www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lan orhoitgarri zonbait
Jules Moulier, «Oxobi»
1926, 1966

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

aurrekoa  

OXALDE

NORTSU ZEN, ETA ZERTSU BIZITZE EREMAN ZUEN

 

        Mila zortzi ehun eta hamalaueko Buruilaren hogoita bortzean, Bidarri Manguian sortu zen haur bat. Muttikoa. Aita Joannes Oxalde, guarda; ama Joana Etxexuri.

        Herriko auzapezaren aintzinerat agertu zelarik seme bat sortu zitzaiola jakinarazteko, aitak berekin zituen bi lekhukoak: Joannes Lixero, Arzalexipiko nausi xaharra eta Bertrand Labat Konstantinean zagon Bidarriko errienta.

        Bidarriko mera urthe hartan: Jean Duhalde.

        Aitaren izen bera: Joannes eman zioten sortu berriari.

        Haur horren bathaioko ageririk ezin ikusi dugu, Bidarriko eliza liburu xahar gehienak galduak baitira.

        Ttipian nolako izan zen Oxalde eta zer gaztaro ereman zuen, deus ez dakigu, berak zahartu eta , aithortu duenaz bertzerik:

 

                        Ene aitamek hasteko

                        Kargua zuten hazteko,

                        Jainko legean sartzeko;

                Egin ahalak egin dituzte ni gizon atheratzeko,

                        Hetaz etsenplu hartzeko,

                        Kostuma txarrak uzteko,

                        Ez zauntala dolutuko.

 

                        Bainan guziez nik irri...

                        Ez nintzan behatu nahi

                        Heien kontseilu oneri.

                Asko abisu eman derautet ni uros nahiz ezarri:

                        Trufatzen nintzan orori,

                        Ohartua munduari,

                        Hartara behar erori.

 

                        Gazterik nintzan airatu,

                        Libertizionia maitatu,

                        Gogoa hartan finkatu;

                Gaztetasuna behar baitugu zoin gur'aldian pasatu,

                        Nik ez dut hanitz gozatu,

                        Laster bainuen trenkatu,

                        Kordak lephotik nu hartu.

 

        Zer nahi gisaz, ez bide zuen, eskolako alkietan, galtzipurdi hanitzik higatu.

Guarda izan gatik eta zeno ere, debrien lanak zituen frantses hori ezin mastekatuz.

        Hemezortzi urthetan Aiherren zen gure bidarraitarra. Muthil ala pakant, badakigu ilhagintzan ere hari zela hor. Orduko paperek diote Oxaldez: labourer eta duranguier.

        Mila zortzi ehun eta hogoi-ta hamaseieko Hazilaren hogoi-ta seian, hogoi-ta bi urthe baizik etzituela, ezkondu zen bera baino lau urthez gazteagoko Marie Peidouvan batekin.

«Kordak lephotik nu hartu».

        Urthe hartan Aiherreko erretor zen Londaitz jaunaren ageria hor dugu berme ezkontza hori bai muthikoak bai nexkak burhasoen baimenarekin egin zutela.

        Mila zortzi ehun eta hogoi-ta hemezortziko Urriaren lehenean, guardetan onhartu zuten gure Oxalde. Ez bide zuen hunek kargu hori berehalakoan ardietsi. Urthe bat osoa espiungoan harizana zen aihertar kontrabandistak Lekhorneko guarden liotinantari saltzen zituela.

        Salatari, malatari, guarda... bizkar milikari; ofizio hitsa eskualdun gazte batentzat. Lan itsusia.

        Egia erran, zazpi ahalak egin zituen delako liotinantak bere salataria guardetan sar arazi beharrez.

        Handik hogoi urtheren buruan, Gerezieta Garroan, etxeko jaunari herritar gazteriak egin pesta batez, bertsu hauk eman zituen Oxaldek:

 

                Gazteriak bertsulari ezarri du Oxalde

                Bera ere ez ahal zen amodiorik gabe;

                Leheneko Jaun Baronak egin zion fagore

                Guarda plazatu baitzuen zazpi egunik barne.

