 |
IRUGARREN EGINTZA
Iruditegiak aurkeztatzen du arkaitz zulo aundi bat.
Lenengo irudia
(Agertzen da Zara baxter batean exerita eskuaz kopetari eusten diola. Entzuten da gudara dijoazen jazarlarien kantua).
GUDARI BATZUEK (barrendik):
Utzirik emen euskal-menditan
onez arki zan pakea
bagoaz beera
urrun aldera
gudari-talde gaztea
Agur Erniyo! luzetzi gabe
gure zai egon zaitea,
laister gera emen
goiturik gallen
jeistera goazen bidea.
O, sorterriya! ez dezu izango
itxogiñ-aldi luzea!
BESTE GUDARIK:
Bitarte ontan emakumeak
jardun bitez aurrairi lo
egiñ-erazten bular sendoaz
aur oiek ase ta gero.
Ala berian
txabol zarrian
aiton sorra lasai bego;
mendi-mutillak ernai goaz ta
gure buruzari, Lelo,
Lelo, Lelo, Lelo,
zure diñ'ez
ogei mill'arrano.
Etsai zitala: askoz obe dek
onuntz inguratu baño
ekarri dekan bidea berriz
alik laisterren igaro!
Abil, abill!, ire zankotan
indarrik baldin badago
soiñ-burni oiek erantzi eta
itzul ari, Octaviano.
LELO:
Atxur ta layen ordez arturik
kirten sendodun aizkora
Erromatarrak purrukatzeko
iritxi zaigu denbora.
Ekaitz guzien indartasunez
besoak astinduz gora
txistuka ziur aizkoren ertzak
bijoaz aien lepora.
DENAK:
Omen, omen! gure omengarri
izan bedi
isuriko dan odola! (Ixiltzen dira)
ZARA (jeikiaz):
Nere ustean obe biarrez
gorde-lekura netorren,
t'esango nuke alegiñ ontan
alperrik ote nabillen.
Zori makurra sayatutzia
igeska bat nor beraren,
eriotzaren itzala beti
erailleak bere ondoren.
Ez det ziñisten (baiez aundian)
ez det ziñisten,
sorgiñak ala esan arren,
agindutako sari on ura
arki nezakenik emen!...
Ordu latz izugarriak,
egun illunak
ipintzen dizkit aurrean
ekorkizunak.
Gezurrezko itzak ziran bart
Muskiñ-i entzunak,
madarikatu nau bere
sorgintasunak!
Bildur naiz Tota-n jabe
egin bearrean
amilduko ote naizen
betiko illunpean.
Lozorroaz bezela
neri gaur gaubean
ager zaizkit oroitzak
irudimenean.
Zoazte itzuri,
ez gaur ibilli
nere gogoan!
Zoazte laister edo eriotza
betor beingoan!
Leiza-zulotik amildu eta
naigo det gero an
illotzik arki
t'ez orla bizi
zorigaiztoan
egun eta gau nere animako
leiza-zuloan.
Bigarren irudia
Zara ta Goiti
GOITI:
Biotz on baten leyaltasuna
adizkigarri
zenbateraño iritxi leiken
iñork ez daki.
Mutilleder-en agintzaz da bat
onuntz etorri
jakiñaztera barkatu egin
dizula zuri.
ZARA (alaituaz):
Aldi gaiztoen orduak beraz
amaitu dira?
GOITI:
Irten ziñezke noiznai emendik
zabaldegira.
ZARA:
Noan, noan gau illun ontatik
egun berrira,
urdintasunez jazten ari dan
marboill aundira.
Errai beltz oiek utzi ta noan,
noan argira!
Irugarren irudia
(Lengo zapi-laburra (telón corto) igo ta azaltzen da Totan bizitza. Tota lo dago. Alboratzen zaio andre Muskiñ ixil-ixillik, ta aren bekokian ziñu batzuk egiñik eskutatzen da algara izugarriaz).
TOTA (amets gaizto batetik esnatuko balitz bezela):
Nor zan, nork egin du
lengo algara?
O, zer dakust? (Zara ikusirik)
Zara, Zara!
nundik zatoz
neregana?
ZARA (maitetsu):
Entzun, Tota, aditu nere
albistea,
kendu zait orain barrengo
naigabea.
TOTA:
Esan, esan!
