www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lehenagoko Eskualdunak zer ziren
Mixel Elizanburu
1889

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Lehenagoko Eskualdunak zer ziren , Michel Elissamburu (Asier Trekuren eta Iñaki Nazabalen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1993

 

aurrekoa hurrengoa

IV
Eskualdunen xinpletasuna heren beztimendetan

 

        Mintzatu ondoan lehengo Eskualdunen arruntki bere buruen hazteko moldeaz, erran behar dut zerbait heien xinpleziaz beren beztimendetan.

        On da jakin dezagun guziek beztimenda heien pharte bat edo anhitz berek egiten zituztela, familiako linja guzia bezala.

        Lehenago, etxe bakotxean ereiten zuten lihoz, urthe guziez, landa puska hat, hango lurra ongi onthuz, ongi aphainduz.

        Lihoari behatzen ziren lan guziak, salbu ereitea, emaztek eginak ziren. Emaztek zuten beraz lihoa garbitzen, atheratzen, urtharazten, karbatzen, orraztatzen, iruten.

        Deus ez zen pullitagorik ikusteko, udaren hastean, liho landa bat baino, lili zenean, erdia berde eta erdia blu.

        Liho landa, artha handirekin zen garbitua, lan hartan usatuak zirenez.

        Gero, lihoa jiten zenean phondura, edo bihia eginik hasten hazen horitzen eta idortzen, atheratzen zuten lurretik, eta hedatzen phentze batean, gabazko izar ihitzak bai eta euriak trenpa zezaten. Hori deitzen zen lihoaren urtharaztea.

        Behar zuten gero hura labe herotu batean ezarri karbatzeko. Karbariak hasten ziren beren lan erhautsezko eta arrabotsezkoan hameka orenak irian, eta ariko ziren argiraino, jendeak zagozkatelarik atzarriak bere azantz eta errepikaz.

        Lihoa karbatu eta, behar zen orraztatu. Lan hau egitean, ematen ziren behex, lehenik kapita, marhea edo kalainka egiteko, istupa, artzainarentzat xamar, neskatuarentzat taulier, muthilentzat galtza edo pantalon egiteko.

        Liho arruntenetik zituzten egiten, kotoinez bilbatuz, eta belx thindatuz, arropa horiek berak etxeko haurrentzat.

        Primu onak, etxeko seme aberatsak, hola beztiturik, espartinak soinean, eta zinta gorri lenazkoa gerruntzean, fierki agertzen ziren igandetan, goizmezan, arratsaldetan plazan, pilota partidaren egiteko, edo hari beha egoiteko, bai eta hola zituzten ikhusten Donibaneko eta Hasparneko merkhatuetan, Garruzeko eta Heletako ferietan.

        Berdin etxeko andre onak, herrietako anderegai aiphatuenak, berek irunak ziuzten zaia gris, edo erdia xuria eta erdia ximusez marratu batzuekin, joan ziren elizara, neguan espalakoineki, zango has, eta udan unthuts, hil-herrietaraino.

        Han sarthu baino lehen, ezarriko zituzten galtzerdiak eta zapetak elizatik atheratzean, lekhu berean heien khentzeko, eta jin bezala etxerat bihurtzeko.

        Ez zuten orduko emaztek sekulan erranen zahartzean ikhusiko zituztela, heien gradoko gazte batzu hamabortz, hamasei liberako botinak soinean, takoin gora batzuekin, beren baithan diotela: «Nor gira gu»; nahiz badakiten arras ongi, bai eta bertzek ere, zor dituztela zapelainari, botina heiek, nola ere zor baidituzte botigetan eta naski sekulan ez pagaturen beren buruko-zetak, beren arropa erho eta farfailak.

        Xobadin samur gorria paratuko zen ikhusi balitu bere denboran oraiko emazte batzuen aire sobera handi eta preziatua, eta gogotik khantaturen zuen lehenagoko khantu zahar ardura khantatzen zuena:

 

                Papilotekin,

                Xerra, doblekin,

                Zaia luzekin,

                Manthar zarrekin!

 

        Ez zen orai duela hirur hogoi urthe, xinplezia bakharrik jende komunekoetan; bertze herronkakoez ere zen berdin segitua.

        Orduan notarien, barberen, bai eta medikuen beren emazteak buruko mokanesarekin zabiltzan, eta ez bonet edo xapeletan.

        Jaun hek berak kaxketarekin eta kamisola labur batekin ikhusten ziren.

        Udako beroetan, pantalon nankin hori batzu soinean, gero zapeta eta galzerdi xuriak heiekin, merke eta beren aisean, halako jaun elegantak ziren!!!

        Gure egunetan nahiago dute asko jende xumek beren izate guzia ekharri soinean, arropetan, ezen ez zerbait aldaratu urthe guziez, gero zer gertha ere.

        Lehenagoko zaharrek arrazoin handiz erraten zuten on dela konserbatzea udare edo mandaritto bat, egarritzen denean ahoaren freskatzeko.

        Hortakotzat orduko emazte batzuek ezartzen zituzten, berek egin zintura baten barnean, lerro lerro, hamar liberako eta hogoi liberako urheak.

        Zinturatto hura ez zuten gerruntzetik khentzen ez gabaz ez egunaz.

        Komuzki bost liberako zilharrak ematen ziren galzerdi luze batean, edo, mulzoan, Laphurdin kaikoa eta Baxenabarren kotxua deitzen den zurezko eta behi deizteko untzi batean.

