GARIKOITZ HAURRAREN AMETSA
Ardi-bidexkaz, mendia goiti, artzain haurra, norat hoa?
Noren ondotik habila kexu, zeri eman duk gogoa?
Goregi ez joan; ileak harro, tzarrean baita hegoa;
Xahu hintazke, mendi-gainerat lehert baladi lanhoa!
Hego xuria! Iraun dezake. Gora dabiltza hedoiak.
Harrokak irriz iguzkiari; itzal eder amoztoiak;
Haurra badoa. Haizearekin baderama goiko deiak.
Bi hegal handi balitu bere, oi nola baititu saiak!
Badoa bethi, gelditu gabe, goitiago lasterrago,
Mendi-kaskorat eta Zerua dena lore baita gero,
Hura du nahi artzain gazteak, harat du behar egun jo!
Aingeruekin izarretan da Jaunaren muthil egongo.
Garakotxeko Migel gaixoa etzen heldu aski gora;
Loak hartua, zanp erori zen arbola baten ondora.
Han zuen laster, usnara jina, bere «panpi» artzain-hora;
Bainan gau hartan Gaziana bat jeiki zela maiz leihora.
Ardi zoroek, beren artzaina hor ez ikustearekin,
Etzela ere «panpi» ageri, jauzi ta saingaka, samin,
Haizetik maldan errekalderat zuten orok laster egin.
..................................................................
Lo zagon Migel, zeruraturik ametsaren hegalekin.
Goiz gorhailerat iratzartzean, haur gaixoaren beldurra!
Loriatua erausi goxoz hari zitzaion xakurra;
Bainan ardiak nun othe ditu? Jesus, hauxe da makhurra!
Eta etxean, zertan ahal den amaren bihotz samurra!
Daukat Jainkoak Migel zuela mendi hartan zinez deithu;
Guk ezin asmatuzko xedeak gure Jainkoak baititu;
Berak baitaki nola behar den othe gaixtoa lilitu,
Eta nolako dohain argiez artzain-muthil bat argitu.
Garakotx semek, langile khartsu, beharko du gaztaroan,
Etxeko lanaz bertze lan bati esku eta gogo eman;
Bertze mendirik kurrituko du apezgoko artzaingoan,
Ardi galduen biltzera bethi zerurateko bidean.
Laurhogoi eta lau urthe badu zendu zela Ibartarra;
Betharrameko mendian bada geroztik hobi ederra;
Eta Zeruan —haur bat zelarik ametstuaren zuhurra!—
Migel Saindua dago ukhanik Saindu lagunen agurra.
..................................................................
..................................................................
Hirien hiri den Erromatik heldua zauku berria:
Garikoitz dela bethiereko dohatsuekin jarria.
Izkilek arin kanta zazue dei bihotz-altxagarria:
Migel Saindua, gure Saindua, begira Eskual-herria!
|