www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lan orhoitgarri zonbait
Jules Moulier, «Oxobi»
1926, 1966

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

aurrekoa hurrengoa

GAITEN ESKUARAZ MINTZA

 

                Airea: Salbatore gora da

 

Jakintsunek hedatzen dute gezur frango;

Batek ba dionean, bertzek «ez» errango;

Bainan guziek zer hau daukate behingo;

Mintzaietan eskuara lehen-lehen dago.

 

Arrotz buru gogor hoik, zoin gehiagoka,

Horra non hari diren elgarrekin joka,

Liburu-kasetetan borthizki mokoka,

Ezinez hein onean bospasei hitz koka!

 

Eta behar ginuke guhaurek ahantzi,

Berentzat har dezaten erdalduner utzi...?

Eskuara dutelakotz hoiek nahi jauntzi,

Zer! dugula behar guk ahalgez erauntzi?

 

—Ai, lagunak, ez sinets gaskoin nahasia,

Eskuarari baitio gudu bat hasia,

Geldirik ez dagoke horren jelosia,

Bizikor ikustean bere nagusia.

 

Gaskoinak eskuara du nahi-t-ez nagusi,

Zinez horra zertako zaion hain itsusi!

Bizpalau mintzai ditu batetara josi;

Eskuararentzat guk ez dugu deus erosi.

 

                        * * *

 

Eskuara garbi nahiz guretzat beiratu,

Arbasoek lan gaitzak dituzte pairatu;

Etsai borthitzenekin dire gudukatu,

Garraitu baino lehen ez dute barkatu.

 

... Lokartuak dagozi hil-herri hotzetan...

Heien irakaspenak sartuz bihotzetan,

Orai dugun hor egin zazkiten hitzetan

Othoitzño bat bederen igande goizetan!

 

Gutan badea norbeit ahantzi duenik,

Haur, norek hazia den bere bulharretik?

Elhetan goxoenak ororen gainetik

Amak eskuaraz erran zauzkigun lehenik!

 

                        * * *

 

Esnea zurgatzean eskuara dut edan,

Eskuaraz mintzo're zaut odola zainetan.

Munduko jeloskorrak has bite, has, trufan,

Merke nahi badute zafraldi bat ukan!

 

Berma hor, haurrideak! Ohoinak dabiltza

Ebastekotan gure bihotzaren giltza!!

Dezagun orok egin bihotzez agintza:

Elgarrekin eskuaraz gaiten bethi mintza!

 

Eskualduna, 1911ko buruilaren 15ean

 

aurrekoa hurrengoa