 

        Ni beldur etzela, estalpe guzien gatik, guardagorat sekula helduko Joannes, ez balitz bera guarda seme gerthatu.

        Hogoi-ta lau urthetan ez omen zen guarda berria soberarik gaizki. Askitto luzea: metre bat eta hiruetan hogoi-ta hemezortzi; kopeta gora; buru bekhainetako ile biloak gaztainkara; begiak gris; sudurra ontsa egina; ahoa zabalik; kokotsa biribil; arpegi xuxena; kolorez beltxaran gorri; gorputzean arrangurarik ez. Damurik zuen kara hura... nola erran?... hala hulakoa. Frantses erdarak dio: représentation passable.

        Zen bezala, Oxaldek bazituen ordukotz: hogoi urthetako emazte bat, bi haur eta guardagoko irabazia: urthean sei ehun libera. Ondoko egunetan beharko baitzuen dohakabeak frogatu kordak zinez lephotik hartua zuela.

        Bazterren berri jakin zezan, igorri zuten berehala Larzabale Zibitzerat. Handik, hilabethe baten buruko, Legarrerat. Bere kapitaina Paskoenean zuela, Legarren egon zen hiru urthe eta bederatzi hilabethe Legarretik gero Bidarri Begiderrenerat. Bidarrin, bortz urthez, beretarik eginik, joan behartu zitzaion Heletarat; Heleta jastatu orduko, Saralat. Saran berrogoi-ta hamar liberaz emendatu zioten urtheko paga. Eta jo Lekhornerat! Lekhornen baitzuen gehienik iraun: zazpi urtheren ingurua; Lekhornen ere baitzen heldu irabazi handienerat: 800 libera; eta Lekhornen baitzakon emazte gaixoak hamekagarren haurra egin, berrogoi urthetan.

        Hamekagarren haur horrek doi doia bederatzi hilabethe zituela, Athizane Losterenia hustu behar, Makean gora igaiteko. Azken aldaira Makeatik Beskoitzeko ur gazietarat.

        Goxoak ahal ziren hoinbertzetarainoko harat-hunatak duela ehun urthe. Eta holako haurreriarekin!

        Oraiko legeak eta errextasunak ukhan balitu ba Oxaldek, fortuna egiteko parada bazukeen; eta delako Prix Cognacq ederrenaren irabaztekoa ere. Kukuak ondikotz bertzela joa zakon. Haurrek:

 

                Athalatzean jarri eta iguzkia janari

                eta bera zorrez ithoa.

 

        Guardagoa utzi zuelarik Beskoitzen, berrogoi-ta hameka urthe zituen Oxaldek.

Geroan, kantuz baitzerasan:

 

                        Zer egin dudan munduan

                        Idukia dut buruan

                        Emaiteko liburuan

                Hogoi eta hamalau urthe eman ditut zerbitzuan,

                        Fidel Gobernamenduan;

                        Errenta orai eskuan,

                        Jin baitzaut behar orduan;

 

konduetan nola hari zen guardondoa ez dakit; bainan, guardetan sartu 1838-ko Urriaren lehenean, guardagoa utzi 1866-eko Otsailaren lehenean, ez da arte hortan hogoi ta zazpi urthe eta lau hilabethez gehiagokorik. Ala, errentaren emendatzeko, faturgoa egin zuen zazpi urthez Beskoitzen?

        Aiherren ikasi lana etzuen, guarda izana gatik, behin ere arras bazterrerat utzi. Oraikoan, lan hortako, berak aizina gehixago; hiru haur bederen ilhagintzan frango pulliki hari, gasnarekin ogia bazuketen etxean. Aro txarraren ondotik iguzki pindar bat. Zorrak arrunt garbitu zituenetz errentadunak, hori nehork ez dauku salatu.

