MENDI SAINDUAK
Mendia lakhet zautan gazte nitzelarik;
Mendirat ezin igan, orai ez ahalik;
Bainan ez nago behin, zahartua gatik,
Mendiaren ederra zer den ahantzirik.
Egunak eta gauak elgar hilez kurri;
Mendia mendi dago zahar bezain berri:
Urhez lehen agurra iguzkiak horri,
Zilharreriz izarrak horren aphaingarri.
* * *
Testament Zaharrean ikasirik nago,
Lurra dena zuela uholdeak itho;
Deus etzela bizirik nehun gehiago
Noeren itsas-etxe zabaletik kanpo.
Eginxea zutela basurek aldia:
Urtso batek mokoan aldaxka guria;
Noeri dirdiratu zitzaion begia,
Horra, horra nun zuen Ararat mendia.
Gizonentzat Legea, zuzen eta garbi,
Jainkoak zuenean egin izan nahi,
Bera eta Moise nun ziren ibili?
Sekulakotz famatu mendia: Sinai!
Irakaspenik ez da, hala diraukunik,
Gizonaren bihotza hala jo duenik,
Nola baita Jesusek, mendirat iganik,
Eman [hitzaldi hura]: ez daite berdinik.
Ai Golgotha mendiska, mendi gaixtoena!
Bainan hor duzu, Jesus, garbitu hobena,
Hor daukuzu erosi gure zoriona...
Kurutzedun Golgotha, mendirik lehena!
Mendiaren zabala, mendiaren gora!
Hurbil hakio bada —hi, gizon— ondora.
Ez dezakek, erradak, oraino gogora
Nori eskerrak eman eta nor adora?
* * *
Garda-seme naiz eta, barkamendu beraz,
Menditar gaizo aurthen nola bainintzen jaz;
Gauaz ametsetarik, halaber egunaz,
Gogo-bihotzak alhan mendiaren onaz.
|