|
PREFAZIOA
Irakurtzale maitea,
Huna liburu bat atseginekin eta probetxurekin irakurt dezakezuna. Diot irakurturen duzula behar bada atseginekin, zeren huntan zure izpirituak edirenen baitu ongi lakhet dena, bai gure begieri, bai gure gostuari, erran nahi dut gauzaz khanbiatzea.
Egiaz lekhu bat, herri bat ederra zauku, nahi bezenbat aberats izanik ere, ez bada dena alhor, dena mahasti, phentze, etc; bainan balin badire han horietarik guzietarik: landa, mihatze, sorropila, othar, xara; oihan, patar, erreka, ordoki, haran, mendixka eta mendiak.
Bai, toki baten edertasuna horiek orok egiten dute. Gisa berean, bazkari edo aphairu on bat eman nahi duenak, behar ditu egin arazi anhitz jateko suerte, gostu bera izanen ez dutenak; bainan direnak izanen batzu eztiak, bertzeak biziak, zenbait gaziak, bai eta bertze zenbait saminak edo pikantak.
Berdin liburu hau leithuko duenak arraposki eta behar den khasua eginez, huntan hantzemanen ditu uste ez zituen gauza frango, pullitak, hunkigarriak edo bitxiak, irriegingarriak, bederen batere elgar ez iduriak.
Hemen irakurtzaile batek baino gehiagok galdeginen dautate heia khondatzen ditudan ixtorioak egiak direnez.
Kasu egin dezatela orok galde horren errepostuari. Bai, ene liburuko ixtorio guziak, bainan guziak, funtsera joan eta, egiak dire. Bakharrik ditut izenak khanbiatu edo ditut gizon bakhar baten bizkarraren gainean eman bertze askori gerthatu gauzak. Zenbait aldiz ere ditut gerthakari heiek pixka bat antholatu.
Norbaitek balinbadu zerbaitez dudarik, jin bedi enegana: nik erranen dakot noiz, non eta nori gerthatu izan den holako edo halako gauza.
Bertze norbaitek daut erranen zer xedetara egin dudan liburu hau edo ager arazi denboran huntako kapituluak.
Hari diot ihardetsiko aski duela ene liburu guziaren ikhustea edo kurritzea.
Lehenagoko Eskualdunak ezagut araziz, ez dut bertzerik xerkhatzen baizik ene denborakoak izan diten heien atzinekoak bezala.
Laborari etxeaz eta laborariez naiz lehenik mintzatu, zeren uroski orai artean Eskualdunetarik gutiz gehienak laborariak izan baitire, eta laborantza baitzaut, hala den bezala, apheztasunaz kanpo, estatuetan ederrena, eta oro khonda hoberena, nahiz ez den aberatsena.
Ez da bethi, ez eta nihoiz, orok badakigu, aberatstasuna herekin dakharkeena gizonari zorion egiazkoa. Beraz, gauza guziak ongi phisatuz, entseia gaiten egia horren ongi konprenditzera, eta ez dugu laborantza utziko laster aberasteko esperantzan.
Orokatik ere nehork ez du ukhatuko, ahal direla laborariak jeneralean, bertze asko ez bezala, Jainkotiarrak, Erlijionearen alde direnak, bai eta gizonetan zuzenenak, leialenak, hitz batez berthutosenak.
Ene liburuan erran dut nola heiek ere zeihar daitezken bide onetik, eta zer ondorio dituzten heien hutsek, naturalki edo Jainkoaren gaztiguz.
Hirur azken kapituluak zertako izan diren eginak dire naski zenbait espantituko.
Bizkitartean nehork ez du zeren estona: hetarik bat mintzo bada azti batez eta haren filuskeriez edo tronperiez, denbora berean han erakusten da zer khasu egin behar den hura iduriez, bai eta heiek emaiten dituzten gaitzen sendatzeko erremedioez.
Kapitulu hark baditu oraino konseilurik zuhurrenak, zoinen segitzea on izanen baita zozoki ez enganatua izaiteko.
