HARPEKO SAINDUA
Bidarrain gora Harpeko Saindu, saindu izenik gabea,
Miriku jaunek ezin usmatu sendagailuen jabea.
Entzunak entzun, bethi nindagon: saindurik hor bizi dea?
Jakin beharrez egin izan dut harperainoko bidea,
Baitakit orai zoin gaitzikor den horko barbera gordea.
Gure Jainkoak bakharrik daki noizpeit gerthatuen berri:
Baztango urak zer aro moldez abiatu ziren kurri;
Noiztik Erratzu eta Bidarrai diren eskual auzo herri;
Nola Saindu bat harpe batean bilhakatua den harri;
Harria bera, bi mila sorgin! noiz danik dagon ithurri.
Zeruan izar, lurrean belhar, itsaso zabalean ur;
Harpeko saindu famatuari nik behin bethikotz agur;
Ez dezaket ez, askok bezala, esker onik horri bihur;
San Thomas nuen beilari lagun: kukuak jo zautan makhur;
Etxerakoan minez ai-ei-ka nindabilala niz segur.
|