: Hala, hala da. Hobeki ez zinezakeen erran. Leonek: Ba, bainan zer phentsa eta zer erran hek baino hobendunago direnez?
Juan den eliza hestaz, orok badakigu, ikhusi izan da emazte ezkondu bat, dantzan, herriko plaza bethean, gauherditik eta oren bat arteraino, guziek zakitelarik duela senharra Ameriketan eta haurrak zituela ohean.
Xobadinek: Gerthatu gauza pullit horrek aski jendea mintzarazi du, orai duela zenbait ilhabete, eta ni orduan orhoitu nintzan ongi gaztea nintzalarik zer ikhusi nuen, Baxe-Nabarreko herri ttipi batean.
Harat joana nintzan oseba baten etxera, haren familian edo ene kusiekin aste baten phasatzera. Bada han, zonbait egun hartan, bere buruaz mintzarazten ahal zuen bertze herri batetako presuna gazte batek.
Ez dut izendatuko ez herri hura, ez erranen zoin etxetako alaba zen hain niakhur zabilana. Ez ditut bizkitartean ahantziak izen heiek. Beraz, udako gau batez, bederatzi orenak ondoan, oihu, erasia eta harrabots frango aditu zen gure oseba zena zagon herrian. Ilhargi eder bat zuen egiten.
Ene kusiekin bortha aitzinera nintzen atheratu, eta laster ginuen ikhusi agertzen hogoi eta hirur edo lau urtheko presuna gazte bat. Umea hazten zuen astaña baten gainean eman arazi zuten, ez bururako alderat so, bainan bai buruaz kontrako pharterat. Herriko neskatxa onhest guziez inguratua zen, eta hetarik biek zakoten bi besoetarik, ez batere beldurrez eror zadin, bainan itzul ez zadin aitzineko alderat. Orduan, asmatzen ahal duzuen bezala, bazen irri farra onik.
Adituko zinuten, hau hi hi hi hi, hura ha ha ha ha. Haurrak joan ziren aitzin aintzinean, jauzteka, hixtuz eta karrasiaz; muthil gazteak entzuten zituzten egin ahala irhintzinaz; gizonak zauden leihoetarik burlaz edo trufaz, batzuek ziotelarik: Horra astaña bat astañaren gainean.
Ama batzu ziren nahi zuketenak oraino garrazkiago gaztiga zezaten presuna hits hura:
«Pulunpa zazue, zioten, pulunpa ur handian, lephoaraino, bai eta burua uraren barnean emanez.» Ama hetarik eztienek zuten azkenean galdatu segi zezaten herriz kanporat, mehatxatuz ez zadin bere onetan ager sekulan gehiago inguru hetan.
Azken konseilu hau izan zen segitua; eta aiphatu presuna hobenduna urrun eraman zuten eta igorri ez dakit norat.
Morde Garakoitzek: Ordu lukete akhabatzea gaurko gure solasek. Bizkitartean, hemendik barraiatu baino lehen, bakhotxa bere eskualde, behar duzue oraino ixtorio español bat aditu.
Kattalinek: Mintza zazkigu, Jaun Apheza; atseginekin adituren zaitugu.
Morde Garakoitzek: Espainian nindagonean, ikhasi dut nola, Sevillako kalonje batek proposatu zuen bere kalonje laguner hango katedrale handian establitzea dantzatto bat, modesta, pollita, Sevillako haurrik prestuenek eta inozentenek eginen zutena, igandetan eta bestetan.
Gure kalonjeak ongi ezagutzen zuen Sevillan eta Andaluzia guzian jendek duten gostua dantzako; ezen han haurrak xutik joan eta biharamunean hasten ahal dire dantzan, nola zaharrak ez baitire baratzen hartan artzetik hiltzeko bezperaraino. Bai, Sevillan eta Sevillako probintzian, ttipiak eta handiak, gazteak eta zaharrak, jaunak eta andereak, gizonak eta emazteak, oro dantzan ari dire, noiz nahi eta non nahi.
Gure kalonje hura era arras bere probintziakoa ahal zen, ontsa zakonaz geroz dantzaren ezartzea elizan berean. Bertze kalonjeak ez ziren batere hargatik haren sendimendukoak, eta samurtu zazkon finki erranez naski eskandala emaitea xerkhatzen zuela.
Ez dut eskandalarik eman nahi, eta ez dut segur batere emanen. Ba ahal dakizue dantza ez dela berenaz bekhatu: lekhuko David erregea, zoina arizan baitzen, ahal zuen bezenbat, Arka sainduaren aitzinean.
Alferretan zen hola mintzatu; ez kalonje heiek ez Sevillako arxaphezpikua, ez ziren guztizios ikhusteko dantza elizan.
Españolek burua gogorra dutela guziek badakigu. Sevillako kalonjeak hartzen ditu dotzena bat haur, eta hek ongi eskolaturik badoha, itsasoz, Erromarat. Harat ethorri denean, galdetzen du, edo galdeginarazten, Aita Sainduaren audientzia bat, beretako eta bere lagun gaztendako. Elizaren buruzagiak, ikhusiz hura bere aitzinean haur gazte hetaz inguratua, eta jakitean zer motiboz jinak ziren hain urrunetik, ez zen guti espantitu, eta gutiago zuen erakustera eman atsegin zuela egin zezakoten galde bat hain bitxia. Zer, dio Aita Sainduak, dantza elizan!
Español kalonjeak, batere bere sanfreta galdu gabe, du galdetzen haizu izan zakion bederen haurren dantzaraztea, han orduan berean, memento batez.
Aita Sainduak konsentitzen du azken galde huni, ez fagore guziak errefusatzeko ...
Kalonjearen kheinu baten ondotik, Sevillako haurrek hasten dute eta ematen beren dantza.
Aita Saindua xarmatua, loriatua, xoratua dago heier beha, eta naski phentsatzen du zeruan aingeruek balute dantzarik egiteko, haur maite heiena egin lezaketela.
—Zoazi, dio erraiten, kalonjeari; errazu Sevillan Elizaren buruzagiak, Erromako Aita Sainduak, uzten zituela katedralean dantzatto horren, gisa hortan emanaraztea.
Horra, geroztik hunat Sevillako katedralean ikhusi den dantzaren ixtorioa.
Orai ongi eginen dugu phautsatzera joaitea.
Guziak joan ziren hitz horren gainean Karakoetxetik beren etxetarat.
|
|