        Ah! oraiko neskaxek guziz, jakin bezate beren urhezko izkilinbez, taulier zethez, beren kasakez, beren botina gorez fier badire, heien aitzinekoek arrazoin hobeagoz fierrago zirela, berek iruten ariz, emeki-emeki egiten zituzten oihal phezez.

        Ezkontzaz joaten zirenean etxetik kanpora, ikhustekoa zen armario eder eta handi baten barnean, heien linja, heien athorra oihalak, mihiseak, tafailak, zerbietak eta bertze gauzak.

        Emaztetto heiek ez zuketen deusetan ere nahiko heien senharrek ez heien haurrek ekhar zitzaten kolorezko athorrak; bainan heientzat zituzten gogotik phikatzen, urthe guziez, aiphatu bere gazte denboran egin pheza fin eta xuri xuriak.

        Goraxago, heien beztimendez mintzatzean, errateko utzi dut nola joan den mendean eta mende hunen hastean, hek egiten zituzten soin batzu ederrak, eta bederen hain azkarrak, non baitziren kasik finik gabekoak.

        Diot zirela ederrak, bederen denbora hartako, ezen nor ez da orhoit zoin ziren brilantak, phartegorri, pharteblu, berde, xuri, beix eta bertze zer nahi kolore.

        Azkarrak ere ziren, eta, erran dutan bezala, kasik ezin higatuak.

        Xobadinek bazabilan berea hesta buru guziez, hirur hogoi urthe hartan, eta iduri zuen, orduan egina zela, hain zen ongi konserbatua.

        Ez dakigu ala zurdaz, edo zertaz eta non egiten zen estofa kalamandra izena zuena.

        Hainbertze hatz edo plegu handirekin josten zituzten zaia kalamandrak, non egin baitzezaketen sei, zortzi aldiz gorphutzaren ingurua.

        Sekulan berriz itzultzen bada krinolinen eta kalamandren moda, ez da dudarik etxetako borthak beharko direla largatu; bainan orduan krinolina azpitik eta zaia kalamandra gainetik, ala fede, emazte bakotxa izanen da, Persako erregina edo Xinako inperatriza baten pare.

        Irriak utzirik bazterrerat, mintza gaiten serioski.

        Ez da arraro aditzea aita familiako batzu erraten ez diotela deus ere gisaz, aski irabaz beren emazten eta alaben tualetarendako.

        Ehun aldiz arrazoin lukete gisa hortan mintzatzea, berek ez balituzte utzi hainbertze gostatzen diren moda ergel eta bitxi etxean sartzera.

        Bertze orduz, ezagutu ditugun gizon batzuek hartuko zuten aihotza, aizkora, edo puda, aphaindura batzuen phusketan emateko.

        Irakurtzen dugu istorioan nola Prusiako errege batek, egun batez ikhusi zituen bere alaba printzesak, bai eta erregina bera, net ederki eta eleganki moldatuak perruker batez. Errege hori kolera handi batean sarthu zen; eho arazi zuen makila batez perrukier gizagaixoa, eta bere aitzinean phika arazi zezteien, arras, ileak bere alaba printzeseri.

        Erregina, belhauniko eta ahuspez emana haren aitzinean, utzi zuen erraten zakoelarik: Zu uzten zaitut oraikoan, ez baita konbeni Prusiako erregina batek ukhan dezan kaskoa murriztua. Errege hura borthitzegi izan bazen, egungo aita batzu sobera uli eta sobera pello pharatzen dire.

        Irakurtzen dugu oraino, Frantzian izan den errege handienetarik eta hoberenetarik bat, haurra zelarik, uzten zutela zango has ibiltzera, Biarnes haren adineko lagunekin, Pabeko eta Coarrazeko inguruetan.

        Errege hura atxiki balute, ttipia zelarik, buata baten barnean, kotoinez edo uataz inguraturik, ez zen gerlari kuraiez bethe eta akhiduren eta nekhen beldurrik ez zuen bat bilhakatuko. Lehenagoko beztimendez mintzatu ondoan, behar dut hitz bat erran orduko egoitzez eta mublez.

        Gure aitzinekoen etxeek itxura ttipia zuten; bainan bazen heien barnean gauza; goraxago erran dudan bezala, galzerdi blu luzeak eta kaikoak urhe eta zilharrez betherik zauzketen armairu zolha edo bertze zonbait zokhoetan. Erraten ere zuten orduan holako etxean bazela oilo beltz, urhe errule bat, bai, egun guziez urhezko arroltzea egiten zuena. Kasik bethi etxe heiek ziren hetan zauden jendenak.

        Gure aitaso-aniasoek zuten arrazoinekin erraten hobe dela lastozko etxola bat berea, ezinez jauregi bat bertzena.

        Hek ez ziren khexuz biziko baldin ukhan balituzte teilatuko teila bezenbat bost liberako zor beren etxen gainean.

        Egundainotik Eskualdunek maithatu izan dute garbitasuna; bainan khasu guti zuten egiten lehen edergailuez, bai eta moda berriko muble alfer edo iraupen guti duten batzuez.

        Asko etxetako saloinetan eta sukhaldetan jarri behar ziren estranjerek, hartu behar zituzten, gure aitasoen aitasoek egin kadera zurezko batzu, zoinak belx beixa baitziren, eta dir-dir egiten baitzuten. Beraz, ez baziren guri eta goxo, bederen garbiak ziren.

        Jainkoak agian luzaz idukiko du gure artean gure arbasoek zuten gostua, lehenik garbitasunarentzat eta gero xinpleziarentzat.

 

aurrekoa hurrengoa