        Etzela oraino pesta egitekorik badakigu. Eta Mugerre Barrandegiko Manex zenak baluke zer khonda, bizi baliz. Bertze beskoitztar, elizabertar, mugertar hanitz bezala, itzaingoan ibilki zen Manex hori: Ur gazietarik Baionarat gatza, Baionatik Beskoitzeko labetarat lur-ikatza, kharraio itzulian hamar liberetaraino egiten ahal zuen.

        Beskoitze Harretxean Oxalde: kintsenarekin, Mugerren dioten bezala, ezin hel bethi. Manex Barrandegik bihotz onez laguntzen zuen.

        Manexen semea, Gaztenaburuko Joanes orhoit da behin baino gehiagotan ikhusirik Oxalde, sosik ez eta, ordainez aitari espartin pare bat ekhartzen.

        Zerbitzua utzi baino urthetsu bat lehentxago Beskoitzeko guardak behar baitzuen jakin arazi noren bitartez nahiko zukeen ondoko egunetan errenta eskuratu, Hazparneko zerga biltzalea edo perzeturra zuen bere gizon egin.

        Eta, geroxago, guardondoa bera Hazparnen zen kokatu.

        Ameriketan gaindi ere ibili zena Oxalde? Hala dio Jose Mendiage hazpandar amerikano bertsulariaren kantu batek:

 

                Gualegairat jin zauku guarda bat Oxalde.

                Bi bertsu emaiteko ez da herabe...

 

        Hori egia dela finkatu dauku Fermin Bidarriko harotzak. Bakharrik etzankon Oxalderi lakhetzen han; eta Hazparnetik errenta ez heldu; laster itzuli zen herrirat, emaztea eta haurrak Gualegaien utzirik.

        Herriko-etxeko agerietan, Bidarrin, irakur dezakezue:

        «... Oxalde Joanes, âgé de 83 ans, époux de Marie Pédouan, domicilié en Amérique».

        «Bidarritarra nuzu, bai nahi ere» zion Narroeneko seme batek. Bidarritarra zela ez du behin ere ukhatu Mainguian sortu guarda semeak.

        Gazterik zen airatu, ba; kordari lothua, bazterra frango beharko zuen kurritu, urthe on baino txar gehiagoz miseria kantatuz bazeramala bizia; ondarrerat, Bidarriko lurrak bildu eta beretu.

        Berrogoi-ta hamar urthetan osagarria galduxea zuen Beskoitzeko guarda on zen hiruetan hogoi-ta hamabortzetarat heldu eta Bidarritik Hazparnerainoko joan-jina oinez egiteko.

        Hazparnen bizi da oraino adin hartan Oxalde ezagutu duen xahar bat: Joanes Mendilahatsu.

        Ez du hain aspaldi Gerezietako Elissalde jaun erretorrari hazpandar horrek emaiten ziola, eta zoin pulliki, bertsulari zenaren berri:

        «Hilabethean behin merkaturat jiten zen Bidarritik Oxalde, bethi oinez, bere 70-75 urtheen gatik. Ageri zuen etzela esku langiletarik; bazuken eskugain zerbait (Perzeturraren bitartez hunkitzen zuen errenta).

        »Gizon larri bat zen; espalda bat bertzea baino beheraxago; ile xuri luzeak; xamarra brida gorriekin; galtzak portaliekin; galtzerdi gorriak, espartin xuriak; makhila bethi eskuan. Bisaia gorri bat, begi grisekin. Gizon alegera, etzen kantutik ixiltzen. Boza xuxen aphal bat.

        »Zonbat aldiz ez nitzaio beha egon, zonbat aldiz ez dut Zelhairano segitu, bidean ikusten zituen guzieri koplakan aditzeko».

        Bidarri Sastrienean hil zen Oxalde mila zortzi ehun eta lauetan hogoi-ta hamazazpiko Abendoaren hamahiruan, guardondo errenta hogoi-ta hameka, hamabi urthez gozaturik.

        Haren ehorzteaz bakhar dira orhoit Bidarrin.

