www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lehenagoko Eskualdunak zer ziren
Mixel Elizanburu
1889

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Lehenagoko Eskualdunak zer ziren , Michel Elissamburu (Asier Trekuren eta Iñaki Nazabalen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1993

 

aurrekoa hurrengoa

III
Lehenagoko Eskualdunen zuhurtasuna beren janean

 

        Bethidanik Eskualdunak arrunki bizi izan dire.

        Jadanik adin bat dutenek, ez ahal dute ahantzi zer orthunzak egiten zituzten beren haur denboran.

        Gosalzeko edo haskariteko, komuzki artho ela xingar zuten, sori zenetan.

        Balin bazen familian haurride mulxoa, guziak emanen ziren zartain baten inguruan, eta han bustiko zuten artho zerra xiortua, bai eta handik hartuko beren xingar tranxa arras ttipia.

        Orzirale, larunbatetan, artho eta esne zuten ukhaiten.

        Haurrek ez zakiten orduan galdegiten ez xokolatik, ez kafe-esnerik, ez eta esne sukrestaturik, non ez ziren eri.

        Amen mainak erientzat ziren beraz bakharrik. Nor ez da orhoit aditurik erraten, bere adineko zenbait haurreri: «Nahiago nukek eri banitz gauza onetarik jateko?»

        Haurrek haur elhe, bainan hola mintzo ziren, ez baitziren orai bezala gastatuak.

        Bazkaria, haskaria bezain arrunta zen.

        Haragi salda ez zen ikhusten etxetan besta-buruetan baizik, eta ez orduan ere bethi.

        Kozinattoa, aza, ilhar eta lur sagarrekin egina zen orduko gehienen haragi zopa.

        Gero salsa batetarik, edo jaki puska bat, zertarik nahi, arthoarekin, eta azkenean ogi ahamen bat, ahoaren garbitzeko: horra denbora hartako aphairu prinzipala.

        Hola egiten zen, Eskualdun gehienen familietan, heiek izanik ere aise suerte batean.

        Bai, orduko amek, zenbait aldiz aberatsek berek, bazakiten arroltze fritu baten bi, lau zatitan ezartzen, bi, lau haurrentzat.

        Gasna ere hain mehe pikatzen zuten non haurrek erraiten baitzuten irriz amari: «Ama, gasna hunek argia pasatzerat uzten du, eta zu ikhusten zitut hau ezarririk ere begien aitzinean.»

        Esnea giristinoa zela, erran nahi baita ongi bataiatua, zuten oraino irriz haurrek erraiten.

        Zenbait aldiz amak behar ere zuen hau aditu: «Ama, egun behi beltxa (pearra) ongi deitzia izan da»; edo: «Ama! ur hunek esne guti du» eta ez esne hunek ur guti du.

        Janaren araberakoa zen edaria, erran nahi dut ithurriko ur garbia eta freskoa zela maizenik orduko jenden arnoa.

        Neguan balinbazen mineta, eta udan pitarra, sagar xiortuz egina, nihork ez zuen ametsik egiten bertze edaririk ukhan zezakela, non ez zen Eliza-besta edo bertze zenbait egun handi.

        Pobreak egundainotik bizi izan dire, bazter guzietan, ahal duten bezala, eta pobrez behar dire aditu jende nekatzaileak.

        Ezagutu dut hetarik bat, egun guziez peonzan zabilana. Diru guti zezaken aldara, aise da asmatzeko, bere jornal mehetarik, eta ez bide zuten harren haurridek ere harrek baino gehiago bazterrerat ematen.

        Gure gizonak molsa hutsa bazuen ardura, bederen bethi zuen bere umor ona beiratzen.

        Goiz batez, askaldu behar zuela, hartako orena ethorria baizen, hor abiatzen da, armairuak idekiz, zerbaiten xerkha, bainan ez du deus ere hatzematen, salbu artho erdi baten heina. Hartarik zerra bat pikatzen du eta gero badoha baratzera, arrosa baten bilha. Uda zen.

        Beraz paratzen zauzu bortha aitzinean, here artho hutsa eta hotza esku batean, eta arrosa hertzean.

        Handik iragaiten ziren ezagunetarik batek dio erraten: «Zer ari haiz Manex?

        Manexek errapostua: Haskaiten ari naiz.

        Ezagunak: Zer duk haskaiteko?

        Manexek: Huna zer dudan. Denhora berean du arthoa ausikitzen eta arrosa usaindatzen...

        Manexen herritik bi legua urrun den bertze herritto batetako Jaun Erretor ona deithua izan zen gizon adinetako eri batengana. Jaun Erretorak, bere ministerio saindua bethe eta, erran zion eriari, ikhusiz zoin ahul zen: «Behar zinuke xokolet prisa bat hartu.»

        Eriaren arrapostua hau izan zen «Jaun Erretora! ez dut egundaino xokoletik jastatu, ez dakit beraz zer den, eta gure etxean ez dugu xokoletik.»

        Jaun Erretorak igorri zakon prisa bat, eta hark ez bazuen sendatu gure eria, bederen erran ahal zuen Jaun Erretorari, biharamunean, xokoleta gauza ona zakola, eta behin bederen xokoleta harturik, juan zen mundu huntarik bertzera.

        Oraino behar dut kondatu hirurgarren istorio bat, bertze lehen biak bezain egia.

        Orai duela hirur hogoi urthe pasaturik, mendien artean anhitz kartier dituen herri batetako, nik ezagutu dudan Jaun Bikario bati erran zakoten urrun eri batek galdegiten zuela. Pensatuz gure Bikarioak ikustera zohan eria probea zaitekela, hartu zituen sakelan bi xokolet prisa.