ZARA:
Neketan igaro arren
gau luzea
beronek zekar ondoren
goiz obea.
Jaunari ezker Mutilleder
ongillea
sendatu da t'otoi dagit
egindea.
Bere erru zan nik ain gogor
ekitea;
ez naiz, Tota, ez naiz gizon
iltzallea.
TOTA (limurki):
Biotz on leyal ori
ezin diteke
legautsari batena
izan beñere.
Ziñisten det, ziñisten,...
bakoitzak bere
ixpillua begitan...
O, Tota, zure
itz eder oiek pozaz
ipiñi naute!
Zu zera nere
gau illuneko izarra,
ta ni zu gabe
negarrez bizi baño...
TOTA (zer gerta zaion ezdakila):
Ai, Zara! Egundaño
zuri entzun arte
ez naiz orla zorion
ta kezkaz bete.
Biotzak alaz guziz
nayago luke
bertan amoriyozko
loreaz erne:
ixildu bear baña...
ezin det gorde.
ZARA (eztiro):
Arbolak bere ostoa
iñolaz ere
aizerik ez dagola
mugi elezake;
ala gu biyok, Tota,
zori ortan gaude
zeruetako ipar
gozoen mende.
Uso maitagarriya!
erruki zaite,
egin zazu biotz au
zurean jabe.
Atoz!, nere besotan... (arenganduaz)
TOTA (iges egin nayaz bezela):
Zara, Zara! Ene!
Zer gerta zait? Zoazkit;
ez, ez... zaude...! (Zara-gan biurtuaz)
atsegin denak betoz
gure bitarte!
ROMANTZA
ZARA:
Iturri leun garbi ontan
O, kutun zoragorriya!
anima gaxo eritu batek
ase du bere egarriya.
Orain, Tota, zure alboan
bizitz eder pozgarriya
igaroko det gordeaz
bi biotz oien kabiya,
Untzak maita dun bezela
arkaizti onen gerriya
maiteko zaitut emanaz
doatsutasun guziya,
Mirabe aingerutiya,
erregiñ goitik jetxiya,
gaurtandikan izango da
untz eta lorez jantziya,
zure jarkoi, Mendikute,
koroi berriz, eguzkiya!
TOTA:
Itz bakoitzean zuk ainbat
argitasun dariyona
kupi det ain kupigarri
arrats osuan egona.
Entzunik orren eztiro
zure biotzak diyona
ez nuke esango zeranik
lurbir'ontako gizona.
Artu dezazu, artu Zara,
nere kolkuan dagona,
maite zaitudan ezkero
bat egin zagun biyona
emanaz elkarri
zorion ugari,
illargi bete-beteaz
eman genezakiona.
BIYAK ELKARRI:
Gure kate biguna
Jaunak emen beau
azkatu eta berriz
zeru zabalean
are bigunkiago
lotu bitartean
limurtasun gozoaz
maitatu gaitean.
O, biotz on ederra!
Goi-argien arreba!
zu gabe lurrean
enitzake biziko
denbora luzean.
Nere amets urdiña!
Nere poz t'atsegiña!
beti aldamenean
bizi gaitezen biyok
mendi magalean,
Erniyoko pagadi
gereitsuenean.
Arki gaitean beti
beti aldamenean!
Baugarren irudia
Lengoak eta Goiti
GOITI:
Irrintz alayak, irrintz alayak
tontorrik-tontor!
Garait-otsa da mendi gañetan!
Lelo badator!
Onen bidera banoa, Tota,
albezin pizkor,
zartu naiz bañan ez dira nere
indar guzik sor.
Lur ontan Lelo gure zaindari,
t'an goyan, Aitor! (joaten da Izar utzita)
TOTA (Irudiak berak erakusten duan bezela):
Errukarri naiz!
ZARA:
Basora goazen!
TOTA:
Lelo gaxua, Lelo maitia!
ZARA:
Tota, ez itxogiñ;
irten gaitean emendik azkar,
atoz nerekin!
Bosgarren irudia
Azaltzen da Lelo
TOTA:
Lelo, nere Lelo!
(Bitarte ontan erasotzen dio Zara-k Lelo-ri ta iltzen du).
ZARA (larriro):
Tota, Tota; aldegin zagun!
(Joaten dira biyak aurreko zapiya jeisten ari dan batean).
|
 |