        Lau guardek ereman zuten gorputza aphirio azpiraino. Han haatik...

        Hargindegi jaun bikarioa eta Antxordoki jaun mera ez bide ziren soberarik akort. Biak thematsu eta, baizik eta hau, baizik eta hura, egun hartan biak itsuski thematu.

        Arratsaldearekin, bortzak irian, ehortzi zuten Oxalde, apezik gabe.

        Nunbeitik ere, hobirainokoan kukuak makur jo!

        Ez da orai Oxaldez orhoitzapenik deus ageri Bidarriko hil -herrietan.

 

 

OXALDE GUARDA

 

        Guarda bihurririk izan bada Eskual-Herrian, Oxalde hala zen, eta bihurrienetarik. Zer nahi duzue. Bidarritarra, gazterik airatua, pilota maite, arnoa ez hastio, bertsulari famatua eta, ni beldur, kontrabanda odolean, nundik zatekeen bertzela?

        Ez da harritzeko egon den brigada guzietan, ttipienetarik handienerat aintzindariak oro nardaturik baitzauzkan.

        Elhe tzar, mozkortze, mehatxu, lazakeri, borrokaldi, arrangurarik ez da guarda gazteaz etzutenik.

        Barrandan zelarik, barrandari laguna utziko zuen hor tente potente, bera bristez joanen zela norat othe-zertarat othe? Zoazte zuek!

        Barrandako behar eta barrandegirat helduko zen hirur orenen berantarekin.

        Mugazale tratularietan ezaguna frango, kide sobera.

        Bazen bertzerik ere eta itsusiagorik. Askitto edana, tzarrean, zen batez ezituena Roumagnère brigadiera eta Haranburu guarda, biak tiroz hiltzer!

        Khonda ginitzakeen bertze hanitzen artetik, huna gerthakari bat, askiko baitugu ikusteko zer xoria ahal zen Oxalde guarda.

        Arratsalde batez beraz, zerbitzuko zen, Sabuki guarda lagun, Bidarri Pinpalordokiko gaztandeiaren gibelean, Erratzuko mugatik ez hain urrun.

        Ilhuntxean, ohartzen da Sabuki jo harat jo hunat badabilkiola Oxalde, sabelari bi eskuz lothua, atx eta aika.

        —Gizona! Zer duk? Ehuen ba iduri doidoia hoin eri hintzala.

        —Zer dutan? Nik dutana hik bahu, bahakike zer den... ai, ei, ai, ai, ai! eta gaixo gizona zanpez erortzen da ipurdiz gora.

        Hauxe da debrukeria! Sabukik ez jakin zeri loth, norat itzul; sekulako intziretan Oxalde, intziren artetik okhala, eta goitikarik ezin egin.

        Ahal duen bezala berriz xutitzen da eria, lagunari diolarik: Etzakiat baa... oi, atx, atx, eta sabela thorra, thorra... hau bihotztarraz bertzerik duk... haa, haaa... to, ez duk probetxurik hantxetako ithurriraino banoak, ur zorta bat edan eta nunbeitik libratuko nuk behar bada.

        —Hail, hail; bainan ehadila sobera egon, sartzeko tenoria diagu.

        Hinkili hankala badoalarik, hertzeak arin eta berea golkoan, Oxaldek: oren aldi baten buruko ez baniz hor, eneak egina dikek.

        Bera gelditu zen Sabuki, nahi-t-ez pil pil. Oren erdia, oren bat, oren bat et erdi, laguna ez ageri.

        —Alimalea, zakuan sartu nik. Brien fiura, pullitak gituk... Ala... etzautak leher egin bederen?

        Eta, bar, bar, bar bere buruarekin, ithurri alderat badoa Sabuki ere.

        Ithurrian ez baitzen ez Oxalderik ez Oxalderen hatzik!

