VII Zaragozako Setioa — Erlande Oihanzaina
Azaroko arrats batez ikhusi zuten Karakoetxerat ethortzen han jadanik ongi ezagutua zen gizon bat. Hura zen Erlande oihanzaina. Sarthu zen zapeta lodi pare bat ongi ixtilez zikhinduak soinean, deskartzela bat sahetsean, ihiziko harma zahar eta beltz bat bizkarrean.
Harma hura ez ahal zen egundaino garbitua izana.
Horren gatik Erlandek biziki harma ona zela zion. Hala ez bazen ere, aspaldian berekilan bazabilan.
Erlandek bazuen orduko hogoi eta hamar bat urthe oihan zaingoan bazabilala eta hirur hogoi urthe iraganak zituen.
Napoleon lehenaren soldado izana zen. Hortakotz bazakien bederen bi arditen frantsesa eta bertze hainbertzeren española.
Haren auzoek ez baitzakiten hitz bat eskuaraz baizik, heien artean zenean, iduri zakon doktor sabant bat zela.
Egin baitzituen kasik Espainiako kanpaina guziak, bazazkien gogoz hetako ixtorioa.
Erranen zautzun paterra bezala, eta iduriz kasik hatsik hartu gabe, non izan ziren orduko bataila handiak: Bailen, Medina, Burgos, Espinosa, Somo-Sierra, Coruña, Tudela, Vitoria eta bertze berrogoi eta hamar holako.
Kondatzen zuen nola soldado frantsesak hiltzen zituzten bederazka hatzematen zituzten toki guzietan.
Bainan denbora hartako gerthakarririk izigarriena izan zen Zaragozan sartzea.
Frantsesek setiatu zutenean hiri hori, berrogoi eta hemezortzi egunez, Zaragozako Ama-Birjinak eman zuen José Palafox, hango gobernadoreari, eta hango habitanter, Frantseseri ihardokitzeko kuraje aski, nahiz ez zen hiria batere murruz edo ranparrez inguratua.
Azken asaltua emana izan zenean, Erlande, Harispe jeneralaren muthila baitzen, bere nagusiari hurbil egon behar izan zen.
Hirian sarthu zirenean, Frantsesek behar izan zuten setiatu karrika bakotxa, bai eta ere etxe bakotxa.
Emazte Españolek berek erakutsi zuten orduan jendeak zer izan daitezken desesperazionean eta errabian direnean jokhatzen.
Beraz, Zaragozako emazte heiek beren etxe gainetarik eta leihoetarik, aurthikitzen zituzten gure soldadoen gainerat harri handi, trunko phisu, zur phezak, heien lehertzeko, bai eta bertz ur irakituak, zarthainen bethe olio sutan, eta burdin gorriak, heien egosteko, erretzeko.
Gure soldado anhitz eta anhitz hola hil izan ziren; bainan bizirik gelditu zirenak, furian, borthak aizkora ukhaldika hautsiz sartzen ziren etxetan, masakratzen zituztelarik hatzeman jende guziak, gazteak eta zaharrak, tripak eginez, buruak ebakiz, emazteri bulhar ditiak pikhatuz.
Erlanderen amak aditzen zituenean ixtorio horiek, gorri gorria samurtzen zen eta erraten zuen goraki: «Muthikoa, ago ixilik. Nik ez diat holako itsuskeriarik aditu nahi.»
Erranen zuen oraino bere semeari, ama adin handiko errespetagarri harrek: «Soldado frantses xinplek ez bazuten hoben handirik, hek han harat eraman arazi zituztenak mila aldiz hobendun zituian, eta guziz Napoleon, gerla injustu haren deklaratzailea.
Zer erran oraino elizak eta komentuak arroatu, anhitz fraide eta aphez masakratu zituztenez, guziz Tarragonan?
Ez duk estonatzeko, zuen oraino erraten Erlanderi bere amak, Jainkoak Espainian ehortzi baditu denhora hartan lau ehun mila Frantses, ama gaixoen haurrak!
Erlande ixiltzen zen amari penarik ez emaiteko. Hori bederen onik gelditu zitzaion.
Erran nahi dut, erreboluzioneko gizonekin eta framazonekin ibiliz geroz, izpiritua trebes zuela edo fede eta sinheste gabe zela.
Iduri zuen anhitz bere ahaide, sotana seminario handian ekharri zuen bat, zoina ez baitzen Bazko egunean berean elizarat juaten, nahiz hark ere bazuen, Erlandek bezala, ama bat osoki prestua, sainda hutsa.
Fedea zeruko dohain bat da. Norbaitek balin badu zorigaiza haren galtzeko, hirriskatzen du gabe egoitea bere bizi guzian.
Gauza hunek behar luke laztu eta ikhararazi bat bedera. Erlandek ez bide zuen beraz gehiago batere sinhesterik.
