|
V Zer ziren lehenago familia laborariak, bai eta hetako aita-amak beren haurren alderat
Buruilaren azken egunetan, ez dakit segur zoin urthez, joan behar izan zen Kattalin, bere ahizpa Baxe-Nabarreko herri batean zagonaren ikhustera, eta han aste bat josten artzera.
Ahizpa harrek eta haren familia guziak atsegin handia zuten hura beren etxerat zenean ethortzen, nola zonbait egun maiteki atxiki eta, atsekabe baitzeien ikhustea phartitzen.
Uda bero eta eder baten ondotik, urthe hartan fruitu guziak goixtiar bide ziren, bai eta ere mahats biltzeak arras goizik egin zituzten. Komuzki Kattalinek mahats biltzetan egiten zuen Baxe-Nabarreko piaia. Josten arizanik bere ahizpa, bere iloba eta bertze ahaidendako, othoiztua izan zen juaitera hirur edo lau etxetarat, eta juan ahal zen hetarat, bakharrik hetako jende laborari onak ezagutzen zituelakotz.
Handik itzuli zenean, bazituen mila gauza khondatzeko, Karakoetxeko sukhaldean, berak ikhusiak edo bederen entzunez ikhasiak.
Beraz, hasi zen erraiten herri hartan eta bertze auzokoetan, badirela anhitz etxe on, zoinen izenak, bederen zonbaitenak, baitire: Goien-Etxea edo Etxe-Goihenia, Etxeberria, Etxehandia, Etxebeheria, Etxezaharria, Etxexuria, Elizaldia, elizondua, Uhaldia edo Ur-Aldia, Otsaldia edo Otso-Aldia, etc.
Horietako jende gutiz gehienak dire laboraran modelak. Bada bakhotxean haur multzo bat: bost, sei, zazpi, zortzi, bederatzi, hamarretaraino, oro propiak, azkarrak, prestuak, Erlijioneko urhatser jarraikiak edo arras Jainkotiarrak.
Loria da heien ikhustea, goizetik arrats, beren aita-amekin, kanpo lanetan, landetan, phentzetan, otharretan, larretan, nola ari diren balioski, zalhuki, alegeraki.
Ez dute nahi sehirik batere, ez eta jornalaririk, salbu zenbait bakhar. Egun bat edo biga berantxago izanen bada ere, etxekoz-etxeko egiten dituzte lurren iraultzeak eta arhatzeak, ogi eta artho ereiteak, ongarristatzeak, jorratzeak; belhar ebakitzeak, idorrarazteak, barnean emaiteak; ogi epheiteak, sartzeak, joiteak, aphaintzeak; mahats biltzeak, lehertzeak, sagar arno egiteak; iratze eta othe phikatzeak, kharreatzeak, metatzeak, etc.
Aita eta ama uros heiek, beren haur maite guziekin dire haskaiten, bazkaiten, afaiten. Heiekin dute, orok betan, arratseko othoitza egiten, arrosarioa erraiten.
Ilhabetean behin bederen, edo maizago, badabiltza kofesatzen, eta dira ere usu mahain saindurat, hurbiltzen. Aise dute hola here artean bakea, bathasuna, deskantsua.
Jan arruntez haziz, beren larrua xinpleki estaliz, alferki deus ez xahutuz, egun guziez edo ardura zerbait aldaratuz, ez dute etxea gainbehera ikhusten dohala peko zolara.
Aitzitik heien izaitea baidoha emendatuz eta emeki emeki goratuz, antsiarik gabe dute ethorkizunari behatzen. Kattalin gelditu zenean mintzatzetik, Mariak zuen erran bere aldian, deusek ez duela gehiago iduri komentu saindu batzuetako bizi moldeari nola gisa hortan laborariek deramaten biziak.
