Lehen egimena LEHEN IRUDIA
Lehenburu aita eta Karmela
LEHENBURU
Beaz akabo da, Karmela maitea!
Etsaiak artu du mendiko bidea!
Karloman andiak, bere gizonekin
Zelaia guziak egin ditu berdin.
Ez dugu ikusten landare bat xutik.
Arbol xumeenak artuak errotik,
Zuraitz ederrenak, soro bazterrean,
Errestan dabiltza xirripa barnean.
Gure mendietan ardi zoratuak
Izituak oso dabilza galduak.
Gure baratzeko lore pollitena
Eroria dago lurrean etzana.
Abere gaxoak mortuan barnaka
Iesi doazi jautzi marrumaka.
Belarren azpian, ñurñur egin gabe,
Ixil ixilikan soroaren jabe,
Zirriztaka doaz urxoak gorderik
Aldardi guziak odolez beterik!
Beaz akabo da Karmela maitea,
Etsaiak artu du mendiko bidea.
KARMELA
Aita zer nai duzu! Jainkoa egiña
Ongia de beti; naiz ark egin miña.
Aren eskutikan eldu zaizkigunak
Arimen onetan zaizkigu emanak.
Zertako bihotza geiegi damutu?
Eta gure beitaz damuak anditu?
Aski da miñ batez: goibel izan gabe,
Jainkoaren miñez aski gare jabe.
Ez bada damutan ondatu sobera,
Zure fede ona, nere bihotz bera.
Gure doakabez oso goibeldurik,
Eginen zintuzke bi miñ, miñ batetik.
Nork daki oraiño gauzak zertan diren!
Mendi bizkarrean zer den gertaturen?
Menturaz anaiak, gutaz oroiturik,
Erra bihotzean, Karloman arturik,
Aren trop andiak, oso garbiturik,
Etortzen zaizkigu, loriaz beterik!!
LEHENBURU
Oxala gauz eiek izanikan gure,
Zuk erran bezala gertatzen balire!
Bainan berandu da, gaiñeko mutillak,
Burdin zabalean jo ditu amarrak.
Ar zazu zokoan larru bihurtua,
Irakur nazazu liburu saindua.
Arkituko dugu hitz eder eietan,
Jainko gozamena gure miñ anditan.
KARMELA
Egun batez beaz Jakoben semeak,
Bazkatzen ai ziren beren artaldeak.
Illunak mundua zuenian estali,
Ez ziren oraiño etxerat itzuli.
Aita Joseperekin egon zen bakarrik,
Sukalde zokoan dena griñaturik.
Oiu guzieri gogo goibetetan,
Belarriak erne zituen xeletan.
Bainan oihanetik mendietaraño,
Errepiretatik zelaietaraiño.
Etxe barnetikan deus ez zen aditzen,
Ibaiaren boza bakarrikan baizen.
Eguna zenean azkenik agertu,
Jakobek semea zuen besarkatu,
Eta han anaien berriak artzeko,
Bere bihotzetik damua kentzeko,
Urrun, mendiz mendi du Josep igurtzen,
Eta belauniko lurrean eman zen.
Auspez, autsean burua gurturik,
Othoitz egin zuen bihotzen erditik,
Josep gan zen beaz, soro larretarat,
Anaia zaharraren antxet billatzerat.
Ekien ondorat etorri zeneko,
Eman ziren irriz bere griñendako.
Eta zeren aitak Josep, gazteena,
Guzien gaiñetik zuen maiteena,
Gutizia tzarrez hek zuten asmatu,
Nola behar zuten aur gaxoa galdu.
Aitari, zioten, diogu erranen
Nola leoin batek Josep artu duen.
Ortan zirelarik, Rubenek diote:
Ez: urrun zazue burutik aparte,
Ifernu gorriko gutizi tzar ori,
Zeren Jaungoikoak daki gure berri.
Ez: eman zazue billuzi ondoan,
Deus miñikan gabe zillo baten zolan.
Baiñan ikusten tut salzaille gizonak
Ejiptotik unat etortzen direnak.
Ekieri beaz sal zagun anaia,
Ola eginen da gure gutizia.
Erran zen bezala Josep saldu zuten,
Aur gaxoa gabe etxeratu ziren.
LEHENBURU
Ortan geldi zaite Karmela maitea,
Hitz eietaz daukat bihotza betea.
Gizon oberenak ola galzen dire,
Gutizi tzarretan gozatzen badire.
Jainkoa guretzat izan daien egun,
Belaunikaturik othoitz egin zagun.
Zeruetan zaren aita guziz ona!
Omendua bedi zuk duzun izena.
KARMELA
Gure bihotzean, zu nai dugu nausi:
Zeren zuk egiñik, zuri beitgoazi.
LEHENBURU
Zu gure xedeaz ongi jabetzeko,
Iguzu grazia bethi egiteko
Zure nahiaren gogo doatsua,
Zeruetan barna bethi maitatua.
KARMELA
Egin ahal zagun zure gutizia,
Egun bakotxeko iguzu ogia.
LEHENBURU
Erortzen bagare zure eskupean,
Bertezar gaitzatzu bide zuzenean.
KARMELA
Badugu barkatzen egiñez ahala,
Egin Jauna guri, guk egin bezala.
LEHENBURU
Asmu gaixtoetan ez utz lerratzerat,
Gaizkiko leizean ez utz erortzerat
Seme maitetxoak: zuri jazarririk,
Zoriona dute, zurekin egonik.
KARMELA
Mundu untan diren gaitz guzietatik,
Begira gaitzazu debrua gaindurik.
LEHENBURU
Jauna!...
KARMELA
Bada norbeit mendien aldetik.
Oiu deiadarkak aditzen ditut nik.
Aita, leiotikan behatzerat noa.
Ikaretan nago, galtzen dut gogoa.
LEHENBURU
Aurra beha zazu; Jaungoikoa baitan
Emazu bihotza zorigaitz anditan.
KARMELA
Aita Josepekin anaia guziak
Unat eldu dire dena goibelduak.
Seiek bizkarrean gorputz bat damate.
Zer bada mendian gertatu zaiote?
Bizkitartean ba guziak or dire!
Aita Josepekin zortzi bat badire.
Goazen ikusterat! Emen dire sartzen,
Jainkoa! zer berri gaituzte ekartzen!
|