        Bulegorat noizpeit agertu zelarik Sabuki, beranta eta lagunaren galtzea nola xuritu zituen Harriet brigadierarekin, hori ez nakike; dakitana, geroxago, goiz alderat sartu baitzen ere Oxalde, histuak eta mistuak zirela Begiderrenean. Oxalderi zer nahi erran zankon Harrietek. Ba bainan brigadieraren erasiak gaizki hartu Oxaldek; Oxalderi gaitzitu; hi bahiz, ni banuk, hau ere hasi, hasi eta nahasi: elhe tzar eta oihu, oihu eta jestu, bertze guardarik ez balitz gerthatu han, borroka partida bat behar zuten egin itsusia.

        Eztabada hori etzen nor nahik tupustean trenkatzekoa. Nausiak ikusiko.

        Harrieten arrangurek laster kurritu zuten Baionaraino.

        Huna, hitzez hitz, orduan Uztaritzen zagon guarden Inspeturrari zer izkiriatu zion Baionako nausiak:

        «La légèreté et l'insubordination du préposé Oxalde qui a donné lieu M. au rapport que vous m'avez adressé le 18 du courant (avril 1845), lui ont valu déjà en 1842 des punitions et de sévères avertissements.

        »Je ne doute pas que dans la circonstance qui fait l'object du rapport dont il s'agit, ce préposé n'ait manqué de nouveau à son chef. Je veux bien toutefois, par pitié pour sa famille, adopter vos conclusions et lui laisser sa commision. Il sera done, comme vous l'avez proposé, puni d'un numéro d'annotation. Mais il faut qu'Oxalde soit mantenu à Beguieder et que sa conduite y soit, de la part du Brigadier et du Lieutenant l'object d'une surveillance adroite et attentive, afin que s'il est prouvé qu'il approvisionne son ménage en Espagne, sa révocation serve promptement d'exemple».

        «Par pitié pour sa famille». Emaztea, haurrak urrikari zituztelakotz.

        Beharrik zen Oxalde aita familiako; beharrik zituen on eta luzakor, okhaztaturik zauzkan aintzindari gehienak. Etzuen bertzela bi urtherik iraunen guardagoan.

        Roumagnerekilako haitada hartan ere ez balitu Oxaldek Paskoeneko kapitain bat eta Uztaritzeko inspetur bat onak baino hobeak izan, etzukeen trixteak espakurik. Behazue Baionako nausiari nola mintzatu zitzaion delako inspeturra:

        «En lisant la lettre du Capitaine de Pascoenia qui demande grâce non pas pour Oxalde, mais pour sa femme qui est fort malade et pour ses quatre enfants, vous jugerez si la douloureuse position de la mère de famille n'est pas par elle-même assez digne de pitié pour appeler sur l'employé coupable un reste d'intérêt, un dernier pardon.

        »Oxalde a 28 ans. Sa femme en a 24. L'aîne de ses quatre enfants n'a pas accompli sa cinquième année.

        »S'il y a révocation, ce sera una famille vouée à la mendicité et exposée à mourir de faim».

        Horiek hola, egiak berea behar du. Xahartzeak arnoa ontzen duela diote. Oxalderi ere ondarrerat eztitzen hasi sukarra. Geroago eta gutiago arrangura zuten aintzindariek. Traka hura bethi hala hulakoa, bainan gure guarda xuxenago zoan, pruntagoa zen bere zerbitzuan; berant bazen berant, guardagoari emanxea hots. Oraikotik errenta gal beldurrik etzukeen.

        Bainan nork amestuko zuen Otxalde hori aipamen ederrenez ohoratuko zuela guarden aintzindari lehenak? Hala gerthatu zen bada eta huna zer kariaz.

        Urthe hartan (1854) Athizane Garamendixipian bizi zen Oxalde. Gerezietar bati zazpi mila libera ebatsi zaizkoten. Orduko tratuetan zerbeit zen gero zazpi mila liberakoa. Gerezietar gaixoa, loa galdurik, goiti beheiti, ezker, eskuin bazabilan, bere dirua ezin eskuratuz. Kasketadunak, ttutt hemen eta ttutt han, bethi berdin gibel, amor emaiteko heinean.

