www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lehenagoko Eskualdunak zer ziren
Mixel Elizanburu
1889

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Lehenagoko Eskualdunak zer ziren , Michel Elissamburu (Asier Trekuren eta Iñaki Nazabalen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1993

 

aurrekoa hurrengoa

VIII
Ardiek nola erraten dituzten Ama Birjinaren litaniak

 

        Omia saindu ondoan, afal ondo-batez, arratseko othoitza eta arrosarioa familian orok erran eta, Karakoetxeko supasterra inguratua zen etxeko jendez, sehiez, bai eta jadanik aiphatu ditugun auzoetako bi presunez eta bertze batzuez.

        Josepe zen ari, lena puska batetarik, bere moldean, hari egiten, gero hura berak trikotatuz, galxoin pare bat egin behar zuela.

        Artzain galxoinak, orok badakigu, lena lodiz trikotatuak dire, eta lukhainkak egitean, bertzen bethetzeko ibiltzen den tresnatto haren forma bera dute.

        Gure artzainak, gure itzainak, gure laborariak, iratze phuska bat ezar beren eskalapoinen barnean, beren galxoinez aztal-beharriak estar, eta bero-beroa, gozo-gozoki dira neguko hotzetan.

        Josepe gogotik ari zen beraz lena iruten beretako. Piarres, muthila, artho bihitzen eman zuten.

        Margaritak bazituen hamarbat ardatz kotxeatzeko.

        Maria, etxeko alaba, hailgeta zen ari, gortzeiru eder batzu sahetsean.

        Andere Geaxane bazabilan, hara hunat, sukhaldeko lanen egiten.

        Morde Tristant, suphaster zokhoan, ezkerretarik, ez zen gutienik okupatua, batean hauskoekin suaren buhatzen, bertzean phalarekin hautsaren bi aldetarat khentzen; itxindien higitzen, brasaren kitzikatzen, eta nik dakita bertze zer egiten?

        Eskuineko zokhoa hutsik zagon Morde Garakoitz jin artino. Jaun hura juana zen bere ganberarat, othoitzaren eta arrosarioaren ondoan letra baten akabatzera; bainan hura akabaturik hor sukhaldean sartzen da eta Joannes-Baptistak idekitzen du bere sabetsean zuen liburu bat, duelarik erraten artzain zaharrari: Phentsu dut, Josepe, atseginekin adituko duzula oixtian irakurtu ditudan bi ixtorio eder eta hunkigarri, San Josepe Kupertinokoaren bizian.

        Josepek: Joannes-Baptista, nik ez dut ezagutzen San Josepe bat baizik: Maria Ama Birjinaren espos saindua. Ene patroin handia hura da. Hari daizkot egun guziez ene othoitzak igortzen.

        Joannes-Baptistak: San Josepe, zure patronal bertze alde, badire oraino bertze hogoi eta bat edo hogoi eta bi San Josepe.

        Hetarik bat da San Josepe Kupertinokoa, Italian sorthu zen 1603an, Grotela deitzen zen herri ttipi batean, burhaso pobre bainan giristino on batzuetarik.

        Asko traba bentzutu ondoan, sarthu zen Fransiskanoek han zuten komentuan.

        Fraide egin aitzinean, eta haur haurretik, saindu bat zen, eta nihork ez lezake erran ez phentsa nola eta zonbat denbora laburrez aintzinatu zen zeruko bidean.

        Maite zituen jende xumeak, eta heien nahigabetan pharte zuen bethi hartzen.

        Udako arratsalde batez, kasik bat batean ihaurtziri eta ximistak zituela egiten, harri erauntsi izigarri bat erori zen Grotelako herriaren gainerat.

        Arthalde batek ez zuen izan denborarik aski atherbean emaiteko, eta anhitz eta anhitz hazinda ziren gelditu hilak bezala, zabal zabala lurrean, harriak atzeman zituen tokian.

