SANTA BARBARATIK
Arrangoitzetik Arruntzarakoan
San Senekoitz ez da hain gora;
Mendiska hori —nork daki noiz danik?—
deitzen dugu Santa Barbara;
Gain hortan luzaz etxe bat izan da
Patroin berezia nun ohora;
Uztaritztarrek Amerikak egin
eta lurrerat utzi kapera,
eta lurrerat utzi kapera.
Argi zen batez, itzalpez itzalpe,
Santa Barbara dut kurritu;
Haur kozkor batek, ardien ondotik,
bazuen oihu eta hixtu;
Izerdi gutiz, kaskorat heldua,
inguruer so nintzen gelditu:
Sekula norbeit loriatu bada,
ni han nintzela ba loriatu,
ni han nintzela ba loriatu.
Baigurak utzi arteka batetik
Orhi han urrun ageri da...
Neure begiek, edergailu gose,
badute bazter norat alda;
Santa Barbara, beharrean balitz,
norat liteke botzik hegalda?
Zinez uste dut, hauta lezakela
egoitza eder luken Garralda,
egoitza eder luken Garralda.
Uztaritzeko auzapez maitea,
barkhaturen dauztatzu bi hitz:
Biltzar-hiriak fama hitsa luke
Santa Barbara galtzen balitz;
San Senekoitzen, bihotz altxagarri,
kaperaño bat egizu berriz;
Ene othoitza hortan baita dena,
behar bezala diot: Halabiz,
behar bezala diot: Halabiz!
|