        Guziak baino sorginagoa izan zen Oxalde. Dirua harek hatzeman eta jabeari harek itzuli. Eta horra nola zuen Oxaldek ohorezko aipamena irabazi. Arno trago ederrik ere ba, araiz!

        Guardagoko bi, hirur azken urtheetan osagarria galduxea zuela diote paperek «santé délabrée» eta holako. Hori haatik?... Baginaude ez othe zuen, errenta lehen bai lehen hunkitzekotan, eriarena egiten azeriak?

        Guardondo errenta hogoi-ta hamabi urthez behar zuen gozatu. Zer zautzue?

 

 

OXALDE BERTSULARI

 

        Gaitzeko arrakasta zuen Oxalde bertsulariak. Herriko pesta, tobera, eztei, pilota partida, berrogoi urthez, ez da Baigorritik Maulerat, aiphagarri bilkurarik izan Eskual Herrian Oxalde bertsularia gabe. Orai duela mendetsu bat drixolari jaunen jaun bazabilan. Eta hala zela berak bazakikeen orobat. Lehengo arrakastaren araberako famak hein batean dirauku oraino:

 

                Emak hor, Oxalde

                Eskualdunen alde.

 

        Ez bide zauku nehor samurtuko Hiriart-Urruty zenaren lerro hauk ezartzen baditugu hemen. Nehor gutik lezaguken pollikiago khonda gure bertsularien atheraldi pollit bat:

        «Nork ez du ezagutu Oxalde zena? Baxenabartar koblari aiphatua, hogoi-ta bortz aldi Eskualdun pesta bilkhuretan irri onik egin-arazi duena bertze orduz. Bidarritarra zen eiki. Orzaize alde hortakoa bethi. Dena den, doi-doia niz orhoit (aspaldi du!) pilota partida batean ikhusirik eta entzunik kantuz ari, ari; gantzaz baino buruz aberatsago iduritu baitzitzautan.

        Behin beraz Oxalde hori, pilota partidetan biziki lakhet baitzitzaion, badoa Doniane Garazin errebot partida baten ikhustera.

        Gaitzeko partida omen zen; mundu bat harat bildua. Pilotarietarik bat zen español Mantxota famatua: pilota ezkerraz halako firrinda errebes batean zerabilana, eta zer indarrarekin! Gizonaren hil-gogorra lurrerat botatzeko aski. Ikharan behar zinen egon, ez baitzen ageri norat zagon haren kolpe bihurria.

        Hor, partidaren erditan, pilotariek su dariotelarik, izigarriko kaska batez jotzen du Mantxotak buru kaskoan erdiz-erdi Oxalde. Harrabots bat itsusia egin omen zuen. Gaixo gizona!

        Oro harrituak. "Nor da? Oxalde da!"

        Trumilka badoa jendea, hila othe den ala bizi?

        Batek altxa, bertzeak thorra. Zer egin, zer eman, nehork ez jakin. Gizon eta emazte, mediku, aphez, oro laguntza emaile edo bilhari, hantxet izialdurarekin piltzarra bezen zuri dabiltzalarik, Oxaldek, ororen artetik, begiak ideki ere gabe, bainan pixkorki oihu: "Zer tutzue dolamen hoik: ai eta ai? Ala nik baino gehiago minhartu duzue? —Nahuzue arizan koplan, zoin gehiagoka?"»

        Hitz laburrez horra nun duzuen, gogo eta molde, gure koblaria dena. Nigar egingarrizko plantan eta berdin jostagura, berdin jostagarri. Herrestan bizi, familiari egunean eguneko ogia ezin emanez lanak, eta zirtoak bota, dritxoak berdura, nundik duen karkailaz har-araziko jendea. Betirisantsi eskarnioka Jan-Batist.

        Jitea, ezin egona, ezinbertzea.