        Gure saindua hunkitua artzain gaixoen desolamenduaz, hainbertze eta hainbertze ardi eta ahari galdurik, hasi zen heien hunkitzen joanez batetik bertzera, erraiten zeielarik: Jainkoaren izenean, ilkhi hadi.

        Holaxe xuti arazi zituen bat bertzearen ondotik.

        Bizkitartean ardi hat ez zen aski presatu jaikitzerat, eta jaiki ondoan era balantzan ahal zabilan. Sainduak berriz hunkitu zuen, bixi bixia, zakoelarik erraten: Jainkoaren izenean, ago bada xutik.

        Pentsa dezagun zoin izan ziren handiak artzainen estonamendua eta heien bozkarioa.

        Kattalinek: Ikhusten duzu, Josepe, ixitorio hori zuretzat zen berezia.

        Josepek: Atseginekin aditu dut, eta ez zaut iduri sekulan ahantziko dudala. Egundaino harriak ez daut hil arazi ez ardi, ez aharirik; bainan eritasunak zenbat aldiz ez dauzkit hetarik juan !!!... Damurik ez dut ukhan nik orduan ene hazinda hilen phiztale bat. Ez nituen izanen, izan ditudan bezalako bihotz minak.

        Joannes-Baptistak: Saindu handi hark egin izan du bertze mirakulu bat ez gutiagokoa, nahiz ez duen lehenbiziko hau iduri.

       

        Egun guziez fraide sainduak biltzen zituen, Santa Barbararen kapera ttipi batetara, inguru hetako edo hurbileko laborari, artzain eta nekatzaileak, othoitzaren egiteko, eta partikularzki Ama Birjinaren litanien errateko.

        Beraz, ogi ebakitzeko sasoinean, arratsalde aphal batez, Aita Josepe saindua joan zen, egun guziez bezala, kaperarat; bainan jende guzia uztaren egiten okupatua zelakotz, bakharrik zen han aurkhitu.

        Tristatu bide zen aphur bat, nahiz jendeak ez ziren batere kondenatzeko, egonik ere orduan beren landetan.

        Kanporat atheratu eta, eman zen landetako eta phentzetako alderat so, eta ikhustearekin ardi eta ahari multzo batzu, trankilki phazketan alha zaudenak, oihuz abiatu zeien erraten zaietelarik: Nihaur kausitzen niz kaperan, zatozte enekin Jainko Jaunaren eta Ama Birjinaren laudatzera.

        Hazinda heiek, urrunetik aditu balute bezala sainduaren botza jauzteka abiatu ziren kaperako alderat, hek zaintzen zituzten artzain gazten oihu eta zaharo ukhaldien gatik, hesiak eta bertze zerrakiak saltroka pasatzen zituztela.

        Memento batez fraide saindua zuten hazindatto heiek inguratu eta heien erdian zituen hasi litaniak.

        Kyrie eleison... Errepostua: Bee!

        Christe eleison ... Bee!

        Sancta Maria ... Bee!

        Holaxe erranik litaniak eta bertze othoitzak, San Josepek eman zuen bere benedizionea bestia maite heieri, eta hok itzuli ziren, jin ziren bezala, beren tokietarat.

        Kattalinek: Horra ixtorio batzu ederrak.

        Piarresek: Segurki hala dire; bainan federik ez duten gizonek erran lezakete herri xahar batzu direla, zenbait aphezek edo fraide zaharrek asmatuak.

        Morde Garakoitzek: Bizkitartean khondatuak izan diren gauza horiek dira egiazki gerthatuak, eta ez norbaitez phentsatuak. Ez dakizue, beharbada, San Josepe Kupertinokoa emana izan dela sainduen herronkan egundaino izan den Aita Saindurik sabantenaz, Benoato XIVaz.

        Aita Sainduetan gutiz gehienka gizon handiak eta sainduak izan dire, bai ere zenbait anhitz Jakintsunak.