Xobadinek ere dio.— Mariak arrazoin du, mila aldiz, eta nik ere ikhusten dut komentuetan eta laborari etxetan diren jenden artean, anhitz elgar egite edo elgar iduri izate: hetarik bat da, batzuek eta bertzek, autoritatearentzat duten errespetua. Debalde laiteke deusik gehiago erraitea gauza hortaz komentuetako habitanten gainean; bainan zer da ederragorik, laudagarriagorik, miretsgarriagorik, nola haurrek burhasoendako duten sumizionea, humiltasuna, obedientzia; bai eta familia bereko haurretan, gaztenek zaharrenendako duten amodiozko errespetu hura?
Kattalinek.— Jende onak, utz nezazue khondatzera zer ikhusi dudan oixtian aiphatu etxetan, eta partikularzki batean. Badire han bederatzi haur, nihaurek, lerro, lerro ikhusi eta khondatu ditudanak. Anderegea da lehenbizikoa. Hark bertze zortzi haurrider du erraiten hi eta no; bainan hari zortziek dakote ihardesten zu. Bigarren haurra da etxeko semea. Haren ondoko zazpietarik ez du adituko zu baizik, nahiz hark, bere aldetik, duen erranen zazpieri, anderegeak zortzieri bezala, hi eta no. Lege bera da segitua bertze gain behera heldu diren zazpieri. Bederatzigarrenak, neska baita, ez dezake beraz bertzetarik adi hi eta no baizik.
Usaia hori anhitz ederra iduritu zaut, eta desiratzeko da bethi edo luzaz iraun dezan.
Leonek.— Bazen lehen, bederen zenbait etxetan, usaia bat ez gutiago errespetagarria; hura zen haurrek beiratu behar zuten ixiltasuna bere aita-amen bai eta bere aitabitxi eta amabitxiren aitzinean, askotan xutik egon behar zutelarik.
Net ongi orhoit naiz nola etxe batean haurrak bazirenez ere ez zirela ageri aitatto heiekilan zenean. Kanpoan bazen, irri oihu eta arrabotsa frango egiten zuten. Agertzen zena aitatto borthan, ixil ixila ziren guziak gelditzen; aitatto heldu duk! aitatto hor dun!
Aitatto, sukhaldean sarthu eta, juanen zen su xokhora; haurrak, suphasterretik urrun, xutik, tint bat erran gabe egonen ziren.
Aitatto hura, gizon adinetako errespetagarri bat zen. Galtza motxak edo zarabilak soinean zabilan, artzain galtxoinekin. Izana zen, oinez, Jondonaakin bere gazte denboran. Urthe guziez, uztailaren 25eko ondoko igandean, hura eta haren adin bereko lau edo bost lagun ikhusiko ziren, meza nagusi aitzinean, hilberrietako khurutzera egiten den prosesionean, eta gero meza nagusian, arrain beharriz garniturikako pelerina ttipi batzu sorbalden gainean. Frogatzen zuten, beren gisan, lehengo eskualdunen fedea ez zela, oraiko askoena bezala, fede ahul edo arin bat, bainan zela hura fede salida, azkarra.
Tristantek dio.— Oraino haurrez mintzatzeko, mila aldiz errana izan da haurrak direla altxatzen diren bezalakoak, eta heien edukazioneko fundamenta edo zimendua dela, Jainkoaren beldurtasunarekin, beren aita-amen beldurtasuna, edo heien larderia.
Jeneralean, egungo burhasoak dira agertzen beren haurren alderat sobera flako, eta erran daiteke direla heier buruz egiazko uliak edo oilo-bustiak. Ez dira gehiago haurrak beldur aita-amendako, aita-amak dire beldur haurrendako.
Baditake batik bertze orduz zonbait aita eta ama ziren, behar bada, sobera borthizkoak, eta baditut bi ixtorio khondatzeko horren gainean. Ezagutu dut ama, emazte aphal aphal, xar xar bat, zituena bi alaba eta bi seme, bakhotxa bat eta erdi hura baino handiagoak.
Dudarik gabe haurren aita gizon larria izan zen. Hiltzen goizik, uzten zuelarik alharguntsa aiphatzen dudan emaztea, gorphutzez ttipia, bainan kuraiez, borondatez egiazki handia.Iduri zaut ikhusten dudala berrogoi eta hameka urtheren buruan.