Ez zuen hatik nebori erranen bere phentsatzeko molde tristea, non ez zen sobera edana.
Xorta bat izariz gora iretsiz geroz, bertze asko gizonek bezala, iduri zuen phikal okherra: ez zen ixiltzen erasian artzetik, eta erran behar zituen gogoetan zagozkan inpietate eta gaixtakeria guziak.
Erran dut goraxago oihan-zain zabilala. Ihizin ere bazuen gostu handia.
Uztail-agorriletan, hiltzen zituen zenbait kaila, ogi landa hegi batian buruilean epher zango gorriak; urrian, urxo-palonba, ezkurrez papo betheak, bai eta anhitz biligarro.
Neguko hotz handietan, fier zen zenbait aldiz ekhartzen bazituen bi, hirur, lau pekada moko luze; edo bost, sei pekaxina, pekadak iduriak, bainan ttipiagokoak, izenak adiarazten duen bezala.
Primaderan eta udan haizatuko zituen lo zauden erbiak, bainan, ez baitzuen xakur ihiztaririk erbi hamarretarik bederatziak espakatuko zitzaizkon.
Erlande egun guziko joan zenean ihizirat, ez zuen ahantziko hartzea bere xahakottoa, ongi betherik, eta arratseko zuen bethi hustuko.
Ez bazohan kanporat egun erdi batentzat baizik, hartuko zuen kalabaza ttipitto bat; hura ere etxerat itzuli baino lehen zuen zintzurrari behera jauts araziko.
Edan ondo onak edo txarrak zituen Eriandek, nolakoa izan zen haren ihiziko zorthea.
Deskartzela hutsa zuenean etxean sartzean, orok behar zuten utzi ixil-ixila, beren onetan.
Erraten bazuen Ixteeni, bere emazteari, egun hartan deus ez zuela hartu, eta debaldetan zituela igorri haizeari behera zortzi sosen bolbora eta bost sosen perdiuna, alegia hura ez aditu ongi, ihardetsiko zakon Ixteenik ezti-eztiki, ura berotua zuela zangoen trenpatzeko, akhitua zelakotz; baatxuri salda ere prest presta zuela, bere zopekin eta gophor bat esne artho boskaz betherik su ondoan zakola.
Afaldu eta, net ongi eginen duzu juaten bazare phausatzeko oherat, zaion oraino erranen.
Ixteenik bazakien esperientziaz hobeago dela emazte batentzat bere senharraren eztiki tratatzea, eta, khexu bada, haren apazeatzea ezin ez eta harekin aharran artzea, gero panpakoen ukhaiteko.
Imitatzen zuen, beraz, San Agustinen ama, Santa Monika, zoina gisa hortan jokhatuz Patrizio, bere gizonaren alderat, konbertitu baitzuen eta bathaiarazirik heriotze on bat egin arazi baitzion.
Gizonaren kolera eztitzen da zonbait elhe on eta legunez, nola hiltzen baita su bat, ferreta edo pegar bat ur aurthikiz haren gainerat.
Gure Erlande sarthu zenean Karakoetxean, laster ohartu ziren ez zela bere soseguan edo fleitean.
Egiaz, jar eta berehala abiatu zen erasian, bai Elizako pratika batzuen, bai aphezen kontra.
Xobadin, ez baitzen nehoren beldur, haren sinhestea atakatzen bazuten, jaikitzen da bere kaderatik, arras khexu, eta dio erraten: Erlande, hi holako ama giristinoaren semea, zer arrangura duk Erlijionearen kontra?
Erlandek, ez guti trublaturik, du ihardesten, Erlijionea dela oro misterio, eta ez dituela hark nahi sinhetsi, konprenditzen dituen gauzak baizik.
Xobadinek: Hori duk atheraldia gizona? Nola ez haiz ohartzen, Erlijionean bezala, Erlijionez kanpo ere, non nahi, eta zertan nahi, mila misterio badirela?
Erran dezadak, Erlande, hire kalabaza hutsa baita, nola haren barnean zenak daukan burua jo eta mihia motheldu.
Holaxe gerthatzen zauk zonbait aldiz, eta ez dakik nola. Aithortzak hori ere dela hiretzat eta bertzentzat misterio bat.
Beha ezak suian den zarthainari, Margaritak haren barnean eman dik burra phuska bat eta bi arroltze pare. Burra guri eta urtharazi dik suiak, denbora berean arroltzeak zituelarik gogor arazten. Errak, hik nola su berak izan dituen denbora berean bi efetu diferentak.
Aithorturen duk, beraz, badirela misterioak non nahi; baduk bat hire estomaka berotuan, bertze bat hire buru hantuian, hirurgarren bat hire mihi lodituan, eta laugarren bat zarthainaren barnean, burraren eta arroltzen erdian.