Bertze bat dut aditzen, dioelarik: Zertako mintzo da pilotaz, dantza jauziez eta dantza khordaz? Ba othe zen arrazoin seriosik gauza horietaz mintzatzeko?
Bai, naski baziren, eta ongi segi ni, ixtant batez. Pilota izan da egundainotik Eskual-herriko muthil gazteak gehienik beiratu izan dituena errortzetik asko bizio eta desarrimuetan.
Dantza jauziek eta dantza khordak ezagut arazten daukute, deusek baino gehiago, 13. kapituluan erran dutan bezala, zenbat handia zen gure arbasoen modestia eta delikatasuna, oraino pagano zirelarik, edo ebanjelioko argia errezebitu aitzinean, bai eta heiek izanen zuten higuintza eta arbuioa egundo gure dantza tzarrentzat eta bertze itsuskerientzat.
Azkenik dute beharbada uste izanen jende batzuek imixil edo zentzu eskas aire bat bederen banuela egin dudanean azken kapitulua, orai duela hirur edo lau ehun urthe gure herrietan izan ziren sorginez.
Ixo, ixo, ez zaut batere iduri burua xilo nuela kapitulu hori egitean, ez bertzeak iskribatzean.
Alde batetik, nehori ez du kalterik egiten egiaren jakiteak, baliz ere egia hura hirur, lau mendez xaharra.
Bertze alde batetik, on da, eta arras on, jakin dezagun, eta orhoit gaiten, denbora guzietan, ongia eta gaizkia gudukatu direla, nola onak gaixtoen kontra bethi ikhusi baitira.
Kapitulu hunek, bertzek bezala, izpirituak argi ditzazke, eta huni esker konprendi daiteke, zerbait bederen, gure egunetan erraiten diren gauza batzuez, zoinak deitzen ohi baitire frantzesez magnétisme, spiritisme, hypnotisme, eta heiekin magnétiseur, medium, hypnotiseur, etc.
Orai duela hirur hogoi urtheren ingurua autor handi eta justoki famatu batek zion norbaitek ez duela, bai eta ez bada, ukhan behar anhitz liburu jakinsun izaiteko; bainan aski dituela hetarik zenbait ongi hautatuak.
Nik bertze gisa edo sentsu batean erranen dut Eskualdun batek bere etxean behar luzkeela bederen bost, sei, edo zazpi, zortzi liburu eskuaraz: Testament zaharreko liburua, ez hatik testament zaharra bera, den bezala, non ez den notatua eta behar den bezala aprobatua, gero behar ditu ukhan Jesus-Kristoren Imitazionea, Meditazione-ttipia, egun liburu baliosa deitzen dena, Aita Arbelbide, Hasparneko misionesten superioraren liburua Bokazioneaz, Aita Bazilio benediktanoaren Sainduen biziak, etc. Liburu hok oro dire osoki edifikagarriak, eta arras gai direnak Jainkozko gauzetan finkatzeko.
Hauien ondotik nahi ninduzke ikhusi oraino etxe bakhotxean, guziz, trebe edo arras makhur diren buru batzuen xuxentzeko, framazonez mintzo den liburu ttipia eta presenteko liburu hau, Lehenagoko Eskualdunak zer ziren.
Ez dezaket akhaba prefazio hau, eskerrak bihurtu gabe hemen, bihotzaren erditik, gure Eskual herriko aphez guziz argitu, izpiritu zorrotz eta xuxenena duen bati, nahiz ez dudan deusik erranen haren berthute eta kalitate ederrenez. Eskuara, gure lenguaia ederra, osoki maite duelakotz eta hura luzaz kontserba dadientzat gure artean, nahi izan du, Jaun errespetagarri harrek, liburutto hau emana izan dadin publikoaren eskuetarat, hala nola jadanik ager arazi baitu goraxago aiphatu liburuxka, Framazonak.
Uste gabez, utzi badut lerratzerat, liburu huntako kapitulu zonbaitetan zerbait huts Eliza Ama sainduaren erakuspenen arabera ez denik, lehenik, nihaurek ditut heiek kondenatzen, eta prest naiz Autoritateak eneganik galdeginen dituen sumizione guzien egitera.
|
|