        Azken hotarik ziren Joannes XXIIna, frantsesa, eta aiphatu Benoito XIVna, Italianoa, Boloniakoa.

        Leon XIIIna, Eliza orai hain zuhurki eta fermuki gobernatzen duena behar da ezarri bertze bi horien herronkan.

        Ez da guzia, San Josepe Kupertinokoak egin mirakuilu horiek, eta bertze anhitz holako, Elizaz izan ziren ezagutuak Voltaire sobera famatuaren, Diderot, d'Alembert, Helvétius eta bertze gizon sinheste gabeko batzuen mendean eta denboran.

        Orok badakigu Eliza ama sainduak zer etsamina luzea eta zorrotza egiten duen Jainkoaren zerbitzarien berthuten gainean, sainduak direla deklaratu aitzinean, bai eta saindueri behatzen diren gerthakari edo hek egin dituzten mirakuluen gainean.

        Morde Tristantek: Miresgarri da fede gabeko gizonek zer gisaz edo zer arrazoinamenduz ukhatu nahi dituzten mirakuluak.

        Morde Garakoitzek: Errazu, ene kusia, tristagarri eta pastikagarri dela heien mintzatzeko moldea.

        Joannes-Baptistak: Heietarik batzuen arabera, mirakuluak inposible dira.

        Morde Garakoitzek: Heiek berek hatik, bederen anhitzek, erranen dautzute Jainkoak kreatu izan dituela zerua, lurra eta gauza guziak. Beraz, mirakulurik handienak egin dituenak egin ahal dizazke ttipiagokoak.

        Morde Tristantek: Bertze zenbaitek diote serioski: Mirakuluak balira, Jainkoak egin legeak kanbiatuak laitezkela, eta, beraz, Jainkoa bera kanbiakor laitekela.

        Morde Garakoitzek: Badira gizon batzu beren ustez biziki argituak direnak, eta hatik askotan erranen dituzte gauza batzu zentzu komunik ez dutenak.

        Jakin behar dute heiek, Jainkoak eternitate guzitik ikhusi dituela hark establitu legen arabera gerthatu behar ziren gauzak, bai eta lege hetaz kanpo, bainan haren nahiz, gerthatuko zirenak. Ez da, beraz, Jainkoa kanbiakor ez eta demendrena kanbiatzen.

        Joannes-Baptistak: Bertze konsiderazione bat egin daiteke errexki, phentsatuz Jainkoak eman izan dituen legek mundu material hunen gobernatzeko ez dutela deusere gisaz haren borondatea amarratzen ez arrastatzen. Bertze hitzez errateko, Jainkoa, aiphatu lege heiek baino gorago gelditu da eta deusek ez dezake limita haren puxantzia.

        Morde Garakoitzek: Salamankako eskoletan erakusten zaukuten san Agustinen denboran ere bazirela mirakuiuak ukatzen zituztenak, erranez mirakuluak balin badira, mundua dabilaten legen kontra direla.

        Elizako Doktor handiak zuen ihardesten mirakuluak direla, ez Jainko Kreatzaileak establitu legen, bainan bakharrik gure ignorantziaren eta gure esperientziaren kontra.

        Morde Tristantek: Nik diot deusek ez duela hobekiago sinhetsarazten mirakuluan izan direla eta oraino frango badela, mirakulu heiek berek baino.

        Mirakuluek konbertitu izan dute bertze orduz mundua; eta orain o egun guziez, erran behar bada mirakuluak ikhusiz, eta graziak hunkituz, konbertitzen dire, nihork ez deusek ordu artean bere baithan sar-araz ez zezaketen bekhatoreak. Morde Tristantek akhabatzean erreflekzione serios hau, hameka orenek jo zuten; kanpoko jendeak joan ziren beren etxetarat, eta Karakoetxekoak oherat.

 

aurrekoa hurrengoa