        Eman zituenean ohean eri zenari arimako sokhorrioak, nahi izan zuen ukhan zitzan ere gorphutzeko soleimenduak.

        Beraz, eriaren emazteari eman zuen aiphatu xokolet prisa hetarik bat, eman zezon bere gizonari.

        Emazte gaizoak, xokoleta emateko plazan xixatto batean urarekin, hor eman zauzun, xardina bat bezala, brasaren gainean.

        Aphezak berak erakutsi behar izan zuen xokoleta nola egin beharzen...

        Uroski egungo Eskualdunak gehixago ikhasiak gare eta eriek badituzkete zoinu edo artha bederen komunenak.

        Orai aiphatu dugun denbora hartako pobrek ez zuten beren azken eritasunean berean phorru salda baizik.

        Ez da guzia. Nola Eskual-herriko emazteri ez baitzitzeien iduri phorru saldan urinik eman zaitekela; hura bulta batez egosaraz eta olio gordein tinta, bat zuten aurthikitzen bethi zenbait ogi zopen gainerat, heiek trenpatu, baino lehen.

        Horra, beraz, pobre erien orduko oilo salda. Lehenagoko Eskualdunak hoin meheki bizi gatik, konserbatzen zituzten bai beren osagarria, bai beren zalhutasuna, bai beren indarrak.

        Zenbatak ere ez ziren heltzen adin handi batetaraino? Ez zen orduan batere arraro, non nahi ikhustea Eskual-herrietan, partikularzki mendietakoetan, lau hogoi eta zenbait urtheko presunak, bai eta lauetan hogoi eta hamar, hamalau, hamasei eta ehunetakoak berak.

        Nihaurek ezagutu ditut, herri batean, bi emazte ehun urthe pasatuak zituztenak, bai eta ezagutu dut bertze batean ehun eta zortzi urthetako etxeko jaun bat, eta iduri zaut ikhusten dudala egun guziez bere azieta aza kozinaren husten, neguko denbora ederretan iguzkitara zagola.

        Haren arreba ere ikhusi dut josten ari zela ehun eta lau urthetan.

        Ez du anhitz, anhiz urthe, hil izan dela lau hogoi eta hamabi urthetan Eskualdun errespetagarri, eta pasatzean errateko, bere herrian zen gizon ederrenetarik bat.

        Bada, giristino onen modela zen; gizon harrek luzaz egin izan zituen, urthe guziez, hi garizuma: bat guziek bezala, Bazko aitzinekoa, eta bertzea abendoa, Eguberriko bestarat preparatzeko.

        Bizkitartean, herriz ere diot, bizi izan da lauetan hogoi eta hamabi urthetaraino.

        Erran ditudan gauza hok guziek behar lauzkute konprendiarazi osagarriaren eta biziaren luzaz heiratzeko jan arrunta dela hoberena, harekin delarik erematen bizi erreglatu bat, eta dituelarik bakhotxak konserbatzen habituda onak.

        Egungo egunean haragi frango iretsi nahi dutenak, gizenduko dire ederki, ez da dudarik, buxerian pikatuak izan behar balira bezala; bainan ez dute hortako gutiago sendituren asko eritasun eta infirmitate, hala nola odol kolpe, errumatisma, etc., etc.

        Gehiago dut erran behar; erortzen bazeie bizkarrera, gizon lodi eta hain moldedun heier, sukhar malin bat, edo bertze gaitz serios bat, ikhusiko ditutzue krask hiltzen, edo dute, errana den bezala, laster leher eginen, eta gizenenek, leher eta zapart...

        Konsiderazione hok akhabatuko ditut erranez zer irakurtzen dugun asko sainduen bizian.

        San Romualdok, gazterik mundua utziz geroztik, bethi mehe egin zuen komentuan, eta hargatik bizi izan zen ehun eta hogoi urthe.

       

        Jondoni Paulo ermitauak, bere azken hirur hogoi eta hamar urthetan, ez zuen jaten, egun guziez, bele batek ekhartzen zakon ophil baten erdia baizik, eta xoilki zuelarik edaten ithurri batetako uretik, halere bizi izan zen, hura ere, ehun eta hamalau urthetaraino.

        San Simeon Stylita, hola izendatua, zeren ereman baitzituen berrogoi urthe kolona bezalako dorhe baten punta goran, hil izan zen ehun eta bederatzi urthetan.

        Bertze Stylita batek ehun eta zazpi urthe bazituen hil zenean.

        San Antonio handia, ehun eta bost urthetan, oraino arras azkar zen; bista ona zuen, eta bere hortz eta hagin guziak herekin zituen.

        Ez naiteke mintza San Makario, San Paphnuzio, San Hilarion eta bertze ehun holako, luzaz bizi izan diren solitario sainduez. Bada guziek erran zezaketen hetarik batek egun batez erran zuena.

        Norbaitek galdegin zion egun hartan heia zer jan zuen bere lagunekin.

        Solitarioaren arrapostua hau izan zen:

        «Egun jan ditugu ilhar biribil xaharrak belharrekin egosirik.»

        Eta atzo zer jan zinuten?

        «Atzo jan gintuen belharrak ilhar biribil xaharrekin egosiak.»

        Eta herenegun?

        «Herenegun ilhar biribil xaharrak belharrekin egosiak.»

        Berriz ere diot, nahi badugu osagarri onean bizi luzaz, jan eta edan de.zagun xuhurki, edo izariz.

 

aurrekoa hurrengoa