Beraz, igande arratsalde batez, alaba gaztena sarthu zen etxean, ilhuna baino lehen, bainan amak nahi, eta hark erran zakon baino berantago.
Hemezortzi urthe zituen neskatxa hark, handia eta azkarra zen haritz-ondo bat bezala.
Amak utzi zuen, jin zenean, bere arropen khanbiatzera edo arrunten hartzera; bainan gero, lotzen zakolarik esku ezkerraz besotik, eta eskuinaz odakolarik jats gider bat, eman zaizkon bereak bizkarrean behera, behatzen zuelarik hari petik gora, ezen, berriz diot, alaba, ama baino phuskaz handiago zen.
«Gure ama, ona delarik, holakoa da», zuen erraiten neskatxa harrek zoinbait egunen buruan. Hanbat gaixtoago ene ahizpari eta eni, bai eta gure bi aneieri, ez baditugu egiten amak erranak, eta hak erran bezala.
Komuzki burhaso borthitzek haur humilak dituzte. Ene bigarren ixtorioa ez da lehena baino gutiagoa. Aita batez eta haren semeaz da mintzo. Azken hau ezagutu dut, eta haurra nintzalarik joaiten nintzan, elizan egiten zuen katiximarat. Kantonamenduko erretor zen. Gorphutz labur eta llodi batekin, erakusten zuen bazuela anhitz izpiritu, anhitz talendu, anhitz jakitate, bai eta karaktera bat bere aitak bezain handia.
Bera utziko dut erraitera zer gerthatu zitzaion hemeretzi, hogoi urthe zituelarik. Geroztik, hogoi eta hamar bat urtheren buruan, lakhet zuen oraino khondatzea bere ixtorio hau:
«Akizeko semanario handian nintzen, teolojiaren ixtudiatzen ari han, Baionako seminarios ez baitzen oraino idekia.
«Egun batez, ukhaiten dut letra bat etxetik, eta, ene ixtudioez buru guzia hartua, ez naiz presatzen aitari ihardestera.
«Joan ziren naski lau, bost, sei egun, aste bat, nik erreposturik egin gabe.
«Azkenean, goiz batez, galdegiten du aitak amari athorra xuri bat, erranez: Banoha Akizerat, gure semearen ikhusterat. Zinta gorria duela gerrian, eskualdun makhila ferratua eskuan, abiatzen da etxetik.
«Badoha gure herritik Donaphaulurat; handik Bidaxunerat; Bidaxunetik Peirohoraderat eta gero jiten da Akizerat. Egun guzia oinez emanik bidean, heldu zen doi-doia, ilhuna baino lehenxago, Semenariora.
Han sartzen zelarik, nihaur izan nintzan lehena urrundik ikhusi nuena, paseeta bainindabilan hango arbola handi eta ederren azpian. Hura ikhustearekin, bihotzak farrasta bat egin zautan eta erran nuen ene buruari: «Zer gaizkiak behar ditudana aitarenganik aditu, zeren ez dudan haren guthunari erreposturik egin?»
«Beldurra sabelean, edo barneak pil-pil zautala egiten hurbildu nintzan harenganat erraiten nakolarik: «Nola zira, Aita?» Eman zautan errepostutzat tira-ahaleko behar ondoko bat, erranez: «Aitaren letrak ez zuena semearena merezi? ... » Orai erranen deat, galdegin dautakanaz geroz nola nizan, arras ongi naizela. Hire ama ere ongi duk. Ongi unhaturik, jin nuk egun hunat, hire ikhustera eta hiri letzione horren emaitera.»
Goraxago erran dut haurren edukazione on baten zimendua zer izan behar den. Orai erranen dut edukazionea bera izan dadila fermuki eztia, edo eztiki fermuia.
Gaur geldituko gare huntan joaiteko oherat deskantsatzera.
|
|