VI Artho xuritzea
Urriaren hastean, arrats Batez, bildu ziren Karakoetxera auzo eta inguruetako anhitz jende artho xuritzera, urthe guziez bezala.
Leon etxetierra; Aines haren emaztea, beren seme alabekin; Kattalin dendaria, Xobadin zaharra, etxeko sehiekin, lehenetarik ziren kausitu, lan hartan hasteko.
Morde Tristant berriz kanpo zen zenbait egun hartan. Andere Geaxane sukhaldeko lanek han atxikitzen zuten.
Primua, aitari guthun edo letra baten izkribatzen ari zelakotz, ez zaiteken juan berehala artho xuritzalen artera.
Maria, etxeko alaba, bethi bezala, amaren aldean zagon. Karakoetxeko ezkaratz handian baziren lau artho meta eder eta gora, bai eta bostgarren bat bertzeak baino aphalago, buru ttipi-ttipi batzuez egina.
Erran behar dut Karakoetxeko Jaunak gostu handia zuela laborantzako, eta urthe guziez ekharrarazten zituela, bere landetan, ogi suerte guziak: hala nola bizarrik gabeko Hongriakoa, Naplesekoa, Odessakoa bai eta bizarrarekilakoa, Afrikakoa, Egiptokoa, Russian Taganrogokoa.
Gisa berean, bazuen artho mota guzietarik, orduan han ikhusten zen bezala.
Gure langileak eman ziren beraz bost multzoetan. Hasi orduko, hetarik batek du erraten, buru handi eta luze bat duelarik erakusten: «Huna artho larrienetik eta gorenetik.»
Bigarren batek alxatzen du botza erranez: «Hark eta haren lagunek aitzinean zuten meta zela artho gorri eta aphal kalitate hoberenetik, irin anhitz eta zahi guti emaiten duelakoz.»
Hirurgarren batek bere aldian du erraten, haren eta bere lagunen mulzoa zela artho xuritik. Artho xuria zako gorria baino hobeago. Udan luzazago da fresko egoiten. Talo onen egiteko ere da parerik gabea.
Hor laugarren batek du iduri dela osoki espantitua, ikhusiz egundaino hatzeman ez zuen bezalako artho xuri bihi xabal batetarik. Erraten dakote Ameriketako arthotik dela, eta biziki ona.
Huna bortzgarren bat, zoinak baitu erakusten buru txar ttipi, ttipi hat, diolarik: «Hau, artho ñañotik da segur, eta hunen bihia ona daiteke xito, oilo eta ahaten hazteko.»
«Bai eta ere jendendako», du norbaitek ihardesten.
Jakin zazue artho horren irinaz egin daitekela, bertzenenaz bezala, bullia suerte arras on bat, zoinak baitu izena, Italianoz polenta, Frantsesez gaude, kaskoinez eskautun edo tourniol, eta eskuaraz ahia.
Holaxe, gure artho xuritzaleak lanean hasi eta, kondatu zituzten, lehenik, herriko eta herriz-kanpoko herri guziak, hala zirenak eta hala ez zirenak.
Gero izan ziren, komuzki kausitzen diren bezala, irri gozo, irri farra, irri karkaila frango egin-arazi zituztenak, bainan hatik arras inozenki.
Horien guzien buruan, hor kantatu zituzten bost-bai-sei kantika, lehenagoko ederrenetarik: lehena Ama Birjinaren ohoretan Kanta zagun guziek ahalik gorena, etc.
Bertze bat edo biga eman zituzten lau azken finen gainean: «Zuen heriotzeaz ... Gizona, non duk zuhurtzia ... Zer dire gure egunak? ... » etc.
Azkenian: «Oi! mirakulu guziz ... O Jesusen bihotz samur», etc...
Kantika horien ondotik norbaitek nahi izan zuen hasi kantu profano baten emaiten; bainan, lehenbiziko phertsutik ageri baitzen kantu hura ez zela soberarik ona, Kattalin dendariak othoiztu zuen kantaria, ezti-eztiki, har zezan bertze kantu bat garbia eta modesta.
Kantariak, abisu zuhur hori segitu behar bidean, zoroki eta fierki dako errepostua ematen ez duela ez hari ez bertzeri hobenik egiten.
Kattalin ixildu zen, ez baitzuen mokoka edo aharran hasi nahi; bainan Xobadinek, haren phartea hartzen duelarik, du botza altxatzen: «Janeta! holako phertsuek nihori ez dine onik egiten; bainan niholere ezin sofrituak ditun kantatzen badire haurren eta gazten aitzinean, ezin anhiz kaltekor dituzken hauientzat».
Janetak, atrebituki: «Beha, beha! ez nuen uste hemen zela Hegiederreko mutxurdina».
Xobadinek: «Janeta! mutxurdina nun eta egiazkoa, ez dutenaz geroz egundaino izan ez esposik, ez gizonik. Ez dinat nik hemeretzi urthetan haurrik bulharstatu, ez eta gero hazi.»
Hitz hok aditu zituzten artho xuritzaletarik bat abiatu zen gora-gora erraten: Atxe! atxe!!! Aie! aie!!! Bigarren batek dio: Zer tiro ukhaldia! Hirurgarren batek: Kolpe handia egin ahal duke edo bederen lehengo zauria erreberritu.
Zauri hura hain izan bide zen bizia, samina, non hura ukhan zuena, edo kolpatua izan zena, bortha ondo ondoan ordu artean jarria, itzali baitzen berehala, eta burua aphalik, haia, haia, juan bere etxera, argizari xuriz.
Orduan bultatto bat langile guziak hitzik erran gabe egonik, norbait abiatu zen berri xahar luze eta eder baten khondatzen.