        «Tête légère. Aime trop les plaisirs. Il doit être suivi de près. Sa tenue est mauvaise. Il a 200 francs de dettes».. 1859-an Oxalde guardaz hola mintzo zen aintzindariak bazakien menturaz nola xori papo gorria kantuz har-araz kaiola ilhun hetsi batean!

        Udazkenean hostoak bezala badoatzi ondikotz papo gorriaren errepikarik arinenak.

        Berrogoi urthez goiti bazuen Oxaldek liburuño huntan agertzen ditugun kantuak eman zituelarik. Ez ahal zen, ordu arte, ixilik egona. Bainan, ehun urtheren buruan, zoazte zuek paperek beiratu ez dauzkiguten bertsuen ondotik. Beharrik da bethidanik kantariz aberats izan Eskual Herria, eta beharrik zituzten gazte batzuek ostatuan edo, gogoz ikhasi bertsuak, nolazpeit zirrimarraturik paperean ezarri. Beharrik da gerthatu gizon bat, eskualzale bat Eskual-Herria eta Eskualdunak zinez maite zituena: Antonio Abadia; jaun horrek agertarazi orduko bertsularien lanak ez baitira oro galdu.

        Antonio Abadia bat ezpalitz, Oxalde zenaren kantuetarik dugunaren laurdena ere ez ginuen egungo egunean eskuratuko.

        Bakharrik, nor-gehienkada batzu baitzituzten ordukotzat bertsularien artean, prima baten karialat eginikako koblak dira hemen agertzen ditugun gehienak. Itzalpekoak beraz.

        Lehengo koblarientzat, oraikoentzat bezala, jaun jujek hautatu «suieta» uztarri bat, nahi-t-ez. Uztarri pean nekez zabilan Oxalde. Agortzen zitzaion gogoa, ilhuntzen begia, motheltzen mihia; jaunen manuzko suietak josirik zaukan; etzen ordutik bere baitharikako jostakin hura, ostatuetako, toberetako dritxolari pare gabea. Bertsu hoik irakurtzearekin, ez duzue, ni beldur, ezagutuko Oxalderen alderdi bat baizik: ahulena.

        Gure koblakariaren egiazko moldera, huna zirtoz, guti bada guti, jastatzeko doia. Behin beraz toberak zituzten Makean, Rafael delako bat hiruetan hogoi-ta hamalau urtetan ezkondu zelakotz hogoi-ta lau urthetako neskato batekin. Rafael horren alde Xetre hazpandarra, kontrako berriz Oxalde.

        Xetre hasi zen:

 

                Egungo sujetari zer hatxemaiten dakozute hobena?

                Bere nahitan dea zaharturik ezkontzen dena?

                Ontsa petsa afera hoi nungo jujeak dezake kondena?

                Ez othe du oilar zaharrak egiten, saldarik hoberena?

 

        Zirt, zart, Oxaldek errefera:

 

                Bo, bo bertzela dugu egungo sujeta:

                Gizona ezkontziaz orhoitu adina juan eta;

                Orai zuena tenora ibiltzeko emaztegai keta?

                        Debru gizon potreta!

                Bardin pixa hemendik horrat ezin bota!!!

 

        Sarako besta batez, bederatzi bertsulari, plan hari beharrak arratsaldean, elgarrekin zauden, edan eta kanta, orenaren beha. Ala bazkaritean ala bazkal ondoan, zerbait zerbait atherarik bazuten batzuek eta bertzek. Ixilik zagon Oxalde, lagunen pikoak onean onez hartzen zituela. Bazakiten lagunek etzela xaharra ostatutik plazarako bertsurik eman gabe, ez ordean nola zituen zortziak zakuan sartuko. Gazteak aski jostatu zirela zitzaionean iduritu, ezpainetarik eta begietarik irria zariola, hasi zitzaioten Oxalde: bederatzi bagira hemen; hea nork duen orai, bederatzien izenak barne, kobla bat botako? Eta bertzeak, elgarri so, ezin mentura, ezin ausarta, hor zaudelarik mutu, berak eman zuen kobla:

 

                Saran egun badugu bertsulari hanitz:

                Katxo uztaritztarra, Beskoitzko Felitz;

                Bettiri jatsuarra, hortik dago irriz;

                Xetre Hazparnekoa, partida nik aldiz,

                        Anibar arin hiz;

                        Zuraidarrak berriz

                        Muske erakuts erhiz,

                        Xara mintzo lodiz,

                Oxalde kantugile, zahar ez balitz!