Erlande, lehertua Xobadinen arrazoinamenduaz edo haren filosofiaz, xutitzen da ixil ixila, hartzen ditu bizkarrean bere deskartzela eta bere harmattoa, eta «Jainkoak digutzila gau on bat» erranik badoha, burua aphal edo lurrera so etxerat.
Ez zuen salhatu Karakoetxean zer gerthatu zakon; bainan oraixtian erran dudan bezala, Ixteenik eman bide zion afaiterat, eta gero oherat joan zen.
Piarres, bethi bezala aire faltsu batekin itzultzen da Xobadinen alderat eta erraten dako: Juan da Erlande lasterka zuk igorririk; bainan zer egin zinezakeat, nik erraten banauzu, Erlande hak erraten zuena atzo auzo batean, beharbada ez dela Jainkorik?
Xobadinek: Ago ixilik, Piarres. Hik erran baheza ez dela Jainkorik, suko itxindi bat har eta, laste huts araz hezakeat sukhalde hau.
Piarresek: Emeki, emeki, Xobadin, ez dautzut lan hori emanen. Badakit oraixtiko arroltze hetarik bakotxa athera izan zela oilo batetarik, nola oilo hura athera izan baitzen bertze arroltze batetarik, eta azken arroltze hau bertze oilo batetarik.
Holaxe iraganez arroltzetik oilorat, oilotik arroltzerat, helduko gare azkenean lehen arroltzea edo lehen oiloa egin zuenaraino, zoina izan baita Jainkoa.
Kattalinek: Nik behatzen dutanean untzitegi, harmairu eder horier, ikhusiz plat, azieta eta bertze baxerak, lerro, lerro, ordenarik ederrenean, berehala asmaizen dut, Andere Geaxanek, Mariak edo bertze presuna izpiritu dun batek, eman dituela ordena eder hortan.
Berdin egunaz lurreko gauzen eta gabaz zeruko izarren ordena miresgarria ikhusiz, aise zauku phentsatzea, izpiritu infinitu batek, edo Jainkoak, duela itsasoa bere mugetan atxikitzen, gure kanpoak hark berak dituela, urthe guziez, sasoin beretan, berde arazten, liliz ederrarazten, uztaz eta fruituz aberastarazten, bai eta gero elhurrez estaltzen, izotzaz zuriarazten, hormaz gogorarazten.
Gabazko izarrek sei mila urthe huntan, altxatuz eta itzaliz, bethi beren orenetan, eta ibiliz armada bat bezala ordenarik ederrenean, ezagutarazten daukute heiek egin eta gidatzen dituen Jainko hura.
Ez da eztonatzeko froga horiek guziak eta bertze frango begien aitzinean eta izpirituan izanez, erraiten badugu gizon sabant, zentzu oso, eta talendu handitako batek zioena: Senditzen dut nere baithan badela Jainko bat, eta ez dut senditzen ez dela bat.
Morde Garakoitzek: Salamankan nuelarik egiten ene filosofia, profesorrak zaukun erraten egia horren gainean, bere lekzionea ematean: Jaunak, Jaun Goikoaz dugun idea edo lehen ezagutza da anticipationem mentis, gure arimaren lehen lehenbiziko okupazionea; animae dotem a primordio, gure arimak hastetik izan duen dotea edo primantza, cognitionem ex animae impulso, gure arimak pusako batez bezala ematen daukun ezagutza; persuasionem naturae insitam, sinheste bat ezarria edo xartatua bezala gure baithan.
Orai duela zonbait urthe hil izan den Artxaphezpiku handi batek zion bere aldian: «Ez du gure arrazoinak hatzeman, ez gure izpirituak pentsatu Jainkoa; bainan bethidanik izan dugu hartaz zerbait ezagutza ... »
«Niholere ez naite orhoit zoin egunez hasi nintzan Jainkoaz zerbait jakiten... Zenbat nahi urrun iraganik ere ene orhoitza penetan, ikhusten dut bethidanik haren idea banuela, edo ene baithan zela.»
Piarresek: Jainkorik ez dela erraten dulen erho gaixtoak, ateak, deitzen omen dira; bainan ez da gauza segurra hetarik badela munduan. Horrek erran nahi du sobera arrazoin tzar eta triste badutela Jainkorik ez dadin izan nahi ukhaiteko.
Morde Garakoitzek: Hortakotz errege profetak dio: Erhoak erran du bere bihotzean: Ez da Jainkorik Dixit insipiens in corde suo: Non est Deus, (Ps.52).
Morde Tristantek: Oraixtian errana izan den bezala, ez da segurra badirela gizonak Jainkorik ez dela sinhesten dutenak; bainan sobera segurra da asko eta asko gizon bizi direla Jainkorik ez baliz bezala, eta beraz ez dute biziki gehiago baliago Jainkoa ukhatzen dutenek baino.
|