Harren akhabatu orduko bere istorioa, artho guziak xuritu zituzten, eta hameka orenak eta erdiak erlojean jo zuen.
Memento hartan zen agertu Andere Geaxane, turxun xuri bat aitzinean, erraitera langile guzieri sukhalderat phasa zitela.
Instant batez oro harat juan ziren, eta bethe zituzten kasik etxeko kadera guziak, bai eta bi hanka luze eta handi, mahi aitzinean zauzketenak.
Aines, etxetiarsak, eman zuen lakha bat bere azpian; Kattalin dendariak, gaitzurua; Xobadinek hartu zuen saski largo, largo bat, eta hura ahoz behera emanik, haren gainean jarri zen.
Zenbait emaztetto kokoriko ziren paratu, eta gizon gaste batzu, lurrean zabal zabala.
Naski kanpoan izotza ari zela, Andere Geaxanek egin arazi zuen su bat gaitza, guziak urrunetik ere bero ziten. Beraz, ikhus zaitekeen suteian astoketa bat egur bederen, eta gero abar haxe bat, eta, horien ororen gainean, zakhu baten bethe artho burutxa.
Leon etxetiarrak, beldurrez su ximiniari eta etxeari lot zadin, abiatu zen Andere Geaxaneri zerbaiten erraten; bainan etxeko andereak laster zioen adiarazi deskantsuz Leon egoiten ahal zela; aitzineko astean, hamabost sosetan, ogi eta gasna, zenbait sagar mamula, arno kolpu bat eta athorra xuri batean truk, ximinoa iduri eta errorarazi zuen khedarra bezain beltza zen muttil gazte batek garbitua zela ximinea guzia, zolatik eta puntaraino.
Horiek oro hola direla, Andere Geaxane hasi zen, kanibet marraza bat eskuan, ogi zathi handi eta gasna puska baten bakhotxari ematen.
Margarita, neskatoak, zuen bi ahur handi gaztena erosi eman bat-bederari.
Maria, etxeko alabak, zituen hala hala eman orori sagar antxote, erneta zuri on eta irindu batzuetarik.
Joannes-Baptista, primua, bazabilan, batetik bestera, bi pintetako botoila amo xuriz bethea eta baso bat eskuan.
Emazte gehienek sagar amoa zuten preferatu, eta batek edo biek galdegin zuten bakharrik pitarra edo bineta.
Horrela asexe zirenean, nabiz gauherdi zen abantzu, gehienak solasean hasi ziren gora gora.
Naski arno xuriak burua jo ahal zuen zenbaiti, eta bertze batzueri, estomaka bero arazirik, mihia zalhuarazi.
Ez dut erraiten zirela motheldu.
Nola Piarres eta Xobadin elgarri hurbil baitziren, abiatu ziren hitzka samurrak bezala, bainan aditzaile guziek bazakilen Piarres zoin zen prestua eta Xobadin, arima zuzena.
Piarresek zuen, gazte on guziek bezala, maite irri egitea, eta hartakotz zuen hirritatzen Xobadin.
Malzurki dio beraz errailen: «Horrixe da moldean duzuna, Xobadin, orraztatu oixtian Janeta gaizoa.»
Xobadinek: «To! Piarres! iduri zautak ez dutala merezi zuen baino gaizkiago tratatu». Sukhalde guzia irri karkailaz hasi zen hori aditzean.
Ainesek: «Holaxe behar dire hezi, ene arabera, beren buruak, aphaldu behar bidean, sobera goratzen dituztenak.»
Xobadinek: «Preseski, bainan bertze alde Piarresek ez daki heldu nizala, Karakoetxerat, artho xuritzefat, hirur hogoi eta bost urthe huntan, eta ez dutala egundaino hemen, ez aditu, ez ikhusi, behar ez den gauzarik.»
«Beraz nagusiaren eta etxeko anderearen eskasean, nik edo norbaitek behar zuen Jainko legearen eta ordenaran phartea hartu.»
Kattalinek: «Arras ongi duzu egin gaizkiaren kontra altxatzea.»
«Presuna gazte batzuek ohorearekin galtzen dute ahalgea; azken gauza hau bederen behar lukete berekin beiratu. Nik diot, artho xuritzetan erraiten eta egiten diren bekhatu mortalek, iduriz, dutela arthoa bera phozoindatzen.»
«Zenbait aldiz, aditzen dutanean norbait eritu dela bat-batean, edo hil dela supituki, ene baithan diot bekhatu mortal heiek arimeri heriotzea eman ondoan, ematen ere dutela gorphutzeri; bai artho phozoindatu hetarik janez, eritzen eta hiltzen ahal dire zenbait.»
Leonek: «Behar bada kestionea sobera urrun deramazu Kattalin?»
Kattalinek: «Ez dut erraiten gauzak hola direla, bainan hola daitezkela. Nork frogatuko daut kontrarioa?.»
Leonek: «Naski arrazoin duzu.»
Kattalinek: «Orogatik ere, ongi egileari behar du bat bederak bere ezagutza zerbait gisaz erakutsi; bizkitartean, hori egieko plazan, balin badu hura afrontatzen, ez da bakharrik esker gabea, bainan oraino munstro bat izenik ez duena.
«Askotan edo maiz giza hortan gare jokhatzen Jainkoaren alderat.»
«Ez da beraz estonatzeko, hain tristeki ofentsatzen dugun Jainko Jaun hark berak gastigatzen bagitu zenbait aldiz mundu huntarik beretik. »
Kattalinek hitz hok erran zitueneko, gauherdik jo zuen, eta bakhotxa juan zen laster bere etxera.
|