 

        Hasian hasi , nola geldi?

 

                Oxalde, sortuz geroz, da bidarritarra,

                Hanitzek dakitena, guarda zaharra;

                Oraino bizi baita, ez du solas txarra,

                Indarrez ahul eta gorphutzez meharra,

                        Konkortu bizkarra,

                        Eztitu sukharra,

                        Galdurik indarra,

                        Ez hala beharra,

                Deskantsuan derama bizi ondarra.

 

                Zaharretarik badut gauza hau entzunik:

                Ez duila urguluak efetu onik;

                Arropa merkeena dela kharionik,

                Eta karioen hura azkenian merkenik;

                        Botigan badut nik

                        Kalitate finik,

                        Parisetik jinik,

                        Zuentzat eginik

                Jauntzazue, ez baitu josteko lanik.

 

        Eta Kanboko bertze tobera batzuez kantatu zuen prefazio hau?

 

                        Perberiz, ereberiz, zerberiz,

                Eskuaraz ala latinez bardin trebe niz.

                Orai bainiz emaztegai bat harrapatzekotan,

                        Ikhusten nuzue debruen lanetan;

                                        Alabainan,

                Emazterik gabe ezin pasa lauetan hogoi urthetan.

                Lehenik miatuko niz Kanbo huntan,

                Hemen ez badut hatxemaiten, Luhusoko errekan.

                Han ez badut egiten, Bidarriko mendietan,

                Han ez badut egiten, entseatuko niz Bankan!

                Atx! Kukuso batek ausiki nu hankan!

                Eta ene ezkontza debruek ereman!

 

        Fermin Bidarriko harotza orhoit da, herrian asto lasterrak zirela eta, Oxalde jujearen ahopaldiez:

 

                Orai dira orai zinak eta minak,

                        Parisetik jinak!

                Hemen Bidarriko neskato gaztiak,

                        Papillotak ederkisko eginak;

                Menturaz, harantxet utzirik

                        beren pitzuntzi zikhinak!

                Heldu zira, heldu zira jaun kurrierra,

                        Fier fierra,

                Eskuan daukazularik giderra.

                        Juan behauzu Parisera,

                Harakoan sartuko zira zakhurraren iphurtik,

                        Hunatekoen athera!

 

        Jostagura, jostakina, elhe lizun guti.

        Biphilki mintzo, bainan minik ez egitekotan.

        Bipherrada bizixkoa maite, saminegia ez.

        Surik gabe zirakiken Oxaldek, zirakien ere noiztenka, erhotzerainokoan; pozoina etzarion Topet Etxahun bati bezala.

        Ez duzue bidarritarraren bertsuetan barkoxtar Topeten kantorez hanturaz daukaten errabia, hoskin eta gaitzeristerik usnatuko. Dritxolariak behar duen ozarkeria doi hura; gehiagokorik ez.

        Zibero gaineko mendiak ederragoak dira nabar pekoak baino; izigarriagoak ere ba.

        Bidarrikoak baitute ordean gozo bat, legun bat Santa Grazikoek ez dutena.

        Etxeko biziaz deus handirik ez daukunaz geroz salhatu Oxaldek, gauden gu ere ixilik. Amen-omenak funtsa mehe dik.

        Eta orai goazin bertsulari famatuaren kantu zenbaiten ikhastera. Ez ditugu ez eskuara, ez herria, ez gure sinhestea mendratuko.

aurrekoa